2022.05.16

Erronkaritik Idiazabalera, gaztazaleentzako ibilbidea

Gazta maite baduzu, Nafarroa hobeki ezagutzeko makina bat aitzakia izanen dituzu. Lurralde honetan, produktu gastronomiko goxo hau egiteko benetako paradisu naturalak ditugu, eta nola egiten den ezagutzea da, zalantzarik gabe, lurraldea sentitzeko eta gozatzeko modurik onenetako bat.

Blog

Nafarroan, gozaraziko dizuten ehunka gazta aurkituko dituzu. Horietako batzuek kalitate zigilua dute: Erronkari jatorri-deitura edo Idiazabal-deitura. Gaztagintza kulturarekin eta duela ehunka urteko tradizioekin estuki lotutako bizimodu bat da, eta, gainera, populazioa finkatzen eta herrietan ekonomia sortzen laguntzen du.

Erronkariko Gazta

Erronkaribar, Nafarroako Pirinioetan bete-betean kokatua, Erresumako leku ederrenetako bat da. Etxe ikusgarriz, kea darien tximiniaz eta karrikak koloreztatzen dituzten geranioz betetako harrizko herri horietan jaio zen, 1981ean, gazten Espainiako lehenengo jatorri-deitura, Erronkarikoa. Deitura horrek Nafarroako nortasun handieneko gaztetako bat biltzen du.


Erronkari gazta ardi esne gordinarekin egindako produktu naturala da. Esnea biltzen da Ibarreko belar freskoaz elikatzen diren ardiak, nagusiki latxa arrazakoak, jetzita. Gazta honen azala gogorra, lodia eta koipetsua da. Gazitzen denetik gutxienez 4 hilabetez ontzen da eta usain eta zapore bereizgarriak ditu, pixka bat minak.


Gazta hau Erronkaribar osatzen duten zazpi udalerrietan bakarrik egin eta ontzen da: Burgi, Garde, Izaba, Erronkari, Urzainki, Bidankoze eta Uztarrozen. Azken herri horretan, hain zuzen ere, gehiago sakontzen ahalko duzu, Gaztaren eta Transhumantziaren Museoa bisitatuz. Gazta nola egiten den gertutik ezagutu eta zuzenean ekoizleari erosteko asmoa baduzu, Burgin Larra gaztandegia bisita dezakezu, edo Ekia Kabilaenea Uztarrozen; erosi besterik ez baduzu egin nahi, berriz, zoaz Erronkariko Enaquesa edo Belaguako Borda Marengo gaztandegietara.


Ekainean inguru honetan bazaude, aprobetxatu Gaztaren Egunera joateko. Gozatu dastaketez eta ezagutu ekoizleak zuzenean.

Idiazabal Gazta

Idiazabal gazta Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat tokitan egiten da. Artzainek bertako arrazetako ardiak hazten dituzte, Latxa eta Karrantzakoa arrazetakoa, eta horien esne gordinarekin egiten dute gazta preziatu hau. Gainera, lanketa asko zaindu dute, mendeetan zehar ia aldaketarik egin gabe.  Azal gogor eta leunekoa da, hori zurbila, edo arre iluna, gazta ketuen kasuan. Gutxienez 60 egunez ontzen da.

Nafarroan, Idiazabal gaztaren ekoizpen osoaren erdia inguru egiten da. Kalitate zigilu horretako gazta egiten duten hainbat gaztandegi daude; nagusiki, Urbasa-Andia mendilerro ikusgarrian eta Baztan idilikoan. Ardiak bazkatzen diren paisaia eder hauetan paseatuz eta gaztandegi batzuetara joanez, Lezaungo Aldaia gaztandegira kasu, benetako esperientziak bizitzen ahalko dituzu. Halaber, gazta eta patxarana batzen dituen plan honetan izena eman dezakezu

Oraindik gehiago ezagutzeko gogoz bazaude, gogoratu Erronkari eta Idiazabal gaztak bertako gastronomiaren protagonista handiak direla, eta dastatzen jarraitzen ahalko duzula, Nafarroa jatorri deiturako ardo goxoekin uztartuta edo plater landuagoen osagai gisa, Erresumako edozein jatetxe eta pintxo tabernatan.

Tag-en hodeia: