Bardeetako basamortuko paisaia

Ikusmen-irisgarritasuna Nafarroako Turismoan

Gozatu mugarik gabeko erresuma batez

Zuretzako baliabide esanguratsuenak jasotzen dituen hautaketa bat prestatu dugu.

Informazio honek aldaketak eta interpretazioak izan ditzakeenez, komeni da aldez aurretik arduradunekin harremanetan jartzea, edozein zalantza argitzeko eta irisgarritasun-baldintzak aldatu ez direla egiaztatzeko.

Ikusmen-irisgarritasuna Nafarroan bisitatzeko lekuetan

  • Arga ibaiaren gaineko zubia eta atzealdean harresiak eta Artxiboa

    Iruña

    Hiria nahiko irisgarria da ikusmen-desgaitasuna dutenentzat. Aparkatzeko plaza ugari dago aparkatzeko txartela duten pertsonentzat. Hiri-autobusek audio bidez jakinarazten dituzte linearen zenbakia, helmuga eta geldialdiak. Honako hauek dira hiriko erdiguneko ezaugarriak: espaloiek zoladura erregularrak eta podotaktilak dituzte oinezkoentzako bidegurutzeetan, plataforma bakarrak eta semaforoak aginteaz aktiba daitezkeen ohar akustikoekin.

    NaviLens markatzaileak daude Donejakue bideko zenbait gunetan. Haietan guztietan ematen den informazioa irisgarria da ikusmen murriztua dutenentzat eta pantaila-irakurleen erabiltzaileentzat. Esaterako, Udaletxe plazan, bulego-turismoan edo Frantziako portalean, ingurunea oso modu deskriptiboan ulertu ahal izateko deskribapenak eskaintzen dituzte.

    Ultreia - Erromesen Harrera eta Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroan, Diseinu Unibertsala izan da kontuan, edozein pertsonak gozatu ahal izateko edukiez.

  • Kapitela lehen planoan eta atzealdean Tuterako katedralaren fatxadaren goiko aldea

    Tutera

    Tuterako turismo-bulegoaren kanpoko seinaleek NaviLens markatzailea dute, eta, hari esker, itsuek eta ikusmen murriztua dutenek kokalekuaren berri izan dezakete. Gainera, bulego-turismoko langileek desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko prestakuntza jaso dute.

    Nafarroako Gobernuko Herritarren Arretarako Bulegoa dagoen tokian bertan dago, eta bideraketa podotaktila du, NaviLens osagarri duena, ikusmen-desgaitasuna dutenak beren kabuz, eroso eta seguru mugi daitezen.

  • Arga ibaiaren gaineko zubi erromanikoa eta ertzeko lorategi batean pertsona batzuk

    Gares

    Turismo-bulegoak Donejakue bideko udalerri garrantzitsu honen planoaren maketa bat du. Maketa delikatua da, baina ikusmen-desgaitasuna dutenek uki dezakete eta kaleen berri izan, eta herriko zubi ezagunaren antolaera eta forma ezagut ditzakete. Turismo-bulegoko arreta-taldeak desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko prestakuntza jaso dute.

  • Erriberriko gaztelua atzealdetik bere dorre eta harresiarekin

    Erriberri

    Erriberriko Errege Jauregia irisgarria da ikusmen-desgaitasuna dutenentzat; izan ere, bisita gidatu inklusiboak egiteko prestakuntza duten langileak ditu eta, bestalde, audiogida bat du eta, hartan, jauregiko historiari, aretoei eta eremuei buruzko informazioa jasotzen da.

Pirinioetako mendiak ilunabarrean laino artean

Ikusmen-irisgarritasuna duten Nafarroako haran eta natura-inguruneak

  • Iratiko oihana

    Otsagabiako Naturaren Interpretazio Zentroan, ikusmen-desgaitasuna dutenekiko tratuan eta elkarreraginean jaso dute prestakuntza. Braille sistema duen materialik ez badute ere, hegaztien erreprodukzioak dituzte eta Pirinioaren inguru horren maketa bat, ikusmen-zailtasunak dituztenei azalpenak emateko.
    Lehen solairuan, Iratiko oihanean dauden hegaztien txioa erreproduzitzen duen panel bat dago. Bigarren solairuan, ia ikus-entzunezko osoari jarrai dakioke, nahiz eta ikusi ez.

  • Baztan

    Leurtzako urtegian, Baztan ibarretik hurbil, 2 kilometroko bidexka bat dago, zailtasun gutxikoa, eta beheko urtegia inguratzen du eta ikusmen-irisgarritasuneko neurriak ditu. Ibilbidea zurezko zokalo batekin dago markatuta, ezkerraldean, bastoi zuriekin erraz antzemateko. Bankuak ditu, atsedenguneak eta kontuan hartzeko gomendatutako norabideari eta alderdiei buruzko informazio-seinaleekin. Era berean, informazio-plakak daude erliebean eta braille sisteman.

  • Urederraren iturburua

    Leku honetan, beste natura-ingurune askotan bezala, ez dago ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako egokitzapen berezirik, baina oso berezia da ikusi ezin dutenentzat eta mendi-ibiliak lagunduta egiteko ohitura dutenentzat. Ibilbideak ez du zailtasun berezirik, eskailera-maila batzuk eta erreten txikien jauziak baino ez, baina oinetako egokiak behar dira, orkatilari ongi eusten diotenak, ikusmen-desgaitasuna dutenentzat. Trukean, baso baten bihotzean barna ibil gaitezke, eskura dugun ibaibide freskagarri, indartsu eta jauzkari baten ondotik. Ur horiek Urbasako mendilerroko akuifero handia husten dute. 

  • Bertizko Jaurerria

    Bertizko Jaurerriaren Interpretazio Zentroak gidak ditu braille sisteman; lorategian, sekuoia erraldoi bat dago, eta hura besarka daiteke, pasabide batek inguratzen baitu.

    Gainera, zentzumenen ibilbide bat dago, 450 metrokoa, entzumena, usaimena eta ukimena esperimentatzeko. Alde batean, jarraipena egiteko soka bat du, ukimen- eta ikusmen-elementuen bidez informazioa ematen duen mahai bat, naturaren soinu anplifikatuak entzuten laguntzeko entzumen-tronpeta batzuk eta ukimen-anezka batzuk, naturako elementuak ukitu eta usaintzeko, hala nola zur hila, goroldioa edo iratzeak.

    Parkeak bost ibilbide ditu: Aizkolegi, Plazazelai, Urrestarazu, Suspiro eta Iturburua. Ibilbide horiek guztiak basoan sartzen den mendi-bide nagusitik abiatzen dira. Mendi-bidea, hasieran, asfaltatuta dago, eta, gainerakoan, zenbait lurzoru mota daude, besteak beste, Suspiroko bidexka estua eta Aizkolegiko goiko aldeko mendi-bide zabala eta harritsua. Nolanahi ere, oso irisgarriak dira, egoera fisikoa eta mendi-ibilirako gaitasuna edozein dela ere. Ikusmen-desgaitasuna dutenek beste pertsona baten gidaritzapean joan behar dute, ez baitago bideari jarraitzeko albo bateko elementu edo zokalorik.

  • Sendaviva Naturaren Parkea, Arguedasen

    Parke honetan, animaliak, atrakzioak eta ikuskizunak daude, eta sendo ari dira lanean irisgarritasuna helburu sortu zenetik.  Animalien seinaleztapenean, pixkanaka, QR kodeak sartzen joan dira, eta, haien bidez, interpretazio-paneletako edukiarekin lotzen da; hala, irisgarriak dira pertsona itsuentzat, mugikorretako pantaila-irakurgailuaren bidez. Parkeko arreta-taldeak desgaitasuna dutenekiko tratuaren eta elkarreraginaren inguruko prestakuntza du. Beraz, atrakzioetan, zabalkunderako jardueretan, jatetxeetan edo informazio-guneetan, edozein profesionalek argituko dizkizu zalantzak eta premiak. 

    Sendaviva irisgarriari buruzko informazio gehiago
  • Ikaburuko kobazuloa, Urdazubin

    Bisita erreserbatzen duzunean, gogoratu ikusmen-desgaitasunaren berri ematea. Gida-taldea nahiko adi egoten da azalpen deskriptiboak emateko, eta, beharbada, estalagmita batzuk erakutsiko dizkizu; haietako batek ia metro bat garai du eta 8.000 urte daramatza eratzen. Eta, duela 14.000 urtetik hona, Urtxuma ibaia haitzulo bat eratzen ari da; bertatik, arriskurik gabe ibili ahalko zara, soka baten bidez eginiko eskubanda bati helduta eskaileretan eta pasabide batzuetan makurtuta. Audio batzuk aktibatzen dira taldea igarotzean, eta gidariak audio horiek osatzen doaz, azalpenekin. Ohiko lamiez, saguzarrez eta muxarrez gainera, kobazulo honetan armiarma bat dago, bakarra munduan, albinoa eta itsua.

  • Belagua

    Haran honetan, ezinbestean bisitatu behar da Belaguako Zokoa edo Mata de Hayako basoa; bertan, Zentzumenen Bidexka dago, 700 metro luze, pagadi batean zehar, ia 1.000 metro garaian.  Bidexkak entzumenaren eta usaimenaren bidez zentzumen-esperientzia bizitzera animatzen du. Hartan, lur bustiaren usaina, ehun urte baino gehiagoko pagoen adarren zarata eta basoan hegaz dabiltzan txorien soinua antzematen da. Ibilbideak soka bat du, pertsona guztiak atzera eta aurrera ibili ahal izateko, bereziki, ikusmen-desgaitasuna dutenak.

  • Erronkaribar

    Pirinioetako ibar honetan, ibilbide irisgarri bat duzu, Burgin. Basariko eta Burgiko arroilako ibilbidea da; Ezka ibaiaren ezkerraldetik doa, eta erraketa itxura du.
    Ibilbidea mugikortasun urriko pertsonentzat dago egokituta. Erdi Aroko zubian hasten da, eta Lanbideen Ibilbidearekin jarraitzen du, baina elurtegiraino baino ez da iristen. Elementu etnografikoen birsorkuntzak –besteak beste, tamaina errealeko almadia itzela nabarmentzen da– sokaz inguratuta daude. Era berean, informazio-panelak dituzte, braille sisteman, goi-erliebean eta QR kodeekin, informazio irisgarrira jotzeko. Ia guztiek dute audioa testua entzuteko.

  • Orgiko basoa

    Mila urteko harizti hau Ultzaman dago, Iruñetik 25 kilometrora, eta basoa zeharkatzen duen bidexka bat du. Bidexkaren hasieran, Laberinto deritzona dago. 300 metroko ibilbide txiki bat; albo batean, gida-soka bat du eta zenbait informazio-baliza, braille sistemarekin.

  • Urbasa-Andia Parke Naturala

    Urbasa-Andia Parke Naturalean, ikusmen-desgaitasuna dutenetara egokitutako bidexka bat dago, Morterutxoko bidexka izenekoa. Ibilbidea zirkularra da, eta 800 metro luze ditu. Ibilbidearen ezkerraldean, zurezko zokalo bat dago, bastoi zuriko erabiltzaileak gidatzeko. Gainera, oharrak daude makrokaraktereetan, goi-erliebean eta braille sisteman, eta haiek, nahiz eta informazio esanguratsurik ez eman, inguruneko guneak kokatzen laguntzen dute.

  • Tierras de Iranzu

    Abartzuzan Emakumeen Memoria ibilbidea dago. Bidean, 14 interpretazio-panelek omenaldia egiten diete tokiko emakumeei. Antzina egiten zituzten lanak dakartzate gogora, galtzen ari baitira. Hona hemen batzuk: patxarana, txondorrak, karobia, iduria, usategiak, txerrientzako etxolak eta lepatuak. Beste panel batzuek emakumeek Abartzuzako bataila historikoan (1873an, hirugarren karlistaldian) jokatutako rolari buruzko informazioa ematen dute.
     
    Aritzaletan elurtegirako bidexka dago. Hiru panel ditu bidea nolakoa den, tokian zer animalia eta landare bizi diren eta elurtegia nola erabiltzen zen azaltzeko.

    Bi bidexketako panel guztiek QR kodeak dituzte. Kodeek pantaila-irakurgailua erabiltzen duten itsuentzako formatu irisgarriko informaziora daramate, baita ikusmen urrikoentzat ere.

Ikusmen-irisgarritasuna Nafarroako bide berdeetan

Tandem-bizikletan ibiltzea gogoko baduzu, bide berdeak leku onak dira horretarako eta Nafarroa gurpilen gainean ezagutzeko. Ibilbide horiek trenbideen antzinako trazadurak dira; burdinbideak eta trabesak kendu zaizkie. Zoladura asfaltatua edo trinkoa izaten dute, mendi-ibiliak edo bizikleta-ibiliak erosoak izan daitezen. Hori dela eta, eta malda txikiak izaten dituztenez, oro har, irisgarritasunerako aukera handiko ibilbideak izaten dira.

Nafarroan, 5 bide berde daude:
- Bi iparraldean edo Mendialdean: Plazaola eta Bidasoa
- Bi Erdialdean: Irati eta Vasco-Navarro
- Bat Erriberan: Tarazonica

Tarazonicaren Bide Berdean tandemak alkila daitezke. Gainerakoetan, gogoratu zure tandema eramaten edo helmugara eramango dizun enpresaren batean alokatzen. 

Bide berdeen webgune ofizialean duzu informazio guztia. Jarraian, trazaduren irisgarritasunari buruzko xehetasun esanguratsu batzuk zehaztuko ditugu, labur, baina, beti bezala, gogoratu bisita egin aurretik datu horiek egiaztatzea komeni dela.

  • Gizon gaztea bizikletan eta neska bat txakur batekin harrizko arku baten aurrean

    Natur Bidea - Plazaolaren Bide Berdea

    Bidea Saratsan hasi, Lekunberritik igaro (Nafarroa) eta Andoainen (Gipuzkoa) amaitzen da. 66 kilometro luze da. Zoru-mota aldatu egiten da tarte batzuetatik besteetara. Eritzetik Aizkorbera eta Mugirotik Uitzira dauden malda batzuk direla eta, beharrezkoa da gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonei laguntzea. Nafarroako mugaren eta Andoainen artean, gurpil-aulkian ibiltzeko zailtasunak izan ditzakeen 17 kilometroko tarte bat dago, zuloak eta lokatza egon daitezkeelako euria eginez gero. Zuhaitz hostotsuak daude bi ertzeetan, eta tunel batzuk zeharkatzen ditu; babes ezin hobea, beraz, egun beroetan. Horregatik, aproposa da urte osoan ibiltzeko.

  • Gizon bat eta emakume bat bide berdean zaldi gainean

    Bidasoaren Bide Berdea

    Bide hau Nafarroako Oieregi eta Endarlatsa artetik doa, eta Bidasoa ibaia du bidelagun, 35 kilometroz. 
    Zoru mota aldatu egiten da: hormigoiduna, asfaltoduna edo lur trinkoduna, tarteen arabera. Baliteke baserrietara sartzeko tarte batzuetan ibilgailuen trafikoa egotea. Bideko zuloak daude Sunbilla eta Lesaka artean, eta desnibelak, Legasaren eta Bertizko Jaurerriaren artean.

  • Atzetik bi pertsona Irunberriko Foz-etik paseatzen

    Iratiko Bide Berdea

    Bide harrigarri horrek Ledea eta Irunberri lotzen ditu; bi udalerri horiek elkarren artean hurbil daude, 6,4 kilometroko aldea baino ez dago batetik bestera. Bidea Irunberriko arroilaren barrualdetik doa. Inguru ederra da; saiak dabiltza handik, hegaz, eta horma bertikalak ditu, 150 metro garaierainokoak, Irati ibaibidearen gainean. Zoru mota lur trinkokoa da, eta, tarte batzuetan, hartxintxar soltea du.

  • Txirrindularia banku batean eserita herri bati begira eta bankuaren aurrean bizikleta dago

    Natur Bidea - Vasco-Navarro Trenaren Bide Berdea

    Bide berde osoak Lizarra (Nafarroa), Gasteiz (Araba) eta Bergara (Gipuzkoa) lotzen ditu, 123,5 kilometro guztira. Nafarroako zatia da errazena, eta 27 kilometro egiten ditu. Lizarrako autobus-geltokian (antzinako tren-geltokia) hasten da, eta Ega ibaiaren ertzeko udalerrietan barna igarotzen da. Nafarroako azken herria Zuñiga da. Zorua lur trinkotuzkoa da tarte gehienetan, eta Lizarra eta Zubielki artekoa  asfaltokoa da. Malda bakar batzuk daude Zubielki eta Murieta artean.

  • Bikote bat oinez doa eta txirrindulari bat pasatzen da

    Natur Bidea - Tarazonicaren Bide Berdea

    Bideak Nafarroako Tutera eta Zaragozako Tarazona lotzen ditu, 22 kilometroan; haietatik, 13 kilometro Nafarroako lurretatik doaz. Zorua mistoa da; izan ere, tarte batzuk asfaltozkoak dira eta beste batzuk, zagor trinkotuzkoak. Dauden maldak ez dira arazo, Ablitasko errepidearen gaineko pasabidea izan ezik, Tuteratik 4 kilometro ingurura. Cascanten, Activa Experience enpresak –Rural Suites ostatuan dago– tandemak eta bizikletak alokatzen ditu.

Artxibo Orokorreko gangadun aretoaren barrualdea

Museoak eta kultura-espazioak

  • Nafarroako Museoa, Iruñean.

    Nafarroako Museoan museoko 6 pieza esanguratsuenen eskuorri bat eskaintzen dute, braille sistemarekin eta Irakurketa Errazarekin. Harreran eskatu behar da, bisita hastean. Haietatik San Adriángo Markesaren erretratua nabarmendu behar da, Francisco de Goyarena.

  • Museo Universidad de Navarra

    Museoak NaviLens markatzaileak ditu sarreran, museoari berari eta campusari buruzko azalpenak emateko. Donejakue bidean bertan dago campusa, Iruñean. Museoak jarduerak antolatzen ditu adimen-desgaitasuna dutenentzat. Informazio gehiago, bere webgune irisgarrian (AA maila).

  • Museo Jorge Oteiza

    Museoan adimen-desgaitasuna dutenentzako bisita gidatuak eskatu daitezke. Eta hainbat eskultura jarri dira ikusmenik gabeko edo ikusmen urrikoentzat, haien bolumenak eta formak hauteman ditzaten, ukituz.

  • Tuterako Museoa

    Tuterako Museoaren webgunean (https://museodetudela.com/) ikusmen murriztuko pertsonentzako baliabideak jasotzen dituen irisgarritasun-modulua eskaintzen da. Gainera, museoko bisita gidatuen taldeak desgaitasuna dutenak artatzeko prestakuntza jaso du.

  • Gustavo de Maeztu Museoa, Lizarran

    Pinakoteka honen helburuetako bat da kulturaren bidez gizarte-kohesioa sustatzen laguntzea. Horretarako, talde bakoitzaren beharretara egokitutako bisita gidatuak eta jarduerak antolatzen dituzte, pertsona ororen inklusioa sustatzeko, zentzumen-desgaitasuna duten pertsonena barne. 

  • Santxotena Museoa, Arizkunen

    Xabier Santxotenaren zurezko eskulturak ikusgai daude artistaren museoa eratzen duten bordak dauden zelaian. Arterik sentsualenaz gozatu ahalko duzu eta, aldi berean, artisauen herri baten iragana ezagutu: agoteak. Interpretazio-gida braille sisteman irakur dezakezu, ikus-entzunezkoak entzun eta ibilbide osoan autonomiaz mugitu, lurzoruaren testuraren aldaketei esker. 90 minutuz lur horien iragana ezagutzeko ezinbesteko dugun herriaren artea eta historia eta ukimen-sentsazioak biziko dituzu.

    Museora sartu eta berehala, plano taktil bat ematen zaie ikusmenik gabeko edo ikusmen urrikoei, braille-gidarekin batera, ibilbidea osoa beren kabuz egin dezaten, nahi izanez gero.

  • Zugarramurdiko Sorginen Museoa

    Hobe da ikusmen-desgaitasunaren berri ematen baduzu eta bisita gidatua erreserbatzen baduzu. Ordubetez, iragan harrigarria duten lurren historia eta elezaharrak ezagutuko dituzu. Ez dago elementu egokiturik, baina museoko gidek utziko dizute objektu harrigarri batzuk ukitzen, hala nola ahari baten burua. Ikus-entzunezkoen bidez, gai kezkagarri baten inguruan hausnartuko duzu: gizakiak nola jazarri eta zigortu duen desberdina eta ezezaguna dena. Eta, interaktiboan entzutean, sorgintzat jo ziren pertsonei buruz ezagutuko dituzu, haietako asko neskatoak, sutzarrera kondenatuak.

  • Burgiko Almadiaren Museoa

    Museo etnografiko honek ez du ikusmen-irisgarritasuneko panelik edo bideorik, baina hura bisitatzea oso gomendagarria da; izan ere, bertan ikusgai dauden objektu gehienak uki daitezke (batik bat arropak eta almadia baten erreplika, eskalan), eta, gainera, gidaren azalpenak oso adierazgarriak dira eta informazio ugari ematen dute.

  • Las Eretas Museo eta Aztarnategi Arkeologikoa

    Las Eretas Museo eta Aztarnategi Arkeologikoan, denbora daramate ingurunea pertsona guztientzat irisgarri bilakatzeko lanean. Ikusmen-irisgarritasuna bluetooth balizen bidez lortu da; haietara, Beepcons doako aplikazioaren bidez jo dezakezu. Museoko eta aztarnategiko panel eta puntu estrategiko bakoitzean dauden balizek informazioa PDF irisgarrian dute; elementuak deskribatzen dituzte, bai eta erakusketako maketak ere. Braille sisteman interpretatutako liburuxkak ere badituzte.

  • Zubietako Errota ekomuseoa

    Museo bitxi honetan, arto-irina eskuratzen da, ohiko taloak egiteko; artozko opilak dira, eta txistorrarekin, gaztarekin edota txokolatearekin ere betetzen dute batzuek… Errotariak haren lanbidearen erakustaldi bat egingo dizu, eta sentituko duzu, artoa usaintzean, irina ukitzean eta ura eta errotaren engranajeak entzutean, esperientzia zentzumen guztietarako alarde bilakatzen dela. Gainera, Zubietako inauteriak, aspaldi-aspaldikoak, ezagutuko dituzu, lehen solairuan jarriko dizuten ikus-entzunezkoari esker.

    Erakusketa-eremuko panel guztiak liburuxka batean jasotzen dira; braille sisteman dago, eta PDF irisgarria eskuratzeko aukera ere badago, autonomiaz kontsultatu ahal izateko. Gainera, panel bakoitzean dauden eta Espainierako Zeinu Hizkuntzaren interpretazioa duten bideoek audioa dute, entzun ahal izateko.

  • Musen Villa Erromatarra

    Villa Arellanon dago, eta, haren barruan, hegal-plataforma perimetral bat dago; haren bidez, ibilbide osoa aztarnategira bertara jaitsi gabe egin daiteke, baina, jaitsi nahi baduzu, bi gune daude eskailerekin. Ikusmen-desgaitasuna dutenak jaitsi daitezke, eta pieza originaletako batzuk ukitu.

  • Ultreia - Erromesen Harrera eta Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa

    Ultreia zentroak NaviLens markatzailea du atean; haren bidez, informazio irisgarria eskura dezakezu. Atetik arreta emateko mahairaino, bide-erakusketa podotaktil bat dago, eta, gainera, bluetooh balizak ere badaude; haietara Beepcons doako aplikazioari esker jo dezakezu.

  • Santa Criz aztarnategi arkeologikoa, Eslaban

    Santa Criz aztarnategi arkeologikoan, Eslaban, irakurgarritasun handiko diseinu grafikoko panelak daude, braille eta goi-erliebe barne, ikusmen-desgaitasuna dutenek haren berri izan dezaten. Nafarroan iraun duen erromatar hiri nabarmenena da Santa Criz. Bisita gidatuak ere egiten dira, hala aztarnategia nola erakusketa ezagutzeko.

  • Fiteroko Monasterioa

    Monasterioan Karlos V.aren kapitelaren erreplika bat dago. Erreplika irisgarria da, ukituz ere hautemateko. Jatorrizkoa baino baxuago kokatuta dago eta erabat ingura daiteke, eta, horrela, errazagoa eta hurbilagoa da Karlos V.a enperadorea agertzen den prozesioak erakusten dituen ezaugarri interesgarriak azaltzeko. Halaber, eskala txikiagoko erreplika bat dago itsuentzat, piezaren eta multzo osoaren ideia bat izan dezaten.

Gelaren plaka Braille irakurketarekin
Jatetxe batean neska batek zapi gorri bat lotzen dio mahaian eserita dagoen beste neska itsu bati biek barre egiten duten bitartean

Ikusmen-irisgarritasuna duten Nafarroako ostatuak

Hemen duzu turismo-plataforma nagusietan ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarritzat jotzen diren Nafarroako hotel, landatxe eta apartamentuetara sartzeko esteken zerrenda bat.  

Irisgarritasun bakoitzerako, plataformek zenbait iragazki aplikatzen dituzte, ostatuen xehetasun irisgarriei buruzko informazioa emateko. Hori dela eta, honako urrats hauek gomendatzen dizkizugu:

1.    Aukeratu normalean erreserbak egiteko baliatzen duzun plataforma.
2.    Bilatu, esteken artean, gehien interesatzen zaizun irisgarritasun-irizpidea. 
3.    Aukeratu Nafarroako egonaldirako egunak. 
4.    Aukeratu egokientzat jotzen duzun establezimendua.
5.    Eta, azkenik, erreserba egin aurretik, arduradunekin jarri harremanetan, ostatuak behar dituzun ezaugarriak eta zure premia funtzional guztiak betetzen dituela eta egonaldi erosoa izango duzula ziurtatzeko. 

Booking
Kontsultatu Nafarroan ikusmenerako laguntza (braille) eta ukimen-kartelak dituzten ostatuak

Expedia
Kontsultatu zerbitzu-animaliak hartzeko aukera ematen duten ostatuak