2023.11.29

Gabonetan bisitatzeko 8 herri ederrenak Nafarroan

Aurtengo Gabonetan, zatoz Nafarroara eta ezagutu 8 herri haietan bazkaltzeko, lo egiteko eta bizitzeko gogoak piztuko dizkizutenak.

Blog

Seguru dakizula Nafarroak iragan historiko zinez entretenigarria duela eta batere ohikoa ez den klima-kontrastea duela. Hori guztia bere geografian zehar barreiatzen diren askotariko herrietan islatzen da. Hemen, mendiko herrixka xarmangarriak, Donejakue bidearen berezko diren kale-hiriak eta gotorleku-elizak dituzten Erdi Aroko herriak ezagutuko dituzu. Beren kultura, historia eta tradizio bitxiak arduraz zaintzen dituzten herriak.

Horrez gain, pilak kargatzen dituzten paisaia idilikoak eta jende jator-jatorra ere ezagutuko dituzu. Ez da harritzekoa, beraz, Nafarroa landa-turismoko leku preziatuenetako bat izatea, eta leku aproposa nortasun eta edertasun handiko bazter zoragarriez estresik gabe gozatu nahi baduzu. Gabonak Nafarroan leku zoragarriak ezagutuz pasatzekotan bazaude, hona hemen 8 herri haietan barna ibiltzeko, bizitzen geratzeko gogoak piztuko dizkizutenak. Kasu, laketu egingo zaizkizu eta!

Zugarramurdi

Sorginak, akelarreak eta Inkisizio Santua. Seguru hamaika legenda entzun dituzula Zugarramurdiren iraganari buruz, edo Alex de la Iglesiaren “Zugarramurdiko sorginak” film ezagunaren eszenak ikusi dituzula. Beraz, herri eder hau bisitatzea da onena, Frantziako mugaren ondoan, jakin dezazun zer gertatu zen benetan gure herrialdeko sorginkeria-kasurik garrantzitsuenean. Horretarako, Zugarramurdiko koba zoragarria eta Sorginen Museoa bisitatu ahal izango dituzu. Jakin-mina ase ondoren, altxatu begiak, eta so egin baserriz, larre berdez eta haietan, Pirinioen magalean, bazkatzen ari diren aberez osaturiko paisaiari, deskonektatu eta mendiko bizimodu lasaiaren bakea sentiaraziko baitizu.

  • Lortu hemen Zugarramurdiri eta beste kobazulo batzuei buruzko informazio gehiago.
Zugarramurdi_

Elizondo

Hegoalderantz joz gero, beste herri bat aurkituko dugu literaturari eta zinemari esker ezagun bilakatu dena mundu osoarentzat, Baztan ibarrean, zehazki. “Baztango Trilogia” lanaren benetako protagonista Elizondo herri enigmatikoa da. Han zaudela, ordea, ikusiko duzu ez dela ezagutarazi dizuten ez bezain misteriotsua, ez bezain barrenkoia. Izan ere, herri atsegina da eta, zalantzarik gabe, nortasun handieneko herri bat da Nafarroan. Kalez kale ibiltzea harrizko etxetzarren artean Bidasoa ibaiaren ibilerari jarraituz esperientzia betea da berez; prestatu mugikorra, beraz, , argazkiz beteko duzu eta! Eta esperientziez ari garenez, bizi itzazu orain esperientzia gastronomikoak, izan ere, gazta, txokolatea eta Panificadora Baztanesa betidanikoaren, hots, trilogiako filmetan agertzen denaren beraren txantxigorri-opilak erosi ahal izango dituzu.

elizondo herria

Lesaka

Aurreko biak bezain ezaguna ez bada, zinez herri xarmagarria da. Zurezko leiho-ohol koloretsuak dituzten etxetzar nobleak, eliza monumentala eta zubi ugariak nabarmentzen dira, Nafarroako Venezia txikia bataiatu izanaren arrazoia. Gainera, haren folklorea ikusgarri-ikusgarria da. Famatuak dira bere ezpata-dantzariak, urteko egun bakar batean dantzatzen dutenak ibaiaren gaineko zubiaren petrilen gainean: uztailaren 7an, San Fermin egunean. Idatzi eguna, udan etorri nahi baduzu ere.

Eta Lesakakoa da, halaber, Olentzeroren legendaren jatorria. Ikazkin atsegina da, pipa hortzetan duela eta arropak berotuta Gabon-gauero jaisten dena menditik haurrei opariak ekartzeko. Hemen, abenduaren 24ko goizean, Olentzero lehiaketa bat egiten da, eta irabazlea da arratsaldean herrian kalejiran ateratzen dena. Lesakako beste erakargarritasunetako bat da hango tradizioak sagardotegiko menu gozo-gozo batekin uztar ditzakezula, edo platerkada bat babarrun gorri bero-berorekin.

  • Eguna hobeto aprobetxatu nahi baduzu, 10 km baino gutxiagora dago Irrisarri Land Abentura Parkea; hainbat ostatu-mota, jatetxeak eta era guztietako bisitarientzako hamaika jarduera eskaintzen ditu.
lesaka herria

Lekunberri

Zure gustukoena landa-turismoa bada baina pedalei eraginez, nahitaez gelditu behar duzu hemen. Plazaolaren Bide Berdearen herri enblematikoetako bat da Lekunberri. Iruña eta Donostia XX. mendearen erdialdera arte lotzen zituen antzinako trenbidea da. Nafarroako tartea, 42 kilometrokoa, baserri eta tunelen artean doa. 2021ean, Munduko Turismo Erakundearen “Best Tourism Village” zigilua jaso zuen. Lekunberri leku ezin hobea da bizikletatik jaitsi eta bidean geldialdi bat egiteko. Tren-geltoki zaharretik has zaitezke, non turismo-bulegoa baitago. Mapa eskuan duzula, ibili alde zaharrean barna etxetzar zaharren artean, bisitatu latsarria edo gozatu ikuspegi panoramikoez Malkorreko begiratokitik.

Camino Natural Vía Verde del Plazaola

Otsagabia

Ezin dugu bilduma honetatik bazter utzi Nafarroako Pirinioetako herri ezagunenetako bat, bai bere edertasunagatik, bai Iratiko oihanera sartzeko bi ateetako bat izateagatik. Zaraitzu ibarraren bihotzean, Otsagabia herri zoragarriak lorez betetako balkoiekin, karrika harriztatuekin eta Anduña ibaiak zeharkatzen duen Erdi Aroko zubiarekin egiten dio ongietorria bisitariari. Herria ibaiaren bi aldeetan egituratzen da. Hango kaleetan barna paseatzea ipuin batean sartzea bezalakoa da. Erreparatu harrizko etxetzarrei eta elurra pilatu ez dadin haien tailatuek dituzten forma maldatsu-maldatsuei; ikusiko duzu, halaber, etxekarteak daudela, suteak zabal ez daitezen; eta ez galdu, bukatzeko, eliza solemnea eta zenbait jauregi armarridun. Mendiz inguratuta, eta gastronomia tradizional gozo baten eskutik, Otsagabia bisita ahaztezina da. Zer gehiago eska daiteke?

Konbinatu nahi duzula paseo baten lasaitasuna senderismoa egitearekin edo naturan murgiltzearekin?

Otsagabia herria

Gares

Lizarra eta Iruña artean, Gares Erdi Aroko herri polita dago. Donejakue bideak zeharkatzen du, eta mendeetako merkataritza- eta kultura-korronteek ezaugarritu dute. Gaur egun, ondare historikoa, merkataritza tradizionala eta kaleetako bizitza hobekien kontserbatu dituen herrietako bat da Gares. Honatx aholku batzuk: erromesen urratsei jarraitzea eta zubi erromaniko ikonikoa zeharkatzea, elizak bisitatzea eta kaleetan barna paseatzea jauregi-etxetzarrei so eginez. Ez ahaztu piperrak erostea, zinez gozoak, eta hartu pintxoren bat herriko tabernetan.

gares herria

Uxue

Imajinatu harrizko etxetxoz betetako muino txiki bat, gotorleku-santutegi zoragarri bat buru duela. Postaleko herri kutuna da Uxue, Erriberaren eta Pirinioen arteko erdibidean altxatzen dena. Kontrastez betetako paisaiak, santutegiaren goialdetik gozatu ahal izango dituzunak egun oskarbietan. Zerealez, olibondoz, mahatsondoz eta almendrondoz inguratuta, artzain erara egindako ogi-mamiak dira hango plater ezagunena, txingarretan egindako arkume-saiheski gozo-gozoekin batera. Menu bikaina, nahitaezko plana kale estuetan barna noraezean ibiltzea erabakitzen baduzu.

Vista con la iluminación nocturna del conjunto del pueblo Ujué

Erriberri

Nafarroako herri ezagunenetako bat utziko dugu bukaerarako. Ez da harritzekoa, bere gaztelu ederra, paregabea, Monumentu Nazionala baita 1925etik. Jauregi zoragarri honek Erdi Arora zuzenean eramango zaitu. Dorreak teilatu konikoekin, areto zabalak, galeriak, lorategi esekiak, patioak, lubanarroak eta zoologiko eta guzti izan zituen... argi dago zergatik hartu zuen etxe Karlos III.a Noblea erregeak ametsetako jauregi hau, oso maite zituelako luxu handiak eta nabarmenkeriak. Horregatik, bere garaiko Europako jauregi luxuzkoenetakotzat hartzen da. Ez galdu bisita gidatuak egiteko aukera, eta ez ahaztu Erriberri gaztelua baino askoz gehiago dela. Alde zaharrak, eliza ederrek, etxe nobleek eta harresiek paseoa merezi dute, herriko jauregi dotorearen parean baitaude.

Eta ez ahaztu ardo oneko eskualde batean zaudela eta kultura eta enoturismoa ezin hobeto uztar ditzakezula egun berean.

  • Ezagutu hemen inguruko esperientzia gastronomiko eta enoturismoko guztiak.
Vista de Olite desde una de las torres del Palacio

Tag-en hodeia: