Gure gastronomian, lurrak agintzen du! Bikotea topa egiten jatetxe bateko terrazan bazkaldu bitartean

Gure gastronomian, lurrak agintzen du!

   Ikusi bideoa

Badakizu zergatik?

​​​​​​​Izan ere, soilik naturaren zikloak errespetatuz eskain diezazukegu sasoiko kalitatezko produktua.

Gozatu eta ixo! Zaindu gure sekretua

Esperientzia gastronomikoak

Gonbita egiten dizugu turismo gastronomikoko esperientzia dibertigarri, didaktiko nahiz harrigarrietan parte hartzeko.

Lagunak topa egiten pintxoz betetako barra baten aitzinean

Enoturismoa Nafarroan

Eta goazen azkar batean enologiara. Izan ere, gure jatorri-deiturak begiratu besterik ez dago ikusteko Nafarroa ardoaren lurraldea dela; berezko bat dugu, Nafarroa JD, eta Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera, Errioxa JD. Biak ere mundu osoan ezagunak.

Nafarroako ardantzeetan ekoizten dira ardo beltzak, gorriak, zuriak eta gozoak... Eta adi, Nafarroak zeresan handia baitu apardunen arloan ere: Mendabia eta Vianako ardo bikainak Cava jatorri-deituraren parte dira. 

Gainera, turismo gastronomikoak jakin du dastatzeaz haratago doazen esperientziak sortzen; badituzu hainbat aukera. Parte hartzen ahal duzu mahats-bilketan eta mahats-zanpaketan, ardantzeetan barna ibili zaldi-organ, lantegietan parte hartu zure alde sortzaileena ateratzeko, ardantzeen artean yoga praktikatu, edo ardoterapia-saio batekin zure burua zaindu.

Jakina, hori dena, alde batera utzi gabe upeltegietara bisita egin eta hango ardoa dastatzeko saioak.

Begiratu hemen esperientzia enologiko guztiak
Pintxo prestatua

Iruñean barna pintxoak janez

Has gaitezen! Eta hasteko, hiriburuan aski sustraiturik dagoen ohitura bat aipatuko dizugu: pintxoak jatera ateratzea. Izan ere, Iruñean garrantzia handia ematen zaio gastronomiari, eta horren erakusgarri dira tabernetako barrak. Eguerdian edo afalaurrean, pintxotarako giro ederra topatuko duzu.

Aukeran dituzu betikoak, esaterako txistorra pintxoak, edo ganba, piper nahiz arrautza frijituak, ala sukaldaritza sortzaileak prestatutako miniaturak; edozein aukeratzen duzula ere, ziur egon gozatzen hasiko zarela barrari begiratu orduko.

Beti gelditzen zara gehiago jateko gogoz, ezta?

Goazen pintxoak jatera!

Nafarroako plater tipikoak

Monumentuak eta paisaiak oso ongi daude, noski, baina bidaia-planean ez dago eskualde bateko sukaldaritza tradizionala ezagutzea baino garrantzitsuagorik. Beraz, prestatu zure dastamen-papilak esperientzia ahaztezin baterako, Nafarroan galdu ezin dituzun plater tipikoak erakutsiko dizkizugu eta.

Hemen txoko bakoitzak bere gutiziak ditu, hemen lurrak agintzen du! Baso eta artzaintza lurretara etorriz gero, Pirinioetara, Erronkari eta Idiazabal gazta, ogi-mamiak, onddo bildu berriak edo zinez txoratuko zaituen txuletoi ederra dastatzen ahalko dituzu… baita bertako postreak ere, hala nola, mamia eta kremadun tututxoak. Erdialdean, Nafarroa JDko ardoa da errege, zinez gozoa. Baina hortxe daude ere potxak, txerrikume errea, arkumea txilindron erara…  Eta Erriberako lautadetan? Ba, presta zaitez barazkiez maitemintzeko. Bakoitza bere aldetik dasta dezakezu, edo bankete ederra egin eta denak menestra batean batu: orburuak, kardua, ilarrak, babak, borraja eta zainzuriak. Eta ez ahaztu pikillo-piper samurrak probatzea.

  • Txistorra

  • Frijituak: arrautza, ganba eta piperra

  • Iruñeko pintxoak

  • Nafarroako zainzuriak

  • Tuterako kukuluak

  • JDko pikillo-piperrak

  • Onddo-nahaskia

  • Ardo gorriak

  • Artzain-apurrak

  • Betekia tomatearekin

  • Barazki-menestra

  • Orburuak

  • Kardua urdaiazpikoarekin

  • Borraja

  • Zangozako potxak

  • Txuletoia txingarretan

  • Txerrikume errea

  • Arkumea txilindron erara

  • Mamia

  • Goxua

  • Erronkari eta Idiazabal JDko gazta

  • Kremadun tututxoak

  • Nafarroa JDko ardo beltzak

  • Nafarroako patxarana

Eta orain, dastatzera!

Kontatu dizugun guztiaren ondoren, mahaian esertzeko gogoa ematen du, ezta?

Alde batetik, estatuko eta nazioarteko gida ospetsuenetan ageri diren jatetxe tradiziozkoak daude; horien artean badira, nola ez, Michelin izarrak dituztenak.

Bestetik, etorkizun ederreko gazteak, pixkanaka lorpen handiak izaten ari direnak, ordu asko sartu, eta ilusioz berrikuntzak eginez; sagardotegi eta erretegi tradizionalak, haragiei eta arrainei puntu bikain hori ematen espezializatuak.

Nafarroako jatetxe batean jan nahi dut
Zaldicook gastronomia-mugimenduko sukaldari eta sommelier nafarrak
  • Michelin izarreko jatetxeak

    Izar eta eguzkien jabe diren jatetxeak
    Beti amestu duzu kapritxo bat Michelin izarren bat duen jatetxe batean? Zergatik ez egin Nafarroan? Goza ezazu ondokoetan sukaldarien aurkezpenaz, osagaien kalitateaz, zaporeez eta talentuaz:

  • Janarizaleentzako jatetxeak

    Nafarroako sukaldaritzan tradizio handiena duten jatetxeekin hasiko gara, merezitako aitortza jaso duten sukaldariek zuzentzen dituzten horiekin.  Zein dira haien printzipio nagusiak? Nafarroako identitate gastronomikoarekiko errespetua, berrikuntza eta lehengai hoberenekin lan egiteko erabaki irmoa.

    Begiratu Erresumako jatetxeak.

    Eta orain goazen beste elkarte berriago batekin, Nafarroako baratzearen eta bertako produktuen zaleak biltzen dituena. Zerrenda horretan, ospe handiko sukaldariak eta sommelierrak ez ezik, etorkizun ederra duten gazteak ere baditugu; hainbat lehiaketa gastronomikotan lorpen handiak izan dituzte, eta merezi du haiek ezagutzera joatea.

    Pasioa, arretaz egindako lana eta sormen handia, arrazoizko prezioetan. Nork esan ezetz?

    Begiratu Zaldicook-en jatetxeak.

  • Sagardotegiak

    Sagardotegietan, batez ere urtarriletik maiatzera, aukera izanen duzu ohiko menua dastatzeko, eta, gainera, plater izarra: sagardoan egositako lukainka. Eta gogoan izan zein den ohiko menua: bakailao-tortilla, bakailaoa piper berdearekin, txuleta bikaina, eta, bukatzeko, gasna, intxaurrak eta irasagarra. Bai ona! Eta jakina, hori guztia tarteka kupeletara joan eta txotx eginez.

    Ezagutu ziklo osoko sagardotegiak
  • Erretegiak

    Erretegietan, txingarretan erretako haragiak ez ezik (txuletak, azpizunak, arkume-saiheskiak edo txerrikumea), Nafarroa JDko ardo on bat lagun, parrillan egindako basa-arrainak ere eskaintzen dituzte, hala nola legatzak, zapoak, bisiguak edo erreboiloak, zapore-zaporetsuak.

Gastronomia, festa guztien mamia...

Berdin du noiz zatozen, zaila izanen da Nafarroako tokiren batean gastronomia-ospakizunen bat ez topatzea. Hauek dira ezagunenetako batzuk, baina badira gehiago ere.

Zer jaten da eskualde bakoitzean?

Nafarroa da espainiar estatuan klima eta paisaia barietate gehien duen lurraldea, eta horri esker produktu asko ditugu, 15 kalitate-ziurtagiri dituzten lehengaiekin eginak gainera. Ez dago gaizki! 

Gainera, Nafarroako sukaldaritzak mende askotan jaso du inguruan dituen lurraldeetako sukaldaritzen eragina, eta horri esker ñabarduraz betetako errezeta-bilduma aberatsa du, jatetxe onenaren karta osatzeko modukoa. Horiek denak dastatzeko prest?

  • Nafarroa iparraldeko mendietan

    Nafarroa iparraldea eremu menditsua da, ibaiez, oihanez eta ibar berdeez osatua. Abeltzaintzarako lurralde aproposa, aukera ematen digu dastatzeko txuletoi bikainak, bildots-saiheskiak, ahatekia, ehizakia (probatu ehiza-sasoian usoa, eperra edo oreina) eta ibaietako izokin eta amuarrainak.

    Oihanetan bildutako perretxiko eta onddoak ere bai, eta, jakina, alorretan, neguan hain gustura jaten diren babarrunak. Eta ez ditugu esnekiak ahaztuko: Erronkari eta Idiazabal JD duten gasnak, gaztanbera eta eskuz egindako goxoak... Ez zara ba joanen tututxoak dastatu gabe, edo goxua, edo txantxigorri opilak?

  • Hiriburuaren inguruan, Iruñean

    Iruñean Nafarroa osoko jakiak prestatzen dira, Ebroko barazkietatik hasi eta mendialdeko gisatuetaraino. Izan bertsio tradizionalenean naiz berritzaileenean, gustu eta sakel guztietarako jatetxeak dituzu.

    Eta, gainera, Iruñerriko produktu espezifiko gisa, bildots errea, tripota zuria eta txistorra daude; azken hori merkatuetan eta gourmet dendetan erosten ahal duzu.

    Beno, eta badakizu, ezta pentsatu ere Iruñetik alde egitea pintxorik jan gabe...

  • Nafarroa Erdialdean, tarteko lurretan

    Erdialdean, mendi leunez eta galsoroz osatua, Mediterraneoko paisaia sumatzen hasten da; bertan badituzu Nafarroa eta Errioxa jatorri-deitura duten ardoak, zerealak eta olioa.

    Eta lur azpian, bertako altxorrik preziatuenetako bat, boilur beltza. Ureztatutako lurretan berriz, pikillo piperrak, zainzuriak, eta Zangozako potxak; trashumantzian dabiltzan artzainek egindako gasna ere aurkituko duzu Erdialdean, eta zerrikume errea ere bai.

    Nor ez da ba mahaian eseriko?

  • Nafarroa hegoaldean, Erriberan

    Eta bukatzeko, Ebroko erribera, lur azpian ezkutatuak nahiz azalean agerian altxor ugari dituen baratze zoragarria. Ferran Adriàk berak ere goretsi ditu.

    Protagonistak zainzuriak, piperrak eta ardoak, ospe handikoak nazioartean, orburuak eta kukuluak, eta olioa dira. Zorionez, gainera, urteko edozein sasoitan goza ditzakegu, bertako kontserba-industria ahaltsuari esker.

    Eta barazki horiei laguntzeko, bertako ardoak dituzu eskura.

Interesekoartikuluak

Larrazkenean zatoz Nafarroara ederki jatera

Larrazkenean zatoz Nafarroara ederki jatera

Nafarroako sagardotegiak, taldeentzako plan ezin hobea

Nafarroako sagardotegiak, taldeentzako plan ezin hobea

Zer ikusi eta zer egin Nafarroako Pintxoaren Astera bazatoz

Zer ikusi eta zer egin Nafarroako Pintxoaren Astera bazatoz

Enoturismo ekologikoko 6 esperientzia ekoarekin konprometitutako wineloverentzat

Enoturismo ekologikoko 6 esperientzia ekoarekin konprometitutako wineloverentzat

MAHATS-BILKETAREN FESTA ZAIN DUZU ERRIBERRIN

MAHATS-BILKETAREN FESTA ZAIN DUZU ERRIBERRIN

4 PLAN EKO-GASTRONOMIKO OSASUNGARRI NAFARROAN DASTATZEKO...

4 PLAN EKO-GASTRONOMIKO OSASUNGARRI NAFARROAN DASTATZEKO...

Gauza gozoak jateko irrikaz? Hemen duzu Nafarroan barnako ibilbiderik goxoena

Gauza gozoak jateko irrikaz? Hemen duzu Nafarroan barnako ibilbiderik goxoena

Nafarroaz gozatzeko beste plan batzuk

Eta zer hoberik Nafarroara egindako bidaia gastronomikoa plan hauetako batzuekin osatzea baino:

  • Tuterako katedraleko Judizioaren atea Kultura eta sustraiak

    Kultura eta sustraiak

    Zatoz erresumaren barnealdea ezagutzera, zure jakin-mina kultura-ondare zoragarri batekin asetzera.

  • Bikotea hoteleko gelako leihotik begira Atsedena eta ongizatea

    Atsedena eta ongizatea

    Paseo polit bat aire garbia arnastuz, spa saioa edo masaje on bat: horra Nafarroak eskaintzen dizkizun bizigarriak, indarrak berritu beharrean bazaude.

  • Kaleko giroa Udaletxeko Plazan City break

    City break

    Asteburuak askotarako ematen du Nafarroan. Kultura eta pintxoak: hiriko aisialdiaren osagairik hoberenak elkarrekin.