Guztira, Nafarroako 65 ekitaldi turistiko izango dira aurten irisgarriagoak eta inklusiboagoak Turismo Zuzendaritza Nagusiak “Turismo bikaina / Turismo de 10” ekimenaren esparruan garatu duen prestakuntza-programari esker. Datorren astean hasiko da ikastaroaren bigarren edizioa. Doakoa da, eta hainbat plaza daude oraindik ere.

Jarduera horiek turismo-elkarteek, toki-entitateek eta garapen-partzuergoek sustatzen dituzte. Jende guztiarentzako irisgarritasun- eta inklusio-printzipioak aplikatu dira horietan guztietan, batez ere ezgaitasuna dutenenak, ekitaldi turistikoak diseinatu, kudeatu, komunikatu eta garatzeko faseetan.

Programa bai Helmugetako Jasangarritasun Turistikoko Lurraldeko Planaren, bai turismoaren garapen eta marketinerako dirulaguntzen deialdiaren barruan kokatzen da, eta, aurrera eramateko, Turismo Zuzendaritza Nagusiak hiru ekimen bultzatu zituen, Iddeas Fundazioaren lankidetzarekin: Ekitaldi turistiko irisgarri eta inklusiboetarako oinarrizko Gida idaztea; Ekitaldi turistiko irisgarriak eta inklusiboak diseinatu eta antolatzeko izenburuko prestakuntza-ikastaroa; eta ekitaldi turistikoak antolatzen dituzten erakundeekin tutoretza pertsonalizatuak egitea.

Tutoretzen emaitza eta hobetzeko esparruak

Tutoretza horietan, Ekitaldi turistiko irisgarri eta inklusiboetarako oinarrizko Gidan jasotako egiaztapen-zerrendaren bidez aztertu ziren ekitaldiak. Ekitaldi batek inklusioa eta irisgarritasuna sortzeko bete ditzakeen 76 irizpide identifikatzen ditu,

Irizpide horiek ekitaldi baten alderdietan dute isla. Hala, hauek guztiak aztertu ziren: giza taldea, ekitaldiaren programa, komunikazioa, seinaleztapena eta informazioa, etorrera eta mugikortasuna ekitaldiaren ingurunean barna, mostradoreak, arretarako postuak eta guneak, jarduerak jendearekin eta merkatuetan, eta komunak eta atsedenlekuak .

65 ekitaldiek beren kudeaketa hobetzeko plan bat dute, irisgarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin. Oro har, turismo-erakunde gehienek arlo horretan dituzten hiru behar hauteman dira ekintza plan horietan. Honatx behar horiek: ekitaldiak kudeatzen eta garatzen dituzten giza taldeen informazio eskasa desgaitasuna eta irisgarritasun-arazoak dituzten pertsonekiko tratuari dagokionez; ekintza irisgarrien gabezia ekitaldiak komunikatzeko fasean; eta ekitaldiak taxutzen dituzten ibilbide eta zerbitzu gehienetan irisgarritasuna ez izatea.

Azpimarratzekoa da, hala ere, ekitaldiak kudeatzeko erakundeek inklusioa hobetzeko duten aurretiko joera, zailtasunak zailtasun.