Turismo Zuzendaritza Nagusiko hainbat langile Nafarroako zortzi eskualde turistikoetan izan dira azken asteetan, eskualde bakoitzean egiten ari diren garapen jasangarriko turismo-planen egoera bertatik bertara ezagutzeko.

Zehazki, Turismoaren Lurralde Garapen Jasangarriko Zerbitzuak hartu du parte turismo-kudeaketako zortzi unitateekin izandako topaketa horietan. Izan ere, Nafarroako turismo-sektorearentzako Next Generation europar funtsen zati handi bat jasotzen dute unitate horiek.

Eskualde horietako bakoitza bere Helmugako Jasangarritasun Plana garatzen ari da egun, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotako laguntzekin. Plan horiek eredu turistikoa aldatzeko tresna izan nahi dute, ondokoak ardatz: jasangarritasunaren balioak sustatzea eta lurraldea gehiago errespetatzea.

Bilera horietan, halaber, Turismo Zuzendaritza Nagusiaren egituraren berritasunen berri eman da, eta kudeatzen dituen Next Generation funtsen gauzatzea aztertu da. Hauei dagozkie, zehazki: Nafarroa Landatarra, Donejakue bidea, Enogastronomia eta Nafarroa Zirkularra, Inklusiboa eta Erresilientea.

Bisita-txanda hori Nafarroako turismoaren gobernantza-eredu berriaren barruan kokatzen da. Eredu berri horren eskutik, Zuzendaritza Nagusiaren eta eragile publiko eta pribatuen arteko koordinazioa hobetu nahi da. Azken helburua da europar funtsetatik datorren aparteko finantziazioak eskaintzen duen aukera aprobetxatzea, zertarako eta sektorearen berreskuratzea bultzatzen jarraitzeko, ekonomia, gizarte eta ingurumenaren arloko proposamen jasangarriak sustatuz, eta haren lehiakortasunean eta digitalizazioan inbertitzeko.