2022.12.16

ONGI PASA INOIZ EZ BEZALA Urte-Zahar Gauean mozorroz inguraturik, Iruñean

Egiozu ongi etorri urte berriari modu original batez, umore onez beteriko giro alaia nagusi.

Blog

Iruña, urteko lehen eguna, 00:25ak, eta hiru sorgin elkartu dira Foruen Monumentuaren azpian. Metro gutxira, momiaz mozorrotutako koadrila bat Comedias kalean murgildu da. Ez da amesgaiztoa, ezta film fantastikoa ere, Iruña da Urte-zahar gauean!

Iruña bestelako urte-zahar gau bat sortuz joan da, ospakizun paregabea bihurtzeraino. Lentejuelak, glamourra eta dotorezia handia aurki ditzakezu, baina ohikoena da antifazeak, koloretako ileordeak eta askotariko kapelak topatzea. Urte berriari Iruñeko kaleetan inoiz ez bezalako era batean abegi egiteko prest?​​​​​​​

Jaiaren Jatorria

Hain ohitura berezi honen jatorria jakin nahi baduzu, hona hemen: 1982an, Radio Paraíso izeneko irrati lokal batek urte-amaierako jai bat antolatu zuen: “Nochevientos en el paraíso” Iruñeko Alde zaharreko Labrit pilotalekuan egin zen eta, besteak beste, mozorro-lehiaketa bat zegoen. Arrakasta handia izan zuen ideia horrek, eta, harrezkero, hiri osora zabaldu zen urte berriari kaixo esateko mozorrotzeko gogoa.

Personas disfrutazados del Che y de cubanos

Mozorroa koadrilan prestatzea

Aurreko egunetan, ohikoak dira ilarak Iruñeko oihal- eta mozorro-dendetan. Oso kontu serioa baita, sanferminetan arropa zuriz eta zapi gorriz janztea bezain serioa. Pentsa! Koadrilek gai bat aukeratu eta mozorroak batera egiten dituzte. Badira azken unean inprobisatzen dutenak ere. Emaitza oso erakargarria da: askotariko pertsonaiaz betetako kaleak, eta gau oso dibertigarria. Betiko mozorroak azken urteko albiste, telesail eta gertaera garrantzitsuenen protagonistekiko keinuekin nahasten dira.

Personas disfrazadas del juego de Mario Bross

Murgildu jaian

Iruñeko urte-zahar gauaren ezaugarri nagusia da adin, gustu eta poltsiko guztientzat irekita dagoela, urte-amaierako beste ospakizun asko ez bezala. Mozorro-jai handi bat da, eta ez dizute eskatuko sarrera ordaintzea, ez eta zerbait derrigorrez kontsumitzea ere. Osagarriren bat eramatea besterik ez duzu behar gau original eta abegikor honetan parte hartzeko.
Kanpai-hotsen ondoren, koadrilek kolorez eta umore onez betetzen dute pixkanaka Gazteluko plaza, jaia hasteko topaleku nagusia.

Familia asko ere kalera ateratzen dira Iruñeko bihotzeko kaleen giro bitxia ikustera. Eta lehiaketa ofizialik ez dagoen arren, saihetsezina da mozorrorik onenen, originalenen edo harrigarrienen eta amaitu berriko urteko unerik nabarmenenak ironia hobekien harrapatu dituztenen rankinga egitea.​​​​​

Pareja disfrazada de los príncipes de Inglaterra

Egin ongietorria Urte Berriari umorerik onenarekin

Gauerdia igarota, Alde Zaharreko tabernek ateak irekitzen dituzte urteko gau umoretsuenetako bati bide emateko. Pertsonaia desberdinak topatuko dituzu taberna bakoitzean, urte berri on opatuko dizutenak musika animatuenaren erritmoan. Nonahi izan zaitezke koadrilen arteko elkartzeen lekuko. Konplizitatez betetako uneak dira horiek. Mozorroek bide ematen dute elkarrizketa alaiak hasteko eta jende asko ezagutzeko. Horregatik, zer hoberik urtea hasi eta errutinatik ateratzeko mozorrotzea baino! Ordu batzuetan pertsonaia bat interpretatzeak sozializatzen laguntzen du, barreak eta umore ona bermatzen ditu, eta, zalantzarik gabe, sormenezko modu original bat da aukera eta esperientzia berriak, eta bidaia zoragarriak ere!, besapean dakartzan urte berriari ongietorria egiteko.

Ikusten duzunez, Iruñean ondo dakite nola dibertitu, eta urte-zahar gaua horren adibide da. Beraz, egun berezi horretan mozorrotzeko esperientzia inoiz bizi izan ez baduzu, zatoz Iruñera, eta ez galdu zuk izan nahi duzun horren larruan urtea hasteko aukera!

Ongi pasatzeaz gain, hiri eder bat, gotortua, ezagutuko duzu. Bere alde zahar bizian, Erdi Aroko gotorlekuak ikusi, historia handiko dendak ezagutu eta pintxo goxoak dastatuko dituzu, eta, gainera, Gabonetako programa askotarikoan parte hartu ahalko duzu.

Zure zain gaude!

Castañero de Pamplona en Navidad

Tag-en hodeia: