Bertizko Jaurerria, harrera-zentroa eta piknik-gunea

Bertizko Jaurerria: sentitu basoaren taupada

Gal zaitez Nafarroako Natur Parke erromantikoeneko bazterretan

Baztan ondoan, Bidasoa ibaiaren ertzean eta Kantauri itsasotik oso gertu, Oieregi izeneko herrian bada baso trinko eta koloretsu bat, eta bertan bat egiten dute naturak eta kondairak.  Gune basati horrek lorategi ederra du sarreran, motibo modernista finez eta Art Nouveau estiloz apaindua. 

Bertizko Jaurerria.  Magia izugarriko lekua, eta bertako xendetan zabiltzala lamia batekin topo eginen bazenu ere ez zinateke batere harrituko.

Lamiak sirenak ziren, eta ibaietan ibiltzen ziren kantari eta ilea urrezko orraziz orrazten.  Kondairaren arabera, Bertizaranako basoak babestea zen haien egitekoa

Eta lan ona egin zuten nonbait, ongi kontserbatua eta biodibertsitate bikainekoa baita Bertizko Jaurerriko basoa. Zure erara ibili eta gozatzen ahal duzu hartaz.

Zergatik bisitatu Bertizko Jaurerria

  • Lorategi botanikoa Lorategi botaniko ederra

    Lorategi botaniko ederra

  • Ibiltari taldea Basoa, maila guztietarako xenda politak dituena

    Basoa, maila guztietarako xenda politak dituena

  • Haur parkea Instalazio ezin hobeak eguna familian pasatzeko

    Instalazio ezin hobeak eguna familian pasatzeko

Bertizko Jaurerriko Natur Parkea

Aurreratu dizugun bezala, natur parke izateak ematen dion babesari esker, altxor natural handiak ditu Bertizek bere 2.040 hektareatan.  Pago, haritz eta haltzadi ugari ditu.  Bertako biztanleen artean, berriz, oreinak, orkatzak, basurdeak eta hegazti espezie anitz daude

Bisita bat baino gehiago egin beharko zenuke eskaintzen dituen aisialdirako aukera guztiak aprobetxatzeko, baina bertan egun bat ematea aski da duen xarma ezagutzen hasteko.

Turismo-bulegoa eta informazioa emateko eta sarrerak saltzeko etxola aparkalekuaren ondoan daude; Oronozetik sartu behar da. Etxolan, tokiko planoak eskuratu ez ezik, lorategi historiko-artistikorako sarrerak eros ditzakezu.

Neskatxa oihanean gaztainekin
Parkeko harribitxia

Parkeko harribitxia

Gogoan eduki, parkeko koroaren harribitxia dela lorategia, 100 urte baino gehiago dituena.  Bertan, zentzumenen ibilbidea egiten ahalko duzu munduko hainbat tokitako espezieen bidez (sekuoiak, zedroak, gingkoak, limoiondoak, kameliak, azaleak, hortentsiak, glizinak edo banbuak), urmael, zubi, biribilgune eta begiralekuz beteriko inguru zoragarrian, Art Nouveau estilo erromantikoan.

Hantxe bertan dago, nenufarrak dituen iturri handi baten ondoan, Bertizko Jauregia, eta, justu aldamenean, Naturaren Interpretazio Zentroa, bisitatu beharko zenukeena.

Gainera, xenda sare bat abiatzen da harrera lekutik —sarbide librekoa—, baso zoragarri honen erraietan murgilduko zaituena, eta, suerte pixka bat baduzu, oreinen bat ere ikusiko duzu akaso.  Hainbat aukera dituzu: 1,5 kilometroko paseo txiki bat, inolako zailtasunik gabea; 22 kilometroko ibilaldia, Aizkolegi mendiaren gailurrera iristen dena, eta jauregi modernista baten hondakinak ikusteko aukera emanen dizuna; edo tarteko beste hainbat xenda, basoaren erabilera tradizionalak erakutsiko dizkizutenak

Agudo asko pasako zaizu eguna mendian ibiltzeko aukera horiekin, eta askaldegi estalia eta haurrentzako jolasleku zabala ere badituzu —izugarrizko arrakasta du neska-mutikoen artean—.

Eta piknik moduan jan beharrean mahaian jan nahiago baduzu, zergatik ez probatu dastatzeko menu bat bertako gutiziekin?  Oso eskura dituzu hainbat herri aukeratzeko:  Oronoz, Narbarte, Doneztebe, Arraioz, Irurita, Elizondo... Apustu seguruak guztiak ere, ikusiko duzu.

Bertizko Natura Ezagutzeko Zentroa

Eta Bertizko Jaurerriko Natur Parkean egiten den kontserbazio lan guztiaren ideia zehatza eduki nahi baduzu, ez bukatu bisita Bertizko Natura Interpretatzeko Zentrora joan gabe. Ordenagailuetan, maketetan, jolas interaktiboetan, material errealetan eta argazkietan aurkeztutako informazioari esker, parkean dagoen aberastasun guztia ezagutuko duzu modu atsegin eta didaktikoan.

Natura ezagutzeko zentroari buruzko informazio gehiago
Neskatikoa Bertizko Naturaren Interpretazio Zentroan
Bertizko Jaurerriko erakusketako eskulturak

Bertizko Jaurerriko erakusketa

Azken gomendioa: Bertizko Jaurerriko Natur Parkearen harrera lekuaren inguruetan, Oieregin, Bertizko Jaurerriko Erakusketa ikusten ahal duzu.  Formatu handiko hainbat eskultura dira, paisaian integratuak, arterako espazio ederra sortzen dutenak.

Parkearen inguruetan, Bertizko jaurerritik kilometro gutxira, intereseko beste gune batzuk ere bisitatzen ahal dituzu, eta, horrela, bete-betekoa izanen da Nafarroara egin duzun bisitaldia.  Kasu!, aukera oso lasaigarriak emanen dizkizugu, baina baita adrenalinaz betetako beste batzuk ere.  Ez dadila esan ez dugula baliabiderik gustu guztietarako

Leurtzako urtegiak

Lasai ibiltzeko plan batekin hasiko gara. Arropa erosoa jantzi eta dolce far niente egun bat pasatuko dugu laku eta pagadi artean. Horixe da, hain sinple eta atsegina, Leurtzako urtegi lasaiek eskainiko dizutena, Urrozko udalerrian.

Aisialdirako natur gune honek 3,5 eta 9 kilometroko bi xenda erraz ditu, urtegien inguruan baso atlantikoen artean.  Bi ibilaldi atsegin, otordu on batekin buka ditzakezunak bertako askaldegian (barbakoak eta altzariak ditu), edo inguruko taberna edo jatetxeren bat ere probatzen ahal duzu.

Egun handi bat pasatzeko pentsatua dago dena, familian edo lagunekin, ipuinetakoa bezalako inguruan, munduko harrabotsetatik urrun. 

Ikus hemen wikiloc-eko ibilaldia
Leurtzako urtegiak
Zubietako errota

Zubietako errota

Hona hemen bigarren plana, naturaz eta usain onez betea.

Bertiztik 15 kilometrora, Zubietan, zain duzu errota berezi hau. Bisitan, ehotzearen sekretuak eta ibarreko tradizioak ezagutuko dituzu, baita antzinako inauteriak ere.  Irina eta beste produktu batzuk erosten ahal dituzu bertako dendan.

Txangoak iraganera eramango zaitu, Pirinio usaina eta talo egin berriaren zaporea duen ingurune berde honetan.

Elgorriagako bainuetxea

Elgorriagako bainuetxea

Beste aukera batekin jarraituko dugu deskonektatu nahi dutenentzat. Kasu honetan erabat gainera, bainuetxera baikoaz.   

Elgorriagako bainuetxeak bere iturburuko ur mineral sendagarriak aprobetxatzen ditu, Europako gazitasun handienekoak, terma aukera handia eskaintzeko. Zirkuituak igerilekua, saunak, erlaxazio eremua eta gune berezi bat ditu, flotariuma, zeinetan Itsaso Hileko flotagarritasun berdina sentituko duzun.

Bere instalazio moderno eta lasaigarrietan badituzu edertasun tratamenduak, gimnasioa eta buffet menu goxoa jateko aukera. Hori guztia ingurune natural paregabean.

Gorputzak maitasun pixka bat eskatzen badizu, hartu ezazu asteburu bat Elgorriagako bainuetxera joateko, gorputza zaintzeko behar duzun guztia aurkituko baituzu bertan.

Elgorriagako bainuetxeari buruzko informazioa

Bertiztik gertu dauden abentura parkeak

Eta honaino iritsi da lasaitasuna. Giroz aldatuko dugu emozioz beteriko planekin. Gure proposamenik ausartena da hiru abentura parke bisitatzea: emozioa eta natura eskutik doaz haietan.  Adi orain datorrenari!

  • Irrisarri Land

    Irrisarri Land

    Resort hitza entzutean, seguru pentsatuko duzu Karibeko hondartzetako hotel handietan.  Baina resort guztiak ez dira horrelakoak.  Nafarroan, Igantzin, badugu bat justu kontrakoa dena.. Landa betean dagoen gunea, ostatua, jatetxea eta abentura parkea dituena

    Esan beharrik ez dago familia eta jarduera uztartzen dituen lekua dela.

    Paisaia ibilbideak, tirolinak, arborismoa, besarkaden basoa, ur jolasak, pendulua, zubi tibetarra… Egia esan, jarduera anitz han eta hemen sakabanatuak. Eta era askotako ostatu eta jatetxe aukerak, zure familiara egokitzeko, nola edo hala.

    Baina, aterpetxea izateaz gain, parkeak hotela ere badu XVII. mendeko jauregi eder batean, bai eta luxuzko bordak ere naturaren erdian barreiatuak, edozein bikote maiteminduren gozamenerako.  Hidromasaje bainuontzia haranera begira, king size ohea eta terraza, eguzki sartze ederrak eta lasaiak ikusteko..  Nori ez zaio gustatzen gutizia hori?

    Informazio gehiago Irrisarri Landi buruz
  • Baztan Abentura Park

    Baztan Abentura Park

    Elizondoko Beartzun auzoan duzu beste abentura parke zoragarri bat, eta bertan ezinezkoa da gustuko duzun zerbait ez aurkitzea. Berdin dio zure adina, zure forma fisikoa edo daukazun esperientzia.

    Baztan Abentura Parken pertsona guztiek dute lekua, eta erraz egiteko jarduerak eskainiko dizkizute, hala nola, xendetan barna paseatu edo tirolina txikietan jaurti, baina badira jarduera ausartagoak ere, megapendulutik salto egitea kasu.

    Zerorrek jarri ausardia. Aukerarik ez zaizu falta: arroil-akuapark naturala, ferrata bidea, tirolinak... Aukeratu zeurea.  Edo aukeratu hainbat.  Inork ez dezala esan abenturak mugak dituenik.

    Informazio gehiago Baztan Abentura Parki buruz
  • Bertiz Abentura Park

    Bertiz Abentura Park abentura parkea

    Hauxe da turismo aktiborako azken proposamena, oraingoan Narbarten.

    Parke hau txikiagoa da, baina bi jarduera suspergarri eskaintzen ditu: arborismoa eta paintballa.

    Tira, natura, adrenalina eta konpainia ona eskainiko dizkizu.

    Zeozer gehiago behar duzu ala?

    Informazio gehiago Baztan eta Bertiz Abentura Parkei buruz

Bidasoaldea eta Malerreka

Zer iruditzen zaizu Bertizera egin duzun bisita aprobetxatzea Nafarroako Pirinioen alderik atseginena ezagutzeko? Beno bada, horixe duzu zain Bidasoaldean eta Malerrekan. Mendi mazela berdeen, baserri ederren eta pago, haritz eta gaztainondoen baso misteriotsuen bizitoki dira Bidasoa ibaiak zeharkatzen dituen lur horiek. Bidasoko Bide Berdean paseatzea edo Eurovelo 1 bizikleta bidea egitea baino hoberik ez dago bertako paisaia hostotsuak eta herri politak ezagutzeko.

Iradokizunak: Doneztebe dotorea; Bera, Altzate auzo xarmangarriarekin; Lesaka, Tourseko San Martin eliza monumentalarekin eta sanferminetako zubigaineko dantzekin; edo Etxalar, herri arkitektura oso deigarriarekin

Kontsultatu hemen eremuari buruzko informazio gehiago
Doneztebe/Santesteban
Donamariako dorrea

Bertizen inguruak

Eta bukatzeko, bi gomendio Bertizko Jaurerriaren inguruak ongi-ongi ezagutu nahi dituztenentzat:

  • Sanjuanxar Erreserba Naturala: Igantzi eta Arantza herrien artean aurkituko duzu oasi espiritual txiki hori, paraje natural baten barruan.  Herrialdeko xarma baso autoktono bakarra da. Bertako haitzulo-ermitan hiru tutuko iturria aurkituko duzu, eta azaleko gaixotasunak sendatzeko propietateak omen dituzte bertako urek.  Naturak eta kondairak elkarri eskua ematen dioten lekua.

  • Donamariako dorrea: Donamarian, Bertiztik 8 kilometrora, dago estilo gotikoko dorre misteriotsu hau. Dotorea eta soila da, Erdi Aroko dorreen berezko defentsa elementuak kontserbatu ditu eta Nafarroan kontserbatzen den garai hartako arkitektura zibilaren adibiderik onenetakoa da.  Dorrea oso ezaguna da, harria nabarmentzen da lehen bi solairuetan, eta egurra da benetako protagonista bigarren bietan. Merezi duen geldialdia, inolaz ere.

Ikusi beste plan batzuk, Bertizetik hurbil egin daitezkeenak

Joateko gogoa ematen du, ezta?

Bertizko Natur Parkeak, bere meritu hutsagatik, merezi du bai bisita bat baino gehiago.  Baina, horrez gain, proposatu dizkizugun eskualdeko eta Baztango leku guztiak gehitzen badizkiozu, orduan txapela kentzeko moduko ihesaldia duzu.  Orain antolatzea besterik ez zaizu geratzen.

Eta gogoratu ostatu hartzeko aukera anitz dituzula. Landetxe handiak, txikiak, hotel xarmangarriak, kanpinak… Pixka bat bilatzen baduzu, leku bat baino gehiago aurkituko duzu maiteminduko zaituena.  Seguru baietz!

Arrautza-saskia eta oiloak

Zer beste naturgune dauzkat Nafarroan?

Bertizko Natur Parkeak kilikatu bazaitu, zatoz Nafarroako beste mirari natural batzuk ezagutzera.

  • Irabiako uharka Iratiko oihanean Iratiko oihana

    Iratiko oihana

    Kutsu magikoa duen pagadi-izeidia, non nagusi baitira natura, kirola eta edertasuna.

  • Urrederrako iturburua Urederraren iturburua

    Urederraren iturburua

    Basoaren koloreek eta ur turkesek bakez beteko zaituzte Nafarroako gune natural paregabe honetan.

  • Castildetierra Errege Bardean Errege Bardea.

    Errege Bardea.

    Filmatzeko moduko ilargi paisaiak.  Nafarroako lekurik ustekabekoena.

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?