2024.02.15

Zer ikusi eta zer egin Nafarroako Pintxoaren Astera bazatoz

Nafarroako egutegian bada data bat ongi jatea atsegin dutenek jakin beharrekoa. Pintxoaren Astea da, martxoaren 8tik 17ra aurten. Hamaika plan izango dituzu Nafarroa ahosabaiaren bidez ezagutzeko.

Blog

Urtero bezala, udaberria hurbiltzen denean, Nafarroa osoko ehun bat taberna lehiatzen dira Pintxoaren Astean miniaturazko artelanik onena egiteko. Etorri Nafarroara probatzeko nola uztartzen diren sukaldaritzako azken nobedadeak mokadu tradizional hauekin, eta aprobetxatu aukera gure lurraldea sakonago ezagutzeko. Horregatik, turismo eta gastronomia nahasten dituzten hainbat iradokizun egin nahi dizkizugu, ahalik eta etekin handiena atera diezaiozun bidaiari.

Iruña: txoko xarmangarriak eta slow food jatetxeak

Ibilaldia hiriko harresietan barrena, selfie bat udaletxearen fatxadan, bermut bat Gazteluko plazako terraza batean, erosketak saltoki txikietan, pintxo goxo-goxoak… Erakargarria, ezta? Eta leku eder eta ezezagunenetara eraman eta hiriko historia, bitxikeriak eta kondairak kontatuko dizkizuten gidariekin paseatzen bazara..., askoz erakargarriagoa! Eta amaiera bikaina emateko, pintxoak eta ardo- eta garagardo-dastaketa Alde Zaharreko ardotegi batean.

Plaza del Castillo con ambiente en primavera

Pintxoak bikainak dira aperitiborako, baina… jakin nahi duzu nora joan bazkaltzeko ordua iristen denean? Gure 0. kilometroko jatetxeetako bat aukeratzea aukera bikaina izango da tokiko produktuak aurkitzeko. “Slow Food” zigilua dute, eta tokiko ekoizleengandik zuzenean, 100 km baino gutxiagoko erradio batean, lortutako lehengai ekologikoekin egindako platerak eskaintzen dituzte. Kalitatezko menuak, jasangarriak… eta hatzak miazkatzekoak!

Plato de borraja con una bonita presentación

Iparraldera, perretxiko eta sagardo bila

Iparralderago, leku ezin hobea dago perretxikozaleentzat. Ultzamako pagadiek “elur ezkoa” ezkutatzen dute egun hauetan (horregatik deitzen zaie “martxoko ezko” ere). Jakin nahi dituzu zer sekretu dituen produktu iheskor horrek mikologian adituak diren gidarien eskutik? Jantzi botak eta hartu saskia! Basoarekin bat egiteko garaia da irteera mikologiko honen eskutik. Gainera, naturaren berezko lasaitasun itzelak ongizatez blaituko zaitu.

Grupo de personas escuchando las explicaciones de una guía en una salida micológica en el bosquem

Eta plana osatzeko, zer iruditzen zaizu sagardoaren munduan barneratzen bagara? Ibarraren bihotzean, familia batek bere sagarrak hazten ditu zukua eta sagardoa egiteko. Nekazaritza eta turismoa batzen dituen bisita honetan, haien soroak eta sagardoa egiteko prozesuak ezagutuko dituzu, eta hainbat produktu dastatuko dituzu zentzumenen bidez preziatzen ikasteko. Eta sagardoa menu tradizional batekin uztartzeko gogoarekin geratu bazara, irakurri arretaz gure sagardotegi-posta.

Sidra cayendo en un vaso

Estellerria, delicatessen-lurraldea

 Nafarroako mendebaldera jotzen baduzu, berdin asmatuko duzu. Izan ere, era guztietako planak ditu zure bisitan ezer falta ez dakizun! Adibidez, “patxarana eta Idiazabal gazta” esperientzia gastronomikoa” izugarri gustatuko zaizu. Bi produktuak gure gastronomiaren harribitxiak dira, jatorrizko deitura dutenak. Bisita horretan, Abartzuzan, Lizarratik oso gertu, Licores Azanza, patxaran-ekoizle antzinakoenetako bat, eta Urrizaga gaztandegia ezagutuko dituzu. Azken horren ardiak aldameneko Urbasa-Andia Parke Naturalean bazkatzen dira. Halaber, Irantzuko Andre Maria monasterioa eta Eunateko Andre Maria eliza misteriotsua ezagutu ahal izango dituzu. Dena du!

Vista nocturna de iglesia románica de Eunate

Delicatessen-produktuak oso gustuko dituzunez, ziur gaude boilur-esperientzia premium zure neurrira egina dagoela. Iruñetik 50 bat kilometrora, Metauten dago, non berez ekoizten baita boilurra. Haren jatorria, nola aurki dezakezun eta zergatik den hain gutiziatua jakin ahal izango duzu. Gainera, benetako boilur-txakur baten erakustaldiaz gozatuko duzu, eta boilurrean oinarritutako hainbat gourmet-produktu probatuko dituzu. Plan zinez erakargarria!

Perro

Eta esango bagenizu natura eta garagardoa konbinatzeko plan ezin hobea dugula orain? Zumaque Experience da, bidaia iraganera. Interpretazio-ibilaldi bat egingo duzu, zeinak Lizarraren dimentsio kultural eta naturalak ezagutuko baitituzu, zumakea ardatz dela. Eta, amaiera biribiltzeko, Rhus garagardoa, Sumac Ale, dastatuko duzu; zinez berritzailea da, zumakea (sumac) erabiltzen baitu osagai.

Perro buscando trufa

Erriberri, ardoaren hiriburua

Inoiz huts egiten ez duen plan bat upeltegi bat bisitatzea da, eta Erriberrin asko dakite horri buruz. Izan ere, jakin badakigu jada erromatarren garaian zaintzen zirela mahastiak eta egiten zela ardoa.

Bestetik, Erriberriko gaztelua bisitatzea ezinbesteko hitzordua da, eta herriko upeltegi batera joatea eguna biribiltzeko modu ona da. Adibidez, Bodegas Ochoa upeltegiak “Ardoa bizi dugu” esperientzia eskaintzen du. Ardoa, ogia olioarekin, gazta eta txokolatea dastatzen dira, giro abegitsu batean dastatu ere. Eta eguraldia lagun, gozatu ederra hartuko duzu terrazan ardoak edanez eta errazioak janez. Erdi Aroko herriaren kanpoaldean, Pagos de Araiz upeltegia dago. Ardogintzaren prozesua ez ezik, hango arte-erakusketa ere ikusiko duzu.

Vista del palacio de Olite con paisaje de viñas cercanas

Erriberritik 5 kilometrora, Tafallako Mencoen Jauregia duzu zain. Zinez bisita bitxia egingo duzu han, 600 urteko jauregi bateko solairu noblea eta upeltegi historiko bat ezagutuko baitituzu. Azkenik, San Martin Unx herri ederrean, Bodegas Máximo Abete upeltegiak era askotako esperientziak eskaintzen ditu: hala haurrentzako entretenimendua nola terraza eta winebar atsegin-atseginak.

Actividad en el exterior de la bodega Máximo Abete

Erribera: ardoa, olioa eta barazkiak

Nafarroako hegoaldean ere ekoizten da ardoa; izan ere, herri askok ekoizten dituzte ardo propioak. Tuteratik oso gertu, Cascanteko Bodegas Malón de Echaide upeltegiak bisita tradizional bat eskaintzen dizu, batetik, eta bestetik, mahastiak buggy edo 4x4 batean ibiltzeko aukera. Halaber, Castejónen, Bodega Montecierzo upeltegiak ekoizpen-prozesua, barrika-aretoa eta hartzidura-aretoa ere erakusten ditu, eta, azkenik, bere ardo zoragarriak dastatzeko aukera ematen du.

Tuteratik 12 kilometrora baino ez, bestelako dastaketa bat aurkituko duzu, bestea bezain gozoa: oliba-olioarena. Aceite Artajok bere olio-errota erakutsiko dizu bisita batean. Hango langile espezializatuek finkak eta landaketak erakutsiko dizkizute naturaz inguru paregabe batean gozatzen duzun bitartean. Den-dena ikasiko duzu oliba-olio birjina estrari buruz. Modu ekologikoan egiten dute, gainera. Eta aurreratu dizugunez… produktu bikain hori dastatu ahal izango duzu!

Recipientes de crital llenos de aceite

Eta, amaiera bikainerako, Nafarroako hegoaldeko barazki ezagun-ezagunak: borraja, kardua, orburuak, pikillo-piperrak, zainzuriak... Ebroko ibarrean hazten dira, eta beti dute ezaugarri komun bat: zapore bikaina eta kalitate handia. Probatu plater tradizionalak, hala nola barazki-menestra, edo inguruko jatetxeetan aurkituko dituzun proposamen berritzaileak, ahosabai gourmetenak ere aseko baitituzte.

Pimientos en conserva

Honaino Nafarroa ahosabaiaren bidez ezagutuz dibertitzeko zuretzat ditugun proposamenetako batzuk. Aukera asko eta askotarikoak; beraz, aukeratu zure gogokoena… eta gozatu!

Tag-en hodeia: