2023.04.03

Txikiekin egiteko 9 bidexka ezin hobe Nafarroan

“Itzali telebista eta tableta, goazen txangoan!”. Pantailetatik deskonektatzeko eta naturarekin konektatzeko unea da. Ibilbide erraz hauekin, egun biribil-biribila pasako duzue familian ingurune ikusgarrietan. Aukeratu zure gogokoena, jantzi arropa erosoa… eta ekin bideari!

Blog

Adin guztietara egokitutako plan bat egin nahi duzu? Bilatzen ari zarena daukagu Nafarroan. Gure paisaiak askotarikoak dira, eta horregatik egokitzen dira gustu eta gogo guztietara. Aire garbia arnastu bitartean haurrak eta helduak aktibatzeko hainbat ibilaldi kontatuko dizkizugu gaur. Erabaki zein, hautsi errutina eta mugi ezazu eskeletoa. Dibertsio bermatua!

1. Bidasoa aldean

Aukera erakargarrienetako bat eguna mendiko laku kristalinoen eta pagadi hostotsuen artean igarotzea da. Leurtzako urtegiak dira jomuga, beraz, Malerrekan, Urroz eta Beintza-Labaien artean. Aisialdirako Natur Eremu izendatuta, pagadiz estalitako arro itxi bat da, magia bereziz beteriko tokia. Bi bidexka zirkular ditu, erraz-errazak, 3,5 eta 9 kilometrokoak. Urtegiak inguratzen dituzte, pagadian sartzen dira eta Leurtza errekaren ondotik igarotzen dira. Informazio Gunea da abiapuntua, Urrozetik 5 kilometrora baino ez. Ura bare-bare, hostoak haizeak kulunkatuta, ingurune zinez zoragarria bideojokoak bazter utzi eta korrika eta jauzika ibiltzeko. Ondoren, eguna biribiltzeko, zer edo zer jan dezakezu askaldegian (barbakoak eta altzariak ditu), edo inguruko ostatu eta jatetxeak probatu ditzakezu. Gogoan izan goi-denboraldian bazoaz aparkatzeko lekua erreserbatu behar duzula.

Niña de espaldas mirando el embalse

2. Baztanen

Beste aukera, Baztan ibarraren bihotzean, Xorroxingo ur-jauziraino paseatzea da. Leurtzakoa bezain liluragarria da. Ibilbide erraza da, Nafarroako ezagunenetarikoa. Beraz, aukera galdu nahi ez baduzu, aparkalekuan tokia erreserbatzea gomendatzen dizuegu. Ibilbidea 7 kilometro ingurukoa da. Erratzu herri ederretik abiatzen da. Bide batez esanda, primeran jaten da hango kanpinean. Zailtasun handirik ez badu ere, mendiko botak janztea gomendatzen dizuegu. Lurra heze egon ohi da, eta irristakorra izan daiteke. Ohar bat: inguru magiko batean sartuko zarete. Aurkitzen duzuen guztia ipuin batetik aterata dirudi. Horregatik, ez zara harrituko ur-jauziaren jatorria kondaira bat dela entzuten duzunean. Artzain bat lamia batez maiteminduta zegoen, baina lamiak ez zuen maitatzen, eta desamodio-malkoetatik atera omen ziren urak.' Lamiak Baztango baso eta ibaietan bizi diren izaki mitologikoak dira. Baten bat aurkituko ote duzue bidean?

varias personas andando por un sendero  y dos bicis aparcadas al lado del camini

3. Plazaola inguruan

Ur-jauziak dituen beste ibilaldi bat Larraun ibaiak oparitzen digu: Hiruzubideko tartea. Hainbat zubi gurutzatu, ur-jauzi freskagarriak topatu eta bidezidor eder-ederra zeharkatuko duzue larreen eta ehunka urteko zuhaitzez osaturiko basoen artean. Bidexkaren hasiera Larraungo Udalaren ondoko aparkalekutik da, Lekunberriko hegoaldeko sarreran. NA-1300 errepidearen bazterbidetik 100 bat metro ibili ondoren, Plazaolako Bide Berdera iritsiko zarete. Hori izango da bidexkaren ardatz nagusia, baina desbideraketaren bat hartu beharko da. Horretarako, baliza laranjei jarraituko diezue bide berdearen tartean, eta baliza horiei, ibaiaren ertzetik doan bidearen tartean. Ixkierreko ur-jauzia, errota zahar baten hondakinak, Beltzuntzeko harrizko zubia... topatuko dituzue, eta aire garbia arnastuko duzue pago, haritz eta gaztainen artean. Bazkalordurako, ogitartekoa atera baino mahai batean eseri nahiago baduzu, aukera ona izan daiteke Lekunberriko kanpina.

Niña haciéndose un selfie al lado de la cascada

4. Sakanan

Baso-bainu eder bat hartu nahi baduzue, ordea, oso aukera erraza dago, ia desnibelik gabea. Familiako argazki zoragarriak egingo dituzue han, gainera. Mila urteko haritzen ibilbidea da. Etxarri Aranazko kanpinetik ateratzen da, eta 5 kilometroko ibilbide zirkularra egiten du. Ibilbide horretan zuhaitz- eta zuhaixka-espezie ugari aurkituko dituzue, identifikazio-kartelekin markatuta. Aipagarrienak antzina-antzinako haritzak dira, ibilbideari izena ematen diotenak. Zur eta lur utziko zaituztete haien tamaina izugarriak, forma apetatsuek, ildoek, adar bihurri-bihurriek... Adaburuak hostotsu-hostotsuak dira, eta haien berdetasunak nekez uzten du zeruko urdintasuna ikusten. Fantasiazko film batean bezala senti zaitezten behar duzuen guztia. Eta kanpinetik hurbil zaudetenez, han bertan bazkal dezakezue. Oso terraza erakargarria du, gainera.

Dos niños andando sobre unos troncos de arboles cortados

5. Iratin, Nafarroako Pirinioen bihotzean

Nafarroako naturan primerako eszenatokiak aurkitzea erraza dela barneratu duzue jada, ziur aski, gure paisaiak zinez politak direlako. Hartara, gure pagadi ezagunenetako baten izena pantaila handira iritsi da duela gutxi, eta horixe izango da gure hurrengo proposamena: Iratiko oihana. Errekaidorra ibilbide zirkularra da, oso entretenigarria. Muga zeharkatu eta beste aldea zapalduko duzu, gainera. Iratiko etxeak, harrera-zentroa, du abiapuntua. Bazkaltzen ere ematen dute han. 10 kilometro inguru ditu, eta zailtasun ertainekoa da Pagadi horien edertasuna motxila sorbaldan jarri eta etortzeko nahikorik ez, eta aire zabaleko sei puntu museistiko ere eskaintzen ditu ibilbideak; zergatik ziren baso honetako izeiak eta pagoak hain preziatuak galeoiak egiteko ikasiko duzu, baita nola garraiatzen zituzten enborrak ibaian behera ere. Kuboko ur-jauzia ere aurkituko duzue. Urak mailaz maila jauzten dira. Toki zinez ederra atsedenaldi txiki bat egin eta paisaia zoragarriaz gozatzeko.

Río atravesando la selva

6. Irunberriko arroilan

Bai ala bai familian noizbait egin beharreko txango bat Irunberriko arroila bisitatzea da. Irati ibaiak eta denboraren joanak labar ikusgarri hauek zizelkatu dituzte: gaur egun, arranoen, sai arreen eta beste hegazti askoren bizilekua dira. Hartu prismatikoak, eta gozatu. Arroila zeharkatzea oso erraza da. Antzinako trenbidearen trazadurari jarraitu besterik ez duzu. Bide berdea da egun. Baina gaur bidezidor zirkular hau proposatzen dizuegu. Harrera eta Informazio Eremutik abiatzen da. Hango askaldegiak erabil ditzakezu bidea hasi aurretik edo amaitu ondoren. Sei kilometro inguru ditu, eta 300 metroko desnibela. Leireko mendilerroko eta arroilako amildegiak ikusiko dituzu handik. Zoragarria. Bestelako ibilbide bat, kirola zure jendearekin oso ingurune berezian egiteko.

grupo de personas andando por la foz

7. Aurrepirinioetan

Zure txikiak txikiegiak badira edo oraindik entrenamendu pixka bat behar badute, hona hemen beste ibilbide bat: Nagoreko urtegia inguratzen duena. Errazago da, bai, baina bestea bezain dibertigarria. Ibilaldi oso irisgarria da, 6 kilometro ingurukoa, eta bizikletaz ere egin daiteke. Urtegiko ur lasaiak, ingurune bare-barea eta Txintxurreneako arroilaren ikuspegi harrigarriak izango dituzu gozagarri. Ibilbidea Andre Maria elizaren ondoko aparkalekuan hasten da. Landa-erromanikoko harribitxia da. Bidexka irisgarria den arren, Nagoretik abiatu beharko duzue ume-kotxearekin bazoazte, Andre Maria elizaren eta Nagoreren arteko tartea baita, hain zuzen, irisgarria ez den bakarra. Bidean, Artziko galtzada erromatarra, Artziko jauregi zaharraren hondakinak eta Nagore herria topatuko dituzue. Eta, eguraldi ona egiten badu, onena piknik bat egitea da‏. Berdegune bat dago ibilbidearen hasieran, eta bainatzeko egokituta dago. Platerean jan nahi baduzue, hegoalderantz hurbilen dauden jatetxeak Agoitzen daude. Ekai familia-hotela ere badago, lorategi handi bat duena haurrentzako parke eta guzti. Iparralderantz, Aurizberriko kanpina duzue.

Vista del pueblo de Nagore detrás del pantano

8. Irantzuko lurretan

Orain, 6 kilometro inguruko ibilbide lineal bat egingo dugu. Ubagua ibaiaren arroilaren ibilbidea da, Irantzuko Lurrak deritzon eremuan dago. Izen bereko hurbileko monasterioak ematen dio izena. Bidexkak Errezuko kanpina du abiapuntua, eta Lezaun herriraino doa. Lineala denez, gogoratu beste 6 kilometro egin beharko dituzuela itzultzeko. Beraz, zure tropak erretreta jotzen badu, nahi duzunean buelta eman besterik ez duzue. Ikusiko duzue zer entretenigarria! Iturriak, ur-presak, egurrezko pasabideak eta zubi tibetar eta guzti. Paisaia askotarikoa da, eder-ederra: pagadiak, artadiak, gari-soroak eta arroilaren pareta ikusgarriak.

Niños pasado por una pasarela sobre el río

9. Bardeako basamortuan

Eta, amaitzeko, familiarekin egiteko plan perfektu bat. Desnibelik gabeko paseo eroso bat da, non eta Errege Bardean. Ustekabe ederra hartzen dute bisitatzen duten guztiek. Nafarroako paisaia berezienetako bat da. Zure txikiak aho bete hortz geratuko dira! Castildetierrako natur monumentuaren ondoko aparkalekura joan zaitezkete autoarekin. Haizeak zizelkatutako buru hori leku ezin hobea izango da argazki bat egiteko. Gainera, abiapuntu bikaina da Cortinas amildegia ezagutzeko. Oso ibilbide erraza da, kilometro bat baino gehixeagokoa. Egin lasai, ez dago presarik! Hegaztien hegaldiari behatzea, argiek eta itzalek harriaren forma apetatsuetan egiten dituzten efektuak ikusi edo brisak isiltasuna nola urratzen duen entzutea, zer horiek guztiak baino lasaiagorik?

grupo de personas sobre un cerro al lado de Castildetierra

Espero dugu ideia hauek hurrengo joan-etorria prestatzeko inspirazio-iturri izatea. Primeran pasatuko duzue aukeretako edozeinekin. Aukeratu zuen gogokoena, eta animatu Nafarroa botak jantzita dituzuela ezagutzera. Berriro egin nahiko duzue, seguru!

Tag-en hodeia: