2023.11.20

Nafarroan tximinia duten landetxeak

Aukeratu Nafarroa osoan gehien gustatzen zaizun txokoa, eta gozatu suaren epelaz eta magiaz.

Blog

Tximiniaren ondoan goxo-goxo egotea da plazer handienetako bat, eta Nafarroako landetxe askok horretarako aukera ematen dizute. Egunean zehar gure herri eta haranetan ibili ondoren, etxera itzuli, sua biztu eta haren botere hipnotikoaz gozatu, plan ederra horixe.

Sutondoan egotea bikotekidearekin, familiarekin edo lagunekin, solasean, zerbait jan eta edanez, bizitzako luxu txiki horietako bat da, asebetea sentiarazten zaituena.
Gainera, berotzeko aukerarik ekologikoenetako bat da egurrarekin egindako sua erabiltzea. Nafarroan, egurraren bero-aprobetxamenduak kontzeptu zirkularra du, basoak mantentzen eta biztanleria landa-ingurunean finkatzen laguntzen baitu. Beraz, turismo jasangarriagoa lortzen lagunduko duzu.

Nafarroaren iparraldetik hegoaldera, tximinia duten ehunka landetxe aurkituko dituzu (estekako informazioa gaztelaniaz dago) eta, bisitatu nahi duzun zonaldearen arabera, hainbat aukera dituzu. Hona hemen batzuk:

Baztanen, tximinia duten landetxeak

Baztan zoragarrian tximinia duten landetxe asko dituzu aukeran. Izan ere, lurreko sua funtsezko elementua izan da inguru horretako etxeetan. Zugarramurditik hurbil Ekain –Xokoa duzu, Elizondon Autxikoborda eta Estebanea, Iruritan Senperena, eta Ziga ederrean dituzu Gamioko Borda, eta estilo moderno eta minimalista duen Behin Batean, non tximinia bista ikusgarriekin konbinatzen baita.

Chimenea Casa Rural Senperena. Irurita, Navarra

Bertiz inguruko haranetan, tximinia duten landetxeak

Bertizko jaurerria bisitatu nahi baduzu, inguruan tximinia duten landetxe asko aurkituko dituzu. Nafarroako paraje natural zirraragarrienetako batean barna paseatu eta lorategi botaniko erromantikoa bisitatu ondoren, suari begira erlaxatu zaitezke handik hurbil dagoen Baztango Oronoz herrian, Barbenea etxean. Gainera, kanpoan egur-labe bat du. Bortzirietan, Igantzin, Aizalegia etxea duzu, Irrisarri Land abentura-parkean abenturak bizi ondoren, sutondoan atseden hartzeko.

chimenea de casa azailegia de Igantzi, Navarra

Nafarroako Pirinioetan, tximinia duten landetxeak

Mendian gora ibili, eta gero gustura hartzen da sutondoaren goxotasuna. Horregatik, Nafarroako ipar-ekialdean ere baduzu sugarrez eta txinpartez gozatzeko aukera. Izan ere, mendiko ahaleginaren ondoren, ederra da iluntzean sutondoan epel-epel eta lasai egotea. Eugiko Etxetxiki landetxean, urtegiaren ur gardenen ondoan, aukera izanen duzu Kintoko oihanaz eta Esteribarren dauden BTT ibilbideez ere gozatzeko. Bizkarretako Maitetxu eta Orreaga etxeetan ostatu hartuz gero, Donejakue bidean baitaude, aukera izanen zenuke Orreaga bisitatzeko eta bidearen Nafarroako zatiaren lehen etapak egiteko.

Chimenea en Casa Izeba de Ochagavía

Iratiko paisaia ederrez gozatu nahi baduzu, aukera interesgarriak dituzu inguruan, hala nola Hiriberriko Arrondoa etxea, edo oihanaren beste sarreran, Otsagabi zoragarrian dauden Mendibide edo Izeba etxeak, non sutondoan lasaitasunaz gozatzeko aukera izanen duzun.

chimenea de Casas rural rústica mendibide de Ochagavia

Eta Nafarroako ipar-ekialde osoa zeharkatzez bukatzeko, goazen ekialdeko muturreraino, Erronkaribar ezagunera; han, aukera izanen dugu egunez Larra-Belagua Parke Naturalean elurretan ibiltzeko, iraupen-eskia praktikatuz, erraketak jantzita paseatuz edo elur-pilotak elkarri botaz eta, iluntzean, sutondoan goxo-goxo deskonektatzeko. Isaban tximinia politak dituzte Catalingarde etxeak eta Elurkoia landetxeak; izan ere, ohikoa da ibarreko etxeak suarekin berotzea.

casa rural Catalingarde_Isaba_Pirineo

Iruñetik hurbil, tximinia duten landetxeak

Iruña hiri perfektua da joan-etorri baterako, baina ez badiozu uko egin nahi herri txiki batean sutondoan egoteari, bisita bat egiten ahal duzu hiriburura, pintxo batzuk jan, eta gero inguruko herri batean hartu ostatu , tximinia duen landetxe batean, hala nola Aitzoaingo Petra etxean, Untzuko Matxiñenean edo Oteitzako Osabide landetxean.

Chimenea del salón de Casa Petra en Aizoain Navarra

Estellerrian eta Urederraren inguruan, tximinia duten landetxeak

Hegoalderago joko dugu, Lizarra hiri monumentalaren inguruko eremu ederrera; Donejakue bideari oso lotua dago, iparraldetik hegoaldera zeharkatzen baitu. Hemendik hurbil, Nafarroako ingurune natural ederrenetakoa duzu: Urederra ibaiaren sorlekua. Gogoan izan aldez aurretik erreserba egin behar dela hara sartzeko. Iluntzean, etxera itzultzen zarenean, sua bizteko aukera izanen duzu Aizkoako Albaitar etxean, Bakedaoko Urederra landetxean, Amunarrizko Larrayan, edo Urbiolako Ariman. Donejakue bidearen Nafarroako zatiaren azken etapa egiteko aukera ere baduzu, Jardines de Viana landetxean ostatu hartuta.

Chimenea en casa rural Urederra. Baquedano, Navarra

Nafarroako Erdialdean, tximinia duten landetxeak

Ziur Nafarroan barrena egindako bidaian Erriberri eta bertako gaztelu ospetsua bisitatzeko asmoa izanen duzula; eskualde horretako punturik politenetako bat da, bai eta ardogintza-zentro garrantzitsuenetako bat ere. Izan ere, sutondoan kopa bat ardo hartzea ere plan bikaina da, Nafarroara egiten duzun hurrengo joan-etorri erromantikorako. Erriberrin bertan dagoen Ronda del Castillo landetxean aukera izanen duzu sutondoan egoteko. Uxue bisitatzea ere gomendatzen dizugu; Erdi Aroko egitura gorde duen herri zaindua da, estatuko politenetako bat. Bilatzen duzun lasaitasun-une hori bertan aurkituko duzu, Agrovillaujue landa-apartamentuetan.

Habitación con chimenea en Agrovilla Ujue

Nafarroako Erriberan, tximinia duten landetxeak

Bidaia bukatzeko, goazen Nafarroako hegoaldera, Erriberara. Tuteran, barazkirik hoberenak dastatzen ahal dituzu, eta handik oso hurbil duzu Errege Bardea, parke natural eta biosfera-erreserba izendatua, paisaia berezi eta zirraragarria duen basamortua. Cadreitako El Rincón de las Bardenas etxean baduzu mahai eder bat, Nafarroako gastronomia lagunartean eta sutondoan dastatzeko. Funesko el Trujal etxean ere izanen duzu aukera suari begira gustura egoteko, Nafarroara egindako bidaia gogora ekartzen duzun bitartean edo, are, hurrengoa planifikatzen duzun bitartean.
Norekin etorriko zara?

Chimenea en Casa el Trujal de Funes, Navarra

Tag-en hodeia: