Nafarroako Gobernuak dirulaguntzen deialdi berri bat baimendu du gaurko saioan, toki entitateek autokarabana, iragaitzazko karabanak eta antzeko ibilgailuak turismo ibiltarian gaua pasatzeko eremuak ezar ditzaten sustatzeko. Gobernuak 455.952,14 euro bideratuko ditu, guztira, gaua igarotzeko eremu berriak sortzeko laguntzetara, bai eta orain dela bi urte onartutako jarduera horren erregulazio berrira egokitzeko laguntzetara ere.

Dirulaguntzen deialdi honen bidez, Jaurlaritzak tokiko erakundeek autokarabana, karabana eta antzekoen turismo ibiltaria antolatzeko inbertsioak egitea eta neurriak hartzea sustatu nahi du. Helburua gaua igarotzeko eremuen sare baten sorrera sustatzea da, ikuspegi orokor batekin, jardueraren fluxuak ulertuz eta horiei erantzuna emanez, eta arlo horien kudeaketa erraztea.

Dirulaguntza jaso dezakete gaua igarotzeko guneak sortzeko proiektuak idazteko gastuek, beharrezko inbertsioak gauzatzeak, kontrol- eta zaintza-sistemak instalatzeak, beharrezko altzari eta ekipamenduek eta informazio-panelek.

Kultura, Kirol eta Turismo Sailak sustatutako laguntzak banakako ebaluazio-erregimenean emango dira, eta aukera erabilgarriena da proiektuak bizkortzeko. Gaua igarotzeko eremu horiek ezarri nahi dituzten toki entitateek tramiteen katalogoko fitxaren bidez aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Fitxa hori laster argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO), eta 2027ko ekainaren 30era arteko epea izango dute eskaerak egiteko.

Aurreko bi deialdietan hamar udalerri onuradun

Laguntza horien bidez, Nafarroako Gobernuak erantzuna eman nahi die Foru Erkidegoan turismo ibiltariak izan duen gorakadaren ondorioz sortu diren premiei, azken urteotan hazkunde handia izan baitu. Igoera horren ondorioz, Administrazioak zeregin aktiboa hartu du turismo-modalitate horren arau-antolamenduan eta egon daitezkeen disfuntzioak zuzentzean.

Foru Gobernuaren asmoa turismo mota hau antolatzea da, eta praktikatzen duten pertsonei behar dituzten baliabideak ematea, aldi berean naturaguneak edo hiriguneak babestea bermatuz eta une jakin batzuetan kolapsoa ekidinez.

Foru Gobernuak duela bi urte onartu zuen 22/2024 Foru Dekretua, martxoaren 6koa, Foru Komunitatean autokarabanen, iragaitzazko karabanen eta antzekoen turismo ibiltariaren gaua igarotzeko eremuak arautzen dituena, turismo-modalitate horren garapen iraunkorragoa bultzatzeko helburuarekin, turismo ibiltariaren gaua igarotzeko eremuak erregulatuz, edozein etxebizitza-mota motatarako.

Orduan, Nafarroako Gobernuak 800.000 euroko laguntza deialdia sustatu zuen, horrelako instalazioak bultzatu nahi dituzten toki entitateentzat. Iaz, Jaurlaritzak 2025/2026 deialdia egin zuen, 500.000 eurokoa. Orain arte, Ablitas, Arguedas, Bargota, Eslava, Faltzes, Javier, Lesaka, Azkoien, Rada eta Vianako kontzejuei eman zaizkie laguntzak.

Erregistratutako eskaria ikusita, gaur hirugarren deialdi bat baimendu da 2026/2027 aldirako. Deialdi horretan parte hartu ahal izango dute bai azken laguntzekin aurrekonturik ez izateagatik eskaera bete ezin izan zuten toki-erakundeek, bai interesa duten beste toki-erakunde batzuek.

Nafarroako Gobernuak urte anitzeko gastutzat jotzen ditu deialdi horiek, aurreikusten diren inbertsio motek obra-proiektu bat idaztea eta lizitazioko administrazio-espediente bat izapidetzea eskatzen dutelako, eta, horretarako, egikaritze-epe bat behar izaten da.