2022.07.11

NAFARROA, BESTELAKO UDA BATERAKO ESPERIENTZIAK

Ez dago hondartzarik, ez eta eguzki egun bermaturik; horregatik, hain zuzen ere, Nafarroa toki aparta da bestelako oporretarako. Ipar-mendebaldeko Nafarroa hezetik Bardeako basamortuko paisaia idorrera, askotariko lurra duzu zain, naturari, ondareari, abenturari eta gastronomiari lotutako plan alternatiboez betea. Eta badakizu zer den onena? Udazkenean, neguan edo udaberrian ere itzul zaitezkeela, hemen beti izanen gaituzulako zain izanen gaituzulako esperientzia berriekin.

Blog

ELEZAHARRETAKO OIHANAK

Udan bilatzen duzuna babeserako itzal ona bada, hautako lekuan zaude. Nafarroan baso ugari aurkituko dituzu, haritz eta pagadien azpian babesteko. Ziur entzun duzula Iratiko Oihanari buruz hitz egiten; izan ere, natura beteko 17000 hektarea dituenez Europako pagadi handienetako eta zainduenetako bat da. Ez dira hain ezagunak, baina ikusgarriak dira, halaber, Jauntsarats hariztiak, Ultzamako Orgiko oihana edo Etxarri Aranazko milaka urteko haritzak. Eta hori gutxi ez balitz, gonbita egiten dizugu Leitzalarreko oihaneko aspaldiko sekretuak edo Nafarroako parke natural erromantikoena den Bertizko Jaurerriko txokoak.

SORBURUAK, ARROILAK, ZURRUSTAK ETA URTEGIAK

“Eba Mirentxu joan zen eguzki bila hondartzara...” dio kantuak. Hemen itsas hondartzarik ez dugu, baina horrek ez du esan nahi gure paisaietan urik ez dugunik. Ahoa irekita utziko dizunetako bat Urederraren sorburua da, ur gardeneko ametsa oihanaren erdian. Urederrako ur ederretatik goazen Irunberri eta Arbaiungo arroila ikusgarrietara. Arroila horiek, Irati eta Zaraitzu ibaiek milioika urtetan zizelkatuak, harrapari handien etxe ere badira. Tenperatura leunei uko egin nahi ez badiozu, baina uretan jauzi egin nahi baduzu, Leurtzako urtegiak toki paregabea dituzu. Ipuin batetik aterata dirudite, eta prestatuak daude bertan eguna pasatzen gera zaitezen; badira aparkalekua, mahaiak, erretegiak, komunak, iturria eta bilatzen duzun babesa emanen dizun ingurune aparta.

MONASTERIOAK, GAZTELUAK ETA GOTORLEKUAK

Artea eta historia maite badituzu, Nafarroa zuretzat egina dago. Iragan aberats eta askotariko batek gaur egunera arte iritsi den ondare bat utzi du. Goitik behera ibil dezakezu, monumentu batetik bestera salto eginez. Orreagako Kolegiatatik (Donejakue Bideko leku ikonikoa bera) Xabierko Gaztelura eta Erriberriko Jauregira (biak ala biak Erdi Aroko fantasia hutsa).  Kristautasunaren gorenak herriak eta hiriak kultura-ondare aberats batez hornitu ditu. Horren erakusgarri dira Uxueko Andre Maria gotorleku-eliza eta Fiteroko monasterioa, 1931an Monumentu Nazional izendatu zena. Eta horrekin aski ez baduzu, Erreinuko hiriburua ere baduzu ikusgarri: Iruñea. Urrats bakoitzean bitxikeria historiko bat aurkituko duzu. Ezin dituzu alde batera utzi Iruñeko alde zaharra, katedrala edo harresi-multzoa.

ZIKLOTURISMOAREN PARADISUA

Bidaiatzeak zuretzat esan nahi badu ez bereiztea bizikletatik, ulertzen zaitugu. Zure erritmoan, modu jasangarrian mugituz eta lekurik ezkutukoenetara iritsiz. Nafarroa ezagutzeko modurik onenetako bat. Horregatik, pedalei ekiteko prestatu dugun ibilbide-sare bat aurkituko duzu hemen. Donejakue Bidea, BTT espazioak, Eurobelo 1 ibilbidea edo Bide Berdeak ondo mantendutako bizikleta-bideak dira, behar bezala seinaleztutako guneak dituztenak bizikletak konpontzeko eta alokatzeko. Eta jada ez bazara indartsu sentitzen edo, besterik gabe, kirolean hasi nahi baduzu, ez egin uko bizikletari. Bizikleta elektrikoak alokatzeko hainbat zentro eta maila guztietarako ibilbideak daude. 

IBAR FRESKOAK ETA XARMAGARRIAK

Deskonektatu eta aire giroturik gabe lo egiteko premia duzu? Hauxe duzu zurea. Naturara irekitako espazioak, ostatu bereziak, tenperatura eramangarriak, historia eta gastronomia propioa duten kaleak. Hasi ezagunenak diren Baztan hezetik edo Pirinioetako Erronkaribarretik, eta segi ezkutuan gordeta dauden Artzibar, Zaraitzu edo Aezkoara. Horiek guztiak aukera bikainak dira konbinatu nahi badituzu herri zoragarrietara egindako bisitak eta naturan aktiboagoa den turismoa. Ez galdu ibar hauek zure ibilbidean eskaintzen dizkizuten landa-plan guztiak.

Tag-en hodeia: