Nafarroa ekialdean, Pirinio aurreko ibarretan, bada toki bat, Iruñetik 40 bat kilometrora, gorde samarra egon arren oso bisitatua dena.
Eta Nafarroan gertatu ohi denez, paisaia da horretarako arrazoia. Toki horretan, ordea, ez duzu aurkituko basamorturik, edo pagadi ederrik.
Jendea Nafarroa ekialdera, Pirinioen magalean dagoen ingurune honetara erakartzen dutenak bi arroila dira, Irati eta Zaraitzu ibaiek milioika urtetan zizelkatuak. Hemen zain daukazuna, beraz, hormatzar malkartsuz osatutako eremu bat da, non, beste animalia batzuen artean, hegazti harrapari handiak bizi diren.
Espero zenuen halakorik?
Ba hortxe duzu, naturaren beste mirari bat Nafarroan.
Irunberriko arroila
Aurretik aipatu bezala, Irati ibaiaren urek egin dute hain deigarria den naturgune hori. Deigarria, eta aisialdirako aukeraz betea, bidenabar.
Eta aukera horietako lehenbizikoa da horra iristeko bidea bera. Izan ere, gogoko baduzu errepide bihurrietan eta mendateetan barna ibiltzea, izugarri gustatuko zaizu Irunberriko arroilarainoko bidea. Batez ere, motoz etorriz gero. Beraz, ez harritu bidean motozaleak topatzen badituzu, paisaia bikainetan barna adrenalina deskargatzera etorriak.
Irunberriko arroilara iristean, ikusiko duzu amildegiz osatutako ingurunea, berdea eta malkartsua, zeina natura-erreserba baita 1987tik. Baina ez kezkatu, oso erraza baita hor barna ibiltzea; berehala esanen dizugu nola.
Xehetasunetan sartu aurretik, agian interesatuko zaizu jakitea badela aparkaleku bat arroilaren sarreratik hurbil, ibilgailua han utzi nahi izanez gero. Goi-denboraldian ordaindu egin behar da —ez asko—. Aparkalekuaren inguruan badituzu informazio gune bat, askaldegia eta komun publikoak.
Hori argiturik, goazen korapilora.
-
Irati bide berdea
Edonork egitekoa da Irunberriko arroilako bidea. Oinez, bizikletaz, haur-kotxearekin edo gurpil-aulkian egin daiteke, beraz.
Ez dago aitzakiarik. Familia osoak egin baitezake.
Irati bide berdea zelaia da; igarotzen da Iruña eta Zangoza lotzen zituen tren elektrikoaren lehengo bideetatik.
6 kilometro pasatxo ditu, ibai bazterrean, eta harkaitzean zulatutako bi tunel zeharkatzen ditu.
Bidea Deabruaren zubiaren ondotik igarotzen da. Aurriak baino ez da egun —frantsesek suntsitu zuten Independentzia Gerran—, eta kondairak dio deabruaren laguntzarekin eraiki zela. Azken zatian (azken 2 kilometroak), Irati ibaitik urruntzen da, zereal-soroen artean, Ledearaino.
Informazio gehiago Wikiloc-en -
Irunberriko arroilako ibilbide zirkularra, gogor samarra
Arroilan barna ibiltzeko beste aukera bat ere badago, gogorragoa. Horretarako, tokiko bidezidor seinaleztatu bat hartu behar duzu, ezkerretara, lehenengo tunelera iritsi aurretik. Bideak arroila inguratzen du inguruko mendi-hegaletan barna. 3 kilometro igarota, aparkalekura itzultzen da, arroila zeharkatuta bide berdean barrena.
6,4 kilometroko ibilbide zirkularra da, 360 metroko desnibelekoa, eta urrutixeagotik erakusten du arroilaren ingurua.
Baina aukeratzen duzun bidea aukeratzen duzula, laburra edo luzea izan, ez dituzu inola ere galduko paisaia zoragarria, uraren hotsa eta hegaztien hegaldiak. Zaude ziur.
Informazio gehiago Wikiloc-en
Eta ibilbideko paisaia sakonago ikusteko txangoa egin nahi baduzu, zatoz ingurumena ezagutzeko zentrora, inguruko enpresek eskaintzen dizkizuten jarduerak ezagutzera:
Ur-jarduerak Irunberrin
Irunberriko arroila ezagutzeko beste aukera bat, kasu honetan «barnetik». Uretatik, jakina.
Uda partean etorri eta uretan sartu-atera bat egiteko gogoa sortzen bazaizu, arroila zeharkatzen duen bideko zenbait puntutan baduzu horretarako aukera. Hori bai, ibai hau Pirinioetatik dator eta ura frexko-frexko dago, beraz ez egin jauzi ero-eroan.
Edo, behar bada, nahiago duzu Iratiko urak zeharkatzearen zirrara sentitu eta ingurunea beste ikuspuntu batetik ezagutu. Ba hori ere egiten ahal duzu. Baltsa pneumatiko batean, adibidez. Familientzako nahiz kuadrillentzako jarduera ezin hobea.
Hegaztiak behatzea
Bota dugu han eta hemen, eta bai, hala da: Irunberriko arroila paradisua da harrapari handientzat, bai eta horiek beren habitat naturalean ikusteaz gozatzen dutenentzat ere.
Izan ere, harkaitz malkartsuak babesleku ezin hobeak dira haientzat, eta horrexegatik lasai ibiltzen dira hemen.
Malkar-sorbeltzak, belatz handiak, ugatzak, arrano beltzak, hontz handiak eta, jakina, sai arreak. Azken horiek dira arroilako animaliarik adierazgarrienak, 200 bikote baino gehiago baitaude.
Eta onena zera da, ikuskizunaz gozatzeko ez duzula deus ere egin beharrik, arroilan zehar zoazela begirada altxatu eta haien hegaldia behatu besterik ez.
Arbaiungo arroila – Isuko begiratokia
Hara hantxe, arroila bat!
Bai, badira arroila ikusgarriak, Irunberrikoaz gain. Oso ikusgarriak; izatez, Arbaiungoa da Nafarroako arroilarik zabalena eta izugarriena.
Irunberritik abiatuz gero, 20 minutu beharko dituzu kotxez hara iristeko. Otsagabirantz doan NA-178 errepidea hartu besterik ez duzu, eta zerorrek egiaztatu batere ez dugula esajeratzen.
Haitzarte hori, Zaraitzu ibaiaren urek urtetan zizelkatua, Irunberrikoa baino malkartsuagoa eta zailagoa da. Horregatik, gomendatzen dizugu Isuko begiratokitik gozatzea ikuspegiaz, bertatik arroilaren benetako tamaina ikus baitezakezu. Hormigoizko plataforma bat da, amildegia goitik ikusteko, eta informazio panelak eta doako aparkalekua ditu.
Bistak: sekulakoak.
Ia 6 kilometro luze dena malkarrez, 400 metrora arteko altuera hartzen dutenak; horiei esker ditu Arbaiungo arroilak natura-erreserba eta hegaztientzako babes bereziko eremu tituluak.
A, eta beste gauza bat: ez ezazu kamera etxean utzi. Ez da erraza horrelako landaredia aurkitzea, ezta halako sai arren kolonia bat ere, eta ziur instagrameatu nahiko dituzula. Ez ahaztu #visitnavarra hashtag-a jartzea gure sare sozialetan berposteatu zaitzagun! Eta larrazkenean etorriz gero, orduan bai dela benetan zoragarria.
Irunberriko natura ezagutzeko zentroa
Eta Irunberriko eta Arbaiungo arroilez ari garela, ezin dugu aipatu gabe utzi horiek ezagutzeko zentroa, Irunberrin.
Bertan, aurkituko duzu Irunberriko arroko bizitzari buruzko era guztietako informazioa —jendeari, lanbideei eta tradizioei buruzkoa— panelen, ikus-entzunezko proiekzioen eta material bibliografikoaren bidez. Eskualdeari buruzko informazio turistikoa ere kontsulta dezakezu, bisita nahi adina luzatzeko.
Bisita itzazu Irunberriko arroilaren inguruak
Eta zure bisita luzatzeaz ari garenez, hementxe dituzu gure proposamenak. Hona hemen ideia batzuk, Irunberriko arroilatik nahiko hurbil, zure ateraldiari amaiera bikaina emateko.
-
Beste arroila batzuk
Arroila gehiago ikusteko gogoz geldituz gero —ederrak baitira oso— iparralderantz jo besterik ez duzu gozatzen jarraitzeko.
Hurbilen duzuna —Arbaiungo arroilatik 10 minutura— Benasako arroila da; hori ere natura-erreserba, eta dibertsitate biologiko handikoa. Sakanaren ondotik doan bidezidorrak hango baso ederraren ikuspegi ezin hobea emanen dizu.
Eta handik 20 minutura —ekialderantz— duzu Burgiko arroila. 3,5 kilometroko bidezidorra dago Ezka ibaiaren bazterrean, eta arroila horretako malkar ikusgarrietara eramanen zaitu.
Azkenik, Burgitik ordu erdira, Erronkaribarren, Mintxateko arroila aurkituko duzu. Sakanetik doan bidexka erraz egiten da, eta ibaia ur askorekin datorrenean, ur-jauzi eta zurrusta ederrak ikusten dira.
-
Zangoza
Hiri hau ezagutzera animatzen zaitugu; txikia tamainan baina handia ondarean.
Donejakue bidea erditik igarotzeak eta Erdi Aroan izan zuen indar ekonomikoak ekarri zuten eraikin apartak egitea, hala nola Andre Mariaren errege eliza (ez ezazu galdu haren portada erromaniko harrigarria). Baditu jauregi eta komentu ederrak ere; merezi du alde zaharretik paseatzea, horiek ikusteko.
Bidenabar, Zangozako gastronomia bikaina denez, Nafarroako potxak dastatu nahi badituzu, hauxe dute sorlekua, eta hauxe duzu horiek probatzeko tokia.
Jakin nahi dut ze plan egin daitezkeen Zangozan -
Oibar
Zangozatik oso hurbil aurkituko duzu Erdi Aroko herrixka hau, bere garaian gotorleku gisa eraikia.
Harrizko kale meharretan barna, jauretxeak ikusiz eta Andre Mariaren plaza arkupetua zeharkatuz, iritsiko zara gailurrera, Done Petri eliza erromanikora. Kalez kale ibiltzeagatik baino ez bada ere merezi du muinora igotzea, eta zer esanik ez tenplu horren arkitektura miresteagatik.
-
Xabierko gaztelua
Zangozatik hurbil hori ere, oso gaztelu berezia da hemen bizi garenontzat. Izan ere, bertan jaio zen 1506an eta hor bizi izan zen San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroako patroia.
Urtero Xabierraldiak antolatzen dira haren omenez: Xabierrera bi erromesaldi egiten dira martxoan, eta milaka nafar biltzen dira santua gurtzera.
Gazteluan barna ibilbidea eginez gero, Erdi Aroko gotorleku horren elementu nagusiak ezagutuko dituzu: dorreak, ziegak, matakanak eta zubi altxagarri bat. Istant batean, iraganera eramanen zaituzte.
Zer egiten ahal dut Xabierren? -
Leireko monasterioa
Arroilatik 25 minutura, Nafarroako txoko hau bisitatzeko aukera duzu, non natura eta bake monakala bat diren.
Apaindura gutxiko multzo arkitektonikoa, barnean ditu Nafarroako erregeen hilobia, kripta erromaniko bitxia, Erdi Aroko Porta Speciosa ederra eta, nola ez, monje beneditarren kantu gregoriar hunkigarriak.
Espiritua suspertuko dizu bisita horrek, zure sinesmenak edozein direla ere. Ez dugu zalantzarik.
Leireko monasterioan egin daitezkeen planak
Planak Irunberriko eta Arbaiungo arroilen
Hori egina dago… Baina beste zerbait egin nahi badut, zer?
Ba egonaldia luzatu nahi baduzu, zaude lasai, aukera asko dituzu eta.
-
Iratiko oihana
Iratiko oihana
Kutsu magikoa duen pagadi-izeidia, non nagusi baitira natura, kirola eta edertasuna.
-
Baztan
Baztan
Natura, baserriak eta herri politak, joan-etorri baterako plan ederra.
-
Orreagako kolegiata
Orreagako kolegiata
Donejakue bidearen sarrerarik ederrena zuretzat ere zabalik da.