2022.07.26

BAZTANGO BIDEA, DONEJAKUE BIDEAREN EDERTASUNA NAFARROAN

Ba al zenekien egun Donejakue bideak lau ibilbide dituela Nafarroan? Bide Frantziarraren bi adarrak dira ezagunenak, baina hor dira, baita ere, Ebroko bidea eta Baztango bidea. Bide frantziarra dagoeneko egina duten horietakoa bazara, edo bide alternatiboak, ezezagunagoak, ezagutu nahi badituzu, motxila egin eta Baztango bidea egitera etortzeko proposatzen dizugu.

Blog

Bide hau Baztanen barna doa, hartatik hartzen baitu izena, eta Pirinioko haran atlantiarretako paisaia liluragarri eta ikusgarrienetakoa da. Nafarroako bide honen hasieran, Urdazubiko leize zoragarriak bisitatu eta haren galeria ederretan barna ibiltzeko aukera duzu. Diotenez, leize horietan laminak, erdi emakume erdi arrain ziren izaki mitologikoak, bizi ziren. 

Urdazubiko leizeak

MILAKA URTEKO BIDEA

Donejakueko bide hau ez da bide frantziarra bezain ezaguna, baina Nafarroan diren arkaikoenetakoa da. Bideak Pirinio Atlantiarrak zeharkatzen ditu Belateko mendatetik, alegia, egungo Donejakue bideek Pirinioak zeharkatzeko igarotzen duten borturik baxuenetik. Han aurkituko dituzu antzinako galtzada erromatarraren aztarnak. 

Erdi Aroan, erromesen ohiko iraganbidea zen, eta armadek, merkatariek eta erregeek ere maiz erabili zuten, Pirinioak zeharkatu behar zituztenean.  

Baztango bidetik igarotzen ziren Baionako portuan lehorreratzen ziren erromesak, eta handik, Lapurdi zeharkatzen zuten, Uztaritze, Ezpeleta, Zuraide eta Ainhoan barna. Ondoren, Urdazubiko Dantxarine auzotik Nafarroan sartu eta Arreko Trinitateraino ibiltzen ziren, handik aitzina Bide Frantziarrari lotzeko.

Arre Trinitatea eta ibaia

UTZI ZURE BURUA SEDUZITZEN BAZTANGO PAISAIEKIN ETA HERRIEKIN


Bide hau egiten dutenek badituzte hainbat pribilegio: haren paisaia berde biziak ikustea, oihanean murgiltzea ibili ahala, herri zoragarrietan atseden hartzea, Ultzamako gaztanbera dastatzea, txuletoiez edo sagardotegiko menuaz gozatzea, iturri ederretako ur freskoa edatea, eskualdeko eskulangintza ikusgarria ezagutzea, eta hunkitzea, mendi horietan han-hemenka ikusten diren ehunka urteko baserriak ikusita, lurraldeko abeltzaintza eta nekazaritzaren ehunka urteko tradizioari atxikiak. 

Aukera-aukerakoa duzu Bertizko Jaurerriko Parke Naturala ezagutzeko geldialdia egitea, leku eder bezain erromantikoa baita. Sar zaitez haren lorategi historiko-artistikoan barna, maitemindu zaitez hango art-decó eraikinekin, inguruan dutela baso atlantiar zoragarria, kontserbazio egoera hagitz onean.  

 

Mamia

SEINALE HAGITZ ARTISTIKOAK

Gezi horiak dira ohiko bide seinaleak, baina horiez gain, Donejakueko motiboak ere aurkituko dituzue harrian landuta, Genaro Fagoaga eta Cesareo Soulé artisauen eskutik, ibilbide samur eta eder hau oso modu apaingarrian seinalatzen dutenak. Bide honek naturaz gozatzera gonbidatzen gaitu uneoro, errepidez ibiltzea saihesten baitu, eta horregatik, batzuen ustez, Donejakueko jatorrizko bidea hau da. 

Amaiur

ZURE ERRITMOAN IBILTZEKO BIDEA

Ibilbide hau lasai egiten ahal da, batez beste 11,5 kilometro baititu aterpetik aterpera, haraneko aterpe sarean, eta zatirik luzeena, berriz, Berroetatik Olaguera bitartekoa da, 20,4 km-koa.

Orain zure txanda da. Prestatu motxila, jantzi botak, eta zatoz bide eder honetaz gozatzera, poz handiz hartuko zaituen eskualde honetara. 
Ongi ibili!

Bertizko jaurerriko parkea, bi pertsona paseatzen

Tag-en hodeia: