2023.10.05

3 ideia azaroko zubian ihes ederra egiteko Nafarroan

Udazkena etorri da, eta indarberritzeko toki bila hasteko gogoa ere bai.

Blog

Hala, hiru ideia proposatzen dizkizugu azaroko zubian ihesaldi ezin hobeaz goza dezazun Nafarroara etorriz hemengo urtarorik ederrenetako batean eta gastronomia, kultura eta natura uztartuz zure egonaldian.

1. Ihesaldi gastronomikoa Iruñean

Zatoz Iruñera eta ibil zaitez harat-honat alde zaharreko karriketan zehar. Ibili hiriko harresi eta txokorik berezienetan barna, hala nola Zaldi Zurian edo harresien ondoko ingurabidean barna; egin argazki bat Udaletxe plaza ospetsuan, txupinazoarekin batera sanferminak hasten diren tokian berean; erosi artisau-produktuak Estafeta kale ospetsuan eta ingurukoetan dauden gourmet dendetan, eta dasta itzazu ahal bezainbat pintxo bertako taberna famatuenetako edozeinetan. Denbora askorik izanen ez duzunez, agian onena duzu bisita gidatu bat kontratatzea hiri polit honetako sekretu guztiak ezagutzeko.​​​​​​​

Bazkari eta afarietarako, gure aholkua da mahaia erreserbatzea beren platerak bertako jakiekin prestatzen dituzten jatetxeetako batean, esaterako, VerduArte-n, Baluarte Biltzar Jauregiko lehen solairuan: hango bista paregabeak osagarri ezin hobeak izanen dira zure otorduan eta, Nafarroako barazkien muinaz disfrutatzeaz gain, bertako sukaldaritza txit pertsonalaz gozatuko duzu, bai eta jakiak aurkezteko duten molde abangoardistaz ere.

Ahosabaiari atsegin eman nahi badiozu, “Restaurantes del Reyno” elkarteko edozeinetara joan zaitezke. Alhambra, Europa, La Biblioteca, Enekorri eta Rodero daude Iruñean. Lehengai onenarekin lan egiten duten tradizio handiko jatetxeak dira. Eta hona hemen beste proposamen erakargarri bat foodieentzat: Zaldicook mugimenduko jatetxeak. Ospe handiko sukaldari eta sommelierrak etorkizun handiko gazteekin batera aritzen dira, tokiko produktua pasioz, mimoz eta sormen handiz landuz.

Modu informalagoan eta giro onean jatea gustatzen bazaizu, Gaztelu Plazako jatetxeetako terrazaren bat aukeratzea duzu onena, edo pintxotara joatea kale hauetako edozeinetara: San Gregorio, San Nikolas, Estafeta, Mercaderes edo Navarrería.  

XXXI. Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldiak

Eta, udazkeneko zaporeei are zuku gehiago atera nahi badiezu, zer iruditzen eskapada bat egitea berde bizieneko Nafarroara? Izan ere, XXXI. Ehiza Jardunaldiak izango dituzu gozagarri. Baztan-Bidasoko 8 jatetxek plater gozo-gozoak eskainiko dizkizute, hala nola usoa era tradizionalera, basurdea Oporto saltsarekin eta melokotoiarekin, eta oreina plantxan sagar eta patatekin Sasoiko onddo eta fruituekin zerbitzatzen dira haragi zaporetsuak, hala nola gaztainekin edo intxaurrekin. Eta, amaitzeko, postre bikainak, hala nola mamia, tututxoak eta goxoa. Tentaldian eroriko zara! Eta, ahosabaiari atsegin eman ondoren, ibil zaitez inguruko herri xarmangarrietan barrena. Egin geldialdia Elizondon, eta probatu hango txokolate hurrekin egina. Oso famatua da.

2. Ihesaldi kulturala

Nafarroara etortzen zaren lehen aldia bada Erriberriko Errege-erreginen Jauregia ezagutu beharra duzu. Erakargarri turistiko nagusietako bat da: ikusi orduko jakinen duzu zergatik. Ibil zaitez hango ganberetan barna: altzari eta edergarririk ez gaur egun, baina oparo apainduak egon ziren antzina. Igo zaitez dorreetara bertako eskailera kiribil dibertigarrietan gora. Begira egiezu han goitik mahastiek mendez mende harturiko lurrei. Joan zaitez Leonor erreginaren lorategi eseki ederrera, ongizatez betea sentituko baitzara Arkuen Aretoak eutsitako eraikuntza bitxi horretara iristean. Eta jakin ezazu zertarako erabiltzen zen harresiaren behealdean dagoen harrizko arrautza erraldoia.

¡A! Eta ezin zara inolaz ere Erriberritik joan herrian barrena paseatu gabe. Edo upeltegiren bat bisitatu edo Nafarroako beste plan enoturistikoren batean parte hartu gabe ere. Horrexegatik deitzen diogu, hain zuzen, “ardoaren hiriburua”! Bisitak, dastatzeak, piknikak, paseoa mahastien artean, tourra scooterren… Tentaldian eroriko zara, ziur!

Erriberritik hurbil, Uxueko Erdi Aroko herri ederra bisitatzeko aukera duzu, edo San Martin de Tourseko elizako kripta, San Martin Unxen.

Harresiak, gazteluak, jauregiak eta barruti harresituak bisitatzen jarraitu nahi baduzu, ikus ezazu post hau; izan ere, den-dena kontatuko dizugu Xabierko eta Martzillako gazteluei, Artaxoako zerkoari edo Uxueko eliza-gotorlekuari buruz, besteak beste.

​​​​​​​Eta Nafarroako hirigune historiko, monumentu eta museo garrantzitsuenei buruz gehiago jakin nahi baduzu, sartu gure Kultura atalean.

3. Ihesaldia naturan barna

Nafarroa udazkenean bisitatzea pribilegio bat da. Luxuzkoa baita elezaharretakoak diruditen basoetan murgiltzea eta egur hezearen lurrina nabaritzea, pagadi eta harizti eder horiek kolore beroz janzten ikustea, ur-jauzi erromantikoak begiztatzea, orbelezko tapiz lodien gainean ibiltzea... Abagune ezin aproposagoa da gure zuhaitz handientsuen abaroan ibiltzeko, naturaren soinuez gozatzeko eta indarberrituko gaituzten baso-bainu ederrak hartzeko. Bertiz, Kintoko oihana, Iratiko ohiana, Leitzalarrea, Orgiko ohiana... Hartu arnasa sakon, bat egin udazkenaren kolore gorri-horiekin, larrazkenaren soinuekin, ehundurekin, giroarekin... Utzi ama naturari zu liluratzen eta bere magalean bil zaitzan.

Eta zer hobeto baso batean murgiltzeko haiek zeharkatzen dituzten bidexkak baino. Ezagutu hemen Nafarroako bidexka eta plan guztiak.

Eta natura-bainu bat hartzeko irrikaz bazaude eta egiaz harrituko zaituzten bazterrak ezagutu nahi badituzu, imajinatu ere ezin duzun toki bat daukazu zain Nafarroan. UNESCOk biosfera-erreserba izendaturiko natura-parkeaz ari gara; hegoaldean dago eta 40.000 hektarea baino gehiago ditu: Errege Bardeako basamortua. Oinez edo bizikletaz zeharkatu dezakezu, edo ibilbide zirkular bat egin autoz, eta hango bazterrik harrigarrienera iritsi: Bardea Zuria. Gainera, udazkena une aproposa da tenperatura atseginak dituelako.

Ezagutu Parke Natural zoragarri hau beste era batera ezagutaraziko dizuten jarduera guztiak.

Eta, bainu naturalez ari garela, hona hemen erlaxagarri eta lasaigarri bat. Fiteroko bainuetxea. Ehun urtetik gorakoa da, baina bere ur termalak erromatarren garaietatik erabili dira helburu terapeutikoekin. Bi iturburu naturalen gainean eraiki zen. Nafarroako hego-mendebaldean dago. Utzi mima zaitzaten, gozatu tratamenduez, eta itzuli etxera biziberrituta.

Fiteron zaudela, ez alde egin zistertar monasterio izugarria bisitatu gabe, edo Las Roscaseko ibilaldia oinez egin gabe. 8 kilometro ditu, Alhama ibaiaren ibarrean barna. Mairuaren kobazuloa (Gustavo Adolfo Bécquerren kondairetako baten inspirazioa izan zen) hurbil-hurbil dago. Gero, Las Roscas mendigunera igo zaitezke, non buztinezko eta hareharrizko formazio arrokatsu bitxiak baitaude.

Eta, hegoaldeaz ari garenez, biribildu zure eguna Tuterara joanez, hirian barna paseatuz eta barazki gozoz eginiko plater on bat dastatuz, barazkiak baitira hango gastronomiaren izarrak.

Nafarroako beste paisaia eder batzuk ezagutzeko, begiratu hemen.

Tag-en hodeia: