Oharra: tarte bat itxita dago Eurovelo 1 bidean (bat dator Bidasoko Bide Berdearekin)

Montoia tuneleko luizi baten ondorioz, ENDARLATSA eta ZALAIN ZOKO arteko tartea itxita egonen da besterik jakinarazi arte.

EUROVELO 1 IBILBIDEA. ATLANTIKOKO KOSTALDEKO IBILBIDEA

Bazenekien Europa osoan bizikletaz ibiltzeko proiektu bat dagoela, eta 16 ibilbide eta 80.000 km dituela? Ba bai, ongi irakurri duzu.

EuroVelo 1 ibilbidea, Atlantikoko Kostaldeko ibilbidea (Atlantic Coast Route ) izenekoa, horietako bat da eta Nafarroatik pasatzen da. Proiektu hori bukatuta dagoenean, bere 11.000 kilometroek Norvegiako fiordoak Portugalekin lotuko ditu, eta Unescoren 14 leku, Europako 4 itsaso eta 6 herrialde zeharkatuko ditu.

EUROVELO 1 - NAFARROA

Atlantic Coast Route Nafarroako Pirinio Atlantikoan barrena sartzen da penintsulan. Endarlatsan hasten da, iparraldean, eta Donejakue bidearekin bat egiten du.

213 km dira, 5 etapatan banatuak, eta lehenengo biak egokitzeko, Bidasoako eta Plazaolako bide berdeen trazadurak batu dira, "Ederbidea" proiektuaren bidez.

Hona hemen:

  • 1. Etapa - 28Km

    Irun - Endarlatsa - Doneztebe

    Gipuzkoatik, EuroVelo 1 Bidasoako Bide Berdetik sartzen da Nafarroan, Endarlatsatik, zehazki. Beratik hurbil igarotzen da, Zalain-Zoko auzoan barna, gero Berrizaun dator, eta, ondoren,  Sunbilla. Handik 5 kilometrora Doneztebe dugu.

    Ibilbide erraza eta atsegina, ia laua.

    Ikusi argibide gehiago
  • 2. Etapa - 53Km

    Doneztebe - Irurtzun

    Malerrekan, mendiz inguratuta —Mendaur da nagusia—, Doneztebe herri dotorea dago. Tarterik aldapatsuenak Doneztebeko irteera (motza baina gogorra) eta Oiz herriaren eta Gorostietako gainaren arteko errepideko zatia dira.

    Doneztebetik, herri hauetatik igarotzen da bidea: Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien eta Saldias. Gero, Gorostietako gaineraino iristen da, non atsedenleku bat baitago.

    Handik, Basaburua da hurrengo helmuga. Baserri handiak, lore-loretsuak, daude ibar horretako herri xarmagarrietan: Ola, Orokieta, Erbiti, Gartzaron eta Jauntsarats (milurteko haritzengatik ezaguna). Jauntsaratseko atsedenlekuan geldituz gero, bainu-eremu bat duzu gozagarri. Hurrengoak Ihaben, Etxaleku, Eraso eta Latasa dira. Azken horretan, Plazaola trenaren antzinako geltoki bat dago. Zaharberritu ondoren, taberna-jatetxe bat jarri dute, baita bizikletak alokatzeko zerbitzua ere.

    ​​​​​​​Hemen, ibilbideak Plazaolako Bide Berdeko bideari jarraitzen dio, Irurtzuneraino.

    Ikusi argibide gehiago
  • 3. Etapa - 30 Km

    Irurtzun - Iruña

    Zati hau Irurtzungo atsedenlekuan hasten da. Antzinako trenbidearen geltokia zegoen lurretan dago atsedenlekua.

    Ibilbidea Itzako udal-mugapetik igarotzen da. Guliako biaduktua nabarmentzen da han, 17 harrizko arkuz osatua. Ondoren, Saratsate zeharkatzen du. Eritzera iritsi baino lehentxeago, igoera labur baina gogor bat dago, % 13ko maldarekin. Tarte hori igarota, aise iritsiko gara Saratsa herriraino.

    ​​​​​​​Eta beste 9,6 kilometro egin ondoren, Iruña hiriburua iristea lortuko duzu, Oteitza Berriobeiti, Berriogoiti, Aitzoain, Berriozar eta Artika atzean utzita.

    Ikusi argibide gehiago
  • 4. Etapa - 54Km

    Iruña - Lizarra

    Iruñetik, EuroVelo 1 ibilbideak EuroVelo 3 ibilbidearekin bat egiten du. Erromesen ibilbidea esaten zaio, Donejakue bidearen ondotik baitoa.

    Ibilbidea toki hauetatik igarotzen da: Zizur Nagusia, Arlegi, Subitza, Biurrun, Ukar, Eneritz, Eunate, Gares, Mañeru, Zirauki eta Lizarra.

    EuroVelo ibilbideak ez doaz beti Donejakue bideko bidezidorretatik, tarte batzuetan baino ez, zirkulazio gutxiko bigarren mailako errepideak ere erabiltzen dituelako.

    ​​​​​​​Kale-herriak, Erdi Aroko zubiak, monumentu handiak, urtaro bakoitzean kolorez aldatzen diren paisaiak, ardandegiak eta kalitate handiko gastronomia aurkituko dituzu ibilbide honetan.

    Ver la ruta en wikiloc (Puente la Reina - Estella-Lizarra)
  • 5. Etapa - 45Km

    Lizarra - Logroño

    Ibilbideak Nafarroako azken kilometroak egiten ditu Errioxako lurretan sartu aurretik. Lizarratik atera eta berehala, Iratxeko monasterioa dago. Aurrerago, Villamayor de Monjardíngo harkaitz-gaztelua atzean utzi, eta ibilbidea Los Arcosera, Torres del Ríora eta, azkenik, Vianara iritsiko da. Azken hau muino baten gainean eraikia dago, zeruertzera begira, Araba eta Errioxari so.

    Ver la ruta en wikiloc

Nafarroako aniztasuna nabaritzen da etapetan zehar. Iparraldeko paisaia berde ikusgarriak, baserriz zipriztinduak, Iruñeko galtzada-harrizko kale hiritar petoak, azken tartean, Erdi Aroko airea duten herriez inguratutako paraje lau eta idorrak...

Sar zaitez EuroVelo 1 bideko ibilbide digitalizatuan

Nafarroa bizikletaz ezagutzeko beste ibilbide batzuk

Bizikleta gustatzen bazaizu, jakizu Nafarroa primerako lekua dela pedalei eraginez ezagutzeko; izan ere, anitz aukera daude txirrindulari mota guztientzat.

Orri honetan, informazio ugari duzu: aukera horien azalpena, BTTko gidari profesionalekin egiteko planak, ibilbideak kalkulatzeko tresna eta baita gurpil zulatu bat konpontzeko modua ere.

Nafarroa bizikletaz ezagutzeko informazio guztia