Orreagako kolegiata

Orreaga

Donejakue Bideko topagunea, zure buruarekin topo egiteko gunea

Ibiltari talde batek, Donibane Garazitik etorriak, Orreaga bistan du azkenean.  Etaparen bukaera, atsedenaldiaren promesa.

A ze promesa gainera!

Orreagako Kolegiatara ailegatzea esanahiz betetako leku batera ailegatzea da Donejakue Bidea egiten dutenentzat.  Batzuentzat, beren ibilbidearen hasiera delako, Santiagoko ibilbidearen lehen etapa, eta, beste batzuentzat, berriz, Espainiara iristean, apostolua hurbilago sentitzen dutelako.

Eta zirrara hori guztia nabari da giroan.  Hasiera-hasieratik.

Berdin dio oinez edo gurpil gainean egiten baduzu; berdin zure sinesmenak.  Leku honek, —historia eta kondairaz betea—  hunkitu egiten ditu guztiak.

Ez da lan erraza hitzez azaltzea.  Baina geure gain hartuko dugu erronka.

Zergatik liluratzen gaitu Orreagak

  • Erromes baten maskorraren eta motxilaren xehetasuna Leku paregabea erromesentzat.

    Leku paregabea erromesentzat.

  • Presbiterioa eta beirateak, eta Orreagako Ama Birjina Gotiko frantsesaren adibide gorena.

    Gotiko frantsesaren adibide gorena.

  • Orreagako gudua gogorarazteko monumentua Gudu ospetsuen gertalekua.

    Gudu ospetsuen gertalekua.

Orreaga

Zer du leku honek berezia urtero milaka pertsona etortzeko Nafarroako Pirinioetan galduta dagoen toki honetara, 20 biztanleko herrira, denbora gelditu egin dela ematen duen tokira?

Akaso, hain zuzen horixe izanen da duen xarmaren parte bat.  Larre ugari, joare soinua eta langarra edo zirimiria, horiek guztiek lagundu egiten dute hainbeste erakartzen gaituen misteriozko kutsuhori ematen.

Lagundu egiten dute, halaber, Karlomagnoren porrot mitikoak, bere ondare artistikoaren altxorrek, eta, nola ez, Bideko Atea izateak dakarren guztiak.

Baina Orreaga definitzeko bi hitz aukeratu beharko bagenitu, hauexek lirateke: kultura eta paisaia.

Orreaga/Roncesvalles
Lagun taldea elurretako erraketekin ibiltzen

Kultura eta paisaia bat eginik

Multzo arkitektonikoa liluragarria da transmititzen duen orekagatik, ingurunean guztiz integratua baitago. 

Begiratzen duzun tokira begiratu, berdea.

Kolegiata inguratuz, Pirinioetako mendi leunak ikusiko dituzu, 1.000 metrotik gorakoak, ikuspegi paregabeak eskaintzen dituztenak, Lindus, Ortzanzurieta edo Ibañetako gaina kasu.  Gainera, azken horretara autoz iristen ahal zara bertaraino.

Eta mendi ibiliak egitea gustatzen bazaizu, hariztiak eta pagadiak nonahi, galtzeko bide politekin.  Galdetu Turismo Bulegoan eta xehetasunen berri emanen dizute.

Hori esanda, goazen orain izar nagusiarekin.  Nafarroa osoko lekurik ezagun eta maiteenetako bat da.  Zuekin guztiekin:

Orreagako Andre Maria Kolegiata

Ez dugu hasi nahi zure kabuz erraz aurki ditzakezun datu historikoekin, eta, beraz, funtsezko bi une baino ez dizkizugu kontatuko, oinarrizkoa jakin dezazun, dagoeneko ez badakizu:

Kolegiata XII. mendearen hasieran sortu zen, Alfontso I.a «Borrokalariak,» eta Iruñeko Apezpikuak Ibañetako gainean erromesak artatzeko ospitale-monasterio bat eraikitzeko agindu zutenean.  Urte batzuen buruan, bere egungo kokalekura eraman zen ospitalea.

Gartzia V.a Ramirez, Antso VI.a, «Jakituna,» eta Antso VII.a, «Azkarra», Nafarroako Erregeak izan ziren —1134tik 1234ra izan zen haien erregealdia—, multzoari bultzada erabakigarria eman ziotenak.  Antso VII.a Azkarrak eraiki zuen Kolegiata, eta hantxe daude haren gorpuzkiak.

Eta kitto.  Aski da. Testuinguru historikoaren gainerakoa hobe da ailegatzen zarenean ezagutzea.

Eta zer aurkituko duzu Orreagako Kolegiatan?

Beirateak eta Orreagako Ama Birjina
  • Andre Maria eliza

    Aurreratu dizugun bezala, gotiko gorena kubora jasoa.

    Ama Birjinaren tailu bikainarekin.  Eztia eta delikatua omen da, eta hitz egitea besterik ez omen zaio falta.  Beirateetatik sartzen den argiak lebitarazi egiten zaitu ia.  Eta gangak proiektatutako soinuaren durundiak hunkitu egiten du mundu guztia

    Sartu nahi duzunean; sarrera librea da egun osoan, erromesaren meza arte.

  • Klaustro gotikoa eta kapitulu gela

    Klaustroa, harrigarria da berez, eta elurtuta harrapatzen baduzu, berriz, gozamen estetiko hutsa.

    Kapitulu gela, bertan daude Antso VII.a Azkarraren mausoleoa —izengoiti hori bere 2,25 metroko altueragatik datorkio— eta Nafarroako kateak.

  • Done Jakue kapera

    Lehen gotikoko tenplu txikia —XIII. mendekoa—. Haren kanpaiak erromesak gidatzen omen zituen lanbro edo ekaitz garaian.

  • Karlomagnoren siloa

    XII. mendeko eraikin erromaniko honetan lurperatu omen zituzten Frantziako Hamabi Pareak, Karlomagnoren iloba zaldunak, Errolanekin batera hil zirenak 778an Orreagako guduan.

  • Orreagako Museoa

    Balio handiko piezak ditu, hala nola Karlomagnoren xakea edo Miramamolinen esmeralda.

    Xakeari dagokionez, esaten da Karlomagno xake jokoan ari zela bere iloba Errolan Orreagako guduan hil zela jakinarazi ziotenean.

    Eta esmeraldaren kondairak dioenez, Miramamolinek bere turbantean omen zeraman Navas de Tolosako guduan, 1212an.  Antso Azkarra erregeak altxorraren zati gisa kendu omen zion, eta orduz geroztik, Nafarroako armarriaren parte da, kateekin batera.

  • Itzandegia

    Multzoaren barruan itzandegia aurkituko duzu, Erdi Aroko eraikina —antzinako erromesen ospitalea—, gaur egun erabilera anitzeko gela gisa erabiltzen dena.

Orreagan barna egindako ibilbideak agerian uzten ditu inguruko biztanleen bizi baldintza gogorrak, erlijiosoek erromesaren babesean duten eginkizuna eta museoko erlikiekin duten zeregin historikoa.

Bisita honetan, areto bakoitza, elementu artistiko bakoitza biltzen dute istorioek.  Balentrien, galeren, fedearen eta itxaropenaren istorioak.

Aditu nahi al zenituzke?

Orreagako planoa

Kokatu monumentuak planoan.

Orreagara eginen duzun bisita osatzeko planak

Ez dugu amaitu nahi inguruan dituzun aukerak azaldu gabe, kolegiatan primerako eguna pasatzen bukatzeko.

Mendi ibiliak egiteko asmoa baduzu, hauek dira inguruko ibilbideetako batzuk, paisaiarik onenekin:

  • Kalonjeen bidea: hauxe da kalonjeek kolegiatako hormetatik kanpo egiten ahal zuten ibilaldi bakarra. Multzo osoaren ikuspegi ederra eskaintzen du, Errolanen iturritik, zeinean -kondairaren arabera- zauritu zuten zalduna, eta Ama Birjinaren iturritik pasatuz, artzain batzuek Orreagako Ama Birjinaren irudia aurkitu zuten lekua.

  • Basajaunberroko oihana: ibilbide zirkular eta erraza da, ordubete baino gehixeagoan egiten dena, primerakoa familian egiteko.  Kolegiatatik bertatik abiatzen da eta han eta hemen ikus daitezkeen pagoek eta haritzek are magia handiagoa ematen diote inguruari.  Akelarreak egiten omen ziren bertan. Azken zatia Donejakue Bidea da, baina kontrako norabidean. Ikus hemen wikiloc-eko ibilaldia

  • Donejakue Bidearen zatiak: bai, zergatik ez egin alderantziz?  Horixe da Ibañetako gainera igotzeko eta kolegiataren ikuspegi ederraz gozatzeko modurik egokiena.  Beste aukera bat da Auritzeraino joan eta itzultzea.

  • Aurizko bunkerren ibilbidea: XX. mende gorabeheratsuan kokatuko zaitu.  Pirinioetako gailurrak mugatzen dituen mugalerroari jarraituz eta seinaleztatutako 3 xendatan barna aurkituko dituzu lerro gotortuaren aztarnak, Espainiako Gerra Zibilaren garaitik prestatu zena. Kontsultatu hemen ibilbideak. 

Eta inguruko herriak bisitatu nahi badituzu, Auritzera edo Aurizberrira hurbiltzea gomendatzen dizugu —karrika-herrien adibide politak—.  Hilarridun hilerriak, paisaia berdea eta piriniotar arkitektura aurkituko dituzu bertan, made in Navarra zigilu bereziarekin betiere.

Ardiak bazkatzen
Ibiltariak
Ilunabarra Donejakue Bideko monumentuan, Erreniegako gainean

Orreagan Donejakue bidea hastea

Eta, bidezidorrez ari garela, hemen hasten da bat, tradizio handia eta sustrai ezin sakonagoak dituena:  Donejakue bidea.

Bide Frantsesaren lau bideak, Europako hainbat tokitatik abiatzen direnak, Donibane Garazin elkartzen dira, zeina Orreagatik 27 kilometrora baitago. Hori dela eta, erromes gehienek Orreagatik abiatzea erabakitzen dute abenturari ekiteko.

780 kilometroko balentria Santiago de Compostelaraino heltzeko, zure motxila oroitzapen ugariz beteko duena. Ekin bideari oinez, bizikletaz, zaldiz, aterpetxeetan edo hoteletan lo eginez eta zama gainean eramanez edo ekipajerik gabe, beste batzuek badaramate zure ordez.

Nola edo hala, baina ekin bideari. Ez zara damutuko, ziur.

Hona hemen Donejakue bidearen Nafarroako tartearen gaineko informazio guztia

Animatuko zara, ezta? Bai, horixe

Ikusi duzu Orreagara etortzea plan ezin hobea dela eguna pasatzeko.

Donejakue Bide frantseseko ikono honen sekretuak ezagutzea, pagoen eta haritzen artean ibiltzea, piriniotar gastronomia probatzea —artzain-apurrak, perretxiko nahaskia, amuarraina urdaiazpikoarekin, basurde gisatua, usoak, gaztanbera, ummm zer goxoa—. Eta gauza luzatzen bada, pasatu gaua herrian bertako landetxe, hotel edo aterpetxeren batean eta kitto.

Primerako plana!

Planak Orreagan

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?