2023.02.21

5 ideia Bardeaz udaberrian gozatzeko

Ba al zenekien Nafarroan basamortu bat dagoela telesail, film eta publizitate-iragarkietarako agertoki famatua dena? Errege Bardea da, forma magikoz beteriko tokia, beste planeta batean zaudela sentiaraziko dizuna. Isiltasuna baino ez dagoen txokoak aurkituko dituzu han. Noizean behin haizeak isilarazten duen isiltasuna.

Blog

Udaberria garai ezin hobea da leku hau bisitatzeko. Tenperatura ezin hobea izateaz gain, haren alde berdeena ezagutuko duzu, beste urtaroetan ezkutuan egoten baita.

Zure kabuz ibil zaitezke hango paisaia bitxian barna, Bardea Zuria inguratzen duen pista zirkularrari jarraituz. Hala ere, lurralde harrigarri honen berezitasunak ulertzeko, tokiko gidarien eskutik egitea gomendatzen dizugu.

Hona hemen parke honetan ibiltzeko dituzun aukera guztiak. Aukeratu gehien gustatzen zaizuna.

 

1. BARDEA SEGWAY EDO BUGGY BIDEZ EZAGUTZEA

Segway batean mugitzea Bardeako naturarekin eta ingurunearekin zuzenean harremanetan sartzeko modu paregabea da. Urak eta aireak modelatu dute lurra, eta landaretza ez da oso ugaria, eta horregatik da garraiobide arin hori aukera ezin hobea basamortu hau ezagutzeko. Denbora gutxi beharko duzu ibilbideetako edozein egin eta txokorik berezienetara joateko. Eta zerbait mugituagoa nahi baduzu, ezagutu paraje hau buggy batean. Primeran pasatuko duzu!

2. CORTINAS AMILDEGIA FAMILIAN

Senderismoa atsegin duzu eta familian bidaiatzen duzu? Orduan, Cortinas amildegiraino daraman bidea gomendatzen dizugu. Paseo erraza da, paisaia zoragarria lagun. Txikiek eta helduek abentura dibertigarria bizitzen ari zaretela irudika dezakezue sakanean barne zoaztela.

3. ABENTURA 4X4 BATEAN

Erreserba Natural honen ahalik eta gehiena ikusi nahi baduzu, eta eroso egin nahi baduzu, ez pentsatu bi aldiz: igo 4x4 batera tokiko turismo-gidariekin; ingurune ikusgarri honen xehetasunak azalduko dizkizute.
Oso bazter bereziak ezagutu eta itxuraz ezatsegin den basamortu honen edertasunaz gozatuko duzu. Benetako altxor naturalak ez ezik, hango kultura eta bizimodua ere ezagutuko dituzu; leku hori sakon-sakon ezagutzen duen jendeak emango dizue haien berri.

4. PASEO GIDATUAK BIZIKLETAZ

Bizikleta baten gainean sentitzen den askatasuna paregabea dela diote. Eta askatasun hori Bardeako paisaia hunkigarrian bizitzea esperientzia ahazgaitza da. Zure bizikletarekin ala alokatutako batekin, pedalek eraman bezain urrun iristeko aukera bikaina.

5. GOZATU ILUNABARRAZ BARDEAN

Ilunabarra une magikoa da munduko leku askotan eta, bereziki, naturak siluetak, formazioak eta koloreak, zinez ikusgarriak, eskaintzen dituen lekuetan, hala nola gure Bardean. Hunkitu egingo zaitu hemengo argiak, paisaiari so egiten diozula.

Jarri harremanetan inguruko naturako gidariekin. Haiek jakingo dute zer tokitan gozatu gehien Bardearen ikusgarritasunaz, egunez zein ilunabarrez. Argazkia egitea gustatzen bazaizu, presta zaitez, ez baituzu segundo bat ere galdu nahiko une magiko bezain iragankor horretaz gozatzeko. Bestela, utzi uneak txundi zaitzala.

Zure kabuz joan nahi baduzu, zatoz Bardeako Informazio Gunera, eta kontuan izan parkea ilunabarra baino ordubete lehenago ixten dela.

Basamortu eder hau nola bisitatu dakizun honetan, ihesaldia biribilduko duten beste esperientzia batzuk proposatzen dizkizugu.
Gogoan hartu!

ALOJAMENDU BEREZI-BEREZIAK

Ohikoez bestelako espazio natural bat ezagutzea erabaki baduzu, zergatik ez luzatu abentura atseden hartzeko aukera original batekin? Bardeatik oso gertu, 20 minutura baino gutxiagora, kokatutako hiru alojamendu-mota hauek proposatzen dizkizugu:

Kobazulo-etxe batean lo egitea: aproposa familiako plan baterako, trogloditak bezala bizitzeko. Mendiaren barruan eraikitako etxeak dira. Gelak kareztatuak daude, eta haietan tenperatura konstantea izaten da urtean zehar: 20 gradu, neguan zein udan. Bitxia, ezta?

Informazio gehiago Valtierrako leizeei buruz

Burbuila batean lo egitea, basamortua begi-bistan: plan perfektua eta esklusiboa, pixka bat deskonektatu eta une berezi bat bizi nahi duten bikoteentzat. Benetako burbuila batean ilargiari so egin eta zeru izartsu baten azpian lo egitea baino gauza erromantikoagorik bururatzen al zaizu?

Informazio gehiago Aire Bardenas hotelari buruz

Mahastien artean dorretxe batean lo egitea: aukera ezin hobea hotel boutique oso berezi batean ostatu hartu nahi duenarentzat: terraza zoragarria du eta esperientzia gastronomikoa eskaintzen du, bertako ardoekin uztartua.

Informazio gehiago Pago de Cirsus hotelari buruz

* Hona hemen Bardea aldean ostatu hartzeko aukera gehiago

PASATU PRIMERAN SENDAVIVAN

Familiarekin bidaiatzen baduzu, asteburua osatzeko osagarri perfektua da Sendaviva! Bardeatik oso hurbil dago, gainera.

Naturaren parke tematiko honetan, munduko leku guztietako 1.000 animalia baino gehiago ikusi ahal izango dituzue, jende guztiarentzako hogeita hamar bat atrakzioz gozatu eta hegazti harraparien show ikusgarri batekin hunkitu, besteak beste.

Gainera, landa-ostatu tematizatu bat du: Villa Sendaviva. Parkeko sarreran dago, eta familia bakarreko 19 logela ditu, eta sukaldea erabiltzeko aukera ere.

Baina gogoratu Sendaviva ez dagoela urte osoan irekita.
Irekitze-data 2023an: Martxoak 25! Erreserbatu sarrerak

UTERA, ERRIBERAKO HIRIBURUA

Eta, hurbil-hurbil dagoenez, ezin dugu Tutera aipatu gabe utzi. Nafarroako Erriberako hiriburua da, Nafarroan biztanle gehien dituen bigarren hiria, erregioko hegoaldean.

Oso hiri atsegina eta interesgarria da. Antzinako judutegia eta kale estuak izango dituzu ibiltzeko. Ez galdu jauregi barrokoen xehetasunak, zatoz Foruen plaza ederrera eta bisita ezazu katedral ederra, portada eta klaustro erromanikoa baititu.

Informazio gehiago Tuterari buruz

BARAZKI BIKAINEN LURRALDEA. DASTA ITZAZU!

Tuterako, eta oro har Erriberako, item gorenetako bat hango barazkiak dira. Hainbeste ezen Ferran Adriàk berak goraipatu baititu. Borraja, kardua, orburuak, pikillo-piperrak, zainzuriak... Ebroko ibarrean sortzen dira, eta ezaugarri komun bat dute beti: hurbileko produktuak, zapore bikainekoak eta kalitate handikoak.

Probatu plater tradizionalak, hala nola barazki-menestra gozoa edo inguruko jatetxeetan aurkituko dituzun proposamen berritzaileak, ahosabai gourmetenak ere aseko baitituzte.

Nafarroako Erriberan bizi ahal izango dituzun esperientzia batzuen jakinaren gainean jarri zaitugu guk. Orain... Zuk erabaki behar ! Animatu, ez zaizu damutuko…

 

Tag-en hodeia: