.jpg)
Iruña-Nafarroa, helmuga ezin hobea kongresuetarako zein sustapen-bidaietarako
Ekitaldi korporatibo bat antolatzen ari zara eta “bost izarreko” kokaleku baten bila zabiltza?
Jakin badakigu badirela ezinbesteko premisa batzuk ekitaldi korporatiboak zein kongresuak egiteko:
* Ongi komunikatuta egotea.
* Ostatu-sare modernoa eta edukiera handikoa izatea.
* Askotariko kongresuak eta bilkurak egiteko toki egokiak izatea.
Baina, zer gehiago eskaintzen du Nafarroak hemen ekitaldia egitea arrakastatsua izan dadin? Hona hemen gure helmugako atseginena eta erakargarriena:
-
Iruñearen erosotasuna
Nafarroako hiriburua tamainaz ertaina da eta, horri esker, erraz mugi zaitezke kongresutik bertatik. Oinez irits zaitezke alde zaharrera bisita egitera, jatetxean afaltzera edo hotelera atseden hartzera, hala Baluartetik nola hiriko beste edozein egoitzatatik.
Gainera, Iruñean giro ederra eta bizitza kultural handia dago, eta kokapen estrategikoa du, erregioaren erdi-erdian. Horri esker, ateraldiak bertatik abiatu, eta Nafarroa goitik behera eta eroso ezagut dezakezu.
-
Helmugaren kalitatea
Nafarroa da biztanleko BPG handiena duen Espainiako erkidegoetako bat. Eta egoera on hori bilkura-turismoan ere antzeman daiteke.
Hotelen maila onak, azpiegitura modernoek, bertako taberna eta jatetxeetako gastronomiaren kalitateak eta ederki zaindutako herri eta hiriek, hain zuzen, antolatzaileen, biltzarkideen eta horiek laguntzen dituztenen erabateko gogobetetasuna bermatzen dute.
-
Kontraste eta esperientzia paregabeak
Gala-afariak Iruñeko katedraleko klaustro gotikoan, gourmet pintxoen dastatzeak hiriko jatetxe tipikoetan, baso-bainuak Pirinioen bihotzean, paseoak mahastietan barna zaldi-gurdian, topaldiak mendian artzain batekin, bisitak iluntzean Errege Bardeako basamortuan...
Hamaika dira hiriburuan bertan edo Iruñetik gehienez ordubetera bizi ahal izango dituzun esperientzia zirraragarriak.
-
Zerbitzu profesionalak
Nafarroako kongresu-antolatzaile profesionalei eta Nafarroan ekitaldiak egiten parte hartzen duten enpresei eta zerbitzuei dagokienez, seriotasuna eta profesionaltasuna dira gehien baloratzen diren alderdietako batzuk. Moldakortasuna, sormena eta konfiantza, Nafarroan topatuko dituzun ezinbesteko balioak.
MICE munduan, MEET IN PAMPLONA marka ofizialaren bidez dira ezagun Iruñeko eta Nafarroako enpresak. Kontsulta ezazu hemen zure ekitaldiak behar duen guztia eskainiko dizuten hotel-sare, toki, zerbitzu eta enpresa espezializatuen inguruko informazio zehatza.

Arrazoi gehiago nahi Iruña aukeratzeko?
Iruñeak kokapen estrategikoa du, Nafarroaren erdi-erdian: ordubete baino gutxiago beharko duzu Nafarroako edozein txokotara heltzeko. Hiri berdea da, erakargarriz josia: monumentu nazional izendatutako harresi-barrutia, Erdi Aroko elizak ederki kontserbatutako alde zaharrean, Europako klaustro gotiko onenetako bat katedralean, eta dendaz eta zaporez betetako kaleak.
Nazioarteko ospe handiko unibertsitateez eta ospitaleez gain, Iruñeak hiru kulturgune handi ditu (Gayarre antzokia, ehun urtetik gorakoa, Baluarte auditorioa eta Nafarroa Arena pabiloia), kultura-agenda bizi-bizi mantendu eta, astero, lehen mailako antzezlanak, ikuskizunak eta kontzertuak eskaintzen dituztenak. Eta, gauez ere ongi pasa nahi baduzu, gozatu Iruñeko giroak eskaintzeko duenaz. Sanfermin festa zoragarriak ditu Iruñeak erakargarri nagusi, baina urte osoan da hiria abegitsua eta giro onekoa.
.jpg)
Eta, zer du Nafarroak niretzat?
Natura hunkigarria
100 kilometro baino gutxiagoan, Pirinioetako basoak eta basamortu bat izan ditzakezu gozagarri. Hori guztia “txiki”tzat jo genezakeen erregio berean bertan. Nafarroak dibertsitate natural harrigarria du, eta 4 bere klima desberdinek kontraste handiko paisaiak osatu dituzte: pagoen, haritzen eta izeien baso itzelak Pirinioetan; zereal-soroak eta mahastiak Erdialdean; eta baratzeak eta Biosferaren Erreserba izendatutako basamortu bat, hegoaldean.
.jpg)

Kultura eta historia
Nafarroa da Donejakue bideak zeharkatzen duen lehen erregioa, eta Orreaga du abiapuntu, toki legendarioa. Ibilbide horren inguruan, erromanikoko eta gotikoko altxorrak, zistertar monasterioak eta beren kantu gregorianoak, eta zaporez betetako herri historikoak topatuko dituzu. Donejakue bidetik kanpo ere hainbat aukera dituzu gozagarri: jauregi gotiko ederrak, hala nola Erriberrikoa; gotorleku-gazteluak, hala nola Xabierkoa; Erdi Aroko herriak, hala nola Uxue edo Galipentzu; eta alde zahar interesgarriak, hala nola Tuterakoa. Ondare monumentalaz gain, Nafarroak jakin izan du bere hizkuntzak, kultura, jaiak eta antzinako tradizioak gordetzen, agendan urte osoan zehar tokia dutenak.
Gastronomia entzutetsua
Denak gara jakitun bidaiaren parte hori ongi zaindu behar dela, baina erraza da Nafarroan. Hemen ere “ederki jaten dugun” ospea dugu. Gure tradizioaren zati da. Produktuak geure lurraldetik sortzen dira, eta askok Jatorrizko Deitura dute: Erriberako barazkiak, ezin goxoagoak, mendietako abereen haragia eta gaztak, Pirinioetako basoetako onddoak eta perretxikoak, eta Nafarroako hegoaldeko Nafarroa JDko ardoak.
Jatetxe bateko mahaian dastatu ditzakezu, edo kalean, bazkaldu edo afaldu aurretik gure tabernetan pintxo batzuk hartzea erabakitzen baduzu. Oso hemengoa da hori. Izan pintxo tradizionalak, izan frijitu gozoak, izan goi-sukaldaritzako mokadu txikiak, Espainiako onenetarikoak dira.
