2024.03.04

Nafarroako sagardotegiak, taldeentzako plan ezin hobea

Sagardotegira joatea da gastronomia eta adiskidetasuna hobekien bateratzen dituen jardueretako bat. Txotx! entzutearekin, mahaitik edalontzia hartu eta sagardotegiko nagusiak irekitako kupelera hurbildu, tradizioari jarraituz. Sagardo bikainak dastatu txuleta eder batekin batera, eta lagun onen konpainian egon, horixe askorentzat ezinbestekoa den plana. Beraz, aprobetxa itzazu Nafarroako sagardo-denboraldiko azken asteak.

Blog

 

 

Badakizu zer den sagardoa?

Sagardoa graduazio baxuko edari alkoholduna da, sagar-zukuaren hartziduratik lortzen dena. Modu naturalean, karboniko pixka bat du eta, beraz, edari bereziki freskagarria eta ezin hobea da janari koipetsuekin batera hartzeko. Sagardoa oso estimatua izan da penintsula iparraldean, batez ere Atlantikotik hurbil dauden lurraldeetan. Toki horiek berez dituzte baldintza egokiak azidotasun ona eta usain delikatuak dituzten sagarrak lortzeko.

Nafarroan, Erdi Arotik dago dokumentatua sagardoaren elaborazioa, eta gaur egun badira bertako hainbat sagar mota, Nafarroako sagardoari halako berezitasun bat ematen diotenak. Nafarroan batez ere iparraldeko eskualdeetan edaten da, eta botilako sagardoa urte osoan edaten ahal bada ere, sagardotegian dastatzeko aukera urtarriletik maiatzera izaten da; plan bikaina lagunekin joateko.

Sagardoa egiteko prozesuak markatzen ditu epeak. Normalean, sagarrak irailetik azarora bitartean biltzen dira. Hautaketa- eta garbiketa-prozesu baten ondoren, jo eta prentsatu egiten dira muztio gozo bat ateratzeko; hori izanen da sagardoa egiteko oinarria. Hartzidura egitean, muztioaren azukrea alkohol bihurtzen da, eta azken emaitza sagardoa da.

Sagardogileak aukeratzen ahal du sagardoa botilaratzea edo kupela tradizionaletan gordetzea, sagardotegian bertan edateko. Kontsumo horrek ez duenez beirarik edo garraiorik behar, aukerarik jasangarriena da ingurumenaren ikuspegitik.

Txotx egitea

Txotx! oihukatzearekin batera irekitzen du kupela sagardotegiko nagusiak. Bazenekien zein den hitzaren jatorria? Dastaketa errazago egiteko, sagardogileak zulo bat egiten zuen kupelen erdialdean, eta zurezko txotx bat erabiltzen zen zuloa ixteko. Txotx! entzutean, mahaitik edalontzia hartu eta irekitako kupelera hurbildu, horixe da gure sagardotegietako ohitura. Irri eta elkarrizketa artean, lerro-lerroan edalontziak txorrota azpian jartzera, bata bestearen atzetik, sagardo tantarik ere ez galtzeko. Otorduan zehar behin eta berriz errepikatzen da errito hori, otorduak luzatuz; gaur egun arte iraun duen tradizio gastronomiko bat lagunartean partekatzeko modu bikaina.

Ziklo osoko sagardotegiak Nafarroan

Nafarroan sagardotegi asko daude, eta horietan sagardoa menu tradizionalarekin batera dastatzen ahal da: bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrekin, txuleta, gazta irasagarrarekin eta intxaurrak. Horretaz gainera, sagardotegi batzuetan sagardo erara degindako txorizoa ere ateratzen dute. Sagardotegi asko gastronomiaren benetako tenpluak dira, baina horietako bostek soilik dute beren sagastietatik bildutako sagarrekin eurek egindako sagardoa. Horiek dira Lekarozko Larraldea, Lesakako Lindurren Borda, Berueteko Behetxonea, Lekunberriko Toki-Alai eta Aldazko Martitxonea. Zalantzarik gabe, sagardotegien esperientzia gorena dira, bertan jateaz eta edateaz gain, bisitaldia egin dezakezulako; sagardoa nola egiten den ikasi eta botilaratu berri den 0 kilometroko sagardoa erosi.

Larradea (Lekaroz)

Baztanen dagoen sagardotegi horretan, txotx garaian menu tradizionala eskaintzen dute. Sagardiak modu ekologikoan lantzen dituzte, eta sagardotegiaren kokapen ezin hobea kontuan hartuta, aukera bikaina da, Baztan zoragarrian bazaude.

Lindurren Borda (Lesaka)

Lesakako Nabaz baserri-auzoan dago, malda batean, eta bista paregabeak daude handik. Lindurren Borda baserri tradizionala da, eta han sagardotegiko benetako menu batez gozatzeko aukera izanen duzu.  Sagardotegi hau ezin hobea da familian gozatzeko, haurrendako menua ere baduelako.

Behetxonea (Beruete)

Sagardotegi tradizional horrek badu berezitasun bat: beren sagardoa egiteaz gain, ustiapen propioko txuletoiak ere eskaintzen dituzte. Basaburuan dago, eta aukera ezin hobea da bazkaltzeko, Aralar inguruan bazabiltza.

Toki-Alai (Lekunberri)

Toki Alai sagardotegia Lekunberrin dago, zeina duela gutxi munduko herri turistiko hoberenetakoa izendatu baitute. Plan perfektua izan daiteke Plazaolako Bide Berdeko tarteren batean ibiltzea, gero Lekunberri bisitatu, eta jardunaldia bukatzeko, Toki Alain txuletoi on batez gozatzea sagardo trago freskagarriekin batera.

Maritxonea (Aldatz)
Maritxoneak benetakoena den esperientzia eskaintzen du, zalantzarik gabe.  Antzinako harrizko etxe honetan, zurezko habe zaharren artean, aukera izanen duzu ederki jan eta bertan egindako sagardoaz gozatzeko. Aurreko bi sagardotegien zonalde berean dago, eta bazkaltzera joan aurretik, ibiladia egiten ahal duzu Plazaolan, Sakanan edo Ultzaman barna.

Tag-en hodeia: