2023.10.11

Larrazkenean zatoz Nafarroara ederki jatera

Badakigu ongi jatea gustatzen zaizula. Horregatik, hementxe kontatuko dizugu udazkenean Nafarroara joan-etorri gastronomiko perfektua egiteko jakin behar duzun guztia.

Blog

Gustuko duzu ongi jatea?

Hala bada, laburra irudituko zaizu hemengo egonaldia. Hemen gastronomia hagitz lotua da lurraldeari, landa inguruneari, kalitatezko eta sasoiko produktuari. Aukerak hainbeste dira! Zaila eginen zaizu asteburu bakar batean dastatzea eskura dituzun aukera guztiak. Horregatik, bidaia luze bat prestatzen ahal duzu, edo bestela hainbat aldiz etorri.

Jarraian, janarizaleendako ibilbiderik hoberena aurkeztuko dizugu, Nafarroara egindako bidaia gastronomiko batean ezinbestekoak diren plater eta produktuak dasta ditzazun. Oharra: irakurtzen jarraitzen baduzu, ahogozoa eginen zaizu!

plato de hongos

Iruñean barna pintxoak janez

Gure abentura hasiko dugu Iruñeko gastronomiaren jakirik erakargarrienetako batekin: pintxoak, alegia. Txikiak izanagatik, mokadu goxoak izaten dira; gainera, gero eta pieza gastronomiko landuagoak dira, eta ederki sartzen dira eguerdian nahiz iluntzean. Taberna askotan topatuko dituzu; aukera ederra hantxe, barrako mostradorean. “Pintxo” deitzen zaie, hasieran osagaiak paratzen zirelako ogi-xerra baten gainean, txotx batekin kontuta. Gaur egun, ordea, gutxik prestatzen dituzte horrela.

gente de pinchos

Ezinbestekoa da egun bat gorde dezazun Iruña zaharreko pintxo-ibilbidea egiteko eta, hala, bermutean edo afalaurrean izaten den giro bizia ezagutzeko. Jende gehienak Alde Zaharra aukeratzen du koadrilarekin elkartzeko eta, berriketan ari direla, euren gogoko edaria hartu eta mokadutxo bihurtutako goi-sukaldaritza ahoratzeko.  

Bidenabar, ez ahantzi plater goxo horien argazki guztiak partekatzea zure sare sozialetan!

Prestatu saskia onddo bila joateko

Iparralderantz jarraituko dugu, larrazkenean Nafarroako gastronomian izaten ditugun gutizia batzuen bila: perretxikoak eta onddoak. Nafarroako mendialdeko ibar guztietan aurkituko ditugu, ohian zoragarrietan ezkutaturik. Baina kontuan hartu ezin dela toki guztietan ibili onddo bila; izan ere, gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio bilketa jasangarria bermatzeari eta ingurumena zaintzeari.

Horregatik, hoberena duzu parke mikologiko batera joatea, adibidez Ultzamakora, edo Erroibar-Orreagakora; eskatu sarrera baimena eta hartu parte gida profesionalekin egiten diren txangoetako batean. Esperientzia berezia da, eta perretxikoak aurkitzearen pozaz gain, asko ikasiko duzu mikologiaz; gainera, liluratua utziko zaituzte Nafarroako oihanek larrazkenean izaten dituzten kolore zoragarriek.

gente por el bosque cogiendo setas

Erretegiak eta sagardotegiak. Nork nahi du sagardoa? Txotx!

Nafarroa iparraldeko eta ipar-mendebaldeko ibarretan, larre berde, oihan eta perretxikoez gain, erretegi eta sagardotegiak ere badira, oso aproposak txingarretan erretako txuletoi bikainekin gozatzen dutenentzat. Eremu horretako erretegi tradizionaletan, elikagaien zaporea indartzea lortzen dute, maisutasunez erretzen baitute haragia pago-zurarekin egindako suan. Eta haragiari lagun egiteko, Nafarroako ardo onaz gain, bertan egindako sagardoa ere hartzen ahal duzu.

Aukera ona da, halaber, mahai bat erreserbatzea sagardotegi batean eta kupelen inguruan lagunartean sortzen den giroaz gozatzea. Toki aproposak dira edozein ospakizunetarako, giro animatua gastronomia onarekin bateratu nahi izanez gero.

Jarraitu zure usaimenari eta dastatu Lodosako pikillo piperrak

Larrazkena etortzearekin batera, halaber, hasten da jatorri-deitura duen Nafarroako gastronomiako beste produktu baten denboraldia: Lodosako pikillo piperra. Garesera, Lodosara, Mendabiara edo San Adrianera joanez gero, zure dastamen papilak esnatuko dituen usain gozo bat nabarituko duzu. Usain hori pikillo piper goxoen usaina da, egurrarekin egindako suan erretzean botatzen dutena. Lurralde honetan tradizioa da familian aritzea piperrak erretzen, zuritzen eta potetan sartzen, urte osoan zehar eskura izateko despentsan.  

Ez baduzu bertako familia batekin esperientzia horretan parte hartzeko aukerarik, lasai, beti izanen duzu gourmet-dendetan erosteko aukera, eta etxean dastatzean gogora etorriko zaizu lurralde honetara egindako bisita.

Estellerrian, piperrez eta bikain erretako zerrikumeaz gain, sasoi honetan sukaldaritzako harribitxia topatuko duzu: boilurra. Metautengo Boilurraren Museoan ikasiko duzu nola bilatzen den onddo preziatu hori eta, jakina, hainbat errezeten arabera prestatua dastatzeko aukera izanen duzu.

Dasta itzazu Nafarroako ardoak, duten kalitateak harrituko zaitu

Gure ibilbidean aurrera jarraituko dugu, Nafarroako Erdialdean barna. Han, upategietara joanen gara, bukatzear den mahats-bilketara. Une magikoa izaten da: urte osoan mahastiak zaintzen aritu ondoren, egindako lanaren fruituak biltzen dira, eta herrietan muztioaren usain bereizgarri hori aditzen da, dagoeneko hartzitzen eta ardo bihurtzen hasia.

Nafarroako upategietako produkturik ezagunenetako bat ardo gorria da, eta haren koloreaz eta zaporeaz maitemintzeko lekurik hoberenetakoa San Martin Unx da, ardo gorrien ekoizpenean erreferente den herria. Urtero, ekainean, Ardo Gorriaren Eguna ospatzen dute, eta urte osoan zehar ekoizpen ekologikoko upategiak bisitatu daitezke, Máximo Abete esaterako. Haien ekoizpena garnatxa mahatsaren laborantzan oinarritzen da, eta mahastizaintza organikoa eta jasangarria egiten dute.

San Martin Unxetik oso hurbil, Erriberri dugu. Udalerri hori ezaguna da han dagoelako errege-erreginen jauregia eta Nafarroako ardoaren hiriburua delako. Urtero han egiten da mahats bilketaren festa, uztaren hasiera ospatzeko; gainera, Nafarroako Jatorri Deitura duten ardoak sustatzeko eguna izaten da.
 
Horretaz gain, Erriberrin badira jarduera etnoturistiko interesgarriak eskaintzen dituzten upategiak, hala nola 46 aroma dauden areto batean ardoarekin lotutako esentziak aurkitzea, edo estatuan dauden bi “Ovum” upel harrigarrietako bat ikustea. Upel oboidea da; likidoa etengabe mugitzen du, eta horrek ardoari egitura aterziopelatu oso bereizgarria ematen dio.

Upategiak ikustera joaten bazara, tartean nazioarteko aitortza lortu duten ardo bikain batzuk aurkituko dituzu. Ardoaren munduari buruz gehiago ikasteko, animatzen zaitugu upategiren bat bisitatzera, asko baititugu Nafarroan, eta bisitaldien bukaeran egiten diren ardo-dastaketetan hemengo ardoekin gozatzera.

Uxueko ogi-papurrak, falta ez direnak

Eta inguru honetan zaudenez, Uxue herri ederra bisitatzera gonbidatzen zaitugu. Talaia batean dago eta hortik ikuspegia zoragarria da; estatuko herririk politenetakotzat jotzen da. Ospetsuak dira han prestatzen dituzten artzainen ogi-papurrak ere, egurrarekin piztutako suan eginak; plater ekonomikoa da, lehen dena aprobetxatzen baitzuten, eta horrek bat egiten du gaur egun bultzatu nahi den ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin.

Dasta ezazu artzainen plater tradizional hori, Nafarroako zati handi baten bistak ikusten dituzun bitartean. Proba itzazu, halaber, bildots-txuletatxoak, erregeen pare jateko.

Koilara klasiko bat, Zangozako potxak

Eta ibilbide hau bukatzeko, Zangozara joko dugu. Han, besteak beste, Andre Maria Erreginaren elizako portada erromaniko bikaina ikusteko aukera duzu eta, gosea asetzeko, potxa bero-beroak, sukaldaritzan oso preziatua den bertako banabar zuriarekin egindako plater tipikoa. Lekale hori larrazkenean bakarrik jaten da, bildu berritan, eta horrek zapore delikatua eta testura lodi eta krematsua ematen dizkio.

Jatorri-deitura duten Nafarroako gaztak

Gaztak oso gustuko badituzu, jakin ezazu Nafarroan bi jatorri-deituratako gaztak dastatzeko aukera duzula:

  • Erronkari: Espainiar estatuan gazten jatorri-deitura jaso zuen lehenbizikoa izan zen (1981ean). Kasu honetan, gainera, jatorri-deituraren izena bat dator gazta ekoizten den tokiarekin: Pirinioetan dagoen Erronkari ederra, Julián Gayarre ospetsuaren sorlekua.
  • Idiazabal: jatorri-deitura Euskal Autonomia Erkidegoarekin partekatzen du. Erronkariko gazta bezala, ardi-esne gordinarekin egiten da.

Aurten, estatuko gazta ondu hoberenaren saria Infernuko Gasnarentzat izan da; Idiazabal JDko gazta bat da, Baztanen egina, ardi latxaren esnearekin. Arraza autoktono horren esnearekin egiten da Erronkariko gazta ere. Gazta horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, irakur ezazu gaztazaleentzat idatzitako artikulu hau.

Jatetxe askotako kartetan aurkituko dituzu, postreen atalean, otorduari bukaera bikaina emateko. Ordea, gozozalea bazara, irakur ezazu Nafarroan barnako ibilbiderik goxoenari buruzko artikulua.

Ongi begiratu zein egunetan zatozen, ea egun horietan diren Baztango ehiza-jardunaldi gastronomikoak, edo Iruñeko Kazolatxoaren eta Ardoaren Astea, edo Tuterako Inverdura.

Tag-en hodeia: