Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bitartez, gaur goizean iragarri du 2.216.000 euroko dirulaguntza lerro berri bat jarriko duela abian toki entitateentzat, bizikletentzako bideak egiteko. Gaur goizean NAOn argitaratu den informazioari esker, udalek, kontzejuek eta mankomunitateek bizikletentzako azpiegituren proiektuak gauzatu ahal izango dituzte.

Hala eman du jakitera gaur goizean Garraioen eta Mugikortasun Jasangarrien zuzendari nagusi Berta Mirandak; bere mintzaldian nabarmendu duenez, “Nafarroako Gobernuak,  mugikortasun jasangarria bultzatzea du bere lehentasunen artean, Nafarroako Foru Komunitatean bizikletentzako bideen sare bat garatzearen bitartez. Asmoa da bizikleta hiriko eta hiriarteko joan-etorrietarako garraiobide erabilgarri eta segurua bihurtzea, non ibilgailu pribatu motorduna baino lehiakorragoa izan litekeen, baldin eta konektibitate-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak bermatzen badira”.

Prentsaurrekoan izan da halaber Garraio Antolamendu eta Mugikortasun Zerbitzuko zuzendari Santiago Aleman jauna.

Eskariak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez (www.navarra.es/home_es/Servicios/)

2025eko urria baino lehen gauzatu beharreko jarduketak

Laguntzak Nafarroako toki entitateetara zuzenduta daude, hau da, udal, kontzeju zein mankomunitateetara, bizikleta azpiegituren eta bizikleta bideen proiektu bat garatzeko zein proiektu bakar baten fase bat edo batzuk gauzatzeko. Diruz lagundutako jarduketak 2024an lizitatu eta 2025eko irailaren 30a baino lehen amaitu beharko dira. Gastuen % 80rainoko dirulaguntza emango da, eskaera bakoitzeko gehienez 350.000 euro izanik.

Diruz lagundu litezkeen gastutzat joko dira proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idazteari dagozkionak, obren zuzendaritza fakultatiboa, segurtasuna eta osasuna nahiz obrak gauzatzea bera. Bestalde, dirulaguntza eskaera Nafarroako bi toki entitatek edo gehiagok batera egin ahal izango dute, proiektu bera gauzatzeko bada.

Aurkeztutako eskaerak hainbat izapideren arabera baloratuko dira zeinen artean dauden: beste ibilbide, herri, poligono edo ikastetxe batzuekiko konektibitatea; biztanleriaren tamaina, udalerri horrek 5.000 biztanle baino gehiago dituen edo ez kontuan hartuta; intermodalitatea, hiriarteko garraio publikoko geltokiekin lotzeko; proposamenaren kalitatea, trafikoaren bereizketan eta trazaduraren ezaugarrietan oinarrituta; proiektuaren heldutasuna, obra-proiektua edo memoria baloratua izatearen arabera; eta balio erantsia al dakarren jasangarritasunean, ingurumenean edo erakargarritasun turistikoan, besteak beste. Ebazpena gehienez hiru hileko epean eman eta jakinaraziko da toki-erakundeetan, eskubideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.