2023.10.25

Deskubritu Nafarroako Erriberako kolore harrigarriak

Erriberan, okreak, berdeak, gorriak eta urrea nagusitzen dira. Okreak Bardeako basamortuan, Tuterako katedralean eta monasterioetan agertzen dira; berdeak, bere baratze famatuan, olibondoetan eta Tarazonicako bide berdean; gorria, Nafarroa J.D.-ko ardoetan eta bere jaietan; eta urrea, bere olioetan eta zeruetan urte osoan nagusi den eguzkian.

Blog

Nafarroa entzunda, ibarrak, basoak eta Pirinioak, eta, agian, Donejakue bidea edo izen handiko gazteluak, etorriko zaizkizu burura seguruenik, baina, Pirinioek eta Erdialdeak hartzen duten zerrenda horren azpian, lautadek osatutako lurralde bat dago, imajinatu baino askoz ere erakargarriagoa. Han sortzen dira Erresuma honetako barazki gozoak, han duzu isil-isilik Europako basamortu iparraldekoena eta han duzu zain bere jende abegikor eta irekia.


Bestetik, arabiarrak, juduak eta kristauak igaro dira hortik, eta guztiek utzi dute arrastoa. Tuterako judutegian, etxebizitza eta nekropoli islamiarretan, eliza eta monasterio kristauetan…

​​​​​​​Nafarroako Erriberaz maitemintzeko ideiak ematea nahi duzu? Baietz esaten badiguzu, irakurtzen jarraitu besterik ez duzu.

ERREGE BARDEAK

Horra abiapuntua. Nork imajina ote lezake Espainiako iparraldean, eta mendi, baso eta ibaiz beteriko komunitate batean, halako basamortuko paraje itzel hori aurkitzea, kilometro bakar batzuk hegoalderantz eginez gero?

Ez da, ordea, hareazko basamortu bat, baizik eta igeltsu, buztin eta hareharrizko eremu zabal bat, lurrezko lautadak eta formazio harrigarriak konbinatzen dituena, batez ere Bardea Zurian. Milioika urteko higaduraren ondorio dira, eta zinemako eta telebistako produktore asko liluratu dituzte beren filmak eta iragarkiak filmatzeko.

42.500 hektarea dira (45 km luze x 24 km zabal,distantzia maximoetan), eta, geomorfologia bitxi-bitxia izan ez ezik, flora eta fauna oparo-oparoa ere badago haietan, berezkoagoak Afrikako kontinentean latitude hauetan baino. Horregatik guztiagatik, Biosferaren Erreserba izendatu zuen parke natural hori UNESCOk.

Eta nola deskubritu Errege Bardea? Zure kabuz egin dezakezu autoz, bizikletaz edo oinez, baina bisita gidatua kontratatzea gomendatzen dizugu, askoz gehiago gozatuko duzu eta! Buggy, 4x4, segway, bizikleta, auto edo oinez egin dezakezu, baita motoz ere. Egun-argiz joan zaitezke, noski, baina, ilunabarrean bisitatuz gero, askoz ere xarmagarriagoak dira eta argazkiak, askoz ederragoak.

TUTERA, BARAZKIEN HIRIBURUA

35.000 biztanle ditu, eta Nafarroako bigarren hiri nagusitzat jotzen da. Hango jatetxeetan, Ebro ibaiak ureztatutako baratzeek (La Mejana esaten diegu) ematen dituzten barazki onenak dastatu ahalko dituzu: borrajak, orburuak, karduak, kukuluak, tomateak, piperrak eta Nafarroa J.D.-ko zainzuriak. Izugarri gustatuko zaizkie helduei zein haurrei.

Tuterako kaleetan barrena ibiliz gero, bere historiak kristau, arabiar eta juduen eskutik utzitako mestizaje kulturala topatuko duzu, etxeetan, monumentu erlijiosoetan eta hiri-bilbean. Ez galdu Judizioko portada harrigarria eta katedraleko klaustro erromanikoa, elizak eta jauregiak, eta Foruen plaza ederra. XVII. mendean eraiki zen, eta zezen-plaza izan zen hasieran. Erlojuaren Etxea da nagusi han, eta kiosko polita du. Plazako fatxadetan, gainera, Erriberako herrietako armarriak agertzen dira. Leku ezin hobea da, beraz, bidean geldialdi bat egin, terrazaren batean eseri eta aperitibo goxo-goxo bat hartzeko!

Ezagutu hemen Tuterako bisita eta jarduera guztiak.

​​​​​​​

SENDAVIVA NATURAREN PARKEA

Familiarekin bazatoz, Erriberarako bidaian ezin galduko hau duzu Tuteratik 25 kilometrora, iparralderantz. Hauek guztiak, besteak beste, izango dituzu gozagarri ama naturan inspiratutako parke tematiko dibertigarri honetan (hegazti harrapariak eta animalia exotiko eta baserriko ugari aurkituko baitituzu): Bumpers, Splash, Labirintoa eta lakuko txalupak, ur-jarduerak maite dituztenentzat; Tirolina Handia, Bobsleigh eta Etxe Sorgindua, ausartenentzat; eta jarduera ugari, haurrentzat, ikuskizunak ahaztu gabe, hala nola Zirkua.

Eta urrian etorri ahal bazara, bere alderdi enigmatiko eta harrigarria aurkituko duzu... Halloween zain duzu Sendavivan ere.

  • Sendaviva martxotik azarora dago zabalik (data zehatzak hemen: webgunea)​​​​​​​​​​​​​

FITERO, LA OLIVA ETA TULEBRASKO MONASTERIOAK

Nafarroako eremu txiki samar horretan, Erdi Aroko arkitekturako hiru harribitxi daude:

  • Fiteroko monasterioa Erdi Aroko multzo ikusgarria da, Iberiar penintsulako lehen zenobio zistertarra. 1931n, Monumentu Nazional izendatu zuten, eta erromanikoaren sendotasuna eta gotikoaren dotorezia batzen ditu. Klaustroa eta abade-eliza ikusiko dituzu, eta kutxatila arabiarren eta Erdi Arokoen bilduma ere, esmalte limogestarrezko erlikia-ontzi gotiko ederra ahaztu gabe. Bisita gidatuak eta gaueko bisita antzeztuak egiten dira. Eman izena, esperientzia paregabea baita Erdi Aroko artea maite dutenentzat.
  • La Olivako monasterioa zistertar monako-arkitekturaren beste adibide eder bat da. Erriberako ipar-ekialdean dago, Zarrakaztelun, eta hura ere Monumentu Nazional izendatu zuten, 1880an. Kapitulu-aretoa eta abade-eliza ederra ditu. Elizatik, XIV. mendeko klaustro gotiko eder batera joan daiteke Hogei bat monje bizi dira monasterioan, eta klaustroan paseatzen, otoitz egiten edo mahastian lanean ikus daitezke, tunika zuriz jantzita. Ondo irakurri duzu, bai, monasterioak bere ardoa du, eta online saltzen dute, gainera.

    ​​​​​​​Bake-giroa eta espiritualtasuna bizi nahi badituzu egun hauetan, aukera ona izan daiteke hori. Nahi baduzu, ostatuan hartuko zaituzte monjeek, eta zurekin egon eta liturgien partaide egingo zaituzte.

* OHARRA: Monasterioa 2024. urtearen erdialdera arte itxita egongo da, obrak direla eta.

  • ​​​​​​​Tulebrasko monasterioa Queiles ibaiaren ertzean dago, ureztalurren artean. Zistertar ordenaren lehen emakume-zenobioa izan zen Espainian, eta sortu zenetik (1157) izan du etengabe erlijio-bizitza. Laster esaten da hori! Trapako moja-komunitate oso aktibo bat bizi da han... Gozokiak, eztia eta kosmetika naturaleko produktuak egiten dituzte, baita artisautza- eta koadernaketa-lanak ere, eta, gainera, ostatu txiki bat dute. Arte-ondareari dagokionez, eliza, klaustroa, abade-jauregia, arte sakratuaren museoa eta antzinako dorre erromatar baten hondakinak gorde dira. Bisita merezi du.

GAZTELUAK ETA AZTARNATEGIAK

Eta ondare artistikoaz ari garela, bi gotorleku ere bisitatu ahal izango dituzu:


​​​​​​​Bata, Cortesko gaztelua da. Nafarroako herririk hegoaldekoena da hori. XII. mendeko eraikin bat da (kultura-intereseko ondasuna 1993az geroztik), baina XIX. mendean eraberritu zen. Dorretxea, arma-patioa eta harresia ditu oraindik, ordea. Barruan, Alto de la Cruz aztarnategiari buruzko erakusketa iraunkorra ikus daiteke. Hirigunetik kanpo dago, eta Europan Burdin Aroko garrantzitsuenetakotzat jo da. Bisita gidatua dago sakon ezagutzeko.
 

Eta bestea, Martzillako gaztelua, estilo gotikokoa. XV. mendean eraiki zen, adreiluzko hormekin, eta matakanak, dorreak, lubanarroa eta sarrerako zubia ditu. Kondairak dioenez, Cid Campeador jaunaren ezpata (Tizona) barruan gorde zen. 2012. urtean zaharberritu zen, eta udaletxea da gaur egun.

FITERO, BATEKO-HIRUKOTEA

Hasteko, monasterio izugarria dago. Aipatu berri dugun arte zistertarraren harribitxia da.

Gero, ehun urtetik gorako bainuetxea, herritik 3 kilometrora. Hango termetan askotan sendaketak jasotako poeta baten izena darama: Gustavo Adolfo Bécquer. Han, iturburuaren propietateen eskutik suspertu ez ezik, sasoi-sasoiko utziko zaituzten tratamendu ugari erreserbatu ahalko dituzu, eta kanpoko igerilekuan bainatu urte osoan, 34 graduan. Erromatarren garaietatik dator haren lehen aipamena, pentsa!

Eta, azkenik, oso bidexka berezi bat: Las Roscas ibilbidea. Ibilbideen eta naturaren atalean azaltzen ditugu haren xehetasunak.

CORELLA, BARROKOAREN TENPLUA

Barrokoa Corellako txoko guztietan arnasten da: bere kale zaharrek eta jauregiek XVII. eta XVIII. mendeetara garamatzate. Loraldi ekonomiko eta sozial handiko garaia izan zen hura, hainbat oinetxe –blasoidunak haietako batzuk– utzi zituena hirian, familia ospetsuen oroigarri: Sesma, Virto de Vera, Alonso, Escudero…

Gainera, 1710az geroztik, Ostiral Santuko prozesio barrokoa egiten da Corellan. Kristoren Pasioaren irudi ederrak erakusten dituzten pausuak eta herri-eszenifikazioa konbinatzen ditu (1.000 pertsona inguruk parte hartzen dute). Interes Turistikoko Jai aitortu zuten, 1967an, Espainiako prozesio-segizio bereizgarri eta originalenetako bat delako. Ez galdu Jerusalemeko sarreraren, Harrapatzearen eta Topaketaren une zirraragarriak. Alabardariek zein penitenteek hunkitu egingo zaituzte, kate astunak herrestaka daramatzatela azken horiek erdigune historikoko kalezuloetan barrena.

Eta bere estilo erregeari ohoratzeko, zer Corellako Jardunaldi Barrokoak baino hobe? Urtero egiten dira, asteburu batean, urriaren amaieran, eta azoka, errezitaldiak, bisitak, tailerrak eta emanaldiak izaten dira gozagarri, guztiek gai barrokoa ardatz dutela.

Taldean bazabiltza, Corella ezagutzeko irrikaz geratu bazara eta bertakoen eskutik egiteko gogoa baduzu, ez galdu egiten dituzten bisita original antzeztuak!

CASCANTE

Jatorri erromatarrekoa (Cascantum izan zen bere jatorrizko izena), zenbait erakargarri natural eskaintzen dizkizu, hala nola Lor aintzira, arrantzarako, paseatzeko eta hegaztiei behatzeko leku aproposa, eta Tarazonicaren Bide Berdea, Cascantetik bertatik igarotzen dena. Gainera, arte-elementu bitxi bat ere badu, Ama Birjina Erromerokoa eliza. Argazkia merezi du haren eskalinata arkupetu luzeak.

Eta, bisitaren ondoren, zer iruditzen ibilaldi bat buggy-an milaka urteko olibondoen artean? Bisita gidatu bat inguruko upeltegi batera agian? Edo herriko zentro termoludikoan bainatu? Kontsultatu hemen Cascanten antolatutako jarduera guztiak.

BIDEZIDOR ERRAZAK, ARGAZKIA MEREZI DUTENAK!

Erriberako artea ezagutu ondoren, zer iruditzen ibilaldi oxigenatzaile bat pilak kargatzeko eta gero gozatuko dugun otordu goxoa irabazteko?

Hona hemen inguruan dauden ibilaldien aukeraketa bat, bakoitzak bere xarmarekin:

  • Tarazonicaren Bide Berdea: 22 kilometroko ibilbidea, desnibel gutxikoa, Tuteran hasi eta Tarazonan (Zaragoza) amaitzen dena. Oinez edo bizikletaz egin dezakezu, baratze eta paisaia leunen artean.
     
  •  Las Roscas zirkuitua: 8 kilometroko bidezidorra, zailtasunik gabea, Fiteron hasi, Mairuaren kobazulotik pasatu (Bécquerren kondaira batean agertzen da) eta forma berezi-bereziko mendigune harrigarri horretaraino iristen dena. Atera argazki-kamera, merezi dute eta!
     
  • Alhamako osasun- eta kultura-ibilbidea: 38 kilometroko ibilbidea, bi noranzkoa, mendiko bizikletaz edo oinez egitekoa, Alhama ibaiaren ibarrean eta Corella, Cintruénigo, Fitero eta Baños de Fitero herrietan (bainuetxea) barna. Kontraste handiko paisaia eskaintzen du: baratzeak, ibarbasoak, aintzira artifizialak, lehorreko gari-soroak, olibondoak eta almendrondoak, Moncayo atzean dagoela. Bista ederrak daude.​​​​​​​
  • Cabezo del Fraile tontorraren ibilbidea (Bardea) : 5,5 kilometroko paseoa, zailtasun ertainekoa, Bardea Beltzean, formazio horren gailurreraino igotzen dena. Panoramika izugarria izango duzu handik.
    ​​​​​​​
  •  Cortinas amildegia: Castildetierrako tontorretik, hau da, Bardeako ikonotik hasten da. Zirkularra da, kilometro bat baino gehixeagokoa, desnibelik gabe, eta Bardeako amildegi berezietako baten barna eramango zaitu.

Eta, naturari dagokionez, badakizu Errege Bardeako Parke Naturalak ez duela parekorik, baina badira beste natura-gune batzuk ere, uretakoak oraingoan. Hona hemen:

  • Lor aintzira (Cascantetik 1 km baino gutxiagora): aintzira polita da, 2 kilometroko perimetroa duena patxadan ibiltzeko, ur-paisaiari nahiz olibondo-alorrei, gari-soroei eta mahastiei so egiten dizuen bitartean. Gainera, arrantzan egin ahal izango duzu, baimena baduzu, eta urtean zehar handik igarotzen diren hegazti asko ikusi ahal izango dituzu, besteak beste, txori zezena, ahate txistularia eta antxeta mokogorria. Zona buggy-z edo quad-ez ezagutu nahi baduzu, azter ezazu jarduera hau
Laguna de Lor al atardecer - Autor: Martín Zalba
  • El Bocal (Tuteratik 7 kilometrora): paraje berezi-berezia, eguna emateko eta paseatzeko. Karlos V.aren jauregia, kapera neoklasikoa, 500 urtetik gorako haritza (Monumentu Natural izendatuta) eta XVIII. mendean eraikitako presa topatuko dituzu. Azken horretatik sortzen da Aragoiko Ubide Inperiala, Tutera eta Zaragoza artean merkantzia eta bidaiariak garraiatzeko erabili zena trenbidea iritsi aurretik.
    ​​​​​​​Tuteran zaude eta bisita gidatua egin nahi duzu paraje berezi horretar
    ​​​​​​​
  • Tutera eta Cascantetik 5 minutura, Pulguerreko Idoia Erreserba Naturala dago. Igerileku natural gisa egokitu da, eta ezin hobea da udan freskatzeko. Ur epela du, gazia, eta hegaztien babeslekua da (adibidez, zikoina arruntarena). Gainera, bainatu ez ezik, uretako kirolak egin ahal izango dituzu horretarako mugatutako eremuan.

BARAZKIEN ERRESUMAREN GASTRONOMIA

Eta zer hobeto Erriberako bidaia hango barazki famatuak dastatuz biribiltzea baino... Klima mediterraneoa eta Ebro ibaia —eta, zalantzarik gabe, nekazarien mimoa eta lan ona— dira lurreko fruitu koloretsu, osasungarri eta finen zerrendaren eragileak. Horiekin guztiekin, plater bikainak prestatu ohi dituzte gure amonek, hala nola barazki-menestra, kardua eta alkatxofak urdaiazpikoarekin, borraja patatekin, zerba azenarioarekin, tomateak eta zainzuri freskoak, piper erreak olioarekin eta baratxuriekin... Mmm, etxeko zaporeak, kilometro zeroko produktuekin eginak, hala etxeko menuetan nola chef handiek zapore eta testura sinestezinak aurkezteko lantzen dituzten plateretan.​

Beraz, ez alde egin lurralde honetako barazki tipiko eta gozoak probatu gabe gure jatetxeetako edozeinetan, eta ez ahaztu horietako batzuk kontserban eramatea, hurrengo otorduan zure jendea gozarazteko.


Beste aukera bat da jai gastronomikoren batera joatea, haietan ez baitute inoiz huts egiten nekazaritzako elikagaien merkatuak, monumentu, upeltegi eta olio-errotetarako bisitek edo gure platerik onenak egiten ikasteko tailerrek.

Eta hitzordu gastronomikoak motz geratzen bazaizkizu, kontsultatu hemen Erriberako ekitaldien agenda osoa.

Lortu al dugu Erriberako koloreek zu harrapatzea eta ezagutzeko irrika sartzea? Aitzakia gehiago behar badituzu oraindik, kontsultatu enpresek zuretzat antolatu dituzten plan guztiak.

​​​​​​​Orain bai, ez? Laster arte!

Tag-en hodeia: