2024.01.15

Oraindik ez dituzu ezagutzen Nafarroako 3 inauteri hunkigarrienak?

Presta zaitez Nafarroako inauteriak ezagutzeko! Katarsi-uneak biziko dituzu, ilea laztuko zaizu haien pertsonaia groteskoak ikustean, erritu atabikoek zur eta lur utziko zaituzte… Gehiago jakin nahi duzu, ezta? Hemen duzu biziko duzun esperientziaren aurrerapen txiki bat!

Blog

Joareen burrunba Iturenen eta Zubietan

Penintsulako iparraldeko inauteri harrigarrienetako batetik hasiko gara. Horretarako, Malerreka bailara piriniotar zoragarrira joango gara, non oso tradizio berezi batek hango bi herri txiki (Ituren eta Zubieta) lotzen baititu: inauteriak.

Uste da neguko solstizioa ospatzeko antzinako errituetan egon daitekeela haien jatorria, eta agian horregatik ez dira ospatzen Hauste-egunaren aurreko asteartean, gehienak bezala. Izan ere, urtarrileko azken igandearen ondoko astelehen eta astearteetan ospatzen dira beti. Astelehenean, Zubietako zanpantzarrak Iturengoari bisita egiten dio, eta, asteartean, alderantziz.

Eta zer da zanpantzarra? Pertsonaia zakar eta koloretsu batzuek osatzen dute, joaldunek, alegia. Bina joare handi dituzte lotuta gerrian, eta, mugitzean, giltzurrun aldean jo eta zalaparta handia sortzen dute.

Une nagusia herri batetik besterako bidaia da (3 kilometro). Zubietako joaldunak 12:00ak eta 13:00ak inguruan irteten dira herritik, Zubiburu zubia zeharkatzen dute eta Iturenen barna ibiltzen dira horko joaldunekin eta beste pertsonaia batzuekin batera, hala nola Hartzarekin, piztiekin eta ahariekin, helmuga herriko plaza dutela.

Joaldunak pasando el puente

Esperientzia paregabe eta hunkigarria biziaraziko dizu joare handien burrunba erritmodunak, Pirinioetako paisaia hotz, heze eta berdeak atzean direla ibilbide osoan. Erritu honen helburua? Espiritu gaiztoak uxatu eta lurrean lo dauden energiak iratzarri. Ez galdu ikuskizun zinez hipnotiko hau ikusteko aukera!

Hona hemen, bukatzeko, joaldunen jantzien zatiak: gonazpiko parpailaduna, zinez bitxia, abarkak, ardi-larruzko atorrak sorbaldan eta gerrian, zapia lepoan, txano konikoa (ttuntturrua) koloretako zintekin, eta, eskuan, zaldi-buztanen ilez egindako makila (isipua), animaliak erasotzen zituzten piztiak uxatzeko.

Lantzeko inauteriek kolorez blaitzen dute Ultzama bailara ederra

Iruñetik gertu, iparralderantz, Ultzama bailara ederrean, ospatzen dira Interes Kulturaleko Ondasun izendatutako inauteri horiek. Haien jatorria ezezaguna da. 1964an, Pío Caro Barojak haiei buruzko dokumental bat filmatu zuen herriko zaharrenek gogoratzen zuten guztia oinarri hartuz, eta aldaketarik gabe ospatu da geroztik.

Igandean hasi eta asteartean bukatzen dira, eta egun horretan, hain zuzen, egiten da Nafarroako inauteri ikoniko hauen ekitaldi nagusia: herrikoek hamaiketakoa jan eta zortzikoa dantzatzen dute ostatuan, eta, mozorrotu ondoren, 14:00ak inguruan, kalejira hasten dute herriko kaleetan barna. Ondoren, bazkaria eta bazkalondoa, eta, 18:00etatik 20:00etara, Miel Otxin maltzurraren bila hasten dira.

Jazarpen zoro horren helburua hura harrapatu, epaitu eta herriko pilotalekuko sutzarrean hiltzea da. Eta zergatik amaiera tragiko hori? Nor zen Miel Otxin? Kondairak dioenez, garai batean bidelapurrek Lantzeko bizilagunak arpilatzen zituzten Frantziara zihoazela, eta Miel Otxin zen gaizkile beldurgarrienetako bat.

Hiru metroko panpina batek irudikatzen du pertsonaia; besoak gurutze forman ditu, eta alkandora koloretsua, praka urdinak, gerriko gorria eta kono formako txano deigarri-deigarri bat (ttuntturrua) ditu soinean.

Zenbait pertsonaia ditu lagun segizioan:

•    Ziripot, gizon on-puska, lodikotea, iratze eta belarrez betetako zakuekin egina, baldar-baldar ibiltzen dena.
•    Zaldiko atzetik doakio, suminkor, bultzatu eta lurrera bota arte.
•    Arotzak, mailuak eta kurrikak daramatzatela, Zaldikoren atzetik doaz korrika, hura ferratzeko.
•    Txatxoek, bukatzeko, soinean animalien larruak eta eskuan makilak eta erratzak dituztela, bertaratutako guztiak zirikatzen dituzte.

Prestatu mugikorra, inauteri girotsu hauetako eszena asko betikotzeko gogoak etorriko zaizkizulako!

Eta Lantzen zaudenez gero, ez galdu aukera Nafarroako bailara politenetako bat ezagutzeko, Ultzama, Iruñetik kilometro gutxira, iparralderantz.

Altsasuko inauteriak, ausartentzat baino ez

Nafarroako Interes Turistikoko Jai izendatu zituzten Altsasuko landa-inauteriak. Igandean hasten dira, haurren inauterien eskutik. Baina unerik gorena asteartean, iluntzean iristen da, momotxorroak, historiaurreko erritual batetik ateratakoak diruditenak, herriko kaleetara ateratzen direnean.

Adar handiak dituzte, aurpegiak oihalezko zapien azpian ezkutatzen dituzte eta hau dute soinean: izara zuri bat, benetako odolez zikinduta, artilezko bizkarrekoak, galtza urdinak, galtzerdi zuriak eta abarka beltzak. Zalapartaren eta suaren artean, pertsonaia beldurgarri horiek herrian zehar ibiltzen dira oihu handiak eginez eta, egurrezko sardea eskuan dutela, aurrean jartzen diren guztiak zirikatu eta beldurtzen dituzten bitartean. Ausartuko zara lehen lerroan ikustera?

1930eko hamarkadan galdu ziren inauteri hauek, baina 1980ko hamarkadan berriro ospatzen hasi ziren, pertsonaia berriekin: sorginak, akerra atzean dutela, akelarre bat balitz bezala; eta maskaritak, jada Antzinatean existitzen zirenak, damasko-erako oihalaz egindako tunika distiratsua, sokekin lotua, soinean eta borla bat buruan dutenak. Momotxorroen dantza ospetsu eta basatia dantzatzen dute guztiek hainbat aldiz herriko leku desberdinetan.

Hurrengo larunbatean amaitzen da jaia, Piñata Egunarekin. Bertsio “ligth” eta lasaiago bat da, hiri-inauteriei lotuagoa.

Bi aukeretatik, zein aukeratuko duzu?

Tag-en hodeia: