2023.08.10

Udako azken asteak: Nafarroa helmuga

Abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran oraindik oporretako astebete bat geratzen zaien zorioneko horietakoa zara? Erantzuna baiezkoa bada, Nafarroa da aukera egoki-egokia. Badakizu zergatik? Bada, kontrastez betetako paisaiez, kultura-tradizioez eta tokiko gastronomia oparoaz gain, era askotako ekitaldiak proposatzen dizkizulako egun hauetako agendak. Ziur gaude esperientzia biribil-biribila izango duzula. Begiratu historiaz, naturaz eta jarduerez betetako lurralde honek eskaintzen dizun guztiari!

Blog

Iruña eta Flamenco On Fire

2023ko abuztuaren 18tik 27ra, cante jondoa iparraldera datorkigu genero horretako panorama musikalaren figura onenak bidaide. Arte flamenkoak sortzen duen zirrara gustuko baduzu, zatoz Flamenco On Fire jaialdiaren 10. ediziora. Lirika flamenko onenaren zati bat erakustea du helburu, artista ezagunena zein gorantz datozenena, eta Sabicas maisu iruindarraren ondarea balioesten jarraitzea.

Erreserbatu sarrera: Flamenco on Fire

Iruña du egoitza nagusia, Baluarte auditorioa, zehazki, baina edizio honetan Tuterako Gaztambide antzokira eta Vianako San Pedro elizaren aurrietara ere iritsiko da. David Lagos, Farruquito, Tomatito eta Eva Yerbabuena dira arterik puruenaz gozatzen lagunduko diguten artistetako batzuk.

Aprobetxatu hiriburuko egonaldia hirigune historikoko kaleetan, hiriaren bihotzean, barrena nora ezean ibiltzeko. Haren benetako zaporea dastatuko duzu. Eta ez gara ari haren pintxo famatu tentagarri-tentagarriez bakarrik, ezta gourmet-dendetan aurkituko dituzun produktu gastronomikoez ere, baizik eta haren altxor artistiko nagusietako batzuez:

  • Andre Maria katedraleko klaustro gotikoa, Europako onenetakoa
  • XVI. mendeko barruti harresitua, UNESCOk babestua, bi lorategi eder inguratzen dituena: Taconera eta Ziudadela.
  • San Zernin eta San Nikolas elizak, Erdi Arokoak

 
* Iruña eta Tutera ezagutu nahi ditut.​​​​​​​

Estellerria: antzinako musika eta jazza

Ba al dago Santiagora bidean doazen erromesen igarobide eta egoitza den Erdi Aroko hiri bat baino ingurune hoberik antzinako musika interpretatzeko? Lizarra da tokia. Ez galdu Ruako San Pedro eta San Migel eliza erromanikoak, Nafarroako Errege-erreginaren Erdi Aroko jauregia eta ondare historiko-artistiko oparoa. Eta beste garai batzuetara bidaiatuz gozatzen duten horietakoa bazara, zatoz irailaren 2tik 10era bitartean, Lizarrako Antzinako Musikaren 54. Astea (SMADE) egingo baita egun horietan. 7 bekatu nagusiei buruzkoa da edizio hau.

Handik 15 minutura baino ez, beste musika-ekitaldi berezi bat egiten da: Zubipean jazz-jaialdia. Imajinatu ilunabarrean kontrabaxuaren, saxoaren, pianoaren... notak entzuten Arga ibaiaren ertzean, Nafarroako zubi enblematikoenetako baten azpian: Garesko zubi erromaniko ospetsua. Markatu ezazu egun hau zure agendan: abuztuak 27. Donejakueko herri eder horretan, Frantziako bidearen bi adarrak batzen dira. Gozatu giroaz eta, jardunaldia amaitu aurretik, jazzaz.

​​​​​​​Kontsultatu programa: Zubipean Jazz Jaialdia

* Xehetasun gehiago Nafarroako Donejakue bideari buruz

Puente románico de Puente la Reina al amanecer

Jai etnografikoak Mendialdean: Orhipean eta Artzai Eguna

Otsagabia. Izan al duzu inoiz haren entzuera? Agian, bai. Agian kontatu dizute Nafarroako Pirinioetako herri bat dela, oso kutuna, etxe ederrak eta kale harriztatuak dituela, ibai batek zeharkatzen duela eta abiapuntu onena dela herrialdeko pagadi ikusgarrienetako batean sartzeko: Iratiko oihana.

Eta zer iruditzen zaizu duela mende bateko herriaren eguneroko bizitzako egun batera joango bagina? Ideia gustatzen bazaizu, abuztuaren 26an Orhipean ospatzen da. Duela mende bat zen bezalaxe topatuko duzu Otsagabia: iruleak, bizarginak, ikuzleak, haurrak eskolara bidean..., garaiko jantziekin den-denak, ohiko lanak eta jarduerak eginez. Gastronomia maite baduzu, joan azokara, eta ez galdu aukera Erronkaribar JD-ko gazta gozoa probatzeko.

Niños sentados en sus pupitres emulando la escena de un día de escuela de hace un siglo

Hurrengo egunean, abuztuak 27, igandearekin, Uharte Arakilera joatea proposatzen dizugu. Izan ere, Artzain Eguna ospatzen da, Interes Turistiko Nazionaleko Jaia. Programak, besteak beste, artzain-txakurren lehiaketa, ardi-haragiaren gisatuak, ile-moztea eta ardi-gaztaren ohiko elaborazio barne hartzen ditu.

* Aralar mendia ezagutu nahi dut

Erriberrik omenaldia egiten dio bere produktu izarrari, ardoari

Estilo gotikoko jauregi ederrak eman dio ospea Erriberri herriari. Nafarroako errege-erreginen bizileku izan zen, eta Nafarroan gehien bisitatzen den monumentuetako bat da egun. Baina bada beste produktu bat herri hau nazioartean ezaguna egiten duena: ardoa.

Winelover bazara, seguru interesatuko zaizula Nafarroako upeltegi nafarrek egiten duten lana ezagutzea. Nafarroako Mahats-bilketaren Jaia da, laster egin beharko duten lan neketsuaren aurrerapena, jai-giroan, irailaren 3an, igandea, aurten. Dasta itzazu ardoa ardatz ematen diren pintxoak eta platerak, dasta itzazu doan Karlos III.aren Plaza Nagusian eskaintzen diren saldak, ikus kofradiakideen desfilea eta ez galdu ekitaldi tipikoenetako bat: mahats-zapalketa.

​​​​​​​Eta zer iruditzen Erdi Aroko herria bat bisitatzea jardunaldiaren osagarri. Uxue. Utzi bere eliza-gotorlekuaren handitasunak lilura zaitzala, probatu artzain-erara egindako ogi-apur famatuak eta eztitu zure burua garrapiñatu eta mantekada gozo-gozoekin.

Historiaz blaitutako Erdi Aroko toki gehiago ezagutzeko gogoz geratu bazara, Tiebas bisitatzea proposatzen dizugu: mila biztanle baino gutxiagoko herri txiki bat da, XIII. mendeko gazteluaren aurriak baliatzen dituena, abuztuaren 26an, errege-erreginen gortea izan zela gogora ekartzeko. Egun horretarako, kontzeju horrek jarduera ugari prestatu ditu: bisita gidatua, hegazti harraparien erakustaldia, Erdi Aroko musika eta zuzien desfilea.

* Zer bisita dezaket Erriberri inguruan?

Varias chicas ataviadas con trajes tradicionales portando cestos con uvas en la Fiesta de la Vendimia

Batasunaren Pribilegioa

Aurten, 600 urte beteko dira Karlos III.a Noblearen garaietan, 1423ko irailaren 8an, zehazki, hitzartutako funtsezko tratatu honetatik: Batasunaren Pribilegioa. Iruñeko hiru burguen arteko aliantza izan zen, eta, hari esker, ezberdintasunak alde batera utzi eta hiri bakar bat osatu zuten. Hori dela eta, programa oso berezi bat prestatu da, txikien zein helduen gozagarri; kaleko emanaldiak dira, hala nola dantzak eta kontzertuak.

​​​​​​​Hauek ere ez dute huts egingo: Erdi Aroko azoka tradizionala hiru burguen kaleetan, La Pamplonesa bandaren musika eta Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa kutuna, are kolore gehiago emango diena hiriko kale koloretsuei.

Irailaren 10ean, Talo Eguna egiten da. Janari tradizionala da, gozoa bezain xumea. Hartzitu gabeko arto-irinarekin egindako opilak dira, eskuz eginak. Plantxan egiten dira, eta osagai gozoak zein gaziak gehi daitezke: txokolatea, gazta, hirugiharra... Talo ezagunenetako bat, zalantzarik gabe, txistorrarena da, ahoa ur bihurtzekoa.

Zer irudituko litzaizuke Leitza herri ederrean probatzea? Natura berde-berdea du herriak inguruan, eta hantxe grabatu ziren “Ocho apellidos vascos” film ospetsuaren eszena batzuk. Peru-Harri museoa ere han dago, Iñaki Perurenak berak sortua. Atari zabaleko parke eskultorikoa da, harria ardatz duena. Plan ezin hobea naturaz, zaporeez eta tradizioaz gozatzeko.

Tag-en hodeia: