2023.10.30

Bisitatu beharreko 10 gaztelu eta gotorleku, Erdi Aroko Nafarroa ezagutzeko

Bisita itzazu mendetako historia duten gotorleku trinkoak, eta irudikatu nolakoa zen iragana XIX. mendera arte erresuma izaera gorde zuen lurralde honetan.

Blog

Bazen behin erresuma bat, Iruñeko Erresuma deiturikoa, XII. mendetik aitzina Nafarroako Erresuma deitu zena.  Lurraldearen mugak babesteko, errege-erreginak gotorlekuak eraikitzen joan ziren, garai hartako defentsa sistemekin: harresiak, gezileihoak, almenak, babes hobiak, garitak eta zubi altxagarriak, besteak beste.

Ehun defentsa-bastioitik gora izan arren, galduz joan dira. Zorionez, gaztelu eta gotorleku horietako batzuek eutsi diete denboraren joanari eta historiaren gorabeherei, eta gaur egunera arte iraun dute. Horiek ezagutzeko gonbidapena egiten dizugu, ibilbide bat eginez Nafarroako Erresumaren historian barna.

Amaiurko gaztelua

Nafarroako iparraldetik hasiko gara, Baztango herririk politenetako batetik, zeinetan baitzen Amaiurko gaztelu ezaguna. Ikono oso bat, Nafarroaren konkistaren ondoren Gaztelaren aurkako azken erresistentzia fokua izan baitzen. Izan ere, 1522an, 150 nafarrek kontrako alderdiko 30.000 gizon ingururen 10 eguneko setioari aurre egin zioten. Gaur egun aurri-egoeran dagoen arren, haren historia ezagutu daiteke, bisita gidatu baten bidez, monolitorainoko ibilbide interpretatuaren bidez edo herriko museoa bisitatuz.

Iruritako jauregia

Baztani buruz garenez, Elizondotik 5 minutura barrutik ikusten ahalko duzu nolakoak ziren  XIV. eta XV. mendeen artean eraikitako oinetxe jauregiak. Zoaz Iruritako Jauregira, talde-bisita gidatua eginez, edo puskaz hobe, bertan ostatu hartuz, mimo bikainez eta detaile handiz apainduriko hostal dotorea baita.

Donamariako Jauregia dorretxea

Eremu horretako beste puntu bitxi bat Donamariako Jauregia dorretxea da. XV. mendeko jauretxe gotikoa, egitura angeluzuzenekoa. Nafarroa Atlantikoko leinu-dorre zaharren funtsa eta izaera gordetzen ditu. Barrualdea bisitagarria ez bada ere, bertaratzea gomendatzen dizugu, eraikinak kanpotik eta ingurutik bisita bat merezi duelako.

Gainera, hango jatetxeak primerakoak dira, eta punta-puntako 5 dituzu 10 kilometro baino gehiago ibili beharrik gabe:

Erriberriko Errege-erreginen Jauregia

Orain Nafarroako Erdialdera goaz, Erresuma zaharrean aztarna historiko handienetakoa duen eskualde baterantz. Han dago Europako jauregirik ederrenetako bat: Erriberriko errege-erreginen gaztelu jauregia, Nafarroako errege-erreginen bizileku izan zena. Gaur egun, kontinenteko alkazar gotiko interesgarrienetako bat da eta turistek Nafarroan gehien bisitatzen duten tokia.

Karlos III.a Nobleak XV. mendearen lehen herenean eraikitzeko agindu zuen. Jauregian, urre-koloreko gelak, hainbat galeria, lorategi exotikoak, dorre bitxiak, txoritokia, lehoitokia eta ureztatze-sistema konplexua zeuden. Hori guztia, erregearen gustura egina, Europako maisu onenak ekarri baitzituen bere jauregira, lanen kalitate gorena lortzeko.

  • Informazio gehiago Erriberriko Errege-erreginen Jauregira egindako bisita gidatuei buruz

Uxueko Andre Mariaren gotorleku-eliza

Erriberritik hurbil Uxueko gotorleku-eliza duzu zain. Ohiko gaztelua izan ez bazen ere, indargune estrategikoa izan zen, bertatik lurraldearen zati handi bat ikusten delako, Pirinioetatik hasi eta Errege Bardeako eremura arte. X. mendean eraiki zuten, eta dorre almenatuak ditu. Hegoaldeko portada gotikoaren obra nagusia da.

  • Erresuma zaharreko txoko honi zukua ateratzeko, ibilbide gidatu batekin bisitatzea gomendatzen dizugu.

Artaxoako harresia

Ezagutu beharreko beste multzo ikusgarri bat Artaxoako harresia da. XI. mendeko gotorleku korazatua, kokatuta dagoen muinora ongi egokitua. Bederatzi dorre eta bi atari ditu oraindik, Jaun Done Saturdi gotorleku-eliza nagusi dela. Ez galdu bisita eta igo elizako teilatura dragoi baten bizkarra eta garai hartako ura biltzeko sistema berezia ikusteko. Zalantzarik gabe, Artaxoa leku ezin hobea da errege-erreginen, zaldunen eta juglareen bizitza irudikatzeko.

Deioko gaztelua

Astirik baduzu Deioko gaztelua bisitatzera animatzen zaitugu. Erromatarrek eraiki zuten, eta musulmanen eta kristauen eragina izan zuen.

908. urtean, Antso Gartzeitz erregeak Banukasitarren indargune hori konkistatu zuen eta, harrezkero, erresuma babesten lagundu zuen gailurretik. Donejakue bide betean dago, eta bertara sartzeko, 220 metro igo beharko duzu Villamayor de Monjardín herriaren goiko aldetik. Merezi du gora egitea indargune hori ikusteko eta Nafarroako geografiaren zati handi baten ikuspegi panoramikoez gozatzeko.

Xabierko gaztelua

Ekialdeko Nafarroarantz goaz, eta Pirinioetako haranetan sartu aurretik, Xabierko gaztelua aurkituko dugu, urtero egiten diren ohiko Xabieraldien erromesaldi-lekua. Bertan sortu zen San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroako patroia. Harri biziaren gainean eraikitako X. mendeko gaztelu zirraragarri hori partzialki eraitsi zuten, Cisneros kardinalaren aginduz, 1516an. Gaur guztiz birgaituta dago eta bisitatzeko aukera dago. Zubi altxagarri batek dorreen, ziegen, matakanen eta kanoi-zuloen munduari ematen dio sarrera. Leku ezin hobea da 1.000 urte gibelera bidaiatzen duzula sentitzeko.

Martzillako gaztelua

Hegoalderantz jarraitzen dugu, Erriberan sartzeko, gaztelu eta elezahar gehiagoko lurra baita. Erresumaren hegoaldeko zatia ere oso leku interesgarria da bere kultura ondarearengatik. Erresumako sarrera gisa duen kokapen bereziak mota guztietako kulturek eragindako herentzia aberatsa utzi du.

Hasteko, Martzillako gaztelu jauregia bisitatuko dugu. XV. mendean eraikitako gotiko estiloko gotorlekua da, adreiluzko murruak, matakanak, dorreak, hobia eta sarrerako zubia dituena. Elezaharren arabera, barruan Cid Campeador izenekoaren «Tizona» ezpata gorde zen.

1516an, Ana de Velascok, Alonso Carrillo de Peraltaren emazteak, Cisneros kardinalaren aginduz eraitsi zezaten galaraztea lortu zuen, Nafarroako okupazio militarraren ondoren. Duela gutxi zaharberritu zuten, eta, gaur egun, udaletxea da.

Cortesko gaztelua

XII. mendekoa da, eta Erdi Aroko gotorleku nagusietako bat izan zen, Aragoiko mugan baitzegoen. Nafarroako errege-erreginen aldi baterako bizilekua izan zen, eta leinu nobleen bizileku ere izan zen, gaztelua jauregi bihurtuz joan baitziren.

Gaur egun, dorrea, arma-patioa eta harresia ditu oraindik. Erdi Aroko eraikina XIX. mendean berritu zuten, arku zorrotzeko leihateetan eta barrualde neogotikoetan ikus daitekeenez.

Erronka handiko ibilbide handia

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, jakin behar duzu Nafarroako Gaztelu eta Gotorlekuen Ibilbidean geocaching-esperientzia entretenigarri bat bizi dezakezula altxorrak aurkitzea eta, gainera, familian bidaiatzea gustatzen bazaizu. 19 mugarri, non 16 kutxa kamuflatu ezkutatu diren, altxorra aurkitzeko deszifratu behar dituzun pista-jokoak barne. Lortzen baduzu, “gazteluen konkistatzailea”ren diploma jasoko duzu.

Tag-en hodeia: