Ziga

Baztan

Zatoz lur honetara: kanpotik erakarri eta barrutik berrituko zaitu

Kokoteraino nago hiriarekin. Herri batera noa bizitzera!

Hiritar gehienek bota dute hori estresatuta zeuden momenturen batean. Eta hori esatean, herrietako paradisuaren irudia sortzen zaigu gogoan. Muino leunak, zelai berdeak, behiak larreetan, erreka aratzak; eta harrizko baserriak, teilatu eta harlandu gorrikarekin.

Beraz, Baztanen irudia da gogora etortzen zaiguna. 

Leku hauek, izan ere, lilura askoren pizgarri dira.

Baztan, gainera, idilikoa eta fantastikoa da hein handi batean. Ez al du, bada, basajaunak berak babesten? Hemen natura da nagusi. Hor dira paisaiak, folklorea, bizimoduak, gastronomia eta bestak.

Horrenbestez, agerikoa da, hiritik aldendu eta herrietara etorri nahi baduzu, Baztan dela zuk behar duzuna.

Hortxe dago, Pirinio atlantikoan, mugatik eta Kantauri itsasotik hurbil.

Baztanen xarma

  • Baserria eta loreak Herri zoragarriak, zein baino zein ederragoa

    Herri zoragarriak, zein baino zein ederragoa

  • Larrea eta ardiak Naturaren edertasun betea non-nahi

    Naturaren edertasun betea non-nahi

  • Kirikoketa Besta en Arizkun Gastronomia eta usadio erakargarriak

    Gastronomia eta usadio erakargarriak

Elizondo

Nahitaezko bisitekin hasiko gara. Baztanera zoazenean derrigorrez ikusi behar dituzun lekuekin, alegia.

Elizondo da horietako bat. Ibarreko herri nagusia da, eta bertako etxe dotore eta jauretxeek erakusten digute Ameriketara joandakoek aberastasun handia ekarri zutela. Hor dago, esaterako, Arizkunenea jauregi barrokoa (1730), zeina egun Baztango kultura etxea baita. Ikus ezazu haren armarri ederra, eta zoaz aurrealdeko patio atseginera.

Handik hurbil samar udaletxea duzu, arkupe politak dituena, eta Santiago eliza, estilo barrokoan eraikia.

 

Baina Elizondon karrikaz karrika ibiltzea da onena.

Inolako presarik gabe, Jaime Urrutia karrikan barna paseatzea, etxeen fatxada ikusgarriei begira.

Txokotoko zubia pasatzea, Baztango Trilogia misteriotsuaren agertoki hori, eta lorez betetako fatxadei erreparatzea Bidasoa ibaiaren ertzean. Bertako ur-presaren soinua entzunez, jakina.

Dendaz denda ibiltzea –Baztango txokolatea eta gaztak zoragarriak dira–, jatetxe batean bertako jakiak dastatzea, ibaiaren ondoan gelditu eta amuarrainei begiratzea...

Beraz, herri baten xarma osoaz gozatzea herrietako lasaitasunarekin.

Elizondo

Baztango herriak

Eta ibilbide turistikoa egiten jarraituko dugu ibarrean barna, beste herri batzuk ikusiz. Horiek ezagututakoan, arras maiteminduko zara inguru hauekin.

Baztango herri baten eta paisaiaren panoramika
  • Ziga

    Herri txikia, postal baterako modukoa, baina ezohiko eliza bat duena. Izan ere, San Lorentzo parrokia oso handia da, espero baino askoz handiagoa.

    Plazan abiatzen den mailadian goiti iristen ahal zara elizara. Plaza horrek aisa erakarriko zaitu, etxe handi politak daudelako lorez apaindutako leihoekin.

    Zigan paseotxo bat eman ondoren, zoaz, nahi baduzu, Baztango begiratokira. Herritik oso hurbil dago eta ibarraren erdialdearen bista ederrak ditu. Bertan daukazu eta erraza da hara iristea. Gainera, eroso joanen zara eskualde-errepidetik. Eta, badakizu, ez ahaztu kamera bat eramatea.

  • Irurita

    Hau da Baztango bigarren herria, biztanle kopuruari bagagozkio.

    San Salbatore eliza ederraz gain, arkitektura zibila nabarmentzen da Iruritan. Hortaz, planik onena da karrikaz karrika ibiltzea, begiratuz eta giroaz gozatuz. Nahitaez ikusi beharrekoak dituzu Goienetxeko dukesaren plaza, Jauregizuria eta Gastón etxea.

    Eta ez ahaztu Iruritako plaza, “erreboteko” plaza esaten diotena bertan laxoan aritzen direlako. Iruritan zaudela pilota partida bat egokitzen bada, ikusiko duzu zer-nolako suhartasunez bizi duten bertakoek kirol hori. Zuk ere animatu itzazu pilotariak, gogotsu animatu!

  • Arizkun

    Honatx arkitektura dotorea eta ohitura zaharrak dituen beste herrixka bat, Elizondotik oso hurbil.

    Bozate, herriko auzorik nabarmenena, oso ezaguna da bertan agotak bizi izan zirelako: baztertutako jendea, betidanik solasgai izan dena.

    Horrez gain, interesgarriak dira Urtsuko jauregia, San Joan Bataiatzailearen eliza eta, jakina, Santxotena Museoa.

    Hemen duzu informazio guztia
  • Erratzu

    Arizkundik hurbil dago Erratzu; mendiz inguratua, noski! 650 biztanleko herri honek baserri galantak eta paisaia berdeak ditu, baita lasaitasun ederra ere.

    Karrikaz karrika ibil zaitezke txoko politen bila, baina Izpegiko mendatera ere igo zaitezke. Bertan bista zoragarriak dituzu, eta atseden-gune bat, non jan dezakezun eta oroigarriren bat erosi, nahi izanez gero .

    Familiarekin batera etortzen bazara eta harro erakusteko moduko ibilaldi bat nahi baduzu, jarraitu irakurtzen, Xorroxingo ur-jauziari buruzko informazio guztia emanen dizugu eta.

     

Xorroxingo ur-jauzia

Baina zerbait eskuragarriagoa nahi baduzu, familiarekin batera naturaz gozatzeko ibilaldi bat-edo, hortxe duzu Xorroxingo ur-jauzia.

Ibilaldi atsegina da, pagoen eta gaztainondoen artean doana. Erratzuko Ubidea karrikako aparkalekutik sartzen ahal zara ibilbidera. Hemen aparkatzea da hoberena, errazagoa izanen delako leku bat aurkitzea eta horrela ez dugulako herrigunea kotxez beteko.

Bide erraza da, baina oso polita, eta bi ordu baino gehixeago beharko dituzu hura egiteko.

Hori bai, hobe duzu astelegun batean edo denboraldi turistikoaz kanpo joatea, bideaz lasai-lasai gozatu nahi baduzu. Izan ere, onena da inolako presarik gabe ibiltzea!

Halere udan bazatoz, izan gogoan aparkalekua erreserbatu beharko duzula, esteka honetan.

Ikus hemen wikiloc-eko ibilaldia
Xorroxingo ur-jauzia

Amaiur

Herri hau txikia da oso, baina protagonismo handia izan zuen Nafarroako Erresumaren historian. Jakina denez, Amaiur izan zen Gaztelakoen konkistari aurre egin zion azken erresistentzia gunea. Nafarroak 1512an galdu zuen independentzia, baina Nafarroako koroaren aldeko soldadu-multzo batzuk Amaiurko gazteluan babestu ziren eta inbaditzaileei gogotsu egin zieten aurre, harik eta 1522an garaituak izan arte.

Amaiur/Maya
  • Herria

    Amaiurrek karrika-herriaren ohiko egitura du: etxeak karrika nagusi baten inguruan daude antolatuta.

    Askotariko etxeak daude eta hori berri ona da zuretzat. Izan ere, Baztango arkitektura-mota guztiak ikusten ahalko dituzu toki bakar batean. Jauretxeak ere badira, noski, hala nola Arretxea jauregia, Borda jauregia eta Arriada etxea.

    Besterik nahi?

    Bada, hor dago Jasokundearen eliza, Erdi Arokoa, eta herrian sartzeko igaro behar den arku bitxia. Hor duzu benetako argazki bat.

    Udan etorriko zara?

    Izan gogoan nahitaez erreserbatu behar duzula tokia herriko aparkalekuan. Doan da, eta aparkalekuko erreserbarekin batera doa museo arkeologikorako sarrera bat.

    Tokia erreserbatu nahi dut Amaiur ikusteko
  • Errota

    Gainera, herri sarreratik hurbil, beste ikusgarri bat aurkituko duzu: Amaiurko errota.

    XVIII. mendetik hona ari da arto irina ekoizten, eta gaur egun ere saltzen da errota horretako irina.

    Aurretik erreserba eginez gero, gidari batekin ikus dezakegu; baita bisitaldia aprobetxatu ere gazta, txorizo edo txokolatez betetako taloak jateko.

    Izugarri gustatuko zaizkizu taloak eta errota.

    Begira zer itxura ederra
  • Museoa eta gaztelua

    Eta herrixka honekin bukatzeko, goian erdizka utzitako informazioa osatuko dugu.

    Ikusiko duzunez, gaztelu zaharretik hondakinak geratzen dira bakarrik, eta hantxe dago zimenduetan altxatu zuten monolitoa, gotorlekua Gaztelako armadaren aurrean babestu zuten adoretsuak omentzekoa.

    Baina zorte onekoa zara, zeren gazteluaren historia osoa eta material arkeologiko guztiak eskura dituzu Amaiurko Museoan.

    Joan zuzen museora eta bisita gidatuetara.
  • Amaiur inguruko ikuspegiak

    Eta azken gomendio bat eginen dizugu, Amaiurtik gertu dagoen leku bat ikusteko.

    Begiratokiak gustatzen bazaizkizu, igo zaitez, nahi baduzu, Otsondoko mendatera eta Gorramendiren gailurrera.

    Bi goialde horietara igoz gero, Baztango lurren bista ikaragarriak izanen dituzu opari. 

Baztango herri baten eta paisaiaren panoramika

Baztandik hurbil dauden bisita interesgarri batzuk

Bukatzen joateko, beste zenbait aukera eskainiko dizkizugu, Baztandik oso hurbil. Iruditzen zaigu gustatuko zaizkizula. Izan ere, herrietako paradisuetan ez zaigu deus ere falta!

  • Akerra Zugarramurdiko leizearen atarian

    Zugarramurdiko leizea

    Elizondotik ordu erdira, iparralderantz joanda, esperientzia misteriotsu bat izan dezakezu Zugarramurdiko leizean.

    Haitzulo hori oso ezaguna da, sorginkeriari, akelarreei eta deabruaren gurtzari buruzko elezaharrak direla medio. Bisitaldian natura basatia eta Nafarroako historia uztartzen dira, eta segur gara gustatuko zaizula.

    Leizeko esperientzia erabatekoa izan dadin, gomendatzen dizugu hara joan aurretik Sorginen museoa ikus dezazula, Zugarramurdiko herrigunean baitago.

  • Urdazubiko monasterioa

    Urdazubiko leizeak

    Haitzuloak gustuko badituzu, inguruan dauden beste batzuk ere ikus ditzakezu ibilaldia biribiltzeko. Urdazubiko leizeez ari gara.

    Hauek bestelakoak dira. Hemen estalaktita eta estalagmiten multzo liluragarria aurkituko duzu, eta, halaber, harkaitzean landutako areto itzelak, non nagusi diren iluna eta isiltasuna. Leku zirraragarria benetan, ikusiko duzu!

Oinez ibiltzeko gogoa izanez gero, bidexka zirkular polita duzu hemen, zalditxo urdin batekin seinaleztatua. Pottoka Urdinaren Bidexka da, 35 kilometro eginda Zugarramurdi, Urdazubi eta Sarako leizeak lotzen dituena.

Bertizko Jaurerriko Natur Parkea

Erne!, Baztandik oso hurbil Nafarroako basorik handienetako bat duzu.

Baso atlantikoa da, erreka gardenek zeharkatua. Mota guztietako bidexkak daude, bakoitzak bere gustukoa aukeratu dezakeelarik; lorategi historiko bat ere badago, eta sorpresaren bat edo beste ere izanen da.

Bertiz zoragarria da
Bertizko Jaurerriko natura-parkea
Jaitsialdia tirolinan Baztan Abentura Parkean

Baztan Abentura Parkea

Priiiimeran! Horra hor abentura parke bat!

Bai, bai, ongi irakurri duzu. Abentura parkea, eta ez jolas parkea.

Baztan Abentura Parkean kontua ez da bagoi batean eseri eta eramaten uztea, besterik gabe. Hemen ezinbestekoa da zuk parte hartzea, hauek ez direlako jarduera pasiboak. Hemen dituzu tirolinak, aquapark-kanoiak, pendulu handia, via ferrata bat, zuhaitzetako ibilaldia, raftinga eta paintballa. Beraz, adrenalina sentitzeko, mugitu egin beharko duzu. Eta horixe da gustatzen zaiguna, iiiiufa!

Antolatu bidaia Baztan Abentura Parkera joateko
Neskatikoa lasterka zuhaitz eta laino artean

Baztango Trilogiaren bisita gidatuak

Dolores Redondoren Baztango Trilogia irakurri baduzu –edo horren gaineko filmak ikusi–, proposamen bikaina duzu hau. Izan ere, idazlearen laguntzarekin, bisita gidatuak antolatu dira Amaia Salazar detektibe ospetsuaren joan-etorriei segitzeko.

Nobelako agertoki guzti-guztiak ikusten dira. Gidariak kontatutako pasadizoekin eta emandako azalpenekin liburuetako Elizondon sartuko zara bete-betean, eta, gainera, ibarreko bizimoduaren eta ohituren berri jasoko duzu.

Aukera paregabea da istorio misteriotsu horrek erakarri bazaitu hona.

Klikatu ezazu hemen bisitaren erreserba egiteko:

Donejakue bidea Baztanen

Aizu! Ez dizugu oraindik esan, baina gomendatu dizkizugun lekuetako asko Donejakue bidearen Baztango adarrak zeharkatzen ditu.

Ez zenekien?

Hemendik ere igarotzen da, bai, Donejakue bidea!

Ibilbide zahar bat da, Baionatik penintsulara sartzen ziren erromesek baliatzen zutena. Nafarroako adar horrek 77 kilometro ditu: ongi seinalatutako landa-bideetan doa eta Iruñearen parean egiten du bat Bide Frantsesarekin.

Itxura ona du, ezta?

Bada, animatzen bazara, hemen duzu informazio osoa
Lagun taldea Urdazubiko leizeko formazioei begira

Planes en Baztan

Gehiago nahi duzula?

Itxaron pixka bat, eta behako bat eman Elizondoko eta ibar osoko besten eta ekintza interesgarrien agendari.

Emaitzarik gabe

Jakin nahi duzu zein diren Nafarroako ezinbesteko leku turistikoak?

Zaila aukeratzen, ezta?