2023.11.07

Zer bisitatu Nafarroan abenduko zubian (5 egunean)

Ibilbide bat prestatu dizugu ideiak emateko eta bidaia antolatzen laguntzeko.

Blog

Nafarroan, kilometro gutxitan asko aldatzen da paisaia, eta mota askotako planak egiteko aukera ematen du, inguruko probintziek bezainbeste edo gehiago. Eta berezia da, egun bakar batean iparraldetik hegoaldera edo ekialdetik mendebaldera Nafarroa osoa zeharkatu dezakezulako. Horregatik guztiagatik, destino ezin hobea da egun gutxi batzuk badituzu, eta lehenengoz bisitatzen duenak ezusteko atsegina hartuko du.

“Baina nola ez nekien halako destino berezi eta apartarik bazenik?"

“Ez nuen horrelakoa imajinatzen. Sekulako paisaiak ditu! Ederra benetan Iruña, eta zer ongi jan dugun... Izugarri gustatu zait Nafarroa!”

Beraz, egun batzuk badituzu eta deskonektatu nahi baduzu ondoren zure ohiko bizitzara berriro konektatzeko, hemen duzu 5 eguneko ibilbidea, bizitzarekin bat egiteko Nafarroako altxorren bidez: natura ikusgarria, ondare historiko aparta eta gastronomia bikaina.

Parque Natural de Urbasa-Andía

1. eguna: Iruña eta Ultzama

Iruñetik ordubete eskasean irits zaitezke Nafarroako ia edozein txokora. Horregatik, ostatu hartzeko leku aproposa da. Gainera, eguna bukatzeko, kale bizi eta politetan eskaintza gastronomiko handiaz eta erosketez gozatzen ahal duzu.

Zure lehen egunean, proposatzen dizugu Erresumako hiriburua sakonki ezagutzea. Hirigune historiko polita bisitatzeaz gain (katedrala, udaletxeko plaza ospetsua, entzierroaren ibilbidea...), duela mende batzuk eraiki eta gaur egun UNESCOk babesten dituen harresiak zeharkatu ditzakezu, eta bi berdegune interesgarri ezagutu: Taconera parkea eta Ziudadela, hiriaren erdialdeko gotorleku errenazentista.

Antzokietako eta auditoriumetako ikuskizunak interesgarriak dira beti; beste aukera bat: dastatu pintxoak eta Nafarroako ardo ederrak, eta erosi gaztainak kaleko postuetan, sasoikoak baitira.

Iruña ibar ederrez inguratuta dago; esate baterako, Ultzama, ordu erdira dagoena. Muino txikiak, larreak eta ehunka urteko haritzak ditu, eta plan bikaina da familia osoa joateko: baserri bat bisitatzea, Orgiko oihanean barna paseatzea, inguruko herrietako ostatuetan bapo jatea, irteera mikologikoa egitea... Landa-giroan murgildu nahi baduzu, ostatu ugari duzu, zein baino zein kutunagoa.

2. eguna: Urederraren iturburua eta Lizarra

Urederra hitzak “ur ederrak” du oinarri euskaraz, eta izena bezalakoa du izana. Altxor naturala da Nafarroako txoko hau: ur turkesa, fauna eta flora bereziak... Naturagune babestua da, errespetatu eta zaindu beharrekoa; horregatik, joan aurretik erreserba egin behar duzu, jende kopurua kontrolatu ahal izateko.

Goizean Urederrako ur gardenez gozatu ondoren, eguerdi eta arratsaldean bisita dezakezu Lizarra, Erdi Aroko eta Donejakue bideko hiri txikia.  Jauregi, eliza eta zubi ederrak ditu, bai eta judutegi bat ere, eta batzuek “iparraldeko Toledo ” deitzen omen diote. Lizarran gastronomia aberatsa duzu: piperrak, barazkiak, txerrikume edo arkume errea, bertako ardo ederrak... Horrela, indarrak hartuko dituzu biharamunerako.

Eta astirik baduzu, bisitatu Irantzuko monasterioa. Zistertar abadia eder hori 15 minutura baino ez dago. Halaber, hurbil duzu Gares, Donejakue bideko herria, eta Eunateko Andre Maria ermita.

3. eguna: Gaztelu eta mahastien artean

Proposatzen dizugu eguna Nafarroako Erdialdean pasatzea; hor, azken mendeetan jauregiak, gotorlekuak eta mahastiak izan dira nagusi. Zalantzarik gabe, konkistek eta ardo onak markatu dute lur horien izaera, eta hori nabarmena da edozein herri txikitan. Hona hemen eremu honek eskaintzen dizkizun proposamenetako batzuk: Artaxoako harresietan batailak irudikatzea, Uxueko erdi aroko hiribilduan artzain-apurrak jatea eta bista panoramiko zoragarriez gozatzea, edo errege-erreginen egunerokotasuna imajinatzea Erriberriko errege-erreginen jauregiko dorreen artean.

Iglesia-fortaleza de Santa María de Ujué

Eta Nafarroako historian gehiago sakondu nahi baduzu, ez zentratu soilik monumentuetan. Erresuman mendeak daramatzagu mahastiak lantzen; beraz, dastatu bertako ardoa upategiren batean.

4. eguna: Baztan eta Zugarramurdi, Nafarroako eremu berdeena

Laugarren egunean naturan murgilduko gara bete-betean. Paisaia eta klima atlantikoa direla eta, Baztanek tradizio zaharrak, baserri ederrak eta jende lasaia eta atsegina ditu. Deskubritu herri politak: Elizondo, Irurita, Amaiur… edo ibili mendiko bideetan barna, bisitatu Bertizko Jaurerriko parke naturala edo sartu Zugarramurdiko leize zoragarrian edo Urdazubiko milaka urteko kobazuloan .

  • Esteka honetan, inguruan egiteko hainbat plan aurkituko dituzu, bai eta turismo-enpresek antolatutako txangoak ere, zure denborari etekina ateratzeko.
niños mirando a las vacas de un prado

5. eguna: Errege Bardeako basamortua, paisaia txundigarria

Hasieran esan genizun bezala, Nafarroan zortea dugu, ordu eskas batean Pirinioetako paisaia malkartsutik Errege Bardeako basamortura igarotzen garelako. Ilargiko paisaiaren itxura du, formazio geologiko bitxiekin. Formazio horiek ekosistema paregabea baina ahula osatzen dute, zaindu behar duguna.

Nola sartu nahi duzu inguru basati honetara?

  • Bizikleta elektrikoan, segway batean, buggy batean, autoan... begiratu hemen parkean eskaintzen diren esperientzia guztiak.
  • Nire kabuz bisitatu nahi dut. Orduan, kontsultatu hemen nola gozatu habitat zirraragarri horretaz, betiere ingurunea errespetatuz.​​​​​​​ 

Errege Bardeatik oso hurbil dago Tutera hiria. Gastronomia maite baduzu, joan hara. Ba al zenekien Tutera Nafarroako barazkien hiriburua dela? Hemen erosi eta dastatu ahalko dituzu Erriberako baratzeko produktu bikainak: kukuluak, orburuak, borraja, barazki-menestra... A! Eta ezin zara joan katedrala bisitatu gabe, edo Foruen plazan zerbait hartu gabe!

Ibilbide hau 5 egunean egin dezakezun guztiaren adibide bat baino ez da. Horregatik, esteka bat uzten dizugu gure leku hoberenak ezagutzeko, eta beste bat Nafarroako 10 ibilbide eder deskubritzeko, oporrak antola ditzazun.

Tag-en hodeia: