2024.03.11

7 leku zoragarri Nafarroan bisitatzeko

Lurralde anitza da Nafarroa paisaia, kultura eta gastronomian, hain anitza ezen pentsaezina baitirudi hain lurralde txikiak hainbeste eskaintzea. Horregatik, bisitatzen duzunean, etengabe utziko zaitu zur eta lur. Egun batzuk pasatzera datorrena itzultzeko gogoz geratzen da. Bisitatu beharreko tokien zerrendan baduzu oraindik Nafarroa, ezinbesteko 7 leku aukeratu ditugu, milaka urteko historia, tradizio sakona eta benetako sustraiak dituen lurralde honen mendean erortzen hasteko.

Blog

1. Urederra ibaiaren iturburuak hitzik gabe utziko zaitu

Ur turkesen ibai baten lilura sentitu nahi baduzu, Nafarroara etorri behar duzu! Izena, izana. Edertasun handi-handiko leku horretara iristeko, Bakedao herrira joan behar da. Handik, 6 kilometro inguruko bidezidor erraz bat, joan eta etorri, abiatzen da. 90 metroko desnibela du. 

Hori bai, erreserba egin beharko duzu lehenik haren webgune ofizialean, mugatuta baitago bisitari-kopurua.

2. Iratiko oihana, Nafarroako Pirinioetako baso itzela

Baso-bainu bat hartu behar baduzu, aldiz, ezin aproposagoa da leku hau zu murgildu eta berritzeko. Pagadi-izeidi itzela da, 17.000 hektareatik gorakoa, Europako handienetako eta ongien kontserbatuenetako bat. Mendi-ibiliak egiteko aukera ugari ere eskaintzen ditu, zailtasun-maila guztietakoak.

3. Errege Bardea, edertasun handiko paisaia desertikoa

Ba al zenekien Nafarroan basamortu bat dagoela Pirinioetatik 70 kilometrora baino ez? Bai, horixe. Gainera, telesail, film edo publizitate-iragarkiren batean ikusi duzu, ziur. Errege Bardea da, Parke Naturala eta Biosfera Erreserba, forma geologiko magikoz beteriko tokia. Beste mundu batean sentituko zara han. Isiltasuna —edo haizearen txistua— baino ez dagoen txokoak aurkituko dituzu.

4. Erriberrik ipuin bat merezi du 

Jarraitzeko, Nafarroako Erresuma zaharreko toki garrantzitsuenetako bat aurkeztuko dugu: Erriberri. 

Hango gaztelu-jauregia Nafarroako errege-erreginen bizilekua izan zen. Gaur egun, kontinenteko alkazar gotiko interesgarrienetako bat da, eta Nafarroan bisitatu daitekeen lekurik erakargarrienetako bat. Egin argazkia, eta erakutsi harro-harro sare sozialetan. 

Ardoaren munduarekin duen lotura historikoak ere ospea eman dio Erriberriri. Beraz, ez egin zalantzarik, eta bisitatu bertako upategiren bat. 

5. Zugarramurdi eta sorginak

Paisaia idiliko batean, non behiak larre belartsuetan bazkatzen baitira, Frantziatik oso hurbil, Baztan bailararen iparraldean, Zugarramurdi dago: «sorginen herri» ospetsua. Nafarroako iparraldeko arkitektura tradizionaleko etxetzar ederrek osatzen dute herria. Hiri-egitura, bestetik, Pirinioei berezkoa zaiona da, Jasokundea elizak babesten duela. Dena den, leizeek, zinez hunkigarriak, ematen diote ospea tokiari. Garaiko akelarreak nolakoak ziren irudikatu ahalko dituzu haietan. Hango jendearen iraganari buruz gehiago jakin nahi baduzu, zatoz Sorginen Museora. 

6. Irunberriko arroila itzela, bide berde batetik irisgarri 

Irati ibaiak eta denboraren joanak labar ikusgarriak zizelkatu dituzte: arranoen, sai arreen eta beste hegazti askoren bizilekua dira gaur egun. Hartu prismatikoak, so egin eta gozatu. Oso erraza da erreserba natural hori zeharkatzea. Antzinako trenbidearen trazadurari jarraitu besterik ez duzu. Bide berdea da egun. Horregatik, jende guztiek egin dezakete bidea, eta ezin hobea da txikiekin ere egiteko. 

7. Baztan, berdea protagonista

Imajinatu hemen zaudela: landa-ingurune lasaia, muino berde leunak, behiak larre belartsuetan bazkatzen, ur gardeneko errekak eta harrizko baserriak, mendeetako historia dutenak, balkoiak eta leihoak lore koloretsuz beteak. Bada, leku hori existitzen da, eta urteko edozein garaitan goza dezakezu. Baztan da, non herri kutunak, leku historikoak, hala nola Amaiurko gaztelua, eta ur-jauzi ikusgarriak, Xorroxingoa kasu, ikusi ahalko baitituzu.

Nafarroako hainbat lekuren bilduma baino ez da hau. Zur eta lur utziko zaituzte guztiek, eta oroitzapen atseginak utziko dituzte zuengan. Beraz, atseden-egun batzuk badituzu, kontuan hartu eskaintzeko asko duen lurralde anitz batean barna bidaiatzeko aukera hau. Zure zain gaude!

Tag-en hodeia: