2022.06.17

8 EGUN NAFARROAN BARNA IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK EGINEZ

7 edo 8 opor-egun badituzu eta buruan badabilkizu Nafarroa ezagutzea, bide onetik zoaz! Egun nahikoak dira Nafarroako onena eramateko. Ziur atsegin handiz harrituko zaituela. Zure egonaldia antolatzen laguntzea nahi duzu? Hala bada, jarraitu irakurtzen, kontatuko dizugulako zer ezin duzun galdu, zein den autoz ibilbiderik egokiena eta zein diren eremu bakoitzeko jarduerak eta esperientziak.

Blog

1. ERDIALDEAN: IRUÑA

Hiriburutik hasiko gara, sanferminak direla eta mundu osoan ezaguna den tokitik. Agian ez dakizu, baina Iruñeak arras ongi zaindutako koloredun alde zaharra du, plazatxoak, terrazak eta giro handia. Badu gainera pizgarri eder bat karrikaz karrika zabiltzala: pintxo goxoak. Balia ezazu parada ahal dituzun guztiak probatzeko!

Caballo Blanco taberna

Erdi Aroko elizak ere aurkituko dituzu, baita klaustro gotiko bat ere katedralaren barruan, Europako onenetakoa, gainera. Hiriaren zatirik zaharrena inguratuz, Gizateriaren Ondare izendatutako harresi-esparru bat ikusiko duzu, gainera, gerriko berde bat sortzen duena, zenbait zatitan Arga ibaiaren ibai-parkearekin batera. 

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK Iruñean barna

2. IPAR-EKIALDEAN: XABIERKO GAZTELUA ETA ERRONKARIBAR

Pirinioaurrean hasiko gara, Leireko monasterioa ezagutzeko. Erdi Aroko monasterioa da, mendian sartuta dago eta oraindik ere kantu gregorianoak entzun daitezke bertan. Ondoren, kilometro gutxira, Xabierko gaztelua dago, Nafarroako patroi San Frantzisko Xabierkoaren sorlekua den Erdi Aroko gotorlekua. Apartekoa haurrekin bidaiatzen baduzu. Minutu gutxi batzuetara, Zangozako Andre Mariaren portada erromanikoaren aurrean egonen zara. Eremu horretan, halaber, sai arreek hegan egiten duten bi arroil polit ezagutzen ahalko dituzu: Irunberrikoa, bide berde batek zeharkatzen duena, eta Arbaiungoa, Iso mendatetik ikusten ahalko duzuna.

Iparralderantz jota, bete-betean sartuko gara Pirinioetako haran malkartsuenean: Erronkaribarren. Herri ederrak aurkituko dituzu, hala nola Almadiaren museoa bertan duen Burgi, Erronkari edo Izaba, Belaguako ibar zoragarrian bukatzeko. Egizu iraupen-eskia negua bada, gozatu mendi-ibiliak eginez, jan artzain-apurra tipikoak, probatu Erronkariko jatorri deiturako gazta bikaina eta goza ezazu bertako ikuspegiekin.

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK Erronkaribar-Irunberrin barna 

3.    IPAR-ERDIALDEA: IRATIKO OIHANA ETA ORREAGA 

Mendebalderantz joanez gero, Otsagabira iritsiko gara. Pirinioetako ezinbesteko herria da, eta bertatik Europako pagadi-izeidi handienetako batera iritsiko gara, Iratiko Oihanera. Oinez edo bizikletaz egin dezakezu, bidezidorrei jarraituz.


NA-140 errepidearekin jarraituz, Aezkoan sartuko gara. Bertan, zenbait garai tipiko kontserbatzen dira, eta Orreaga joko dugu, hura baita penintsulan Donejakue Bidearen atea. Herri txikia da, baina handia historian eta kondairetan. Bertan Donejakueren espiritua sentituko duzu. ibil zaitez kolegiatan barna eta gozatu Andre Mariaren eliza gotikoaren eta inguruko Pirinioetako ikuspegiaren edertasunarekin.

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK Irati-Orreagan barna

4. IPARRALDEA: BAZTAN, ZUGARRAMURDI ETA BIDASOA

Nafarroako mendiarekin jarraituko dugu! Oraingoan, Kantauri itsasora hurbilduko gara Nafarroako ibar berdeenetako bat zeharkatuz: Baztan. Iritsi bezain laster, zain izanen ditugu Bertizko Jaurerria, parke naturalaren sarreran kokatua, non mendi-ibiliak egitera animatzen zaitugun, eta Elizondo, ibarreko hiriburua eta Baztango Trilogia ospetsuaren agertoki nagusia. Ibarreko herri ederren adibide bat baino ez da hori, indianoen etxe eta etxalde eder ugari baitaude bertan.  Ziga edo Amaiur lasai ibiltzeko herri idealak dira. Eta Erratzutik abiatuta, Xorroxingo zurrustara eramanen zaituen bidea aurkituko duzu.
 

Lapurdira bidean, Nafarroako sorgin-leize ezagunenak izanen dituzu. Entzuna duzu Zugarramurdi izena? Bada, Inkisizioak bereak eta bi egin zitueneko leize  fantasmagorikoaz gain, Sorginkeriaren museoa ere bisitatzen ahalko duzu.

Ibar horrekiko paraleloan, Bidasoko ibarra dago. Ibar horretatik igarotzen da I. Eurobeloa, izen bereko bide berdeari jarraitzen diona. Ezin hobea da oinez edo BTTan ibiltzeko. Irrisarri Land abentura-parke zoragarrian, egun zirraragarri bat bizitzeko eta zure jendearekin bikain pasatzeko aukera duzu.

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK Baztan-Zugarramurdin barna

5.    MENDEBALDEA: ARALAR, ULTZAMA ETA URBASA-ANDIA PARKE NATURALA

Aralar Artzain-lurra da, trikuharriena eta pagadiena aire garbia arnastuz zentzumenak esnatzeko leku aproposa. Aukera ona da, halaber, lurraren erraietan, Mendukilo kobazuloan edo Aralarko San Migel santutegi erromanikoaren barruan sartu nahi badugu.
 

Ibil zaitez ibarreko herrietan eta Plazaolako bide berdean. Proba itzazu sagardotegiak, txuletoi bikainak eta bakailao-tortilla, eta, nola ez, Idiazabal JD gazta. Ultzamara hurbiltzen bazara, baliatu ehunka urte dituzten haritzen artean ibiltzeko Orgiko hariztian, eta proba itzazu bertan famatu diren gaztanberak eta kremadun tututxoak.

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK Aralar-Ultzaman barna

6.    ERDI-MENDEBALDEA: LIZARRA ETA URBASA-ANDIA PARKE NATURALA

 

Hemen artea, historia eta natura ditugu batean. Donejakue Bideari jarraituz, Mendialde behereko lurretan eta zereal-eremuetan barna, Garesko zubi erromaniko enblematikoa gurutzatuko dugu eta Lizarrara iritsiko gara, Donejakue Bideko hirira, Erdi Aroko eliza eta jauregiekin. Bukatutakoan, Viana historikora iritsiko gara, Errioxan sartu aurretik Bideko azken herrira.

 


Urbasa mendilerroan bi bitxi ditugu: bat artistikoa, Irantzuko monasterio interesgarria, eta bestea naturala, Urederrako sorburua. Ezagutu nahi dituzu turkesa koloreko zurrusta eta putzuak? Paseo freskagarri hori egiteko, aldez aurretik izena eman behar duzu. Natura-erreserba horren hauskortasuna babesteko beharrezko neurri bat da hori.

* IBILBIDEA ETA ESPERIENTZIAK Lizarrerrian barna
* IBILBIDEA ETA ESPERIENTZIAK Aralar-Ultzaman barna
 

7. ERDI-HEGOALDEA: ERRIBERRI, UXUE ETA MAHASTIAK

Nork ez du entzun Erriberriko Errege Jauregi ederrari buruz? Nafarroako mugarri turistiko bisitatuenetako bat da, eta ez gutxiagorako. Bertako dorre almenatuetatik ikusten dira Nafarroako JD ardoa ekoizteko baliatzen diren mahastiak, eta Nafarroako Erdialdean goratzen den itxura handiki horrek gogoa pizten du bertako historia ezagutzeko eta gazteluko gelarik gela ibiltzeko. Errege baten moduan lo egin nahi baduzu, ondoko Teobaldoen Jauregi edo Jauregi Zaharrean egin dezakezu, gaur egun Turismoko Paradore baita.

Artearen zale bazara, handik ez oso urrun dago Olibako monasterioa, XII. mendeko zenobio zistertarra, oraindik monjeak bertan dituena.
 

Erriberri erreferentziatzat hartuta, historia duten bi herri proposatzen dizkizugu. Ezkerrean, koroa almenaduna duena: Artaxoako harresia. Eskuinean, mendiaren inguruan harriz eraikitakoa: Uxue Andre Maria eliza-gotorlekuak koroatzen du eta bertatik iparraldera Pirinioak eta hegoaldera Erriberako lautadak ikus daitezke. Paseatu kale korapilatsuetan, eta dastatu, bai ala bai, bertako artzain-apurrak eta almendra garrapiñatuak.

Eta artearen grinaduna bazara, handik ez oso urrun dago Olibako monasterioa, oraindik monjeak bizi diren zenobio zistertarra.

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK: Erriberri-Uxuen barna

8. HEGOALDEA: TUTERA ETA ERREGE BARDEA

Erriberako lur emankorretan bukatuko dugu gure ibilbidea, barazkiak probatuz. Nori ez zaizkio gustatzen zainzuri delikatu batzuk, Pikillo piper gozoak, barazki-menestra aberatsa edo orburuak? Nafarroako gastronomiaren zatirik handiena 0 km dela eta inguruko baratzeetatik datorrela jakitea zure esku dagoen luxua da.

Azkenik, ibilbideari adio Tuteran emanen diogu, Nafarroako bigarren hiririk jendetsuenean. Katedrala bitxia da, bisitari guztiek ikusi beharko luketena bertako portada eta klaustro erromanikoaz eta kapera barroko ederraz gozatzeko. Paseatu Foruen Plaza politean eta ezagutu bertako jauregiak, Monreal dorrea eta Ebroko zubia. Indarrak berreskuratzeko, bilatu pintxo-eremua, eta ahoko zaporerik onenarekin joanen zara!

Eta handik oso gertu, Arguedasetik abiatuta, parke natural harrigarria dago, Errege Bardea. Orain berdea okrearekin ordezkatuko dugu, eta lur emankorren ordez ilargiko itxura duten formazio idorrak jarriko ditugu. Argazki ahaztezinak eginen dituzu bertan. Horregatik, UNESCOk babestutako paraje hori iragarki edo filmen ohiko agertokia da, azken horietako bat izan da, Games of Thrones.

* IBILBIDE ETA ESPERIENTZIAK Tutera-Bardean barna

>> AUKERATU HEMEN NAFARROAN EGTEKO JARDUERAK ETA ESPERIENTZIAK

Tag-en hodeia: