2024.07.03
10 aholku 2024ko sanferminez ahalik eta gehien gozatzeko
Ezagutu festaren une berezienetako batzuk, eta antolatu egonaldia behar duzun informazio guztiarekin
Blog1. Jantzi zuriz eta gorriz
Iruindar peto-peto bat bezala sentitu nahi baduzu, has gaitezen oinarrizkotik: elastikoa eta gona edo galtza zuriak, eta zapi eta gerriko gorriak dira sanferminetako jantzi ofizialak. Tokiz kanpo sentituko zara bestela.
Ez dago diru asko gastatu beharrik. Arropa zuria etxetik ekar dezakezu, eta osagarri gorriak hiriaren erdialdeko dendetan erosi.

2. Sentitu bertatik bertara txupinazoaren emozioa
Uztailaren 6an 12:00etan Udaletxe-plazan bertan sanferminen hasiera bertatik bertara bizitzeak ilea laztuko dizu. Beti gogoratuko duzun une paregabe bat izango dela ziurtatzen dizugu. Leku ona hartzeko, gutxienez ordubete eta bi ordu bitartean lehenago joan beharko duzu.
Alternatiba lasaiago bat nahiago baduzu, hainbat tokitan jartzen diren pantailetan ikus dezakezu zuzenean, hala nola Antoniutti parkean, Sarasate pasealekuan, Karlos III.a etorbidean, Gazteluko plazan eta Foruen plazan.
Jarraitu ezazu Txupinazoa zuzenean.

3. Jaiki Iruñeko entzierroa ikusteko
Badakigu goiz jaikitzea gogorra dela, baina ekitaldi paregabe horren emozioak merezi du.
Entzierroa lehen lerroan ikusi nahi baduzu, ibilbidean zehar dagoen egurrezko hesi bikoitzean jarri beharko duzu, goizeko 6:00ak eta 6:30ak bitartean. Geroago bazoaz, tokia betetzen hasiko da, eta ia ez duzu ezer ikusiko.
Beste aukera bat, bestea bezain interesgarria baina lasaiagoa, entzierroa zezen-plazan sartzea bertatik bertara ikustea da. Goizeko 7:00etan iritsi eta beste 20.000 lagunekin batera kantatzen itxarotea esperientzia ederra da. Egun berean eros ditzakezu sarrerak leihatilan, baldin badago. Baina hobe da aldez aurretik online erreserbatzea.
Eta adardunen aurrean korrika egitera animatzen bazara, gogoratu ezinbestekoa dela sasoi onean egotea, gauean atseden hartzea eta entzierroan korrika egiteko arauak ezagutzea.

4. Gozatu giro alai eta kosmopolitaz
Egun hauetan, Iruña mundu osora zabaltzen da eta bere jendea anfitrioi bikaina izan ohi da. Harrituta utziko zaituzte haren abegitasunak, peñen algarak, bat-bateko hartu-emanek eta hiri osoan arnasten den anaitasun-giroak.
Gure aholkua: gozatu eta errespetatu sanferminetako giro zoragarria.

5. Jan ohiko hamaiketakoa
Batez ere uztailaren 6an ikusiko duzu, baina beste edozein egunetan ere egin daiteke. Koadrilak mahaitan eseri, elkarren ondoan, taberna eta jatetxeetako ateen aldamenean, eta hamaiketakoa jaten dute, 10:00ak eta 12:00ak bitartean. Ohikoa arrautza frijituak, txistorra, urdaiazpikoa tomatearekin eta ajoarrieroa jatea da. Baina gourmet bertsioak ere badaude, itsaski eta guzti! Mahaikide bakoitzaren aukera da. Festa-egun luze eta ahaztezina duzu aurrean. Hobe duzu, beraz, behar bezala elikatu energiaz betetzeko.

6. Ikusi erraldoi eta buruhandien segizioa
Konpartsako kideek harri-kartoizko irudi handi batzuk daramatzate kalejiran. 150 urte baino gehiago dute irudiek. Segizioak 4 erraldoi bikote, 5 buruhandi, 6 kiliki eta 6 zaldiko ditu. Gaita-joleak eta txistulariak lagun dituztela, festaren unerik tradizional eta berezienetako bat dira.

7. Dantzatu peñen erritmoan
Peñak festaren arimaren zati garrantzitsua dira, algaraz betetzen baitituzte hiriko kaleak eta zezen-plazako arratsaldeak, txarangen musikarekin. Bakoitzak bere pankarta darama, eta, bertan, espiritu kritikoz eta umorez jorratzen dituzte urteko gertaera garrantzitsuenak. Egin bat pankartaren atzean dantzan doan jendearekin, eta eutsi gorputzak iraun arte! Dibertsioa eta alaitasuna, ziurtatuta.

8. Gozatu su artifizialekin eta barrakekin
Egin hemengoek egiten duten gauza bera, hau da, eseri eta ikusi Ziudadelatik botatzen diren suak. Izan ere, gaueko 11:00etan, jende ugari pilatzen da barruti gotortu horren inguruan dagoen belardian, atseden hartu eta piroteknia-ikuskizun politaz gozatzeko. Une polit eta lasaigarria da, ezin hobea etenaldia egiteko edo eguna bukatzeko.
Eta barrakak? Iruñean horrela esan diogu feria-eremuari. Runa parkean jartzen da, harresien oinean, Arga ibaiaren ertzean. Festen beste klasiko bat: hankaz gora jartzea, barre egitea edo beldurrez hiltzea, haurtzaroa gogoratzen duzula. Eta, gero, bertan afal dezakezu, edo txurro batzuk jan edo azukre-hodeiak eskatu txikientzat.

9. Ezagutu kontu praktiko batzuk
- Egin erreserbak behar den denborarekin: batez ere lehenengo bi egunetan edo asteburuan etorri nahi baduzu. Eskaintza handia da, are handiagoa inguruko herriak kontuan hartzen baditugu, eta aukera anitzak daude, poltsiko guztientzat.
- Erosi sanferminetako programa ofiziala: festen gauza fetitxeetako bat da; hemengo jendeak oroigarri gisa gordetzen du, eta zuk ahalik eta etekin handiena aterako diezu festei. 2 euro balio du eta Cáritasko tonbolan (Sarasate pasealekuan) eta hiriko liburu-dendetan eros daiteke. Hemen ere kontsulta dezakezu: 2024ko sanferminetako programa
- Baztertu autoa, toki guztietara irits baitzaitezke oinez. Tamaina ertainekoa da Iruña, eta festa batez ere Alde Zaharrean eta inguruan pilatzen da. Inguruko auzoetan, hotelean edo propio prestatutako lekuetan aparkatu dezakezu. Eta, mugitzeko, "villavesak" erabil ditzakezu (garraio publikoa, 24 orduz). Informazio gehiago nola iritsi eta mugitu jakiteko.
- Kontsultatu festetan indarrean dauden zerbitzuak edo egun hauetarako informazio baliagarria ematen duen planoa.

10. Prestatu konbinatu perfektua
Sanferminak atseden-egun batzuekin konbinatu ditzakezu. Etorri, eta ezagut itzazu Nafarroako mugarri naturalak. Ernest Heminwayk berak erabakitzen zuen festaren algaratik barealdira pasatzea Nafarroan: “Irati gogoratzen dudan bakoitzean, ileak tente jartzen zaizkit. Gogoan dut festak bukatzen zirenean etorri ohi nintzela basoan galtzeko. Hemen, basoaren bihotzean, Basajaun, Basoko Jauna, agurtzera etorri zain geratzen naiz”.
Iratiko oihan ikusgarria edo Urederra ibaiaren iturburua, bailara lasaiak, hala nola Ultzama eta Baztan, Iruñetik hurbil, edo zientzia-fikziozko paisaiak, hala nola Errege Bardea, dituzu gozagarri erlaxatzeko eta deskonektatzeko. Ongi jotzen du, ezta?
Alderantziz ere egin dezakezu, hots, Nafarroako ezinbesteko batzuk ezagutu eta, gero, Iruñera hurbildu eta festa zoragarri hauetaz gozatu.
