2023.10.16

Udazkeneko 12 baso-bainu onenak Nafarroan

Udan pilak kargatu badituzu ere, energia onez beteriko beste dosi bat behar duzu ikasturte berriari ekiteko. Udazkenak argi berezia du gure lurrean, eta basoetan murgiltzen bazara Japoniako antzinako terapia hau praktikatzeko, berrindartu eginen zara ikasturte berriari aurre egiteko. Hartu baso-bainu bat Nafarroan eta ezagutu indarberritzeko formula natural eta zoragarri bat!

Blog

Zertan datza baso-bainua?

Shinrin joku, japoniarrek esaten dioten bezala, antzinako praktika budistetan inspiratzen da; basoan kontzientzia osoz paseatzean datza. Basoan sartzea arnasa sakonki hartzeko, koloreekin, soinuekin, testurekin eta atmosferarekin konektatzeko... Helburua da ez pentsatzea eta soilik sentitzea.

Ba al zenekien ibilbide hauei esker, non zentzumenak baino ez baitira lanean, arteria presioa jaisten dela, immunitate sistema hobetzen dela eta kortisola (estresaren hormona) murrizten dela? Naturak sendatzen du, ezbairik gabe, eta proposamen hau zure esku dago Nafarroan. Aukeratu basoa, bidezidorra, lagunak... eta aurrera!

Orgi basoa

Basoen artean gailena, Irati

Baso ezagun hau Europako pagadi-izeidi handienetako bat da, eta ederki kontserbatu da. Orbaizetatik (Orreagatik eta, beraz, Donejakue bidetik hurbil) edo Zaraitzuko Otsagabiko herri zoragarritik hel zaitezke baso paradisu honetara.

Ukitu goroldioa, hezetu eskuak errekastoetan, usaindu basoa eta itxi begiak. Eta irekitzean, hunkitu zaitez kolore-sorta ezin ederrago horrekin: udaberriko berdea(k), uda amaierako teila-koloreak eta gorri ilunak... Zenbait bidezidor dituzu barne-barnean murgiltzeko.

Denetarik duzu: laburrak, luzeak, errazak, zailxeagoak... Eta zergatik da xarmangarri? Urratsez urrats deskubrituko duzu. Badira ur jauziak (Itsuosin, adibidez), ermita zoragarriak (Elurretako Andre Maria, esaterako), eta basoaz eta Pirinioez gozatzeko aukera ematen duten begiratoki ederrak. ​​​​​​​Bidexka batzuek ibaia igaro edo Irabiako urtegia inguratzen dute, beste batzuek ingurunea ezagutzeko informazioa ematen dute, hala nola Errekaidorrakoak...​​​​​  Hobe duzu aukera guztiak kontsultatu Arrazolako eta Iratiko etxeetako informazio guneetan, erakargarriena hautatzeko.

Cascasda del Cubo con dos senderistas

Bertizko Jaurerriko Parke Naturala eta laminak

Mendebalderantz goaz, biodibertsitate apartako baso atlantiko batean sartzeko. Parke natural deklaratua da (lehena izan zen Nafarroan) eta Bidasoa ibaiaren ertzean dago. Sarreran 100 urtetik gorako lorategi botaniko ederra dago, mundu osoko espezieak dituena, bai eta interpretazio zentro bat, jauregi polit bat eta haur parke handi bat ere.  

Handik zazpi bidexka abiatzen dira, haritzez, pagoez eta haltzadiez gozatzeko parkeko 2.000 hektareetan. 30 minutukoa da ibilaldi laburrena, eta 7 ordukoa luzeena; aukera asko dituzu, beraz, eta aitzakiarik ez. 

Usaindu basoen lurrin heze bereizgarria, begietsi haritzen enbor zimurtsuak eta bidelagun dituzun forma ederreko iratzeak, deskubritu askotariko perretxikoak, onddoak eta basafruituak, eta, zorterik baduzu, erreparatu bidean gurutzatzen dituzun orein iheskorrei. Shhh... Kantu hori entzuten duzu? Kondairak dioenez, Bertizko lamiak dira, Bertizarana babesten duten ile luzeko sirenak, kanta kantari eta urrezko orraziekin orrazketan dabiltzanak.

Beste 6 pagadi zoragarri

Orain arte, bisitari asko dituzten bi pagadi aurkeztu dizkizugu. Horiek ezagunak badituzu, beste proposamen atsegin batzuk ditugu zuretzat. Zoratu Pirinioetako beste bitxi batzuekin, hain ezagunak ez izan arren benetan ederrak baitira, eta berezi-bereziak seiak: 

  • Dronda - Bagomalta  Belaguan. Zentzumenen basoan soka batek gidatuko zaitu begiak itxita baso-bainu paregabe batez gozatzeko.
  • Basajaunberro; ibilbide xume hau Orreagatik ateratzen da, eta zuhaitzen eta belardien artean bihurka doa Donejakue Bidearen tarte batetik itzultzeko. Toponimoaren oinarria Basajaun da, basoko jauna, euskal mitologiako pertsonaia.
Senderista junto a tronco centenario en el bosque encantado de Urbasa
  • Hiru Pagoak ibilaldia. Honek alderdi historiko interesgarri bat ere badu, Aurizko bunkerren ibilbideetakoa baita.
  • ​​​​​​​Kintoa. 6.000 hektareako pagadi ikusgarria, Eugiko urtegiaren oinetan dagoena, Iruñetik oso hurbil. Denetarik duzu: guztientzat egokiak diren ibilaldiak Eugi herriaren inguruan, sasoi onean daudenentzako ibilaldi luzeak... 
Imagen de tronco milenario del bosque encantado y un senderista

4 harizti harrigarri

Zuhaitz dotore hauek asko dakite historiaz, batzuen adina 1.000 urtetik gorakoa baita. Ongi pentsatzen baduzu, oilo-ipurdia jartzeko modukoa da… Horra zu hor haien esentziaz blaitzen, baina nor egonen zen hor duela hamar mende? 
 
Harizti sorta eder bat aukeratu dugu zuretzat, haien forma bitxiak (batzuetan fantasmagorikoak) eta tamaina harrigarriak deskubritu eta zure zentzumenak natura hutsez bete ditzazun.

Hona gure gomendioak:

  • Orgiko basoa: ehun urtetik gorako harizti bat da, Ultzama ibar pintoreskoan, eta haren barnean sar zaitezke 2 kilometroko ibilbide seinaleztatu batean. Besarkatu enborrak, eta kargatu energiaz! Gainera, mugikortasun urriko pertsonek ere erabil dezakete. Gogoan izan derrigorrezkoa dela onlineko erreserba egitea aparkatzeko eta basora sartzeko.
  • Jauntsarasko haritz monumentalak haritz kandudunaren bi ale zaharrak dira, beren interesagatik “Nafarroako zuhaitz monumental” izendatu zirenak. Basaburuan daude, hiriburutik oso hurbil, eta ibilbide labur, erraz eta polit bat dago haietara heltzeko. Bidean basoa eta baserriak ikusiko dituzu, eta, beraz, abereak: txerriak, astoak... Ideala da txikiekin egiteko.
  • Altsasuko hariztia: 700 metroko interpretazio ibilaldi xume bat; horri esker, ikasiko duzu nola erabiltzen zen basoko zura itsasontziak eraikitzeko.
  • Etxarri Aranazko milaka urteko haritzak: beste ibilbide erraz bat. 1.000 urtetik gorako haritz handiak daude basoan... Erraz estaten da gero! 5 kilometroko ibilbide xumea da, eta luzeago egin daiteke Trikuharrien ibilbidea ere eginez gero.

Bidexka horiek ezagutzen badituzu eta Nafarroan dauden beste ibilbide batzuk ezagutu nahi badituzu, kontsulta ezazu gure mendi-ibilien web-orria, eta naturaz bete zaitez.

Eta ezin hobeki bukatzeko...

Espirituari gustu eman badiogu, erritmoa mantsotuz eta gorputza indarrez eta lasaitasunez betez, orain dastamenaren txanda da.

Argi dago: ibilaldi bat bukatzeko, hoberena da egarria asetzea eta mokadu gozoak dastatzea. Aperitibo bat bazkaldu aurretik? Joan herriko tabernara ahogozagarriak dastatzera: txistorra, urdaiazpiko eta gaztadun frijitua, kroketak, ardo nafarra...

Eta, azkenean, hor bazkaltzea erabaki duzue? Erreserbatu mahaia herriko jatetxe batean sasoiko platerak probatzeko. Hemen primeran janen duzu! Hasteko, Nafarroako barazki ospetsuak jan ditzakezu: pikillo-piperrak, orburuak, zainzuriak edo plater on bat potxa. Gero, udazkenean gaudenez, dastatu haragi zaporetsuak perretxikoekin, onddoekin eta saltsa gozoekin batera.

Eta Nafarroak erabat harrapatu bazaitu eta egonaldia pixka bat luzatu nahi baduzu, borobildu esperientzia eta ostatu hartu hotel xarmagarri batean edo landetxe eder batean. Seguru egon: etxera itzulitakoan, ohartuko zara Nafarroan deskonektatu egin duzula, eta burua argi eta espiritua bare sumatuko dituzu egunerokoari heltzeko berriz.

Tag-en hodeia: