2024.04.23
2024 MAIATZEKO ZUBIA NAFARROAN
Berriro gozatu nahi al duzu Aste Santuko oporretako deskonexioaz? Edo agian oporrik gabe geratu zinen eta primeran etorriko litzaizuke oporraldi bat orain? Nafarroan, bi aukera paregabe proposatzen dizkizugu: bata, iparraldean, eta bestea, hegoaldean. Zein aukeratuko?
Aurten, zubia ez, akueduktu-puska duzu Nafarroa ezagutzeko! Maiatzaren 1a baino lehen bazatoz, zuzenean bizi ahal izango duzu Almadien Eguna, apirilaren 27an, Burgin, Erronkaribarko bihotzean. Baina Erriberan ere primeran pasa dezakezu Tuterako eta Erriberako Barazkien Jaia ospatzeko antolatzen diren jarduera-programa zabalaren eskutik.
Irakurri arretaz post hau, bai Erronkaribar hautatzen baduzu, bai Nafarroako hegoaldeko lurretara, gure Erriberara, etortzen bazara egin dezakezun guztia kontatuko baitizugu.
1. ALMADIAREN JAIA, ERRONKARIBARKO BIDEXKA ETA HERRIAK
Nafarroako ipar-ekialdean, gure Pirinioetako mendi garaienak dauden tokian, leku zoragarri bat dago, ezaguna egingo zaizuna ziur aski: Erronkaribar. Frantzia eta Huescarekin egiten du muga. 7 herri txikik osatzen dute. Harrizko hormak eta teila gorriak dituzte hango etxeek, eta beren egurrezko balkoiek lore politak erakusten dituzte egun hauetan.
Zoragarria da noraezean ibiltzea, tximinien kea usaindu, errekarriak oinpean sentitu, txoriak edo ibaiko urak entzun eta inguratzen eta babesten zaituzten mendi garaiak ikusi bitartean. Hartu arnasa sakon eta utzi horietako edozeinek lilura zaitzala. Hona zazpi herriak, Eska ibaiaren bideari jarraituz, iparraldetik hegoaldera: Uztarroze, Izaba, Urzainki, Erronkari –hiriburua–, Garde, Bidankoze eta Burgi.
BURGI ETA ALMADIAK
Igande honetan, apirilak 30, Burgin, jai jendetsu eta alaitsu bat izango da, 2005etik Interes Turistiko Nazional izendatua: Almadiaren Eguna. Almadiazainak ibaian behera jaisten dira, jantzi tipikoak jantzita. Zinez ibilbide zirraragarria egiten dute. Almadiak elkarri lotutako enborrez egindako baltsa handiak dira. Garai batean zura Pirinioetako basoetatik garraiatzeko modua zen. Zerrategietara eramaten ziren, edo hegoaldeko kargalekuetara, beste toki batzuetara garraiatzeko gero. Oso gogorra zen almadiazainaren lanbidea, eta museo bat egin diote, Burgin.
Hortxe, lau kilometroko bidezidor zirkular bat egin dezakezu: Lanbideen bidezidorra. Herrian bertan hasten da, eta, gero, ezpelez inguraturiko bide eder baten barrena doa, ibaiaren ondotik. Ibilbide atsegina da, ibarreko historiako lanbideak eta bizimoduak erakusten dizkiguna. Omenaldia almadiazainei, okinei, harginei, ikuzleei, zerrategiei, ikazkinei…
MENDI-IBILALDIAK ETA JARDUERAK
Paisaiak oinez aurkitzea gustatzen bazaizu, hemen dituzu Erronkaribarko beste bidezidor polit batzuk:
- Burgiko arroila (joaneko ibilbidea, 1,16 km-koa): ibilaldi erraza da, Burgiko Erdi Aroko zubitik hegaztien begiratokiraino daramana, Eska ibaiaren paraleloan eta arroila ikusgarria ikusgai.
- Artikomendiako bidexka (zirkularra, 5,4 km-koa, zailtasun ertainekoa): ibilbide polita, 3 geldialdi interesgarrirekin: iboiaren haitzuloa, Belabarzeko ur-jauzia eta zenbait zubi erromaniko.
- Zemetoko bidea (zirkularra, 4,1 km-koa): ibilaldi oxigenatzaile eta erraza Larrako Natur Erreserban barna; gune karstikoaren eta larre erraldoien arteko kontrastea ikusiko duzu, eta begiratoki batera iritsiko zara, panoramika ikusgarria duena.
- Dronda-Mata de Haya (zirkularra, 4,6 km-koa): ibilaldi erraza Belaguako birikan barna, Erronkaribarko ibar idilikoez gozaraziko zaituena.
Paseatzeaz gain, e-bizikletak alokatu, interpretazio-bisita gidatuetan parte hartu, geocaching-a egin edo hegaztiei so egin nahi badiezu, informa zaitez hemen.
GASTRONOMIA GOZOA ETA SENDOA
Eta hainbeste ibili ondoren, merezi duzu saria, ezta? Zer iruditzen pintxo bat txistor jatea? Edo mahai batean eseri eta artzain erako ogi-apurrak, txuleta ederra edo arkume-saiheski gozo-gozoak piperrekin eta patatekin jatea? Itxura ona… eta zapore hobea!
Hona hemen Erronkaribarko jatetxeen zerrenda. Erreserbatu mahaia. Ez utzi azken ordurako!
IRATIKO OIHANA ETA ARROILAK
Zubia pixka bat luzatu ahal baduzu eta Nafarroa ezagutzen jarraitu nahi baduzu, Erronkaribartik hurbil dauden bi aukera interesgarri proposatzen dizkizugu:
- Mendebaldean: Iratiko oihan ikusgarria, Otsagabia herri ederra eta Zaraitzu.
- Hegoaldean: Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Xabierko gaztelua, Leireko monasterioa (kantu gregoriano eta guzti) eta Zangozako Andre Maria elizaren portada erromanikoa.
Ostatu Erronkarribarrean edo inguruetan bilatu nahi dut.
2. BARAZKI GOZOAK ETA DIBERTSIOA ERRIBERAN, BASAMORTU ETA GUZTI
Eta hegoalderantz goaz! Hemen, mendiak ezkutatu, eta Ebroko urek ureztatutako lautada emankorra azaleratzen da. Bertan sortzen dira Erriberako barazki goxoak: alkatxofa gozoak, kardua, borraja fin-fina, zainzuriak... Ez galdu haiek dastatzeko aukera, are gutxiago Tuterako eta Erriberako Barazkien Jaiak ospatzen diren honetan.
Zubiaren egunetan, jarduera ugari dituzu inguruko ondare historiko, artistiko, natural eta gastronomikoa ezagutzeko: bisita gidatuak hirigune historikora eta Tuterako katedralera, bisita antzeztuak hornidura-azokan, ogi-apurrak, txistorra eta barazki-pintxoak dastatzea, eta, handik hurbil, Errege Bardea bisitatzea, Artajo olio-errota ezagutzea eta piknik bat egitea mahastien artean. Kontsultatu programa
Eta, ezin bestela izan, hainbeste jai eta gero, inguruko jatetxeetan dastatzeko unea dator. On egin!
Eta zer egin dezakezu maiatzeko zubian Erriberan gastronomiaz gozatzeaz gain?
Askotariko planak ditugu. Horietako batzuk kontatuko dizkizugu. Antola zaitez.
NATURA GUSTUKO BADUZU
Ez ezazu galdu Bardeako basamortua. Ingurune erdi-basamortua da, Biosferaren Erreserba izendatua. Bere formazio idortuek, ilargi-itxurakoak, zinemagile asko erakarri dituzte, askotariko munduak iradokitzen baitituzte, hala nola Tronuen Jokoa filmakoa. Ezagutzeko modu asko kontatuko dizkizugu hemen.
Eta zer iruditzen senderismoa egitea ondo sentitzeko? Bazenekien paseatzeak serotonina-maila igo eta gogo-aldartea hobetzen duela? Eta sormena sustatzen duela eta oraingo unearekin lotzen gaituela? Bi ideia emango dizkizugu martxan jar zaitezen:
- Roscas mendigunearen bidexka: atera argazki-kamera, eta egiezu argazkia harkaitz berezi-berezi horiei.
- Tarazonicaren Bide Berdea: 22 kilometro, lau-lauak, ureztalurren artean, bizikletaz ere egiteko aproposa.
KULTURA GUSTUKO BADUZU
Erriberan arte asko dago! Tuteran kristauak, musulmanak eta juduak bizi izan ziren, eta, horren ondorioz, judutegi bat, katedral eder bat, portada eta klaustro erromaniko eta guzti, eta hainbat jauregi barroko ditugu gaur, besteak beste. Zatoz alde zaharrera, eta amaitu bisita Foruen plaza ederreko terraza batean. Eta beste batek gidatuta aurkitzea nahiago baduzu, bisita gidatu bat egin dezakezu.
Hona hemen Tuteratik hurbil egin ditzakezunak:
• Fiteroko monasterioa: ez galdu gaueko bisita antzeztua
• Tulebrasko monasterioa: bisita gidatua, Espainiako lehen emakume-monasterio zistertarra ezagutzeko.
• Cortesko gaztelua (XII) eta Alto de la Cruzeko aztarnategia (Brontze Aroa): bisita gidatua egin dezakezu biak ezagutzeko.
FAMILIAREKIN BAZATOZ
Primeran pasako duzue Sendavivan. Aisialdirako familia-parke horretan animaliak, jarduerak, atrakzioak eta ikuskizunak aurkituko dituzu, egun ahaztezina igarotzeko. Zabaldu informazioa hemendik.
OSTATU BEREZIAK
Ostatu berezi-bereziak daude Nafarroan, haietako batzuk Erriberan: Valtierrako etxe-kobazuloak, Aire Bardenas hoteleko burbuilak, mahastiz inguratutako dorre batean dagoen hotel-boutique bat eta 100 urte baino gehiagoko bainuetxe bat, zinez bikaina artikulazioak zaintzeko. Hango “Ongizate Plana” probatu nahi duzu? Eta kanpo-igerilekua 34ºC-an?
Kontsultatu Nafarroako Erriberan ostatu hartzeko aukera guztiak