Geocaching-a Nafarroan: aurkitu gure altxor ezkutuak

Oraindik ez dakizu zer den geocaching-a? Ez da ezer gertatzen: inoiz ez da berandu esperientzia berriak probatzeko.

ZER DA? 

Altxorrak aire zabalean bilatzeko munduko jokoa da. Altxorrei «katxe» edo «geokatxe» deitzen zaie, eta bi milioi altxor baino gehiago daude ezkutatuta mundu osoan.

NOLA JOKATZEN DA?

Jokatzen hasteko, izena eman behar da “Geocaching.com” aplikazioan. Hark koordenatuak emanen dizkizu bilatzen ari zaren katxea aurkitzeko. Aplikazioan, beste bilatzaile batzuen pistak eta iruzkinak ere ikusiko dituzu, zuretzat lagungarriak izan daitezkeenak.

JOKOAREN ARAUAK

•    Katxeak: tamaina, forma eta zailtasun-maila desberdinak dituzte. Adibidez, tapoi baten tamainako ontzietan ezkutatuta egon daitezke, edo esku baten tamainako kutxa batean.
•    Logbook edo "erregistro-liburua": katxeetan  aurkituko duzu beti, eta bertan sinatzen ahalko duzu.
•    Opari txikiak: batzuetan, katxeek opari txikiak izaten dituzte (adibidez, kanika bat, txapa bat, eranskailu bat...). Kontuz! Oparia hartzen baduzu, balio berdineko edo handiagoko zerbait utzi behar duzu horren truke.
•    Kontatu zure esperientzia: aldaketa egin ondoren, altxorra bere lekuan utzi behar duzu, lehen zegoen bezala, beste parte-hartzaile batzuek aurkitu ahal izateko. Jarraian, igo zure esperientzia aplikaziora, beste bilatzaile batzuentzat erabilgarria izan dadin.  Eta, nahiz eta altxorra ez aurkitu, kontatu zer moduz joan zaizun, seguru asko beste parte-hartzaile batek laguntzen ahalko dizulako.
•    Kontuz "muggle"ekin: geocaching-a zuhurki egitea gomendatzen da, “muggle”ek (jarduera hori egiten ez duten pertsonak) ez dezaten jakin altxorren bila zabiltzala eta are gutxiago non dauden altxor horiek. Beraz, umeekin bazoaz, proposatu jardueran "espioiak" balira bezala jokatzea.

JOKATZERA!

Dagoeneko zehatz-mehatz ezagutzen dituzu giro horretan murgiltzeko urrats guztiak. Orain, hautatu zein izanen den lehena Nafarroako altxorrak bilatzen hasteko proposamen guztietatik. 40 katxe baino gehiago daude ezkutatuta!

•    Nafarroako Gaztelu eta Gotorlekuen bidean 19 mugarri daude, eta horietan 16 kutxa kamuflatu ezkutatu dira; horien barnean, pista-jokoak daude, eta, altxorra aurkitzeko, pista horiek deszifratu behar dituzu. Lortzen baduzu, “gazteluen konkistatzailea”ren diploma jasoko duzu.

•    Nafarroako Erromanikoaren Bideak 54 mugarri enblematiko ditu, 18 katxe ezkutatzen dituztenak. Denak aurkitzea lortzen baduzu, bigarren fasera igaroko zara, eta azken altxorrerantz abiatuko zara.

•    Nafarroako 5 Bide Berdeak izeneko ibilbideak ere harrituko zaitu, bere 120 km-etan ezkutuko altxorrak baititu. Bizikletaz edo oinez, gozatu askotariko paisaiez eta ibilbideko katxeez.

•    Irantzuko Lurretako bidexketan 12 altxor daude ezkutatuta. Irantzuko Lurren informazio turistikorako gunetik hurbil, bidexken informazio-panela dago, eta geokatxeak bide luzeenean daude, Irantzuko monasteriotik Arantzadiko mendaterantz igotzen den bidean, hain zuzen. Aurki itzazu, inguruneaz gozatzen duzun bitartean.

Anima zaitez eta goza ezazu abenturaz!

01 ene - 31 dic

2024