Errege Bardeako Parke Naturala

Naturan barna

Elezaharretako moduko paisaiak pagadi, arroila eta leize artean

Nafarroa trantsizio-lurraldea da eta lau klima desberdin ditu. Horrek eragina du ezinbestean paisaietan eta eskualdeen arteko kontraste handietan. Batetik, mendi-gailurrak eta haran berdeak Pirinioetan; bestetik, Bardeako mortua; eta bien artean mendixkak, mahastiak eta labore-lurrak. Dibertsitate hau naturaren oparia da, erregalia, eta eskerrona eta harrotasuna sortzen dizkigu.

Nafarroako bideek gailurretara, oihanetara, leizeetara, mahastietara eta mortuetara eramanen zaituztete. Donejakue Bideak berak ere utz dezake zugan aztarna foru lurralde honetan.

Hemen, puntu kardinalaren arabera paisaia goitik behera aldatzen den lurralde honetan, barne-bakea aurkitzen ahal duzu. Gainera, urtaro bakoitzak bere koloreak ekartzen ditu eta pasaiak aldatzen dira, baina beti ere indarra eta emetasuna galdu gabe.

Nafarroa ia 180 km luze da iparretik hegora. Eremu horretako naturak aukera paregabea ematen dizue gustukoen dituzuen jarduerak egiteko.

Nafarroako ezinbesteko bisita naturalak

Gure artean egun gutxi emanen badituzu, jarraian agertzen diren toki zoragarri hauetako batzuk bisitatu behar dituzu. Gaua eta eguna bezain desberdinak dira, baina bakoitzak badu bere xarma eta seguruenik bizitza osoan gogoratuko duzu.

Egin klik eta ikusi zer ikus daitekeen eta zer egin daitekeen naturagune eder hauetan.

Nafarroako Pirinioak

Gauza jakina da Nafarroako Pirinioetako naturaguneak estatu osoko balio natural handienetakoak direla. Pirinioetan aukera ezin hobea izanen duzue bat egiteko naturarekin eta bere erroei eusten jakin duen kultura batekin.

Nafarroan daude Pirinioetako mendirik leunenak eta hori, besterik badirudi ere, gauza ona da.

Zergatik? Aisa igotzen direlako eta oso egokiak direlako paseatzeko; bisitarientzat aisa da Iratiko oihanean edo Bertizen ibiltzea edo Irunberriko eta Arbaiungo arroilak behatzea, saiak zeruan hegaldaka dabiltzala...

Pirinioek hunkitu egiten dute: ibar ederrak (Erronkaribar-Belagua, Zaraitzu eta Aezkoa) eta postaletan agertzen diren herriak: harrizko karrikak, baserri sendoak eta gastronomia gozoa. Gainera, badira altxor artistiko ezagunak ere: Orreagako Kolegiata eta Aralarko San Migel santutegia.

  • Baztan

    Pirinio Atlantikoko muinean dago; Nafarroako ibarrik nobleena da, kapareen eta abenturazaleen sorterria, bai eta artisauena, sorginena eta kontrabandistena ere.

    Baztan hainbat osagairen multzoa da: belagi beti berdeak, herri xarmagarriak, harri gorrikaraz egindako eta geranio sarriz estalitako baserri ederrak, gastronomia aparta eta sendo errotutako kultura. Muino leunak nagusi dira Elizondon, Amaiurren eta Zigan, eta ura nonahi ageri da: Xorroxingo ur-jauzia eta Infernuko Errota.

    Ibar honetan zehar Donejakue Bidea doa, baina badu alderdi ezkutua ere: sorginkeria-istorioak eta mitologia-ipuinak ere bizirik daude oraindik.

    Baztan: jakin beharreko guztia
  • Erronkaribar

    Erronkaribar Nafarroako Pirinioetan dago. Pintore erromantiko batek egindako koadroa ematen du. Kale harrizkoak, etxe ikusgarriak, tximiniak ketan eta geranioak kaleak koloreztatzen. Ibar honetako herritarrak harro daude beren iraganaz eta festa eta tradizioen bidez goraipatzen dute.

    Nortasun handiko herriak (Izaba, Burgi, Erronkari...) eta inguruan natura oparoa: arrazoi onak dira ibarra ezagutzeko txangoa antolatzeko. Horrez gainera, bisitaren osagarri gisa gastronomia sendoa dastatzen ahal da (artzain-apurrak eta, nola ez, Erronkari jatorri-deiturako gazta) eta antzina-antzinatik heldu diren bestak ikus daitezke, esaterako Hiru Behien Zergarena.

    Erronkaribar: jakin beharreko guztia
  • Belaguako ibarra

    Erronkaribarretik irten gabe, Izaban goiti, Belaguako ibarrera joan daiteke; Belagua da Nafarroan glaziar batek eratutako ibar bakarra. Ibar honetan indar handia izan dute betidanik nekazaritzak eta abeltzaintzak, eta oraindik ere bizirik daude antzinako ohiturak.

    Ibarrean zenbait naturagune babestu daude. Horietako bat Larrako erreserba naturala da, Europako paisaia karstiko ikusgarrienetakoa dena. Mendi-pinuak kareharrien artean ikusten dituzuenean, berehala aterako duzu argazki-makina. Gainera, espeleologoek ere maite dute mendigune hau, 3.000 leize baino gehiago baitaude katalogatuta bertan. Eta Nafarroako mendirik altuena ere bertan dago: Hiru Erregeen Mahaia (2.242m). Horregatik, ibar hau oso egokia da mendi-ibilietarako eta iraupen-eskian aritzeko. Labur esateko, mendizaleentzat gozokia da.

     

  • Zer esan daiteke Ultzamari buruz?

    Beste haran xarmagarri bat, txikia, Iruñetik 25 kilometrora. Uhin-itxurako larreak eta herri eder-ederrak baserri zainduak nonahi, mamiak, zinez txundigarriak, eta beste erakargarritasun hauek guztiak topatuko dituzu:

    Senderismoa inguruan:

     

    Ultzamari buruzko guztia: zer egin, herriak, lo egin eta jan

Elezaharretako oihanak

Bil gaitezen harizti eta pagadietara eta goza ditzagun Nafarroako oihanetako soinuak; animaliak eta landareak eskutik doaz eta giro lasaia eta koloreztatua sortzen da: udaberrian eta udan berdea da nagusi; larrazkenean, gorri-horia.

Oihana
  • Iratiko oihana

    Nafarroako eta Pirinioetako totemetako bat da. Izan ere, Europako pagadi-izeidi handienetako eta ongien zaindutakoetako bat da.

    Oihan honek txundituta eta indarberrituta uzten ditu bisitariak, urte osoan zehar, urtaro guztietan. 17.000 hektareatik gorako azalerarekin, Iratiko oihanak aukera anitz ematen ditu kirolean aritzeko eta aisialdirako: mendi-ibiliak belardietan eta pagadietan barna edo Irabiako urtegiaren ondoan, bizikletan ibili BTT pistetan barna edo koadro bat pintatu larrazken-koloreekin, besteak beste.

    Eta gogoan izan bi ibarretan barna hel zaitezketela: Zaraitzun edo Aezkoan barna. Gainera, ez ahaztu ikuspegi ederrak daudela ondoko begiratokietatik: Ariztokia, Pikatua eta Tapla gaina.

    Iratiko oihana: jakin beharreko guztia
  • Bertizko Jaurerriko parke naturala

    Nafarroako lehen parke naturala izan zen. Atlantikoaren eraginpean, mendez mende pagoz, ametzez eta haritzez osatutako oihana sortu da.

    Biodibertsitatearen aldetik, erabateko altxorra da. Gainera, mundu osotik ekarritako espezieak biltzen dituen lorategi botanikoa dago eta bertan pasea daiteke urmaelen artean eta jauregiaren ondoan.

    Interpretazio-zentroa ere badago; bertan zehatz-mehatz azaltzen dituzte bazter ikusgarri honen ezaugarri guztiak.

    Bertiz: jakin beharreko guztia
  • Harizti izugarriak

    Zuhaitz handiak, batzuk ehunka urtekoak eta beste batzuk milatik gorakoak. Oihan zokoetan giro misteriotsuak sortzen dira. Oihan hau hain da handia, ezen aho zabalik utziko baitzaitu. Hona gure gomendioak:

        - Orgiko oihana, Ultzaman.

        - Jauntsarasko haritz handiak, Basaburuan.

        - Etxarri-Aranazko milaka urteko haritzak. Ibilbide hau luzatu daiteke eta trikuharrien bidea egin.

        - Altsasuko hariztia.

  • Pagadi xarmazkoak

    Badakigu Iratiko oihaneko pagadiak direla denon kutunak, baina ez zaitez erratu: pagadi guzti-guztiek eragiten dute baretasuna eta bakea. Hona hemen batzuk:

    Urbasako pagadi xarmatua eta Mendizaleen ibilbidea.

    Iturburua, Bertizen.

    Dronda-Bagomalta, Belaguan.

    Basajaunberroko oihana, Orreagan.

    Hiru pagoen bidea, Aurizko bunkerren bideetan.

    Kintoko oihana.

  • Leitzalarreko oihana

    Batez ere pagoak eta haritzak daude, baina belardiak eta irasailak ere ugariak dira; gainera, zenbait konifero-espezie daude.

    Nolanahi ere, Leitzalarrean dena ez da natura. Oihan guztian barna zenbait monumentu megalitiko daude, alde honetan gizakia antzinatik bizi den seinale. Mendeetan meatzaritza jarduera garrantzitsua izan zen, eta gaur egun oraindik ikusgai daude behinolako burdinolen hondarrak.

    Zoazte eta aztertu informazio paneletan nolako ibilbideak dauden.

    Informazio gehiago Leitzalarreaz

Ura denean protagonista

Ur-ertzeko landaredia
  • Urederraren iturburua

    Horra Nafarroako naturagune miresgarria!

    Urbasa-Andia parke naturaleko akuiferoa azaleratzen den tokian Urederra ibaia sortzen da. Izena ongi paratua du, izan ere.

    Hala denez egiaztatu nahi izanez gero, egin aurrera ibai ondoko bidetik eta 7 kilometroko tartean denetariko koloreak ikusiko dituzue: urdin turkesa uretan, berdeak eta gorri-horiak landaretzan, urdin argia zeruan… Ibilbide erraz honetatik istilez istil ibiliko zarete Nafarroako bazter oparoenetako batean.

    Urederraren iturburua: jakin beharreko guztia
  • Irunberriko arroila eta Arbaiungo arroila

    Adi orain, naturak eskaintzen dizkigun fenomeno harrigarri batzuen aurrean baikaude: Nafarroako Pirinioetako arroilak.

    Nafarroan arroila esaten zaie ibaiek milioika urtez kareharrian zulatutako haitzarteei. Zulatze-lan horren ondoriozko paisaia oso berezia da: haitzen arteko pasabide estuetan aire-korronteak dabiltza eten gabe, eta ekosistema bitxi horretan denetariko hegazti harrapariak bizi dira.

    Ezagunenak honako hauek dira: Irunberriko arroila, Irati ibaiak egina eta gaur egun bide berde bihurtu dena, eta Arbaiungo arroila, Isuko mendatetik ikusi beharrekoa.

    Irunberriko eta Arbaiungo arroilak: jakin beharreko guztia
  • Leurtzako urtegiak

    Nafarroa Atlantikoko oihanen artean mendiko urtegi hauek ezusteko erakargarria ematen dute. Pagadiz inguratuta daudela, ipuin zaharretako moduko urmaelak dirudite. Ibilbide errazei esker inguruko jardunak, animaliak eta landareak ezagutzen ahal dira. Gainera, mahai eta aulkiak daudenez, naturagune hau oso egokia da familientzat.

    Leurtzako urtegiak: jakin beharreko guztia
  • Allozko urtegia

    Lizarratik oso hurbil urdin turkesa koloreko urtegi bare hau aurkituko duzue. Inguruan ametzak, zuhaixkak eta pinuak daude. Toki aproposa da udan uretako kiroletan aritzeko edo murgil egiteko. Halaber, oso egokia da belan edo paddle surfean egiten ikasteko korronteen beldurrik gabe. Eta lasaixeago ibili nahi izanez gero, hidropedalak eta piraguak alokatzen ahal dira, bai eta txalupa-pasealdia erreserbatu ere. Gainera, mahai eta aulkiak, komunak, itzalpeak, aparkalekuak eta bainatzeko eremuak daude. Dena prest ur gezatako hondartza-eguna pasatzeko!

    Allozko urtegia: jakin beharreko guztia

Ikusi beharreko Nafarroako mendilerroak

Honezkero jakinen duzue, baina berriz esan behar dugu: Nafarroan ez gaude naturagune faltan. Aitzitik, anitz ditugu, eta zaila izaten da bakoitza merezi duen bezala goraipatzea gehiegi luzatu gabe. Dena den, geure asmoari ekinen diogu eta Nafarroako altxor natural guztiak aurkeztuko dizkizugu. Gutxi falta da.

  • Aralar

    Mendigune karstiko hau Gipuzkoara ere hedatzen da. Bertako paisaia oso bitxia da: lapiazak, ibar itxiak, leizeak, belardi berdeak eta pagadi zabalak. Beraz, zaletasun guztiak asetzeko moduko tokia dugu.

    Paisaia gogoangarriz betetako inguru honetan ibilaldiak egin daitezke oihan eta trikuharrien artean, mendien magaletan dauden herrixka politak bisitatu daitezke (Mugiro, Iribas edo Arbizu, esatera) edo Aralarko San Migel santutegi erromanikora joan daiteke eta hango 1.200 metroko garaierako behatokitik ikusten dena gozatu.

    Bistaratu Aralar bisitatzeko plan guztiak
  • Urbasa-Andia parke naturala

    1.000 metroko garaieran dagoela, mendigune karstiko honetan oihanak eta mendi-ordokiak tartekatzen dira eta ohikoa izaten da behorrak eta ardiak bazkatzen ikustea. Ardien esnearekin Idiazabal jatorri-deiturako gazta ederra egiten da.

    Ikusi beharrekoak dira iparraldeko barga, Beriain mendi mitikoa eta Aralarko mendilerroa aurrean direla, bai eta Ubabako begiratokia ere, hegoaldean, Urederraren iturburuaren zirku izugarrian amiltzen dena.

    Bistaratu Urbasatik hurbilen dituzun plan guztiak

Naturan jairratzera animatzen zara?

Enpresek antolatutako planak naturan

Ekin abenturari, baina profesionalen eskutik: berek gidatuko zaituzte eta zeure kabuz inolaz ere deskubrituko ez zenituzkeen sekretuak azalduko dizkizute.

Beste plan batzuk Nafarroako natura-turismoko bisita osatzeko

Ikusten duzuen bezala, Nafarroako natura-turismoaren eskaintza harrigarria da eta urte osoan dago bisitariak beso-zabalik hartzeko gertu.

Gehiago nahi? Ba, ez galdu ondoren datorrena:

  • Zainzuri muturrekin prestatutako platera Gastronomia

    Gastronomia

    Eman kapritxo bat zeure buruari eta dastatu Nafarroako gastronomiako plater berezienak. Bertako ardo bat edanez, noski.

  • Eunateko Andre Mariaren eliza Kultura eta sustraiak

    Kultura eta sustraiak

    Zatoz Erresumaren barnealdea ezagutzera, zure jakin-mina kultura ondare zoragarri batekin asetzera.

  • Neskatxa Taconera parkean City break

    City break

    Asteburuak askotarako ematen du Nafarroan. Kultura eta pintxoak: hiriko aisialdiaren osagairik hoberenak elkarrekin.

Emaitzarik gabe