Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Zergatik Nafarroa

Tradizio lurra

Tradizioak oso errotuta daude Nafarroan, eta bertako ohituren aniztasuna islatzen dute. Musika, dantza eta gastronomia festetako protagonistak dira. Errito paganoak eta erlijiozko tradizioak elkarrekin bizi dira lau urtaroetan.

Martxoan, xabierraldiak egiten dira. Milaka pertsona Xabierko gaztelura joaten dira erromes, Iruñetik zein Nafarroako beste leku batzuetatik. Gaztelu horretan San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroako zaindaria, jaio zen, 1506. urtean.

Udaberriarekin bat, gainezka egiten dute erromesaldiek Nafarroan. Hona hemen garrantzitsuenetako batzuk: Yugo, Uxue, Orreaga eta Labiano.  Aste santua debozio handiz bizitzen da, eta ospe handikoak dira Ehorzketa Santuaren prozesioa, Corellan, eta Aingeruaren jaitsiera, Tuteran. Apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran, Almadiaren Eguna egiten da. Enborrak ibaitik, Pirinioetako ibarretatik, jaisten zituztela burura ekarri nahi du egunak.

Udako solstiziotik aurrera, festa nagusitzen da Nafarroan. Zugarramurdin, sorginen akelarreak ospatzen dira.  Uztailean, Iruñeak Sanferminei leku egiten die, eta herri ugarik apaintzen dituzte kale eta etxe guztiak zaindariari ohore egiteko. Mendialdean, dantzak (Luzaideko bolantak, Otsagabiako makil-dantza,...) eta herri kirola (pilota, aizkolariak,...) dira protagonistak  Erriberan, jota eta behi suharrak nagusitzen dira.  Urtaro horretan, erdi aroko hitzarmenetatik gaur eguneraino heldutako antzina-antzinako tradizioak egiten dira: Hiru behien zerga eta Obanosko misterioa, Donejakue bideari lotua.

Udazken hasieran, San Migel eguna inguruan, Erronkaritik transhumantzian datozen artaldeak Bardean sartzen dira.  Usoa ehizatzeko garaiarekin batera, ikusmina nagusitzen da Etxalarren. Azaroaren 29an, San Zernin eguna ospatzen da, Iruñeko zaindariaren eguna, alegia. Eta abenduaren 3an, San Frantzisko Xabierkoa eguna, hau da, Nafarroako zaindariarena. Horregatik, Nafarroako Eguna da hori.

Neguan, Hiru Erregeen auto sakramentalaren lekuko da Zangoza. Nafarroako inauteriak oparo-oparoak dira etnografiaren ikuspuntutik, batez ere iparraldean egiten direnak: Lantza, Lesaka, Goizueta, Ituren edo Zubieta. Neguak amaierara jotzen duenean, xabierraldiak datoz berriro.

Nafarroa aurkitzeko arrazoiak