Basoak ibilaldi atseginekin lotu izan ditugu, eta familiaren gozamenarekin edo kirolarekin. Baina ezin dugu ahantzi basoak elezaharrez, misterioz eta sineskeriaz betetako lekuak ere badirela.
Eta ur biziak, kementsu jaisten direnean hunkitzen gaituztenak. Adar okerrak, iluntzean mehatxagarri bihurtzen direnak. Gaueko soinu ezezagunak. Eta haitzulo ilunak, auskalo zer izaki bitxiren babeslekuak...
Ene, bada! A zer kilimak. Lilura eta, aldi berean, beldur pixka bat. Gustatzen zaizu, ezta?
Ederki, zeren Zugarramurdi toki paregabea baita hori guztia sentitzeko. Baina ez ahaztu Nafarroan badirela beste leize batzuk. Urdazubiko eta Mendukiloko haitzuloak bikainak dira: ikusiko duzu!
Nahi duzu kobazulo horien berri izan? Bada, jarraitu irakurtzen: hementxe duzu Nafarroako alderdi misteriotsuenetara joateko jakin beharreko guztia.
Goazen!
Zugarramurdi, sorginen herria
Mugatik oso hurbil, Baztango iparraldean dago Zugarramurdi, paisaia berde eta urdinen artean. «Sorginen herria» deitzen diote. Paisaia horretan, etxe handi politak daude, behiak larrean eta Pirinioetako etxe-multzo horietako bat, Jasokundearen elizaren abaroan. Oso herri bizia da. Gainera, zerbitzu eta ikusgarri ugari ditu, eta merezi du hara joan eta horiez gozatzea, besterik gabe.
Baina Zugarramurdiko gauzarik bereziena, jakina, leize ospetsua da; akelarreei eta sorginei buruzko elezaharren tokia dugu, eta pelikula batzuk ere grabatu dira bertan, hala nola “Las Brujas de Zugarramurdi”, Álex de la Iglesiarena.
Gehiago itxaron gabe, aipa dezagun leizean ikusiko duzun guztia.
Zugarramurdiko leizea
Paseo atsegin bat eman ondoren, herritik 400 metrora haitzuloaren sarrera aurkituko duzu, basoaren barruan babestua.
Bertan ez duzu estalaktita handirik edo pinturarik aurkituko, hau bestelako haitzuloa baita.
Elezaharrak dioenez, kobazulo honetan ehunka pertsonak akelarreak egiten zituzten deabrua gurtzeko. Espazio handia behar zen akelarreetarako, eta hori da, hain zuzen, haitzulo honek eskaintzen duena. Galeria handi batzuk, Orabidearen urek mendeetan barrena landutakoak. Aipa dezagun, bidenabar, errekasto horri “Infernuko erreka” esaten diotela; izen horrek adieraziko luke ur horren jatorria non dagoen.
Tamaina izugarria du: 120 metroko luzera duen tunel naturala, 12 metro bitarteko garaierak dituena, eta goian bi galeria. Leku handi hau, kontrolatzaileen begietatik urrun zegoena, txit egokia zen festa paganoak egiteko suaren inguruan.
Zugarramurdiren mitoa 1610ean sendotu zen, Logroñoko Inkisizioaren Auzitegiak 40 emakume ikertu zituenean; izan ere, auzokideek salatu zuten andre haiek sorginak zirela. Horietatik 11 sutan erretzera kondenatu zituzten, eta leizearen sarreran dagoen taula batek haien izenak dakartza, emakume haietaz gogoratu gaitezen.
Elementu horiekin guztiekin, Zugarramurdiko leizea bisitatzea esperientzia oso harrigarria da. Gainera, orain erakutsi dizugun proposamenarekin osatu dezakezu.
Sorginen museoa
Itxaron! Zer iruditzen zaizu museo batean hasten baduzu sorginen munduko bidaia hau?
Bada, posible duzu hori egitea. Gogoa fantasiarako prest daukazula sartu nahi baduzu Zugarramurdiko leizean, hoberena duzu lehendabizi Sorginen museora joatea.
Gune horrek sorginkeriari buruzko elezaharren oinarri soziokulturalak ikertzen ditu; baita Inkisizioak zorigaiztoko historia horretan izan zuen lekua ere. Hemengo mitologiako pertsonaia batzuek (hala nola Mari eta Aker), erritu paganoek eta sendatzaile emakumezkoen jardunak lagunduko dizute hobeki ulertzen leize honek zer esanahi zuen Zugarramurdikoendako.
Urdazubiko leizea
Badugu berri on bat. Batez ere asko gustatzen bazaizkizu leizeak (horiek badirudi baietz) eta oihaneko ibilaldiak.
Kontua da Zugarramurdiko leizetik bidexka bat abiatzen dela, Pottoka Urdinaren bidexka, beste haitzulo hagitz interesgarri batzuetara doana lasai-lasai. Haitzulo horiek dira Urdazubikoak (laster mintzatuko gara Pirinioetako herri txiki horretaz) eta Sarakoak (jada mugaz bestaldean).
Baina orain Urdazubiko leizeez mintzatuko gara, haiek ikustera etorri baikara ona.
Aukera oso politta da Zugarramurdiko leizea bisitatu ondoren beste haitzulo hauek ikustea; izan ere, sorginen leizearekin alderatzen baditugu, oso bestelakoak dira. Leize hauek itxita daude eta, hemen bai, estalaktita eta estalagmita ederrak ikusiko dituzu, milaka urtetan barrena eratu direnak.
Jakizu haitzulo hau babestokia izan zela Independentzia Gerran eta karlistaldietan, eta hemen ezkutatzen zirela kontrabandista eta bidelapurrak. Eta, kasu!, honek ere badu misteriozko kutsurik. Bertako elezaharrek diotenez, oraindik ere lamia zoragarriak bizi dira hemen: erdi-arrain eta erdi-emakume diren izaki mitologikoak.
Koba honi Ikaburuko leizea deritzo eta Goi Paleolitoko Nafarroako aztarnategi garrantzitsuenetako bat da. Gidari adituekin egiten da bisitaldia, eta horien ardura da dena primeran mantentzen dela ziurtatzea. Gainera, bertako kafetegian indarrak berritu ditzakezu edo askaldegian mokadutxo bat jan; oroigarri politen bat ere eros dezakezu dendan.
Urdazubi
“Ura eta zubia”, horixe da herri honen izenaren esanahia. Hori jakinda, erraza da zer aurkituko duzun jakitea.
Eta herria, hain zuzen, Pirinioetako ohiko herrixka horietako bat da. Indianoek eraikitako etxe armarridunak daude, ingurua berde dago beti, eta ubide txiki batek herrigunea zeharkatzen du. Multzoak itxura dotore eta hotsandikoa du, eta zoragarria da hango kaleetan ibiltzea. Ez bakarrik edertasunagatik, baita bizitasunez beteriko giroagatik ere.
Eta, zaude pixka bat, Urdazubik baditu-eta beste bi ikusgarri bisitatu beharko zenituzkeenak.
-
Urdazubiko monasterioa
Ez da haren jatorria ezagutzen, baina uste da agustindarren kongregazio txiki bat bertan kokatu zela XI. mendean, erromesei laguntzeko.
Historia gorabeheratsua izan du mugatik hurbil egoteagatik, eta gaur egun parrokia-eliza bat da.
Kanpoaldean, herrerar estiloko portada nabarmentzen da; baita harri gorrikara ere, eskualdean hain ohikoa dena.
Barrualdean, berriz, ikusi beharrekoak dira Erdi Aroko klaustroa, pintura eta eskultura garaikideko bilduma iraunkorra, eta monasterioaren museoa. Hemen, Urdazubiren historia ezagutu ahalko duzu, Donejakue bidearekin duen loturaren berri izan, eta monasterioaren iragana bisitatu, ikus-entzunezkoen eta informazio-taulen bidez.
-
Urdazubiko errota
XI. mendean, fraideak etortzearekin batera, zubiak eta ubideak eraiki ziren (herriari izena ematen dioten horiek); baita errota bat ere, burdina lantzeko eta alea ehotzeko.
Errota horrek ez dio jatorrizko itxurari eutsi: aldatuta iritsi zaigu, XVIII. mendean berreraiki zutelako. Orduan hasi zen errotaria inguruko baserriendako lan egiten, saskito edo lakari baten truke.
Oraindik ere martxan dagoenez, errotak duen funtzionamendu berezia ikus dezakezu.
Etor zaitez errota ikustera!
-
Dantxarineko bentak
Mugatik 2 kilometrora, merkataritza gune bat duzu, produktu asko eskaintzen dituena (teknologia, moda, bitxiak, elikagaiak, janari-edari txit bereziak), eta hainbat jatetxe aukeran, plater goxo-goxoekin.
Mendukiloko leizea
Goazen mendebaldera, Aralarko mendilerrora, eta mintza gaitezen Nafarroan bisitatu dezakezun beste leize batez. Astitzen dago eta Mendukiloko leizea deritzo.
Haren ibilbide turistikoa gidari batekin eginen duzu. Horrela, lur barruko misterioak ezagutuko dituzu, jarri berri diren pasabide flotatzaileei eta multimedia-argiei esker. Bisitaldian zenbait areto ikusten dira, hala nola Artzainzulo (artzainen babestokia), handi-handia eta argi natural ugarikoa; Laminosin (lakuen aretoa), egitura geologikoez betea; eta bukaerako harribitxia, Herensugearen gotorlekua, ikaragarri handia. Hemen gidariak isiltzeko eskatzen du, eta lurrak ematen ahal duen isiltasunik handiena entzuten da: ez besterik!
Eta ausartenek izena eman dezakete espeleologiako abentura-programan. Hala, Gudariaren Aretoraino iritsiko dira (70 metroko sakonera lur azpian). Jarduera horrek lan fisiko handia eskatzen du, 3 ordu ingurukoa da eta aldez aurretik erreserbatu beharko duzu.
Bisitatzeko edozein modalitate aukeratzen duzula, eskura izanen dituzu harreralekua, erakusketen gunea, komunak, eta ahamenak eta kafeak ematen dituzten makinak.