2023.02.07

Ezagut itzazu “Irati” filmeko agertoki harrigarriak

Ezagut itzazu antzinako tradizioen garai batera eramango zaituzten kondairazko lekuak

Blog

Nafarroako Erresuma txikiaren historia bataila historikoz beterik dago, are gehiago Pirinioetako mugaldean. “Irati” film luzea VIII. mendean girotua dago, Nafarroako Pirinioetako haranetan, eta modu hunkigarrian islatzen du Erdi Aroko garaia Nafarroako bazter horietan. Lurralde horretan oraindik ere arnas ditzakezu mistizismoa eta fantasia, haren ondare natural eta historikoaren eskutik.

Orreaga, historia abiatzen den tokia

“Irati”-k baskoiek Karlomagnoren tropen aurka egin zutenekoa kontatzen du. Izan ere, Orreagan, 778. urtean, izan zen bataila hori da filmaren abiapuntua. Bataila horretan, haraneko nagusiak bere jainkosa deituz eta trukean bere bizitza emanez garaitzea lortu zuen.

Leku horretan jazo ziren gertaerei buruz gehiago jakin nahi baduzu, Orreagako Museora eta Kolegiatara egiten den bisita gidatuan ikusiko duzu dena. Nafarroako bazter ospetsu honetan biziko duzun abentura biribiltzeko, hemen proposatzen ditugun planetakoren bat egin dezakezu.

Iratiko oihana, murgil zaitez Nafarroaren barren-barrenean

Urte batzuk geroago, Enekok ikusten du zalantzan jartzen ari direla aitak, Orreagako batailako heroiak, emandako buruzagitza. Kristautasunak aurrera egiteak sinesmen paganoak urritu ditu. Enekok berak zalantzan jartzen ditu horrelako dogmak, baina ez du beste aukerarik, haranaren eta bere bizitzaren kontrola berreskuratu nahi badu. Horretarako, Irati gazte paganoa gidari onartu, eta izen bereko oihanaren sakoneneraino joango da harekin.

Iratiko oihana Nafarroako lekurik magiko eta harrigarrienetako bat da, Europan ongien kontserbatutako pagadi-izeidi handienetako bat baita. Oihan itzel horrek ia aldatu gabe iraun du haran horietako biztanleek erakutsi dioten errespetuari esker; izan ere, filmean bezala, lotura handia dute edertasun handi-handiko paisaia horrekin. Aukera aunitz eskaintzen du inguruak: mendi-ibiliak, landa-turismoa, zikloturismoa, elur-kirolak, igoera handiak eta ibilbide luzeak. Bertan antolatzen diren bisita gidatuak eta txangoak ere egin ditzakezu. Horiei esker, Nafarroako iparraldeko bailara horietako sekretu batzuk ezagutuko dituzu tokiko gidarien eskutik.

Aralar mendia, zeruan barna

“Irati”-ko protagonistak ibiltzen diren Nafarroako beste leku harrigarrietako bat Aralar mendia da. Inguru horrek bikain uztartzen ditu natura, interes kulturaleko guneak eta gastronomia.

Hona hemen gure gonbita: Aralarko San Migel santutegia bisitatu. Leku paregabea da, bai santutegiaren historiagatik (X. mendekoa da), bai kokapen ikusgarriagatik (Aralar mendiaren gailurrean dago, eta inguruko paisaia ederra ikus daiteke handik). Begiratoki horretatik, hodeietan zaudela irudituko zaizu! Eta han egonda gosea ase nahi baduzu, sartu jatetxera. Tokiko produktuak eta ohiko “salda” izango dituzu hilabete hotzenetan berotan sartzeko. Uharte Arakilgo barrutian dago leku hau, non artzaintzaren eta artisau-produktu gastronomikoen ekoizpenaren kultura oso errotua baitago; bereziki aipagarria da Idiazabal gazta, ardi-esne gordinez egina.

Gastronomia maite baduzu, begiratu web-orri honi, Sakanako elikagai jasangarrien ekoizleak aurkituko baitituzu, hala nola gaztandegiak, ezti-ekoizleak, eta hestebete- eta haragi-ekoizleak.

Eta ingurune idiliko hau hobeto ezagutzeko, zer iruditzen zaizu Plazaolako Bide Berdea bizikletaz egitea, Lekunberritik?

Leizea, amaierako helmuga

Azkenik, Nafarroako bazter honetako beste bitxi natural bat ezagutzera gonbidatzen zaitugu: Mendukiloko kobazuloa Murgildu barren-barrenera, jaitsi isiltasuna protagonista den lekuraino eta so egin mendetan zehar barruan sortu diren forma ikusgarriei. Eta emozio zirraragarriak atsegin badituzu, zatoz espeleoabentura-programara: exijentzia fisiko handiko jarduera da, 3 bat ordukoa, eta aldez aurretik erreserbatu beharko duzu; eginez gero, Gudariaren Aretoraino iritsi ahalko duzu, lurrazpian 70 metrora.

Haitzuloei buruz ari garen honetan, ezin dugu ahaztu haiei darien fantasia eta magia. “Irati”-ko istorioak erakusten duenez, erantzunez zein galderaz beterik dago koba, eta hobe da bizitzea beste batek kontatzea baino. Mendukiloko kobazuloaz gain, badira beste kobazulo batzuk Nafarroan, mila urtetik gorako historia duen lurralde honetako alderik enigmatikoenera eramango zaituztenak; haren antzinako mitologia eta tradizioei buruz gehiago jakiteko modu bikaina dira.

Zugarramurdiko leizea eta sorginen museoa ezinbesteko bisita dira iparraldeko haran berde eta hezeei berezko zaizkien mitologia eta gertaerak bertatik bertara ezagutzeko. Leize horretatik, Pottoka Urdinaren bidexka abiatzen da. Patxadaz egiteko bide bat da, inguruko beste kobazulo batzuetaraino iritsi arte: Urdazubiko leizea: milaka eta milaka urtean sortutako estalaktita eta estalagmiten ikuskizun izugarria.

Film eder honetako bazter nafarrei buruzko informazioa duzularik, zeren zain zaude, bada, haiek ikustera etorri eta haietan zeure abentura bizitzeko?

Tag-en hodeia: