Turismo gastronomikoa
Dastamenarendako plazera, eta Nafarroara egindako bidaiari txapela paratzeko modu bikaina.
Zer jaten da eskualde bakoitzean?
Nafarroa da espainiar estatuan klima eta paisaia barietate gehien duen lurraldea, eta horri esker produktu asko ditugu, 15 kalitate-ziurtagiri dituzten lehengaiekin eginak gainera. Ez dago gaizki!
Gainera, Nafarroako sukaldaritzak mende askotan jaso du inguruan dituen lurraldeetako sukaldaritzen eragina, eta horri esker ñabarduraz betetako errezeta-bilduma aberatsa du, jatetxe onenaren karta osatzeko modukoa. Horiek denak dastatzeko prest?
-
Nafarroa iparraldeko mendietan
Nafarroa iparraldea eremu menditsua da, ibaiez, oihanez eta ibar berdeez osatua. Abeltzaintzarako lurralde aproposa, aukera ematen digu dastatzeko txuletoi bikainak, bildots-saiheskiak, ahatekia, ehizakia (probatu ehiza-sasoian usoa, eperra edo oreina) eta ibaietako izokin eta amuarrainak.
Oihanetan bildutako perretxiko eta onddoak ere bai, eta, jakina, alorretan, neguan hain gustura jaten diren babarrunak. Eta ez ditugu esnekiak ahaztuko: Erronkari eta Idiazabal JD duten gasnak, gaztanbera eta eskuz egindako goxoak... Ez zara ba joanen tututxoak dastatu gabe, edo goxua, edo txantxigorri opilak?
-
Hiriburuaren inguruan, Iruñean
Iruñean Nafarroa osoko jakiak prestatzen dira, Ebroko barazkietatik hasi eta mendialdeko gisatuetaraino. Izan bertsio tradizionalenean naiz berritzaileenean, gustu eta sakel guztietarako jatetxeak dituzu.
Eta, gainera, Iruñerriko produktu espezifiko gisa, bildots errea, tripota zuria eta txistorra daude; azken hori merkatuetan eta gourmet dendetan erosten ahal duzu.
Beno, eta badakizu, ezta pentsatu ere Iruñetik alde egitea pintxorik jan gabe...
-
Nafarroa Erdialdean, tarteko lurretan
Erdialdean, mendi leunez eta galsoroz osatua, Mediterraneoko paisaia sumatzen hasten da; bertan badituzu Nafarroa eta Errioxa jatorri-deitura duten ardoak, zerealak eta olioa.
Eta lur azpian, bertako altxorrik preziatuenetako bat, boilur beltza. Ureztatutako lurretan berriz, pikillo piperrak, zainzuriak, eta Zangozako potxak; trashumantzian dabiltzan artzainek egindako gasna ere aurkituko duzu Erdialdean, eta zerrikume errea ere bai.
Nor ez da ba mahaian eseriko?
-
Nafarroa hegoaldean, Erriberan
Eta bukatzeko, Ebroko erribera, lur azpian ezkutatuak nahiz azalean agerian altxor ugari dituen baratze zoragarria. Ferran Adriàk berak ere goretsi ditu.
Protagonistak zainzuriak, piperrak eta ardoak, ospe handikoak nazioartean, orburuak eta kukuluak, eta olioa dira. Zorionez, gainera, urteko edozein sasoitan goza ditzakegu, bertako kontserba-industria ahaltsuari esker.
Eta barazki horiei laguntzeko, bertako ardoak dituzu eskura.
Esperientzia gastronomikoak
Gonbita egiten dizugu turismo gastronomikoko esperientzia dibertigarri, didaktiko nahiz harrigarrietan parte hartzeko.
Enoturismoa Nafarroan
Eta goazen azkar batean enologiara. Izan ere, gure jatorri-deiturak begiratu besterik ez dago ikusteko Nafarroa ardoaren lurraldea dela; berezko bat dugu, Nafarroa JD, eta Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera, Errioxa JD. Biak ere mundu osoan ezagunak.
Nafarroako ardantzeetan ekoizten dira ardo beltzak, gorriak, zuriak eta gozoak... Eta adi, Nafarroak zeresan handia baitu apardunen arloan ere: Mendabia eta Vianako ardo bikainak Cava jatorri-deituraren parte dira.
Gainera, turismo gastronomikoak jakin du dastatzeaz haratago doazen esperientziak sortzen; badituzu hainbat aukera. Parte hartzen ahal duzu mahats-bilketan eta mahats-zanpaketan, ardantzeetan barna ibili zaldi-organ, lantegietan parte hartu zure alde sortzaileena ateratzeko, ardantzeen artean yoga praktikatu, edo ardoterapia-saio batekin zure burua zaindu.
Jakina, hori dena, alde batera utzi gabe upeltegietara bisita egin eta hango ardoa dastatzeko saioak.
- Informazio gehiago Ardoaren Bideari buruz - Horretan, beren proposamenekin parte hartzen dute kontu handiz hautatutako upeltegi, taberna, jatetxe, nekazaritza-denda eta ostatu sail batek.
Iruñean barna pintxoak janez
Has gaitezen! Eta hasteko, hiriburuan aski sustraiturik dagoen ohitura bat aipatuko dizugu: pintxoak jatera ateratzea. Izan ere, Iruñean garrantzia handia ematen zaio gastronomiari, eta horren erakusgarri dira tabernetako barrak. Eguerdian edo afalaurrean, pintxotarako giro ederra topatuko duzu.
Aukeran dituzu betikoak, esaterako txistorra pintxoak, edo ganba, piper nahiz arrautza frijituak, ala sukaldaritza sortzaileak prestatutako miniaturak; edozein aukeratzen duzula ere, ziur egon gozatzen hasiko zarela barrari begiratu orduko.
Beti gelditzen zara gehiago jateko gogoz, ezta?
Eta orain, dastatzera!
Kontatu dizugun guztiaren ondoren, mahaian esertzeko gogoa ematen du, ezta?
Alde batetik, estatuko eta nazioarteko gida ospetsuenetan ageri diren jatetxe tradiziozkoak daude; horien artean badira, nola ez, Michelin izarrak dituztenak.
Bestetik, etorkizun ederreko gazteak, pixkanaka lorpen handiak izaten ari direnak, ordu asko sartu, eta ilusioz berrikuntzak eginez; sagardotegi eta erretegi tradizionalak, haragiei eta arrainei puntu bikain hori ematen espezializatuak.
-
Restaurantes con estrella y soles
Izar eta eguzkien jabe diren jatetxeak
Beti amestu duzu kapritxo bat Michelin izarren bat duen jatetxe batean? Zergatik ez egin Nafarroan? Goza ezazu ondokoetan sukaldarien aurkezpenaz, osagaien kalitateaz, zaporeez eta talentuaz:- Molino de Urdániz (**), David Yárnozena
- Rodero (*), Koldo Roderorena
- Europa (*), Idoate familiarena
- Kabo (*), Aarón Ortizena
-
Janarizaleentzako jatetxeak
Nafarroako sukaldaritzan tradizio handiena duten jatetxeekin hasiko gara, merezitako aitortza jaso duten sukaldariek zuzentzen dituzten horiekin. Zein dira haien printzipio nagusiak? Nafarroako identitate gastronomikoarekiko errespetua, berrikuntza eta lehengai hoberenekin lan egiteko erabaki irmoa.
Begiratu Erresumako jatetxeak.
Eta orain goazen beste elkarte berriago batekin, Nafarroako baratzearen eta bertako produktuen zaleak biltzen dituena. Zerrenda horretan, ospe handiko sukaldariak eta sommelierrak ez ezik, etorkizun ederra duten gazteak ere baditugu; hainbat lehiaketa gastronomikotan lorpen handiak izan dituzte, eta merezi du haiek ezagutzera joatea.
Pasioa, arretaz egindako lana eta sormen handia, arrazoizko prezioetan. Nork esan ezetz?
Begiratu Zaldicook-en jatetxeak.
-
Sagardotegiak
Sagardotegietan, batez ere urtarriletik maiatzera, aukera izanen duzu ohiko menua dastatzeko, eta, gainera, plater izarra: sagardoan egositako lukainka. Eta gogoan izan zein den ohiko menua: bakailao-tortilla, bakailaoa piper berdearekin, txuleta bikaina, eta, bukatzeko, gasna, intxaurrak eta irasagarra. Bai ona! Eta jakina, hori guztia tarteka kupeletara joan eta txotx eginez.
Ezagutu ziklo osoko sagardotegiak -
Erretegiak
Erretegietan, txingarretan erretako haragiak ez ezik (txuletak, azpizunak, arkume-saiheskiak edo txerrikumea), Nafarroa JDko ardo on bat lagun, parrillan egindako basa-arrainak ere eskaintzen dituzte, hala nola legatzak, zapoak, bisiguak edo erreboiloak, zapore-zaporetsuak.
Gastronomia, festa guztien mamia...
Berdin du noiz zatozen, zaila izanen da Nafarroako tokiren batean gastronomia-ospakizunen bat ez topatzea. Hauek dira ezagunenetako batzuk, baina badira gehiago ere.
Eta beste izar bat: baratze nafarra
Erresuma zaharraren lurretan ondare gastronomiko oparoa hazten da; barazki zaporetsu eta bereziak, bertakoak, tokiko gastronomiari oso lotuak, nola ez.
Orburuak, zainzuriak, borraja, kardua, kukuluak edo pikillo piperrak dira nabarmenenak sukaldaritza-festa honetan.
Baina ez dira bakarrak; izan ere, baditugu –begiratu ongi–, 6 Jatorri-deitura, 6 Adierazpen Geografiko Babestu eta 4 Kalitate-ziurtagiri, gure barazkien kalitate bikainaren seinale.
Eta hainbeste deitura eta ziurtagiri izanda, ez da harritzekoa Nafarroan egotea espainiar estatuan jatorri-deitura gehien dituen herria: Mendabia. 11 ziurtagiri, 78 kilometro karratutan.
Interesekoartikuluak
Nafarroako sagardotegiak, taldeentzako plan ezin hobea
Nafarroaz gozatzeko beste plan batzuk
Eta zer hoberik Nafarroara egindako bidaia gastronomikoa plan hauetako batzuekin osatzea baino:
-
Kultura eta sustraiak
Kultura eta sustraiak
Zatoz erresumaren barnealdea ezagutzera, zure jakin-mina kultura-ondare zoragarri batekin asetzera.
-
Atsedena eta ongizatea
Atsedena eta ongizatea
Paseo polit bat aire garbia arnastuz, spa saioa edo masaje on bat: horra Nafarroak eskaintzen dizkizun bizigarriak, indarrak berritu beharrean bazaude.
-
City break
City break
Asteburuak askotarako ematen du Nafarroan. Kultura eta pintxoak: hiriko aisialdiaren osagairik hoberenak elkarrekin.