2025.12.16

Zer jan Nafarroan neguan bisitatzen bagaituzu

Sekretu bat kontatuko dizugu behar bezala zainduko duzulakoan: Nafarroako neguari sutondoen zaporea dario... eta plater sakonean zerbitzatzen da. Tuterako baratzearen barazki zoragarriak probatzeko garaia da, edota Nafarroako arkume tradizionala bere hamaika moduetan, edota sagardotegi batera joateko. Hemen lurrak agintzen duelako, baita tradizio errotuenetatik sortzen diren berezko zaporeek ere, lagunartean partekatzen direlarik.

Blog

Negua Nafarroan ez da grisa: berdea, laranja, zuria, gorrixka, urrekara... da. Bere gastronomia enblematikoenak gozagarri bilakatzen ditu neguko hilabeteak, zaporea eta tradizioa oinarri. 
Tutera izango dugu denboraldiaren abiapuntu bere neguko barazkien eskutik. Izan ere, lurralde honetako nortasuna osatzen dute aspaldi-aspalditik. Dasta ditzagun, beraz, Nafarroako plater tipikoak, lehen mailako protagonistak dituztenak: brokolia, azalorea, eskarola, apioa, zerba, orburua, borraja, kardua, aza, txikoria eta kalabaza. 

Tuteran ez ezik, Erribera osoan aurkituko dituzu ondare hori omentzen duten menu esklusiboak. Haiei esker, deskubrituko dugu brokolia eta azalorea ezin hobeak direla krema suabe-suabeak egiteko edo baporean egosiak jateko, eskarolak eta txikoriak bizia ematen dietela entsalada zoragarriei edo apioa eta zerba salda eta gisatuen lagun perfektuak direla. Borrajaren kolore berde biziak eta testura ia likidoak aho bete hortz utziko gaituzte, patata, urdaiazpikoa, arrautza gogortua laguntzaile, hamaika forma eta testura liluragarritan. Eta, zer esanik ez, orburuak. Zapore paregabekoak, benetako landare-luxuaren esentzia dira. Garai honetan, halaber, karduak ere bere leku pribilegiatua merezi du! Nafarroako Eguberrietako sukaldaritzaren plater tipikoenetako bat da, zapore gozo-gozokoa eta testura leun-leunekoa. Oliotan frijitu beharreko baratxuri eta tipulinaz gain, irina, urdaiazpikoa eta almendra xehe-xeheak ditu osagai ohiko errezetak. Edota, itsaso-ukitua eman nahi badiozu, almeja freskoak eta ganbak. Edozein eratan ere, bikaina jai-otordu orotarako. Bukatzeko, kalabaza gailentzen da, gozoa eta berezia, kolore bizikoa, errezeta ororen alaigarri.

Horregatik, gonbidatzen zaitugu hurbileko neguko barazki horien benetako izaera ezagutzera, fresko-freskoak kontsumitu beharrekoak, kalitate gorenaren adierazgarri. Baratzearen ziklo naturalak eta den-dena blaitzen duen toki-arima errespetatzen direlako Nafarroan. Bidean, gainera, superelikagaiak direla ikusiko duzu, askotariko propietate osasungarrien jabe baitira. Ez da harritzekoa, beraz, ospe handia izatea, nazioarte-mailan ere!

Jo dezagun, bada, inguruko jatetxe ikonikoenetako batzuetara. Errezeta berde zoragarrienak dastatuko ditugu haietan, baratzea arte bilakatzeko gai diren hainbat chefen eskutik. Topero jatetxean, Tuteran, bere kardu gorria urdaiazpikoarekin eta almendra txigortuekin probatuko dugu. El Choko de Remigion, aldiz, borraja, samur-samurra, probatuko dugu, patata-aparrarekin, berberetxo eta guzti. Hona hemen El Trinqueteren proposamen gozoa: apio-entsalada bere zurtoinaren pomadarekin eta neguko beste barazki batzuk ere. Tuteratik Fontellasera joango gara, Beethoven jatetxera, non ‘etxeko platera’ ezagutuko baitugu: txikoria olioarekin, antzinako mostazarekin eta ardi-gazta nafarrarekin ondua. Bukatzeko, orburuak, nola eta Treintaitrés estiloan, hau da, barazki-saltsarekin eta kinoa-estaldurarekin zerbitzatuta. Nafar gastronomiaren klasiko baten berrinterpretazio bikaina.

Eta harago joan eta esperientzia guztiz murgiltzaile batez gozatu nahi baduzu, ez galdu Inverdura, gure barazkien erakusleiho onena.

Interior de un restaurante con gente comiendo

Kardu gorria, ezezagun handiena

Kardu gorria neguko altxor gastronomikoetako beste bat da Nafarroan, oso preziatua erromatarren garaietatik. Kardu zuriaren aldaera bat da, eta batez ere Corellan hazten da. Testura leunekoa eta zapore gozokoa da, oso berezia. 

Proposamena gogoko baduzu, zorionekoa zu, hiriak haren aldeko jai handi bat ospatuko duelako urtea amaitu aurretik: Kardu gorriaren Jardunaldiak. Barazki misteriotsu horren historia ezagutuko duzu, baita ekoizleengandik bertatik bertara erosi ere, jarduera ugari eskura, hala nola azokak, tailerrak, pintxo tematikoak eta bisitak upategietara.

puesto de venta de verduras

Arkumea, nafar sukaldaritzaren oinarri

Neguko klasikoei buruz ari garen honetan, ezin aipatu gabe utzi nafar arkumea, jatorria eta kalitatea ezaugarri nagusi, zerbaitengatik du-eta Adierazpen Geografiko Babestua. Gure lurren jaio eta hazten da, modu tradizionalean jaio eta hazi ere. Bi arraza autoktonoren emaitza da: Latxa eta nafarra, haragi samur eta zaporetsukoak biak ala biak. Bi bertsioetan dugu gozagarri: bata, esnekoa, samurra eta fin-fina, eta ternaskoa, izaera eta zapore sendoagokoa. 

Mahaian eseri, eta zaporeek lilura gaitzaten utziko dugu: arkumea txilindron erara, usain sakonekoa, bere saltsan (pikillo-piperrak, tomatea eta baratxuri-ukitua, zentzumenak piztu eta gorputza epeltzeraino); arkume errea ere gure egingo dugu, funtsezko-funtsezkoa Nafarroan, emeki-emeki prestatua, beroaren magiaren emaitza, kurruskaria kanpotik eta samur-samurra barrutik; esne-arkumearen barrenkiak ere probatu beharrekoak dira; tripakiak, giltzurrunak, herak... mokadu zoragarriak, aztarna uzten dutenak, “amonaren sukaldea”ren emaitzak.

Baina dena ez da arkumea Nafarroan! Txerrikumeak ere badu bere tokia hemengo haragi tipikoen artean. Adobatu, egur-labean erre eta ardo zuriz busti, halaxe prestatzen dugu hemen. Entsaladarekin, panadera patatekin edo piperrekin. Gozo-gozoa! Eta omenaldia ere egiten diogu: Txerrikumea goraipatzeko Eguna, Lizarran. 

gorrín asado sobre lechuga

Sagardotegiak Nafarroan: tradizioa eta giro ona plan bakar batean

Kupeletik atera berriko sagardoaren zurrustaren soinua edalontzia jotzen duela, fruta-usaina airean, fresko-freskoa... ez dago zalantzarik: abian da Nafarroako tradizio errotuenetako bat! Sagardotegi batera joan “Txotx” oihua gidari. 

Mendi basotsuak, ardiak... Mahai luze-luze baten inguruan jarri, eta nafar gastronomiaren plater tipikoak partekatuko ditugu, edan eta barre egiten dugun bitartean. Sukaldaritza zintzoenaz gozatuko dugu: txorizoak sagardotan egosiak, bakailao-tortilla, txuleta, eta tokiko gazta irasagar eta intxaurrekin. Eta, mokaduen artean, erritu bat: mahaitik altxatu, kupelera joan eta sagardoa hartu, tradizioak agindu bezala. 

Bat egin nahi? Bada, gogoratu: urtarrilaren erdialdetik maiatzera arte duzu zaporea, dibertsioa eta kultura uztartzen dituen plan honetaz gozatzeko aldia. Batez ere ziklo osoko sagardotegietan, hau da, bere sagardoa modu jasangarrian hazi eta ekoizten dutenetan: Larraldea Lekarozen, Linddurren Borda Lesakan, Behetxonea Berueten, Toki-Alai Lekunberrin y Martitxonea Aldatzen. 

grupo de personas en la zona de kupelas de la sidrería hablando y bebiendo sidra

Nafarroako diamante beltza: nafar gastronomiaren plater tipiko bat

Lokiz mendiaren babesean, Estellerrian, Boilurraren Eko-Museoa dago, Metautenen, osagai irrikatu horren sekretu guztiak gordetzen dituena. 

Deskubritu nahi badituzu, museoak zentzumen-esperientzia osoa eskaintzen du. Bisita gidatua boilur-sail batera ere eskaintzen du, boilurra nola hazi, nola zaindu eta nola biltzen den ikasteko, eta nola trebatzen diren boilur-txakur adituak. Eta boilur freskoak bildu ere egingo dugu! Eta, bukatzeko, gourmet produktuak dastatuko ditugu; ‘diamante beltza’ dute oinarri guztiek, eta zein baino zein zaporetsuagoa da. 

Cesto con trufa negra

Lodosako pikillo-piperrak eta Zangozako potxak

Berandu samar bada ere, beste bi plater tipiko ditugu Nafarroan neguan! Lodosako pikillo-piperrak eta Zangozako potxa zoragarriak. 

Izan ere, orain betetzen ditugu bere garaian ardura handiz erre eta zuritutako premium piperrak. Zerekin? Haragiarekin (txahala eta txerria), odolkiarekin edo bakailaoarekin (itsaso eta lurraren arteko nahasketa sendoa lortzen da bakailaoarekin, sendoa baina zapore leunekoa). 

Zangozako potxak probatu nahi baditugu, aldiz, oraindik gaude garaiz Erdi Aroko hiri horretara joan eta haien zapore leunaz eta testura krematsuaz gozatzeko. Probatu eta berehala jakingo duzu zergatik lortu duen plater xume horrek bere tokia Nafarroa osoko bihotzean (eta ahosabaian). 

Eta hementxe bukatzen da gure proposamen gastronomikoa hilabete hotzenak esperientzia bero eta gogoangarri bilakatzeko. Badakizu, beraz: nafar plater tipiko horiek ikusten badituzu kartan, ez egin zalantzarik, eta utzi dena nafar jakinduria gastronomikoaren esku, nafar ardo on bat lagun.

plato de pimientos asados con sofrito de ajos

Tag-en hodeia: