Pareja paseando por el Señorío de Bertiz

Bidaiatu modu jasangarrian Nafarroan barrena

Bisitatzen dugun ingurunea errespetatuz bidaiatzea bateragarria da opor interesgarri eta dibertigarriekin.

Zatoz eta ezagutu ezazu!

Ostatu jasangarriak

Ostatu jasangarriak

Ingurune natural pribilegiatuetan ostatu-kopuru handienetakoa duen autonomia-erkidegoetako bat da Nafarroa. 

Aukera ezazu landetxe, kanpin, aterpetxe eta ostatu berezi ugariren artean. Kokatuta dauden agertoki naturalak balio erantsi handia ematen die, gainera. Bertaratzen zarenean nabarituko duzu lo egite hutsaren eta naturak transmititzen digun lasaitasun paregabe horrekin atseden hartzearen arteko desberdintasun handia.

Halaber, beren kudeaketan eta zerbitzuetan gero eta praktika jasangarri gehiago sartzen dituzten hotelak, ostatuak eta apartamentuak aurkituko dituzu.

  • Nafarroako landa-turismoko ostatuak

    Nafarroa aitzindaria izan zen bertako kulturarekin uztartutako turismo-mota bat proposatzen, bertakoen etxeetatik transmitituko zena.

    Bizi ezazu tradizioak, benetakotasuna eta ingurumenarekiko errespetua bizirik irauten duten herri eta herrixka txikietan kokatutako baserri zoragarrietan ostatu hartzeko esperientzia.

    Landa-turismoko ostatuen eskaintza aldatu egin da eta, gaur egun, landa-turismoko proposamenak, jatetxeak edo ingurunean egiteko jarduerak eskaintzen dira.

    Ostatu hartu nahi al duzu Nafarroako landetxe onenetan? Ezagut itzazu hemen.

  • Ostatu paregabeak

    Ama naturarekin harreman handiagoa izateko, ez dago aukera hoberik harekin bat egiten duen ostatu bat aukeratzea baino!

    Inoiz ez bezala egingo duzu lo: haitzulo baten barruan, lurraren erraietan murgilduta, ehun urtetik gorako haritz baten gainean eraikitako zurezko etxetxo batean, basora begira dagoen iglu baten barruan, edo haranaren erdian dagoen luxuzko txabola batean.

    Gustatuko al litzaizuke naturarekin bat eginda sentitzea? Hala bada, kontsultatu Nafarroako ostatu berezien zerrenda. Hemen duzu.

  • Kanpinak eta bungalowak

    Beste aukera bat kanpin batean ostatu hartu eta denda tradizional batean izarren azpian lo egitea edo bungalow eroso bat edo egurrezko txabola erakargarriak erabiltzea da. 

    Egin erreserba Nafarroako kanpin batean, hemendik.

  • Ostatu jasangarriak

    Eta jarduera jasangarriekin lan egiten duen establezimendu batean lo egin nahi baduzu, esteka interesgarri hau gehitzen dizugu: hotel, etxebizitza, apartamentu eta landetxe inguruko zerrenda, xarmaz eta luxuz hornituak, eraikin historikoetan kokatuak eta jasangarritasunaren alde lan egiten dutela egiaztatzen duten balorazio oso onak dituztenak. + Info

Igerileku naturalak

Pirinioek eta hango baso, haran eta ibaiek, Errege Bardeako basamortuak, zintzurrek, ur-jauziek, iturburuek... eskaintzen dizkiguten inguru naturalek Nafarroako Erresuma honen biodibertsitate izugarria islatzen dute, hemen elkartzen diren hiru klimek sortzen dutena: alpinoa, atlantikoa eta mediterraneoa. Natura hori zegoen bezala mantendu da, bertako biztanleen kontzientziagatik nahiz herriak eta ingurumena zaintzeko hartu diren neurriengatik.

Igerileku naturalak
  • Parke eta erreserba naturalak

    Nafarroak 9 eskualde ekologiko, 44 ekosistema-mota, 53 habitat interesgarri, 3 parke natural eta erkidegoaren intereseko 42 leku ditu.

    Iberiar penintsulako animalia-espezieen %15 hemen dago. Nafarroan, letra larriz idazten da Natura, eta ia nonahi senti dezakezu.

    Hori dela eta, gune horietako batzuk gure webgunean ikustera animatzen zaitugu eta, konkistatzen bazaitugu, zatoz bertatik bertara ezagutzera eta haietaz zuzenean gozatzera.

    Bertizko, Errege Bardeako eta Urbasa-Andiako parke naturalez ari gara, edo Iratiko basoaz, Baztan bailaraz, Urederraren iturburuaz eta Irunberri eta Arbaiungo arroilez.

  • Igerileku naturalak

    Freskatu egin nahi duzu bero handia egiten duenean eta lasaitasunez eta naturaz inguratuta freskatu nahiko zenuke? Hala bada, igerileku natural batek emango dizu behar duzun guztia.

    Murgilaldi freskagarria egin dezakezu putzu, urtegi edo ibai freskoetako putzuetan edo ur gaziko iturburuetan. Horrelako dozena bat eremu baino gehiago daude Nafarroan. Eremu horietako uraren kalitatea eta bainurako baldintzak Ingurumen Departamentuak gainbegiratzen ditu, beraz, segurtasuna eta dibertsioa bermatuta daude.

    Horietako batzuk bisitatzeko, aurrez erreserbatu behar da.

  • Mendi-ibiliak eta BTT, aire garbiz betetzeko

    Inguruan ditugun soinuak bakarrik entzunez oinez ibiltzea edo pedalei eragitea, elkarrizketa onaz edo isiltasunaz gozatzea, gure ingurunea behatzea eta ingurune hori gure erretinan betikotzea, Nafarroak eskaintzen digun ibilbide-sare ikaragarrian mendi-ibiliak edo zikloturismoa egiten ditugun bitartean eskura ditugun plazer txikiak dira. Ezagutu gure GR-ak eta tokiko bidexkak, ermitetatik igarotzen direnak, ibaien aldamenean doazenak, urtegiak eta herriak inguratzen dituztenak, edo basoaren sakonean murgiltzen gaituztenak.

    Animatzen al zara kapritxo horiek betetzera? Hala bada, gehitu Nafarroako bidexkei eta zikloturismoari buruzko informazioa.

Jarduera interesgarriak, jostagarriak eta oso ekologikoak!

Kultura, natura eta turismo aktiboa konbinatu nahi badituzu, baina ingurumena eta tokiko kultura errespetatuz, ideia batzuk emango dizkizugu

  • Kultura-bisita gidatuak orrialdera joan

    Kultura-bisita gidatuak

    Nafarroako hirigune historiko eta monumenturik garrantzitsuenak ezagutu nahi badituzu, baina beste norbaitek kontatuta ezagutu nahi badituzu, hartu parte bisita gidatuetan, antzeztuetan, haurrentzakoetan... Ibili, entzun eta harrituta geratu.

  • Nafarroako baserri-eskolak orrialdera joan

    Nafarroako baserri-eskolak

    Natur ingurunearekiko errespetuan txikitatik hezteko, ez dago animaliekiko harreman zuzena aprobetxatzea baino gauza hoberik. Dibertitu egingo dira balioak barneratzen dituzten bitartean.

  • Praktikatuko al dugu turismo aktibo naturala? orrialdera joan

    Praktikatuko al dugu turismo aktibo naturala?

    Entzun ura ibaian barrena isurtzen edo hegaztien soinua, usaindu belarra, sentitu haizea, goizeko freskotasuna eta naturaren bakea, pultsua bizkortzen den bitartean.

  • Abentura-parkeak orrialdera joan

    Abentura-parkeak

    Hori bai dela naturan murgiltzea. Mendi batetik bestera eramango zaituen tirolinatik zintzilikatu, via ferrata bati jarraitu, arroila-jaitsiera egin eta dena parke beraren barruan! Natura eta emozioa erdizka.

Ikusi ekintza sonstengarriak
Baratzetik mahaira

Baratzetik mahaira

Bertako produktu freskoa dastatu nahi baduzu, gure jatetxeetara joan eta menua dasta dezakezu! 

Erriberako baratzeko produktuekin hasiko gara: zainzuri-krema epela, pikillo-piper zaporetsuak, barazki-menestra gozoa, itsaskiz betetako zerba-orrimamiak eta orburu-bihotz samurrak. 

Ondoren, Iruñerriko arkume-saiheskiekin, Estellerriko txerrikume errearekin eta Pirinioetako txekorrarekin jarraituko dugu, eta Erdialdeko mahastietatik ateratako Nafarroa JDko ardo bikainarekin uztartuko ditugu. Sagardoa egiteko bere sagarrak erabiltzen dituen sagardotegi batean idi-txuleta bat jan nahi baduzu, erreparatu proposamen honi eta ez geratu irrikaz.

Eta azkenburukoa? Gure larreetan bazkatzen diren ardi eta behien esnea erabiliko dugu Erronkari edo Idiazabal JDko gazta irasagarrarekin, mamia edo kremadun tututxoa eskaintzeko. Amaiera emateko, digestioa egiten laguntzen duen gure likore nagusia eskainiko dugu, hain zuzen ere Nafarroako JDko patxarana.

Eta hori ez da dena! Boilurrak, onddoak, Zangozako potxak, txistorra, kardua eta olioa ere baditugu, horietako asko JD edo Reyno Gourmet zigilua dutenak.

plato de borraja con almejas

Slow food jatetxeak

0 km-ko jatetxeetan, bertako sukaldariek eta ekoizleek talderik onena osatzen dute, eta lurralde bereko eta sasoiko produktu bat proposatzen digute ahora eramateko, mimoz eta sormenez egina. Aldi berean, plateren estandarizaziotik ihes egin eta kultura tradizionala errespetatzen dute. Bikote perfektua, ez al zaizu iruditzen?

Slow food filosofia horrek karbono-aztarna murrizteko konpromisoa du, eskualdeko eta urtaroko produktuen kontsumoa bultzatzen du eta elikagai transgenikoak saihesten ditu.

Slow food jatetxeak

Esperientzia gastronomikoak

Nondik datoz ahosabaia gozatzen diguten produktu hauek guztiak?

Boilur- edo mikologia-arloko esperientzia batean parte hartu, pasta ekologikoen tailer bat bisitatu, lupulu-eremu batean sartu eta zeure garagardoa egin, eztigintzako lantegi bat bisitatu, mahasti batean ibili eta upategian ardoa dastatu, edo eihera batean gauza bera egin olioarekin, artaldeari lagundu, gaztandegia ezagutu eta gazta dastatu nahi baduzu, baduzu aukera. Eta zer deritzozu gatzaga bat bisitatu eta gatz ekologikoak dastatzeari?


Proposamen gastronomiko hauek eta beste batzuk interesatzen bazaizkizu, planen atalaren bidez informazio gehiago lor dezakezu.

Nafarroako plan gastronomiko guztiak ezagutu nahi ditut
Esperientzia gastronomikoak
Arkakuso Azoka, Ekomerkatuak eta Ekoplanak

Arkakuso Azoka, Ekomerkatuak eta Ekoplanak

Iruñeko Ekomerkatua

Nafarroako ekoizpen ekologikoa hileko lehen larunbateko goizetan aurkezten da xarma handiko leku batean, hain zuzen ere hiriburuko autobus-geltoki ohian. Sentsibilizazio-eremu horretan, garaian garaiko jaki freskoak nahiz janari prestatuak eros ditzakezu, ekoizleengandik zuzenean, dastaketez, tailerrez, erakustaldiez edo musikaz gozatzen duzun bitartean... Ordutegia: 09:30etik 14:00etara, informazio +

Iruñeko Arkakuso Azoka

Ekomerkatuaren data berean, azoka txiki bat egiten da San Jose plaza politean, katedralaren ondoan. Azoka horretan, produktu guztiak birziklatu egiten dira eta bizitza berria hartzen dute. Dakizun bezala, era guztietako objektuak erakusten dira; beraz, hurbildu eta miatu, ziur harrituko zaituen zerbait aurkituko duzula. Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara. (Uztailean izan ezik)

Ekoplanak Nafarroan barrena

Nafarroako ekoizle ekologikoek beren instalazioak bisitatzea proposatzen digute, bertatik bertara ezagutzeko nola ekoizten diren, besteak beste, ardoak, olioak, pastak, almendrak eta arrautza ekologikoak. Gainera, eguna biribiltzeko, inguruan ibilaldi polit bat egitea eta eskaintza gastronomikoak ere proposatzen dizkigute. + info

 

Ikusi agenda gastronomikoa
Kargatu zure auto elektrikoa edo alokatu bizikleta bat

Kargatu zure auto elektrikoa edo alokatu bizikleta bat

Nafarroara auto elektrikoarekin etortzen bazara edo bidaia jasangarri hori “modu kontzientean” egiteko auto elektriko bat alokatu nahi baduzu, kargatzeko honako gune publiko hauek dituzu eskura.

Bizikleta tradizional edo elektriko bat ere aloka dezakezu, eta gure bide berdeetan, BTT guneetan edo Donejakue bideko zati batean barrena ibili. Informazio gehiago lortzeko, egin klik hemen.

2 ibilbide iradokitzaile Nafarroan barna auto elektrikoz

Hona hemen bi ibilbide Nafarroa iparretik hegoaldera ezagutzeko kargatze elektrikoko puntuak aurkitzeko kezkarik gabe. Zure erritmoan egin ditzakezu, eta horietako bakoitzean bizpahiru egun eman. Horrela, erregio eder honetako mugarri turistiko aipagarrienetako batzuk dastatu ahalko dituzu patxadaz: basamortuko paisaiak, Pirinio berdeak, gazteluak, Donejakue bidea, Iruña hiriburua eta, noski, hango gastronomia aberatsa eta askotarikoa.

1. ibilbidea - Atlantikotik Iruñera

1. ibilbidea - Atlantikotik Iruñera

Bidasoko arrotik, ipar-mendebaldean, Iruñeraino eramango zaitu, hauek guztiak bidean topatuko dituzula: Bertizko Jaurerriko Parke Naturala, Kintoko basoa, Orreaga eta Longida ibarra. Google Maps izan dezakezu gidari ibilbide osoan. Ibar berdeak, haietan barreiatutako berezko baserriak, slow turismoa, historia eta gastronomia konbinatzen dira ibilbidean. Ez galdu babarrun gorriak, haragi zaporetsuak eta esnezko postreak, hala nola mamia edo krema-tututxoak.

  • Bera eta Lesaka: ibili noraezean lasai-lasai hirigunean barna, egin so etxe nobleei eta elizei, eta gozatu inguruko paisaiaren edertasunaz
  • Elgorriagako bainuetxea: flotarium batean murgildu nahi duzu? Hango uren gazitasun-indizea hain da handia, ezen nekez lortuko baituzu murgiltzea. Inoiz ez bezala flotatuko duzu!
  • Elizondo: Baztango hiriburua eta "Baztango Trilogia" eleberri eta film arrakastatsuaren agertokia. Ibil zaitez plaza, zubi eta kaleetan barna, eta gorde itzazu betiko argazkitan.
  • Bertizko jaurerria: ezagutu bere lorategi botanikoa, aukeratu parke natural horretako baso hostotsua zeharkatzen duten bidezidorretako bat, eta pilak kargatuko dituzu.
  • Kintoko basoa: naturaz beteriko beste aukera bat, Eugiko urtegiaren ondo-ondoan, antzinako arma-fabrika bisitatzeko aukera ere ematen duena.
  • Orreaga: Pirinioetan jarraitzen dugu, baina, oraingo honetan, Donejakue bidearen Espainiako atea ezagutuko dugu, zinez toki legendarioa. Han kolegiata dugu zain, haren eliza gotiko ederra eta Santiagoraino abiatzen diren erromesen zirrara.
  • Longida ibarra: zeharkatu ibarra, lasai-lasaia, eta gelditu Agoitzen, Erdi Aroko zubia eta karrika zaporetsuenak ezagutzeko. Eta zaporez ari garela... Eskatu kostrada famatua postrerako. Ez zaizu damutuko!
  • Iruña: gozatu alde zaharreko giroaz, katedraleko klaustro gotiko bikainaz, Erdi Aroko elizez, harresi-barrutiaz (monumentu nazional izendatu dute) eta, noski, pintxo famatuez. Nafarroako hiriburuak harritu egingo zaitu!

* Kargatze-puntuak: Bera (gasolindegiak eta udaletxea), Lesaka (ibilbidetik gertu, udaletxea), Elgorriagako bainuetxea (ibilbidetik gertu), Elizondo (ibilbidetik gertu eta udaletxea), Zubiri (bi publiko: kiroldegia eta haurtzaindegia), Aurizberri (zerbitzugunea), Orreaga (udaletxea), Ekai-Longida (Hotel Ekai), Eguesibar (udaletxea), Iruña (hainbat).

2. ibilbidea - Donejakue bidetik basamorturaino

2. ibilbidea - Donejakue bidetik basamorturaino

Nafarroa aniztasunaren erresuma da, eta orain egiaztatuko duzu (Google Maps izan dezakezu bidaide ibilbidean). Iparraldeak natura oparoa eskaintzen dizu, baina Erdialdea ez da atzean geratzen, Donejakue bidean sakabanatzen diren eliza erromaniko txikiak, gazteluak, monasterioak eta jauregi gotikoak eskaintzen baititu, baita zereal-soroz eta mahastiz osatutako paisaia zinez ederra ere, Erriberan filmetan agertzeko moduko basamortu bilakatzen dena. Ezagutu nahi? Goazen hegoaldera!

  • Lizarra: “Iparreko Toledo” ezizena du, eta Donejakue bidearen esentzia dario lau aldeetatik. Hartu denbora alde zaharra ezagutzeko, Erdi Aroko hainbat bitxi topatuko baitituzu: Errege-erreginaren jauregia, Done Petri Ruakoa eliza edo San Migel eliza.
  • Gares: Bide frantziar tradizionalaren bi adarrek hantxe egiten dute bat. Herriko Kale Nagusia, ederra, eta zubi erromanikoa, liraina, zeharkatzen dute, Santiagoraino bat eginda. Ibilbide historiko hori egin nahiko zenuke zuk ere?
  • Artaxoa: gerriko harresiduna du Erdi Aroko herri horrek, eta hango elizak, teilatu alderantzikatua... Bitxia, ezta?
  • Erriberri: ez galdu Nafarroako mugarri turistikoetako bat, Erriberriko errege-jauregia, labirinto-itxurakoa. Gotikoaren benetako altxorra da. Igo dorreetara, eta gozatu inguruko ikuspegiez. Alderik zaharrenean paradorea dago; haren magiak harrapatzen bazaitu, har ezazu ostatu han.
  • Uxue: dasta itzazu artzain-erako ogi-apur tipikoak eta garrapiñatuak. Osagarri ezin hobea izango dira, Erdi Aroko herri eder horretan barna noraezean ibili ondoren. Muino baten gainean eraiki zen herria, Andre Maria gotorleku-eliza gailurrean dagoela.
  • Zarrakaztelu: merezi du La Olivako monasterioa bisitatzea, monje zistertarren bizilekua. Obrak egiten ari dira, ordea, eta itxita dago behin-behinekoz. Beraz, 2024ra arte itxaron beharko duzu…
  • Arguedas: Errege Bardeako basamortu ikusgarrirako sarrera da. Biosferaren Erreserba izendatu zuen UNESCOk Bardea.
  • Tutera: Nafarroako hegoaldeko hiri garrantzitsuena. Antzinako judutegia, musulman eta kristauen bizilekua, kulturak nahastu dira beti han, eta halaxe erakusten dute hango elizek, jauregiek eta katedralak. Eta bazenekien "barazkien hiriburua" dela? Hurbileko Ebro ibaiak eragin handia du horretan. Baliatu aukera piperrak, orburuak, zainzuriak, borraja eta menestra probatzeko, bestelakoak baitira hemen…

* Kargatze-puntuak: Lizarra (hainbat), Lerateko kanpina (ibilbidetik gertu), Gares (publikoa), Artaxoa (udaletxea), Erriberri (hainbat), Arrada (publikoa, ibilbidetik gertu), Caparroso (publikoak), Valtierra (publikoak) eta Tutera (puntu publikoak eta Hotel AC Ciudad de Tudela).

Interesekoartikuluak

NAFARROAN BESTE TURISMO BAT POSIBLE DA

NAFARROAN BESTE TURISMO BAT POSIBLE DA

4 PLAN EKO-GASTRONOMIKO OSASUNGARRI NAFARROAN DASTATZEKO...

4 PLAN EKO-GASTRONOMIKO OSASUNGARRI NAFARROAN DASTATZEKO...

Enoturismo ekologikoko 6 esperientzia ekoarekin konprometitutako wineloverentzat

Enoturismo ekologikoko 6 esperientzia ekoarekin konprometitutako wineloverentzat