Erromanikoaren bidea

Erromanikoa XI. eta XII. mendeetan eta XIII. mendearen hasieran gehienbat Europan garatu zen arte-estilo bat da, eta, hain zuzen ere, Nafarroa da adierazgarririk nabarmenetako bat.

Garai bateko Nafarroako Erresumaren garrantzia, batetik, eta Donejakue bidea –Erdi Aroko arteria espiritual, kultural eta artistikoa– eskualde honetatik pasatzea, bestetik, lagungarri suertatu dira gurean legatu handi bat izateko: elizak, monasterioak, katedralak eta arkitektura zibileko obrak, arte-estilo horren zaleen gozagarri.

Hormen eta kontrahormen sendotasuna da eraikin erromanikoen ezaugarria, bai eta baoetatik irazten den argi eskasa ere, nor bere baitan biltzeko gonbita eginez. Beste ezaugarri batzuk ditugu erdi-puntuko arkua, kanoi-ganga eta apainduraren soiltasuna; apaingarriak kapitel eta portadetan egoten dira bereziki, zenbaitetan harrian landutako erretaula gatzdunak eta dibertigarriak izateraino.

Nafarroako Erromanikoaren bidea 54 monumentuk osatua da; Interes Kulturaleko Ondasun izendatuta daude, eta iparraldetik hegoaldera zerrendatzen ditugu hemen:

 

PIRINIOAK
  1. Aralarko San Migel santutegia (Uharte Arakil): Aralar mendian eraikia dago, inguruan panoramika ikusgarria duela; barnealdean erretaula erromaniko bat dauka, Europako esmaltegintzako obra gorentzat jotzen dena. Nafarroako espiritualtasun-zentro ezagunenetako bat da San Migel.
  2. Zamartzeko Santa Maria monasterioa (Uharte Arakil): arestian aipatutako horretatik hurbil dago, Astorga eta Bordele lotzen zituen erromatar bidean; eliza besterik ez da gelditzen, eta barnealdeko kapitelak eta portada erromaniko monumentala nabarmentzen dira.
  3. Karlomagnoren siloa (Orreaga): Santo Spiritus kapera ere esaten zaio, eta Orreagako Kolegiatako eraikin zaharrena da. Kanoi-gangako kripta baten gainean bermatuta dago; kondairak dioenez, hantxe iltzatu zuen bere ezpata Errolanek batailan izandako porrotaren ondoren.
  4. Muskildako ermita (Otsagabia): 1.000 metroko altueran dago, paisaia eder batez inguraturik eta Otsagabia herri ikusgarritik 4 kilometrora besterik ez; dotorea eta soila agertzen zaigu Pirinioetako arkitekturaren ezaugarriak biltzen dituen ermita hau.
  5. Artziko Santa Maria ermita (Artzi): Itoizko urtegiaren ondoan dago, bakar-bakarrik landa-eremuaren erdian; estetikari dagokionez, bat egiten du Nafarroako landako erromanikoaren zenbait tenplurekin, hala nola Etxano, Artaitz edo Gazolazko elizekin.
  6. Artaizko San Martin eliza (Artaitz): Untzitiko ibarrean dago, eta Nafarroako landako erromanikoaren adibide ederrenetako bat dauka. Izan ere, zinez xarmagarria da bere eskultura aberatsa eta zaindua, zenbait egilek burutua.
  7. Santa Fe basilika (Urraulgoiti): Nafarroako erromaniko berantiarreko arkitekturaren adibide onenetako bat da. Arkitektura-multzo bakarti eta harrigarri baten parte da, basilika, klaustro, garai eta landa-hotel atsegin batekin batera.
  8. Santa María del Campo ermita (Nabaskoze): Jakaren eragina du, eta landako erromanikoaren erakusgarri polita da. Nabarmentzen da bereziki nabearen erdian ausart altxatzen den kanpai-dorreagatik, baita landutako hagaburuengatik ere (gai profanoei buruzkoak dira, eta Leireko monasteriokoekin erlazionatuta daude).
  9. Gergetiaingo San Martín eliza (Gergetiain herri hustua): Besollakoa bezala, egun hutsik dagoen herri batean dago, eta kapiteletako batean Petrus hargin-maisuaren sinadura berezia agertzen du: “Petrus me fecit”.
  10. Besollako eliza (Besolla herri hustua): Itzaga mendiaren gerizpean bata besteari begira daude Besolla eta Gergetiain, elkarri gorte egiten. Landare, bisaia eta hegaztien apaingarri asko eta asko agertzen dituen portada nabarmentzen da, hori ere Petrus hargin-maisuak landua.

IRUÑERRIA
 
  1. Iharteko monasterioa (Lete, Itzan): Nafarroako monasterio ezezagunetako bat da, eta Iratxeko monasterioarena izan zen Desamortizazioa etorri arte. Jatorrizko eraikinak desagertu ziren, eta gaur egun Iharteko Santa Maria ermita erromanikoa eta zenbait eraikinen hondakinak besterik ez da gelditzen.
  2. San Esteban eliza (Eusa): ezkutatu samar dago, baina Nafarroako eliza arkupedun onenetakoa dugu. Deigarri gertatuko zaizkigu arkupeko atari nagusiko hiru hagaburuak.
  3. Andre Maria katedrala (Iruña): jatorriz erromanikoa da; eraitsi eta gero, egungo katedral gotikoa eraiki zen haren partez, fatxada neoklasiko soila jarrita. Zenbait elementu erromaniko daude oraindik ere, hala nola Jesukristoren kapera eta bihitegiko atea. Kalitate handiko bi kapitel nabarmentzen dira; Nafarroako museoan ikusten ahal dira.
  4. San Nikolas eliza (Iruña): Hiriko alde zaharrean dago, eta aztarna erromanikoren bat gordetzen duen eliza bakanetako bat da Iruñean; bertako horma sendoek eta burdin hesiek, bai eta garai bateko hiru zelata-dorretatik zutik dirauen bakarrak ere, argi salatzen dute gotorleku-eginkizunak betetzen zituela burgu horretako biztanleak defendatzeari begira.
  5. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (Iruña): errege-erreginen, erregeordeen eta kapitain militarren bizitokia izan zen. Rafael Moneoren birmoldatze-proiektu baten ondoren, gaur egun Nafarroako Artxiboa dago bertan. Aztarna erromaniko batzuk gorde dira, esaterako, jauregiko bi pareta eta erromaniko berantiarreko erakusketa-gela gangadun bat.
  6. Magdalenako zubia (Iruña): Donejakue bidea bertatik sartzen da Iruñera, eta Garesko zubiaren estilo berekoa da. Hasieran zeuden erdi-puntuko arkuak kendu egin ziren XV. mendean, eta zorrotzago batzuk jarri ziren haien ordez. Aldeetako batean, Santiagoren irudia duen gurutze batek egiten die ongietorria erromesei.
  7. San Pedro zubia (Iruña): jatorri erromatarrekoa izan liteke; horregatik uste da hiriko zubi zaharrena dela. Erdi Aroan eraldatu egin zen, gaur egungo itxura emanda. Erdi-puntuko hiru begi ditu, eta haren ondoan gurutze bat ikusten da, hurbil dagoen Santa Engrazia zubikoaren berdin-berdina.
  8. Santa Maria eliza (Gazolatz): Donejakue bidean bertan dago, eta atari arkupeduna –estilo erromaniko berantiarrekoa– eta oso apainduta ageri diren kapitelak nabarmentzen dira multzoan.
  9. San Joan Ordenaren Eliza (Zizur Txikia): garai batean monasterioa eta erromesen ospitalea izan zen, Jerusalemgo San Joan Ordenakoa (Maltako Ordena ere esaten zaio). Estilo erromaniko berantiarrean eraiki zen. Interesgarria da bere gotorleku-multzoa, portada bereziki; horretan, krismoi bat agertzen da tinpanoan.

ERDIALDEA
 
  1. Irantzuko Santa Maria monasterioa (Abartzuza): abadia zistertar bikaina, XII. mendetik XIV. mendera bitarte eraikitakoa; gaur egun aita teatinoak bizi dira bertan. Bertako Santa Maria eliza XII. mendearen bukaeran eraiki zen, eta nabarmentzekoa da bere argitasun harrigarria.
  2. San Migel eliza (Lizarra): muino baten gainean eraikitzen hasi zen, gotorleku izaera garbiarekin, XII. mendearen bukaeran. Gero, hainbat zaharberritze- eta zabaltze-lan egin ondoren, bolumen eta gehitutako eraikin askoren nahaste baten antzera agertzen zaigu; horien artean, nabarmentzekoa da hiru absideko burualdea eta iparraldeko portada bikaina –esan daiteke horren aberastasun eskultorikoak obraren gainerako guztia ezkutatzen duela–.
  3. Ruako San Pedro eliza (Lizarra): hiri guztiaren gaineko behatokia den muino batean dago, eta bertako klaustroa eskultura-aberastasun handienetakoa da Nafarroako erromanikoan. Halaber, XIII. mendeko arkupe ederra du, baita dorre handi bat ere, eta barnealdean koruko aulkiteria erromanikoa dago, eta zenbait eskultura erromaniko zein gotiko ere bai.
  4. Nafarroako errege-erreginen jauregia (Lizarra): izaera zibileko eraikin erromaniko bakarra da Nafarroan. XII. mendearen azken herenean eraiki zen, eta hiru gorputzeko fatxada bikain eta delikatua du, bi zutabek inguratuta; zutabe horietan bi kapitel eder daude, gai historikoak agertzen dituzten bi kapitel ederrek apainduta –horietako batean Errolanen eta Ferragut­ erraldoiaren arteko borroka agertzen da–. Gaur egun, Gustavo de Maeztu museoaren egoitza da.
  5. Santa Maria Jus del Castillo eliza (Lizarra): XII. mendean eraikia dago, eta herriak garai batean izan zuen iragan juduari lotuta dago. Hiru tarte desberdin dituen nabe bakarra du; tarteak pilastra erromanikoek bereizita eta gurutze-gangek estalita daude. Zaharberritze-lana egin eta gero, Erromanikoaren eta Donejakue bidearen interpretazio-zentro bilakatu da.
  6. Hilobi Santuaren eliza (Lizarra): XII. mendean eraikitzen hasi zen, eta fatxada Nafarroako eskultura gotikoaren adibide onenetako bat bada ere, Ebanjelioaren nabeko absidea erromanikoa da, XII. mendearen bukaerakoa.
  7. Iratxeko monasterioa (Aiegi): Beneditarrak XI. mendearen bigarren erdian eraikitzen hasi ziren, eta erromesentzako lehen ospitalea izan zen Nafarroan Historian zehar, unibertsitatea, gerra-ospitalea eta erlijiosoen ikastetxea izan da. Bere elizak burualde erromanikoa eta gorputz zistertarra ditu. Erromanikoak dira, baita ere, portada nagusia eta San Pedro ataria.
  8. Hilobi Santuaren eliza (Torres del Río): XII. mendean eraikia, soila eta harmoniatsua da, eta oinplano oktogonala du. Hileta-kapera izan zen, baita Donejakue bideko argia ere. Barnealdean, elkar gurutzatutako nerbioen ganga izugarriak arte hispanomusulmana ekartzen du gogora. Zenbait historialariren aburuz, zaldun tenplarioen lana izan liteke.
  9. Leartzako San Andres eliza (Etaiu): tonu gorrixkako tenplu ederra, erromaniko berantiarraren barnean egina, Leartzako jaurerriko plaza bakartiaren buru ageri dena, muino baten gainean. Arku pixka bat zorrotzak eta altxatuak ditu, estilo zistertarrekoak; barnealdean, bataiarri erromanikoa nabarmentzen da.
  10. Arellanoko dorrea (Arellano): garai bateko talaia-dorrea, XII. mendekoa; oinplano karratuko prisma itxiaren forma du, gezi-leihoak eta guzti. Sarrerako atea erdi-puntukoa da eta dobela handiak ditu, eta lehen solairuaren altueran kokatzen da.
  11. Egiarteko Santa Maria eliza (Lakar): hiru tarteko nabe bakarra du, baita gurutzadura zabala eta burualde zuzena ere, eta pasarte historikoak agertzen dituzten pilareak ditu, lau angelukoak. Nabarmentzeko modukoa da bere atari ederra, erdi-puntuko arkuak, zurezko zutabeak eta koloma laukizuzenak dituena, eta Epistolako horman portada erromaniko aberatsa du.
  12. Zubi erromanikoa (Gares): XI. mendean eraiki zen Arga ibaiaren gainean, eta Europako zubi garrantzitsuenetako bat izan zen Erdi Aroan. Erdi-puntuko sei arku ditu, pilare prismatikoen gainean bermatzen direnak; ekialdekoa lurperatuta dago gaur egun. Jatorrian hiru defentsa-dorre izan zituen; haietako batean Puyko Ama Birjinaren irudi errenazentista zegoen, hain zuzen, Txoriaren legendako protagonista.
  13. Gurutzearen eliza (Gares): jatorri tenplarioa duen eraikina, Kale Nagusiaren hasieran. Bi nabe ditu, bata erromanikoa eta bestea gotikoa. Portada erromanikoa aberats apainduta dago, erromesen maskorrak apaingarri nagusi izanik.
  14. Santiago Nagusiaren eliza (Gares): XVI. mendean eraiki zen berriz, eta deus gutxi gelditzen da antzinako tenplu erromanikotik: kanpoaldeko horma batzuk eta bi portada eder. Haietako bat eragin moriskoagatik nabarmentzen da.
  15. Eunateko Santa Maria eliza (Muruzabal): Donejakue bideko eliza erromaniko eder eta iradokitzaileenetako bat. Bakartia, xumea, originala eta misterioz betea. Oinplano oktogonalari eta 33 arkuk inguratutako klaustro exentuari esker, guztiz berezia da beste edozein tenplu erromanikoren aldean. Kapitelen apaingarrien artean, animaliak, buruak eta landare-irudiak ikusten ahal dira, nabarmen higatuta badaude ere.
  16. Artaxoako zerkoa (Artaxoa): azpian duen muinoak marraztutako soslaiari ezin hobeki egokitua dago Erdi Aroko gotorleku ezagun hori, eta Nafarroako Erdialdeko garrantzitsuena da. XI. mendeko harresi-barruti horrek garai batean izandako 14 almenetatik 9 erakusten dizkigu gaur egun, erronda-bide batek lotuta.
  17. Etxanoko San Pedro ad Víncula eliza (Oloritz): XII. mendearen bukaeran eraikia, hiru tarteko nabe bat du, kanoi-erdiko ganga zorrotza duena. Ohi ez bezala, portada iparraldera begira dago, eta ez hegoaldera edo ekialdera begira. Bertan erakusten den ikonografia profanoa da, eta horrek oso berezia egiten du.
  18. Iratxetako garaia (Iratxeta): XII. mendean zehar edo XIII. mendearen hasieran eraiki zen. Harlanduzkoa da eta bi gorputzeko oinplano laukizuzena du; beheko gorputzean erdi-puntuko 10 arku ditu, pilastra sendoen gainean bermatuta. Bi isurkiko estalkia du, eta teilatua harlauzazkoa da. Hamarrena –elizaren zerga– biltzeko eta kobratzeko erabili zen.
  19. Katalaingo Santo Kristo eliza (Garinoain): XIII. mendearen hasieran eraiki zen. Donejakue bideko erromesen ospitalea izan zen, eta Jakaren eragin handia islatu zen bertan. Hiru baoko kanpai-horma lerdena Etxanokoaren berdin-berdina da. Kanpoaldean tenpluko burualdea eta absidea nabarmentzen dira; azken horretan erdi-puntuko hiru leiho zabal daude, kapitel apainduak dituztenak. Barnealdea jatorrizko fabrika erromanikoari dagokio, eta estilo horretan sartzen da bataiarria ere.
  20. San Martin eliza eta kripta (Orisoain): XII. mendearen erdian eraikia, 1965ean aurkitu zen berriz; Nafarroan kripta duten lau elizetako bat da. Zirkuluerdi-formakoa da, eta oso apainduta dauden 6 kapitel latz dituzten 6 zutabe ditu; kanoi erdiko labe-ganga batek estalita dago. Elizako portada maisutasunez landuta dago; erdi-puntuko hiru arku ditu, landarez eta jakako xake-itxuraz apaindutako arkibolten gainean bermatzen direnak.
  21. Jasokundearen eliza (Olleta):landako erromanikoaren adibide ederra da, XII. mendearen bigarren erdikoa, eta Jerusalemgo San Joan ordenarena izan zen. Nabe bakarra du, eta hiru leiho txaranbeldu absidean; portadako tinpanoaren krismoi ederragatik nabarmentzen da, baita arku beheratuen linterna txiki batean bukatzen den zinborioagatik ere.
  22. Toursko San Martin eliza (San Martin Unx):landa erromanikoaren adibide liluragarria da, eta behatoki aparta inguruko pasaia ikusteko. Deigarriak dira bertako bataiarria, kapitelen apaindura eta kripta erromanikoa.
  23. Uxueko Santa Maria eliza-gotorlekua (Uxue): herriaren alde gorenean altxatzen da, guztiz dotore eta sendo, jatorri erromanikoa duen gotorleku-tenplu hau. Gotorleku militarraren itxura da bere ezaugarri nagusia, dorre almenadunak, erronda-bideak eta kontrahorma sendoak baititu. Gaur egun, garai erromanikoko elementu gutxi batzuk ikus ditzakegu, hala nola hiru tarteko burualdea, zirkuluerdi-formako abside hirukoitza eta burualdeko dorrea, baita Andre Maria eta haurraren irudia ere.
  24. San Pedro eliza (Erriberri): herriko elizarik zaharrena da. XII. mendekoa da, eta hiru nabeko oinplanoa du; klaustroa XIII. mendearen erdialdekoa da, eta erdi-puntuko arkuak ditu kapital bikoitzen gainean bermaturik. Erdi-puntuko portada, dotorea eta soila, txaranbeldua, erromanikoaren eta gotikoaren arteko nahastea da. Beste garai batzuetan hura estali zuen polikromiaren hondarrak ikus daitezke oraindik ere.
  25. Vadoluengoko San Adrian eliza (Zangoza): jabetza pribatuko tenplu txikia, landako erromanikoaren adierazgarri. Apaindura soilekoa, Jakako xake-itxurako apaingarrien erabilera nabarmentzen da, baita harburuak ere.
  26. Santa Maria erregina eliza (Zangoza): itxura lerdenekoa, erromanikotik gotikorako iragateari dagokio bere estiloa. Azken Judizioa irudikatzen duen portada ikusgarria benetako erretaula bat da, harrian egina; erromanikoko obra gorenetako bat da Espainian. Burualdea eta pilare handiek sostengatutako nabeak ere erromanikoak dira, baita eraikuntzako beste xehetasun batzuk ere.
  27. Santiago eliza (Zangoza): erromanikotik gotikorako iragatearen adibide ederra; Donejakue bidearen eragina nabarmen ikusten da barnealdeko apaingarrietan: bordoiak, erromes-maskorrak eta kalabazak ageri dira. Jatorri erromanikoaren seinale dira bertako portada nagusia –txaranbeldua eta hein batean zorrotza– eta mendebaldeko portadaren kapiteletako apaingarriak.
  28. Leireko San Salbatore monasterioa (Esa): XI. eta XIV. mendeen artean eraiki zen lehenagotik zegoen eliza prerromaniko baten gainean, izen bereko mendiaren magalean; kripta erromaniko eder eta originalaren kapitel sendoengatik nabarmentzen da. Speciosa atea da zenobioko beste altxor handienetako bat, XII. mendeko atari perfektu bat. Burualdearen kanpoaldeko absideak, dorrea, elizaren barnealdea eta nabe handia dira Erdi Aroan Espainian egindako lehen eraikienetako baten osagarriak.
ERRIBERA
 
  1. La Olivako monasterioa (Zarrakaztelu): bere eliza erromaniko zabala arte zistertarraren adibide garbienetako bat da Espainian; kapitulu-gela nabarmentzen da, Espainiako erromanikoko harmoniatsuenetako bat, baita klaustro gotikoa ere. Lehenagotik zegoen eliza erromanikoaren zenbait elementu erabili ziren XIV. mendeko fatxadan, besteak beste, tinpanoko krismoia eta gainaldeko erlaitzeko harburuak.
  2. Arradako harresi-barrutia (Murillo el Cuende): leku estrategiko batean dago, Erdi Aroan defentsarako garrantzi handia izan zuen kasko baten gainean. XII. mendeko gaztelu baten arrasto batzuk daude: horma-atal bat, hori ere XII. mendekoa eta 100 metroko luzerakoa; dorre zahar zirkular bat, erromaniko goiztiarrekoa; eta San Nikolas eliza, XII. mendearen bukaerakoa.
  3. Fiteroko monasterioa: Ordena zistertarreko lehen monasterioa da Iberiar penintsulan, eta herri batean integratuta dagoen urrietako bat. Harrigarria da bere handitasuna. Arte zistertarraren adibide paregabea da Espainian bere abadia-elizagatik –girolako burualdea du, bost kaperarekin–; barnealdean, bilduma garrantzitsu bat dauka, arketa arabiarrez, Erdi Aroko kutxez eta Limousineko esmaltez egindako erlikia-ontzi eder batez osatua.
  4. Santa Maria Magdalena eliza (Tutera): hiru gorputzeko dorre lerden bat atxikitzen zaio bere ate nagusiari, eta Tuteran ikus daitekeen estilo erromaniko garbiena da. Nonbait, eliza mozarabiar baten gainean altxatzen da eraikuntza, eta horregatik ageri da burualdea pixka bat lekuz aldatuta.
  5. Andre Maria katedrala (Tutera): XII. mendean eraiki zen hiriko meskita nagusiaren gainean. Oinplano erromanikokoa, hiru nabetan banatuta dago eta hiru ate ditu. Hegoaldeko portada –edo Ama Birjinaren portada– da zaharrena; erromanikoa da, iparraldeko portada bezalaxe –Andre Mariaren portada esaten zaio–. Hirugarrena –eta ikusgarriena– Azken Judizioaren portada da, apaindura ikusgarria agertzen duena. Klaustro erromaniko interesgarria dago katedralean, tamaina handikoa, XII. mendearen bukaeran altxatutakoa.
  6. Tulebrasko monasterioa (Tulebras): zistertarrek emakumeentzat Espainian fundatu zuten lehen zenobioa izan zen. Arkitekturari dagokionez, estilo erromanikoa du elizak, nagusiki portadetan, nabean eta burualdean ikusten den bezala. Gainera, arte sakroaren bilduma garrantzitsu bat dago bere museoan.
  7. Jerusalemgo San Joan eliza (Cabanillas): tenplu xumea da, nabe bakar batekoa eta portada txaranbeldu ederra duena; erabat zaharberritu eta gero, jatorrizko lekuan jarri zen berriz ere. Ospitale-fraideek erromesei emandako laguntzaren lekuko izan zen t
  8. u hori.

01 ene - 31 dic

2024