2024.09.09

Zer ikusi Errege Bardean eta inguruetan

Zirrara eragin al dizu Espainia iparraldeko basamortu ikusgarri horren irudiren batek? Erabaki al duzu bisitatu beharra duzula? Bisita inguruak ezagutzeko aprobetxatu nahi baduzu, hona hemen makina bat plan, askotarikoak, eskapadaz bizi-bizi goza dezazun.

Blog

LEHENIK ETA BEHIN, BARDEAK

Espazio natural harrigarri hau, UNESCOk Biosferaren Erreserba aitortua, 2000n, Nafarroako hegoaldean dago. Higadurak milioika urtean modelatu ditu hango igeltsu eta buztinak, eta, ondorioz, irudi zinez hunkigarria sortu du, sakanek, lautadek, gailurrek eta abarrek sortua... Ilargiko paisaia dirudi, Europa hegoaldekoa baino gehiago. Horregatik, makina bat produktore xarmatu, eta beren pelikulak eta iragarkiak filmatzeko agertoki hautatu dute. 100 kilometro baino gutxiago dago, gainera, Nafarroako Pirinioetako mendi berdeetatik, eta kontraste horrek bisitaria liluratzen du.

Nola bisitatu Bardea?

Autoz joan zaitezke, Arguedaseraino. Handik, pista zirkular bat hartu behar duzu, 25 kilometrokoa, Bardea Zuria inguratzen duena. Deigarriena da Bardea Zuria, higatutako bere formengatik. Paraje ospetsuena Castildetierrako tontorra da, inbutu alderantzikatua dirudiena, espazio natural honen ikonoa. 2 ordu inguru hartzen ditu bideak, eta gomendagarria da Bardeak estreinako aldiz bisitatzen dutenentzat. Beste aukera bat, aktiboagoa, hango xenda edo bideetakoren bat oinez edo bizikletaz egitea da.

Jarduera antolatuak Bardean

Gida adituak kontratatzea oso ideia ona izango litzateke. Haien eskutik, historian, faunan eta floran murgilduko zara, eta bertatik bertara ezagutuko dituzu parajearen berezitasunak. 4X4 batean, segway batean en bizikleta batean (elektrikoa edo BTT) ibil zaitezke, goizez zein arratsaldez. Arratsaldez eginez gero, argazki ikusgarriak egin ahalko dituzu. Ezagutu hemendik aukera guztiak.

ETA ZER EGIN INGURUAN?

Bisita eta sari gastronomikoa Tuteran

​​​​​​​​​​​​​Honezkero, Nafarroako Erriberan zaude. Hiriburua Tutera da, Nafarroako bigarren hiri garrantzitsuena. Bardeatik 14 kilometrora dago, eta barazkien paradisua izateagatik da ospetsua. Orburuak, borrajak, piperrak edo zainzuriak jateko apeta eman dizu? Bada, aukeratu jatetxe on bat, eta dasta itzazu, Nafarroa JD-ko ardo batekin uztartuta. Eta bisitatu hiria, merezi du eta! Katedral ikusgarria du, klaustro eta portada erromanikoa dituena, plaza eder bat, erdian kiosko bat eta inguruan terraza ugari dituena, auzo judua, jauregiak…

SENDAVIVA Naturaren Parkea

​​​​​​​Haurrekin bazatoz, ez egin zalantzarik. Egun zoragarria igaroko dute parke tematiko horretan. Bardeak hondoan ikusteaz gain, etxaldeko abereak, espezie exotikoak, ikuskizunak, hala nola hegazti harrapariena, eta atrakzio ugari izango dituzte gozagarri, hala nola tirolinak, txalupak, ur-labirintoa eta bobsleigh zirraragarria. Eta jakin ezazu urrian zehar, azaroaren 2ra arte, Sendaviva parkeak bete-betean ospatzen duela Halloween jaia. Etorri, ziur zain duzula sorpresa bildurgarriren bat!

Senderismoa eta ziklismoa

​​​​​​​Zerbait aktiboagoa nahiago baduzu, hona hemen ideia batzuk Erriberako paisaia lauak ezagutzeko:

  • Tarazonicaren Bide Berdea. Antzinako trenbidetik doa, Queiles ibaiaren ibarreko baratzetan barna. 22 kilometro dituzu Tutera eta Tarazonaren artean, oinez edo bizikletaz egiteko. + info
  • Las Roscas zirkuitua 8 kilometroko paseo erraza da, Alhama ibaitik hurbil, Fiterotik. Arrokek, higadurak eraginda, hartutako formek eman diote izen hori. + info

Bisitatu olio-errota bat eta dastatu olio ekologikoak

Bisitatu al duzu inoiz gure gastronomiaren “urre likidoa” egiten duten almazaretakoren bat? Ba al zenekien olio-dastatzeak ere egiten direla? Agian ez… Aprobetxatu aukera paregabe hau, eta gozatu Artajo enpresaren olibadia eta errota bisitatuz. Oliba-olio birjina estraren dastatzearen hastapenak ezagutuko dituzu mundu-mailako sari garrantzitsuak jasotako enpresa familiar horren eskutik. + info

Ezin galduzko hiru monasterio

​​​​​​​Kulturazalea bazara, izan itzazu kontuan hiru proposamen hauek, Erdi Aroko arkitekturarekin lotuak hiruak:

  • Olivako monasterioa. Zarrakaztelun dago, Bardeako iparraldean, eta monje beneditarrak ditu ostalari. + info
  • Fiteroko monasterioa. Espainiako estreinako monasterio zistertarra da, eta abade-eliza ikusgarria du. + info
  • Tulebrasko monasterioa. Espainiako estreinako emakume-monasterio zistertarra da, eta trapako mojak ditu ostalari, oso aktiboak. + info

Eta ostatuak? Zoragarriak!

​​​​​​​Esteka hau jartzen dizugu eskura eroso-eroso aurki dezazun ostaturik Erriberan. Baina zerbait desberdinaren bila bazabiltza, hona hemen gure proposamenak:

  • Egizu lo koba baten barruan: Cuevas de Valtierra
  • Harzazu ostatu Bardeako paisaian bertan murgilduta, hotel batean; sari ugari jaso ditu bere diseinuagatik: Aire Bardenas
  • Erlaxa zaitez ehun urtetik gorako bainuetxe batean, ur termalak eta mirarizko tratamenduak gozagarri. Fiteroko bainuetxea
  • Goza ezazu dorre batean kokatutako hotel batean, mahastiz eta olibondoz inguratuta, Moncayoko paisaia ederrak begi-bistan dituzularik Pago de Cirsus

Informazio gehiago Nafarroako ostatu bereziei buruz

Tag-en hodeia: