Kirol ekitaldi honek irristaketa bultzatu eta sustatu nahi du eta, aldi berean, Tuteraren historia eta kultura ezagutarazi.

Beraz, aprobetxatu ekitaldia Nafarroako bigarren hiri garrantzitsuena ezagutzeko, alde zaharreko kalez kale ibiltzeko, katedrala eta klaustroa bisitatzeko –Erromanikoaren benetako bitxia–, eta bisita gidatua egiteko, “barazkien hiriburua” izena ere hartzen duen hirian ezkutatzen diren sekretu guztiak aurkitze aldera.

Gogoan izan Tutera naturako gure tokirik zoragarrienetako baten ondoan dagoela, Bardeako basamortuaren ondoan, hain zuzen. Inguru hori ezin bereziagoa da, antz handiagoa baitu ilargiarekin penintsulako iparraldearekin baino. Oraindik ezagutzen ez baduzu, bisitatu, egin argazki bat "Castildetierra"n (hango ikonoa), eta ezagutu sakon eremuko enpresek antolatzen dituzten jarduera ugarietako baten bidez. Hamaika garraiobide erabil ditzakezu ibilbideak egiteko: bizikleta elektrikoa, BTT, buggya, 4x4, segway...

Familiarekin bazatoz, jakin behar duzu oso gertu duzula Sendaviva, abentura eta dibertsio parkea, zeinak barnean baititu animalia basatiak eta atrakzio eta ikuskizun ugari, gozamena izanen direnak etxeko txikienendako.

Eta debekatuta dago Nafarroako Erriberatik alde egitea, pintxoak eta barazkiak dastatu gabe. Gainera, zorionekoa zara, udaberria hasi bezain laster lehenengo zainzuriak eta orburuak agertzen baitira gure baratzetan, bi osagai horiek ezinbestekoak direla eremuko plater ospetsuenean: barazkien menestra. Probatu, eta gero kontatuko diguzu...

Ikusten duzunez, askotariko aukerak dituzu Nafarroara egiten duzun bisita osatzeko; beraz, denbora ahalik eta gehien aprobetxatzea gustatzen bazaizu, ez etorri bakarrik kirol ekitaldira, eta ezagutu Nafarroako Erriberak eskaintzen dizun guztia.

19 mar - 19 mar

2023