Tuteraren eta Ebro ibaiaren gaineko zubiaren zuri-beltzeko ikuspegia

Tutera, hirietan bigarrena

Hiriburuaren ondoren garrantzi handiena duena. Hiri xarmagarria, Bardeako idortasunaren eta baratzeetako berde minaren artean jaioa.

Historiaz josia dago: musulmanek 802. urtean sortu zuten, nahiz eta lau mendez elkarrekin bizi izan ziren musulmanak beraiek, juduak eta mozarabiarrak. Horiek guztiek kultura mestizajea eragin zuten, gaur egun hiriko karrikek oraindik jariatzen dutena. Horrexegatik dago sartuta Tutera Espainiako Juderien Sarean (hau da, Sefaradeko Bidean).

Ondoren, kristauak heldu, eta hasitako lana biribildu zuten. Guztiei esker, Tutera multzo artistiko liluragarria da egiaz. Nahitaez bisitatu beharrekoak dira Foruen plaza, katedral harrigarria, elizak eta jauregiak, pasadizoak, harresiak eta talaiak.

  • Andre Maria katedrala

    Monumentu nazionala da 1884az geroztik. Estilo gotikoko eraikin honek hiru portada eder ditu, eta horien artean Judizioaren Portada ikusgarria nabarmentzen da, erromanikoa eta gotikoa  uztartzen dituena.

    Ikusi beharrekoak dituzu haren klaustro erromanikoa (Tuterako Museotik sartuko zara bertara) eta Santa Anaren –Tuterako zaindariaren– kapera barrokoa.

    Museoa eta katedrala bisitatu nahi dut
  • Jauregi errenazentistak eta barrokoak

    Berpizkundeko jauregi nafar onena da! Izan ere, aberastasun ugari ditu: argi-patioa, teilatu-hegal ikusgarria, muralak eta mendeetako historia. Goya berak erretratatu zuen markesa, eta obra hori Nafarroako museoan ikus dezakegu.

    Barroko estiloan nabarmentzeko moduko eraikin bat Uharteko markesaren jauregia da, Udal Artxiboaren eta liburutegiaren egoitza. Fatxada oso apaindua du, eta eskailera inperial bikoitz bat ere badu; Nafarroako ederrentzat jotzen da.
    Eta, azkenik, Almirantearen etxea, beste eraikin errenazentista bat; bitxia bada ere, ez dakigu izen hori nondik heldu zaion.
    Jauregi horiek ezagutu nahi badituzu, ez galdu Tuterako monumentuak ezagutzeko bisita gidatua.

    Tuterako ondarearen ibilbideari buruzko informazio gehiago
  • Muñoz Sola arte modernoko museoa

    Pintura gustatzen bazaizu, eta, bereziki, XIX. mendearen bigarren erdian egindako obrak, etorri museo honetara. César Muñoz Sola Tuterako margolariak, erretratugilea izateaz gain, beste genero batzuk landu zituen, hala nola paisaiak eta natura hilak. Nabarmentzen da Errealismoari eta Frantziako Inpresionismoari lotutako kalitate tekniko bikaina agertzeagatik.

    Gehiago jakin nahi dut museo honi buruz
  • Magdalena eliza

    Interes kulturaleko ondasun deklaratu zen –dagoeneko hiru aipatu ditugu–, eta 3 ataleko dorre lerden bat kontserbatzen du, Nafarroan dauden dorre erromaniko gutxietako bat, alegia.  Portada ere erromanikoa da, eta handik barnera sartutakoan, erretaula plateresko eder bat ikusiko dugu.

    Aprobetxatu Juderia Berriaren auzoa ezagutzeko eta San Miguel karrikaren inguruan dauden kalezulo bihurrien egituraz gozatzeko.

     

  • Plaza de los Fueros

    Ezinbestean ikusi beharrekoa, Tuteraren bihotza baita.

    Zezen-plaza izan zen, erdiko kioskoa du, eta etxeen fatxadetan Erriberako herrien armarriak daude. Erlojuaren etxea gailentzen da, hiriko ospakizun guztiak bertatik bertara ikusten dituena: Aste Santua eta Baile de la revoltosa delakoa, besteak beste.

  • Ebro gaineko zubia

    Ebro gaineko zubia da Tuterako Erdi Aroko arkitektura zibilaren lehen erakusgarria. Iruñetik NA-134 errepidetik sartzean topatuko duzu. 17 ojiba-arku erdizirkular eta 360 metroko luzera ditu, eta Tuterako panoramika onenetako bat eskaintzen du. Ebro ibaia jariotsuena da Nafarroan, eta zubian hainbat birmoldaketa egin behar izan dira emariaren erasoari eusteko.

    Hain da handia zubi horren garrantzi estrategikoa, non Tuterak hiriko ikur eta armarritzat jo zuen.

  • Cerro de Santa Bárbara behatokia

    Autoz sar badaiteke ere, gorputza pixka bat mugitu eta Santa Bárbara muinora Tuterako alde zaharretik paseatuz joatea gomendatzen dizugu. Hiriaren eta haren baratzeen ikuspegi zoragarriak daude hango begiratokitik.

    Hantxe finkatu ziren Tuterako lehen biztanleak. Gero, arabiarrak etorri eta alcazaba eraiki zuten, eta, azkenik, kristauek hura kendu eta gaztelua jarri zuten. Gaur, Jesusen Bihotz Santuaren monumentua dago hor, begira dagoela.

    ​​​​​​​Bistan da hiriko toki horrek historia luze-luzea duela

    Santa Barbara muinoko paseoa egin nahi dut
  • Monreal dorrea

    Defentsako dorre zaharra, XIII. mendekoa, ikuspegi liluragarriak dituena.

    Adreiluzko eraikin hexagonal bat da, eta Erdi Aroko garaitik uharka kontserbatzen du, hau da, euritik datorren edateko ura gordetzeko lur azpiko gordailua.

    Azken eraberritzearen ondorioz, Nafarroako lehen kamera ilun bihurtu zen, baita interpretazio zentro ere, Erriberako hiriburuan elkarrekin bizi izan diren kulturei (judua, musulmana eta kristaua) buruzko azalpen panelak dituena. Beraz, biziki gomendatzen dizugu hori bisitatzea.

     

Tuteran zenbat gauza dauden ikusteko!

Kokatu monumentu horiek guztiak planoan.

Hiri-artea Tuteran

Bazenekien Tutera Muralismo Garaikidearen Nazioarteko Erakustaldiaren egoitza izan dela?

Orain arte hartu dituen jaialdiei esker, hiri-arteko hainbat ibilbideren bidez ezagutu ahalko duzu. Jende askorik gabeko bazter batzuk nola aldatu diren ikusiko duzu, edertasun berezi-berezia hartu baitute.

Plan ezin hobea, Erriberako hiriburura familiarekin hurbiltzen bazara.

Blog honetan aurreko edizioetako (2010-2013) horma-irudiak aurkituko dituzu, 4 kilometroko ibilbide batean.

Tuterako hiri-artea ikusi nahi dut
Hiri-artea Tuteran

Tuterako barazkiak goi-mailakoak dira

Ebro ibaiertzetik dator baratzeko erregina, "Tuterako orburua"; izatez, jatorri-deitura propioa du. Atzetik datoz kukuluak, zainzuriak, borrajak, txikoriak, kardoak eta Tuterako tomate itsusiak; izan ere, nahiz eta itsusiak eta desitxuratuak izan, zapore aparta dute, egia esan.

Eta plater bat nabarmendu beharko balitz, hori barazki-menestra izanen litzateke, udaberriko zenbait barazki konbinatzen dituen platera.

Barazkiez hitz egin dezakegu, baina hoberena duzu probatzera etortzea; urtean zehar noiznahi etortzen ahal zara, edo udaberrian, Barazkien Jai ospetsuetan. Eta, jakina, zoaz merkatura eta eraman etxera dastatzeko barazki batzuk.

Barazkien jaiei, produktuei eta errezetei buruzko informazio gehiago
Tuterako barazkiak goi-mailakoak dira

Tuterako agenda

Interesekoartikuluak

Deskubritu Nafarroako Erriberako kolore harrigarriak

Deskubritu Nafarroako Erriberako kolore harrigarriak