2022.04.04

Nafarroako Aste Santuko ezinbesteko erlijio-ospakizunak

Baldin eta Aste Santuan kanpora joaten zarelarik ezinbestekotzat jotzen baduzu tokian tokiko tradizio ospetsuetan parte hartzea, hona hemen Nafarroan ezin galduzkoak diren zenbait ospakizun. Izan ere, iparraldekoak garen arren, hemen ere debozioa nabari da Ostiral Santuko prozesio tradizional eta pasio bizidunetan, zalaparta sumatzen da Judasen harrapaketan, eta poza igartzen Pazko-igandeko erlijio-ospakizunetan edo jai-giroko beste usadio batzuetan.

Blog

IRUÑEKO HILETA SANTUAREN PROZESIOA

Ostiral Santuko usadiozko prozesio hori 12 pausok osatzen dute: Kristoren Pasioaren hainbat eszena irudikatzen dira haien bidez, eta Nafarroako hiriburuko alde zaharreko karriketan barrena eramaten dituzte. Ekitaldiak jende aunitz biltzen du: soldadu erromatarrak, guardiak, mozorroak, musika-bandak eta abesbatzak; guztira, 2.000 lagun baino gehiago, eta ikusleak adi-adi eta isilean elkartzen dira ibilbidean, kandelak eskuetan. 

Prozesioaren hasieran, Jesus Jerusalemen Sartzen irudikatzen duen pausoa doa, eta, ondotik, Azken Afaria, Baratzeko Otoitza, Atxiloketa, Zigorkatzea, Eccehomoa, Gurutzea bizkarrean, Jesusen Erorketa, Kristo Altxatua, Eraistea, Hilobi Santua eta, azkenik, Andre Maria Doloretakoa, ikus-min handiena sortzen duena. 

Irudi eder hori baita beneratuena: 1883koa da, duela gutxi zaharberritu dute, eta, besteak beste, izkinetako argimutilak lehengoratu dizkiote. Aurpegian maisutasun handiz irudikatzen da ama birjinaren mina, begiak hondoratuak dituela eta esku ederrak elkarri lotuak. Urrez brodaturiko belus beltzezko mantu luze-luze bat darama gainean.

Eta, alde zaharrean zaudenez, aprobetxatu Iruñeko txokorik onenak ezagutzeko.

Paso de la Virgen Dolorosa pasando delante de la catedral de Pamplona

OSTIRALEKO PROZESIO SANTUA (CORELLA)

Corellako hirigune historikoko kalexkak eszenatoki aparta dira Kristoren Pasioa irudikatzeko. Antzezpena eta pausoak uztartzen dituen ospakizun paregabe hori 1710az geroztik egiten da, dokumentuen arabera. Gainera, desfile barroko hori Interes Turistikoko Prozesiotzat jo zen 1967an, Espainiako prozesiorik bereizgarrienetako eta originalenetako bat delako. 
Antzezpenekin batera ateratzen diren pausoetarik, honako hauek dira bereizgarrienak: Jerusalemengo sarrera (Jesus, asto apain-apain baten gainean doa, umeak, palmak eskuetan, inguruan dituela); Atxiloketa (Jesus oinutsik ageri da, soka lepoan, eta borreroak ere bai, sokari tiraka, hura lurrera erori arte); eta, azkenik, dramaren une gorena dator, Jesus Zirineorekin eta Beronikarekin elkartzen denekoa. Gurutzearen plazan, Kristo oinez doa ehun kiloko gurutzea soinean eta, halako batean, morez jantziriko gizon bat parean belaunikatu, lurra hiru aldiz musukatu, eta zama eramaten lagunduko dio ibilbide osoan. Ondoren, Beronika agertzen da, oihal zuri bat daramala: Jaunaren aurpegia garbitzen du eta haren irudia inprimaturik gelditzen da oihalean.
Corellako Prozesioan, pauso-eramaileek lan gaitza dute zama astun horiek herriko alde zaharreko aldapa eta bihurguneetan barrena eramaten, eta horrek are zirraragarriagoa egiten du ikuskizun hori, hurbil-hurbiletik bizitzen ahal dena.

Fotografía en blanco y negro de los pies encadenados de un penitente

BIDE-GURUTZE BIZIDUNA (ANDOSILLA)

Ostiral Santuan, goizez, Andosillako kaleak antzezpen bizidun horren agertoki bihurtzen dira, herriko hogeita hamar bat lagunen antzezpen-lanari esker. 
Ekitaldiak Kristoren nekaldia kontatzen du, eta, hasieran, Pilatok hebrearren aurrean egindako epaiketa eszenaratzen da (kasu honetan, hebrearrak herriko kintoak dira).
Ondoren, Jesukristok 100 kilotik gorako gurutze astuna kargatzen du, eta ibilera geldo eta nekatuaz desfilatzen du plazaraino, non lapurren ondoan gurutziltzatuko baitute.
Gurutziltzaketa egiatasun handiz antzezten da eta horixe da, zalantzarik gabe, ospakizunaren unerik hunkigarriena. Ibilbidean barrena paraturiko megafoniari esker, zuzenean gozatzen ahal dugu parte-hartzaileen elkarrizketez, Bibliako pertsonaiak kartsuki antzezten dituzten bitartean.
Bestetik, ospakizun solemne horren ondoren, bisitariek artisau produktuen azoka hebrearraz ere goza dezakete.

TUTERAKO VOLATINA

Interes Turistiko Nazionaleko Festa izendaturiko ospakizun hori XVI. mendetik heldu zaigu: Larunbat Santuan, goizeko 10etan, Judas Iskarioteren heriotza isekaz antzezten da Erlojuaren Etxeko balkoitik, Tuterako Foruen plaza jendez gainezka dagoelarik.

 Tuterako pertsona famatu batek pregoi labur bat irakurri ondoren, usadio horren protagonista dugun panpina artikulatua bere ardatzean kokatzen dute eta ahoan daraman puru erraldoia pizten diote. Petardoaren eraginez, panpina jirabiraka hasten da eta, azkenean, jantzia eta zapatak lurrera erortzen zaizkio, birrin-birrin eginda.
Gero, panpina ardatzetik kendu eta bertaratuak lehian hasten dira, Volatineko Ordenak plazara jaurtitzen dituen baloiak eta litxarreriak hartzearren.

Kontsulta ezazu hemen Tuterako Aste Santuko programa

TUTERAKO AINGERUAREN JAITSIERA

Tuteran bertan, biharamunean, beste erlijio-tradizio bat ezagutzeko parada dago: Aingeruaren Jaitsiera, Interes Turistiko Nazionaleko Festa 2002az geroztik. Bertan, urtero antzezten da nola agertu zitzaion San Gabriel goiaingerua Mariari, semearen berpizkundea iragartzeko.  Erritua XIII. mendekoa izan arren, berez, 1663tik ospatzen da.

Pazko-igandean, goizeko 9ak aldera, prozesioa katedraletik ateratzen da, eta, Foruen plazara iristean, Ama Birjina zain gelditzen da, Erlojuaren Etxetik hurbil. Halako une jakin batean, etxe horretako bigarren solairuan jarritako tenpletea irekitzen da, Errege martxa entzuten da, eta haur bat agertzen da hodei batetik zintzilik eta aingeruz jantzirik. Umea Ama Birjinaren irudirantz joaten da hegan, bertaratu guztien gainetik, aleluiaka. 

Irudiaren aurrean, aingeruak hiru aldiz aitaren egin eta hauxe oihukatzen du, jendetza isil-isilik dagoela: “Alégrate María porque tu Hijo ha resucitado”. Gero, saminaren belo beltza kentzen dio, eta atzeraka botatzen du Berpizkundea gertatu dela iragartzeko. Bertaraturiko milaka lagunak txaloka hasten dira, eta aingerua tenpletera itzultzen da. Ondoren, prozesioak bere bideari heltzen dio berriz, eta meza nagusia ematen katedralean.

LUZAIDEKO BOLANTAK

Luzaidek ongietorria egiten die Frantziatik Santiago de Compostelara doazen erromesei, eta hangoak dira Nafarroako dantzarik deigarrienetako eta antzinakoenetako batzuk. Eta nork dantzatzen ditu? Luzaideko bolanteek

Pazko Igandean eta bestelako abagune berezietan baizik ez dira dantzarien jantzietako kaskabiloak entzuten eta haien bizkarreko xingola koloretsu eta ikusgarriak ikusten airean gora eta behera, jauzien erritmora hegan. Zapela gorria daramate, espartinak, atorra zuria eta kotoizko galtzak, urrezko apaingarri, bitxi eta zinta gorri eta horiekin.

Dantzariak, goizean, herriko plazan dantzatzen dira eta arratsaldean, berriz, pilotalekuan; hortaz, egun santuetako zirrara neurritsua biribildu nahi baduzu, eta tradizio alai eta koloretsu bat ezagutu, badakizu nora joan.

JUDASEN HARRAPAKETA, CABANILLASEN

Cabanillas Erriberan dago, Tuteratik hurbil, eta, hango Udaletxe plazan, oso ospakizun berezia egiten dute Pazko-igandean. Topaketaren Prozesioan neskatila batek berri ona ematen dio Ama Birjinari eta, ondoren, 13:00etan, “Judasen harrapaketa” antzezten da.

Izan ere, XIX. mendeaz geroztik, herriko gazteak erromatarrez jantzi eta, eta Judasi segika joaten zaizkio, harrapatu eta hiltzeko. Judas, jantzi gorri eta zilarkara bat soinean eta buruan sarea daramala, lasterka ibiltzen da, eta agiraka ari zaion jendetzaren artean ezkutatzen da; etxe batzuetan sartu eta janaria ere lapurtzen du, baita balkoiren batetik salto egiten ere.

Eromenezko lasterketa bat da, bildutakoek adi-adi eta ikus-min handiz segitzen dutena. Hamabost bat minutukoa izaten da eta, gero, erromatarrek Judas harrapatu eta burua mozten diote, traidoreari dagokion moduan.

Tag-en hodeia: