2024.12.05
10 esperientzia ahaztezin Nafarroan Gabonetan oparitzeko
Opari biribilenaren bila zabiltza? Gabon hauetan plan paregabeak ditugu Nafarroan, abenturaz, erlaxazioz, kulturaz eta gastronomiaz beteak.
Ez dakizula zer oparitu Gabonetan? Zerbait desberdina, originala, tiradera batean geratzen ez diren horietakoa, bilatzen baduzu, esperientzia paregabeak Nafarroan proposatzen dizkizugu! Ametsezko paisaiak, abenturak aire zabalean, ardo-dastatzeak, kultura, erlaxazioa... Plan horiek guztiak bikainak dira zure hurbilekoei oparitzeko, eta betiko gogoratuko dituzte une berezi horiek.
Opari horiek ezin dira ez aldatu, ez itzuli, baina, lasai, bete-betean asmatuko baituzu, emozioa, dibertsioa eta naturarekiko konexioa bermatuta daudelako.
Ikus ditzagun!

1. Bardea buggy batean esploratzea
Opari bat abenturazaleenentzako? Hunki itzazu Bardeako basamortu ikusgarrian buggyz egindako ibilaldi batekin! Izan ere, are ikusgarriagoak dira paisaia erdi-basamortuko horretako arroilak, sakanak eta formazio geologiko bereziak buggy baten gainean ikusiz gero. Senti ezazu haizea ia ilargi-itxura duten, edo beste planeta batekoak diruditen, sailak zeharkatzen dituzun bitartean, gidarien segurtasuna bidaide betiere, Biosferako Erreserba horretako historiak eta sekretu gordeenak entzuten dituzun bitartean.
Plan ezin hobea da nerabeentzat, bikote ausartentzat eta lagun-taldeentzat. Adrenalina hutsa inguru zoragarri batean!

2. Nafarroako herri politenetako bat zaldi gainean ezagutzea
Zenbat aldiz ez duzu entzun zein polita den Baztan, baina… ausartuko zinateke zaldi gainean esploratzera? Esperientzia honek denetik du: paisaia liluragarriak, aire garbia eta animalia maitagarri horien konpainia.
Ordoki Zalditegia abiapuntu, inguruko monumentu arkitektonikoak eta paradisu natural zoragarria izango dituzu gozagarri, basoak, zelai beti berdeak eta erreka zoragarriak aldamenean dituzula. Ibilbidearen amaiera, zinez bikaina, Amaiurko gaztelu historikoaren aurriak dira. Bista zoragarriak ditu kondairaz beteriko toki xarmangarri horrek.
Detaile ezin hobea txikientzat, lagunentzat edo harritu nahi duzun pertsona berezi horrentzat.
- Jakin ezazu gehiago zaldi gaineko esperientzia honi buruz hemen
- Kontsultatu hemen Baztan eta inguruetako beste plan batzuk

3. Koinatu kulturaz jantzia tokatu bazaizu…, Irantzuko monasterioak zur eta lur utziko du!
Denok dugu halako koinatua, beti historiaz, arteaz eta leku ospetsuez hizketan ari dena. Aurten, utzi aho bete hortz Irantzuko monasterio ikusgarrira bisita gidatua oparituz. XII. mendeko monasterio zistertarra da, paraje zoragarri batean kokatua eta mendiz eta naturaz inguratua, eta maite duen guzti-guztia du: arkitektura gotikoa, historia liluragarriak eta anekdotak, etorkizuneko bazkalondoetan hizpide izango dituenak ziur.

A! Eta betiko zeureganatuko duzu koinatua bi jarduera hauetako bat egitea proposatzen badiozu: Irantzu ibaiaren arroilan barnako bidezidorra edo ibilbide gidatua Irantzu ibaiaren arroilan tokiko produktuen dastaketarekin.

4. Eliza baten teilatura igo eta denboran atzera egitea Artaxoan
Kosta egiten bazaizu familiako txikiak edo nerabeak, lagun-taldea edo bikotekidea historiako tokietara eramatea, bete-betean asmatuko duzu opari honekin. Denok Artaxoako bisita egitera!
Hasteko, Erdi Aroko zerko harresitu bat zapalduko duzu. Oso ongi gorde da, garai batean izan zituen 14 dorreetatik 9 eta guzti! Ondoren, San Saturnino gotorleku-eliza du jomuga abenturak. Bere barnea altxor gotikoa da, edonoren arreta erakarriko duten enigmak ezkutatzen dituena. Eta, jarduera biribiltzeko, elizako teilatura igoko zarete. Bai, bai, teilatura igo! Izan ere, teilatu alderantzikatua da, munduan bakarra, zur eta lur utziko zaituztena, zinez berezia delako eta bista ezin ederragoak dituelako.
Bateria gabe geratuko zarete mugikorrean hainbeste argazki aterata...
- Kontsultatu hemen Artaxoako bisitari buruzko informazio gehiago
- Ikusi hemen iluntzean bisitatzeko eta bertako produktuak dastatzeko aukera

5. Barreak, misterioak eta dibertsioa errutina hausteko
Hona hemen aisialdiko ezohiko ideia batzuk, itxura on-onekoak: tour antzeztuak Iruñean barna, Erdi Aroko esamesetan zaldun aditu bat bertan dagoela, benetako epaimahaikide gastronomikoa izatea, zure ahosabai fin hori proban jartzeko, eta asteburu bat lagun artean hilketak eta misterioak argitzen ematea, benetako detektibeak izango bazinete bezala, besteak beste.
Opari ahaztezina, bikaina taldeentzat, algarak eta pasadizoak bermatuta.
- Ikusi hemen Viajes Divertis-ek eskaintzen dizkizun aukera guztiak
- Escape rooms edo street escapes deiturikoak ere mota horretako ideia batzuk dira, bota begi bat plan hauei guztiei!

6. Iruña bisita gidatu batekin deskubritzea
Honezkero, jakingo duzu hobe dela hiri bat gidari turistikoen eskutik deskubritzea noraezean eta ero-eroan ibiliz baino, ezta?
Orduan, Iruñean barna 20 bisita gidatu baino gehiago ditugu opari. Baina hori Nafarroako hiriburuan asteburu bat igarotzeko aitzakia baino ez da izango.
Izan ere, Iruñeak denetik du: historia eta harresiak, iraganera eramango zaituztenak, lorategiak, deskonektatzeko, eta, noski, alde zaharreko giroa, pintxoak nagusi! Kultura, dibertsioa eta gastronomia uztartzen dituen plana. Tira, egundoko oparia.
- Informazio gehiago Iruñeko bisita gidatuen aukerei buruz
- Ikusi hemen Iruñean zain duzun guztia

7. Eskapada erlaxagarria Nafarroako bainuetxe batera
Eta, orain, beti desiratzen den plan bat: bainuetxe batean mimatzea, lasaitasuna, gastronomia eta ametsezko ingurune natural bat uztartuz.
Hala Fiteroko bainuetxeak, urte eta urtetako ospea bereganatu duenak, nola Elgorriagakoak, ia beste inon ez dauden ur gaziak dituenak, eguneko edo asteburuko planak dituzte aukeran. Zure bikotekidearentzat, zuretzat eta deskonektatu beharra duen zure lagun horrentzat, txirrindularientzat ––Nafarroako errepideetan ibilbide gogorra egin ondoren–– edo bestelako egun bat igaro nahi duen familia batentzat, berdin dio norentzat den.

Irudikatu zure burua ibilbide termal bat egiten, Itsaso Hilean baino gehiago flotatzen, 34 graduko kanpo-igerileku batean igeri egiten neguko egun hotz batean edo beti motz gelditzen diren zen masaje horietako bat hartzen. Eta hori guztia tradizioa eta zaporea uztartzen dituen gastronomia oparoa osagarri.
Ez dizu, ez, oparia itzuliko hainbeste maite duzun horrek.
- Ikusi hemen Elgorriagako bainuetxearen eskaintza
- Kontsultatu hemen Fiteroko bainuetxeak proposatzen dizkizun opariak

8. Ardoa, olioa eta patxarana Deikaztelun gastronomia maite dutenentzat
Opari ezin hobea bizitza gozatu eta tradizioarekin eta mimoz egindako gauzekin konektatu nahi duten sibarita horientzat. Plan bat baino gehiago proposatzen dizugu Deikaztelun, Estellerrian:
Alde batetik, 3 esperientzia Emilio Valero upategian:
- Topa ardoarekin eta urre likidoarekin, upategiko terrazan. Upategia zein olio-errota bisitatuko dituzu, paraje ikusgarri batean.
- Uzta berria dastatzea. Upategia bisitatuko duzu kopa eskuan duzula, ardo bizi eta gozoak zuzenean biltegietatik dastatzen dituzun bitartean.
- Ardoa eta garagardoa mahasti artean, biak ala biak maite dituzten horientzat, artisau-garagardoen fabrika bat baitu upategiak.

Eta, bestetik, plan ezin nafarragoa: patxarana dastatzea Destilerías Zocon. Kolorez, zaporez eta aromaz beteriko esperientzia, destilategira bisita, ibilbidea elorri beltzen artean eta koktelgintza-tailerra barne hartzen dituena.

9. Egun bat ardia eta gazta lagun Andia mendian
Imajinatzen duzu egun batez artzain izatea eta gazta ekologikoa egiten ikastea? Esperientzia honetan, plan ahaztezin bat eskaintzen dizu Axuribeltz gaztandegiko Mirianek. Lehen, Andia mendia izango duzu jomuga. Hango larreetan, ardi latxen artaldeak gobernatzen ikasiko duzu. Eta, gero, gaztandegian, gazta egiteko prozesuarekin jarraituko duzu. Zinez arte purua, esne bizi, garbi eta osasuntsu batekin egingo duzulako.
Opari gogoangarria bizitzako, naturako eta landa-eremuko gauza xumeak estimatzen dakiten horientzat.

10. Ezagutu Basaburua BTTn
Ba al duzu egun batean pedalei eragin gabe egon ezin eta bere adrenalina-dosia behar duen lagun txirrindularirik? Bada, plan hau izugarri gustatuko zaio! Basaburua bailara ezezagunean murgilduko da. Manu izango du bidelagun, benetako crack bat bizikleta-munduan, bere bailara inork baino gehiago maite duena. BTT eta enduroko ibilbideak diseinatu ditu bailaran barrena, zinez zoragarriak: bidezidor epikoak, bazter magikoak eta bista zinez txundigarriak.
Eta onena: lagunak ez du GPSaz kezkatu beharrik izango, Manuk zuzenean gidatuko baitu abenturaren bihotzera.
Oparia jasoko duenak "eskerrik asko!” esan beste biderik ez du izango.
Eta ez ahaztu hari kontatzea Nafarroa paradisua dela txirrindularientzat. Begira zer daukagun eskaintzeko: Nafarroa bizikletaz!
Ideia batzuk besterik ez dira...

Esto son solo unas ideas...
Eta 10 proposamen hauek eskas geratzen bazaizkizu, no problem! Gure webgunean 300 plan baino gehiago ditugu zuretzat eta zure jende guztiarentzat. Egin begirada bat eta aukeratu pertsona berezi horrentzako onena.
Ahaztu ohiko opariak eta egin unea bizitzea proposatzen dutenen alde.
Gabon hauetan, oparitu esperientzia nafarrak, inoiz ahaztuko ez baitira!