2023.09.21

Enoturismo ekologikoko 6 esperientzia ekoarekin konprometitutako wineloverentzat

Mahats-bilketaren garaian gaude bete-betean, Nafarroari mahats-usaina dario eta muztio-zaporea du, eta traktoreen joan-etorriak etengabeak dira haren fruitu preziatua lurralde osoko kooperatiba eta upeltegietan deskargatzeko.

Blog

Ardo on baten bertuteak estimatzen badakizu eta, gainera, nola egin den axola bazaizu, gera zaitez. Gure upategi batzuek antolatzen dituzten esperientzia erakargarrienak kontatuko dizkizugu hemen. Ingurumena errespetatzen duen kalitate bikaineko ardo ekologikoa egiten dute guztiek.

​​​​​​​Hasi bisita kopa eskuan duzula, dastatu ardoak eta utzi upeltegi horietan arnasten den ilusioak kutsa zaitzan:

1. Bodegas Ochoa (Erriberri)

Bere errege-jauregia ez ezik, Nafarroako ardoaren hiriburu izatearen titulua ere harro-harro erakusten du Erriberrik. Merezita du, 7 upategi, Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilua, Nafarroako Ardoaren Kofradiaren egoitza eta Enozentrum zentroa dituelako.

​​​​​​​Ba al dago gehiago eskatzerik? Bai! Bertako upategiek ardo ekologikoak ekoiztea. Hona hemen bat: Bodegas Ochoa. Familia-upeltegia da, eta hauxe du ezaugarri nagusi: ekoizten duen ardo guztia bere mahastietatik dator duela sei belaunalditik. Horrez gain, 2015etik, ekologikoan ekoizten du, mahastia eta ingurumena ahalik eta gehien errespetatzeko filosofiarekin. Hain da handia haien ardura eta grina, ezen hemen ez baitira mahats guztiak batera biltzen, baizik eta bakoitzaren unerik egokienean, naturak hala eskatzen duelako. Eta gauez biltzen dituzte aleak! Horrela, mahatsak ez du sufritzen eta ordu-erdi baino ez da behar mahatsondotik biltegira eramateko, hartzidurarik eragin gabe eta ardoen kalitatea bermatuta.

Sala con barricas y un camión

Diote gero eta hurbilagotik ezagutu orduan eta hobeto baloratzen dela haien lana, eta horregatik gustatzen zaie etxean, upategian, jendeari harrera egin eta sekretu guzti-guztiak ezagutaraztea. Hona hemen eskaintzen dituzten esperientziak:

  • “Ardoa bizi dugu” bisita gidatua: 75 minutu irauten du, eta 3 ardo dastatzen dira ogiarekin, ekoizpen propioko olioarekin, gaztekin eta txokolatearekin, giro atseginean.
  • “Momentua bizi dugu” aperitiboa: enotekan edo kanpoko terraza atseginean egiten da. Aukera ezin hobea bruncha hartzeko edo mokaduak jateko, modu informalean; beren ardo bikainekin batera, hestebete eta gazta gozo-gozoak zerbitzatzen dituzte.

Eta, Erriberrin zaudenez, gaztelua ikusteaz gain, nahi al duzu herrian bisita gidatua egitea kopa bat ardo gorri eskuan hartuta?

Grupo de personas con una copa de vino visitando Olite

2. Bodega Máximo Abete (San Martín Unx)

Erriberritik 8 kilometrora, muin batean, San Martin Unx dago, ardo gorria ezaugarri nagusi duena. Atsegin handiz hartu ohi dituzte ardozaleak Máximo Abete upategian. Garnatxa barietatea lantzen dute gehien bat, ekoizpen ekologikoa, organikoa eta jasangarria oinarri hartuta. Familia-upategi txiki bat da, bigarren belaunaldiak zuzendua, sortzailearen helburu berarekin gaur egun ere: San Martin Unxeko mendialde abandonatuetako mahastizaintza tradizionala mantendu eta berreskuratzea.

Dos niños tocando racimos de uva

Proposamen ezin hobea eskaintzen dute ardoaren mundu zirraragarrian sartzeko: Gerindako 4 urtaroak bisita. Haren eskutik, upeltegiko giroa eta txokoak, proiektuaren filosofia eta haren ardoak ezagutuko dituzu, patxadaz ezagutu ere. Gainera, paisaia bertatik bertara sentitu eta bertako gastronomia dastatu nahi baduzu, beste esperientzia batzuekin konbinatu ahalko duzu. Barbakoa bat ere egin dezakezu zuk zeuk. Egin begiratu bat. A! Eta wine bar bat ere badute, ezin hobea ardoak aperitibo gozo-gozoekin partekatzeko, zure hurbilekoekin.

Hemendik oso gertu, herri xarmangarri bat bisitatu ahalko duzu: Uxue. Ibili noraezean etxetzarrez beretiko kale harritsuetan barna, bisitatu Andre Maria santutegi-gotorleku ikusgarria eta probatu artzain-erara egindako ogi-apur ospetsuak; hona hemen jatetxeak.

cazuela de migas, pan y tomates

3. Bodegas Mendiko (Oibar)

Erdi Aroko Oibar herrian, Zangozatik 9 kilometrora, Bodegas Mendiko dago. Garnatxa, Cabernet Sauvignon, Tempranillo eta Syrah barietateak lantzen dituzte, nekazaritza ekologikoaren printzipioak mahatsondoak landatzen direnetik errespetatuz. Artisau-moduan egiten dituzte ardoak, eta zurrupara bakoitzak beste garai eta leku batzuetara eramanen du gure espiritua, hots, Mendialde Beherea Nafarroako Erresumaren muina zeneko garaietara.

​​​​​​​Zatoz upeltegi hau ezagutzera, eta egizu bisita gidatua. Nekazaritza nola bizi duten, nola ekin zioten upeltegiaren abenturari eta nola erabiltzen dituzten mahasti ekologikoak azalduko dizute protagonistek. Esperientzia amaitzeko, ardoak dastatuko dira bertako produktuekin batera.

Aibar de noche

Xabierren Lurrak izendapena hartu du inguruak gaur egun, eta toki zinez txundigarriak hartzen ditu, hala nola arroilak eta haien gainean hegan egiten duten sai arreak, Nafarroako zaindari San Frantzisko Xabierkoaren sorlekua izandako gaztelua eta Leireko monasterioa eta hango monjeek errezitatzen dituzten kantu gregorianoak.

Castillo de Javier

4. Bodegas Azpea, Irunberriko arroilaren ondoan jateko

Oso gertu, iparralderantz, Irunberriko arroila ikusgarriaren ondoan, erresuma zaharrean iparraldeen dauden mahastiak daude. Mendialde Beherea esaten zaio inguru honi, eta ardo ekologikoak dastatu ahal izango dituzu han, saridunak haietako batzuk, hala nola Bodegas Azpea upeltegiek ekoizten dituztenak.


​​​​​​​1980ko hamarkadatik, ekologikoan lantzen dituzte mahastiak. Barietate ugari hazten dituzte, lursail txikitan, hala nola Cabernet Sauvignon, Merlot, Tempranillo, Garnatxa, Viura eta Pikor xeheko moskatela. Ardo-sorta zabala dute. Bat aipatzearren, zuria, Viura barietatearekin egiten dutena; saria jaso du nekazaritza ekologikoari buruzko lehiaketa ospetsuenetako hainbatetan, eta probatu egin ahalko duzu, upeltegian bisita gidatua egin ondoren, jatetxean zerbitzatuko duten menu ekologiko gozo batean.

Grupo de personas andando por la foz de Lumbier

5. Bodegas Lezaun, Urbasa eta Andia mendien magalean

1780ra jo behar da Bodegas Lezaun lehen dokumentu idatzietan aurkitzeko. Lakarren dago, leku pribilegiatu batean, Urbasa eta Andia mendien magalean. Klima ezin hobea da hangoa mahastizaintzarako.

​​​​​​​Nekazaritza ekologikoko ardoen aldeko apustu garbiarekin lehiatzen dira bere ardoak nazioarteko merkatuan, eta sari ugari jaso dituzte, kalitatearen eta garapen jasangarriaren aldeko apustu horretan aurrera egiten jarraitzeko bultzada ematen diotenak.

Carreta tirada por dos caballos entre viñedos

Adi ardoa eta ongi jatea maite duzuen horiek! Mahastiak bisitatu, ardoa egiteko milaka urteko prozesua ezagutu eta, gainera, upel-areto zahar batean primeran bazkaldu nahi? Orduan, hona hemen Lezaun upeltegiaren familiak bisitarientzat prestatu dituen esperientzia guztiak:

  • Bisita gidatua upeltegiko eremuetara, bi ardo dastatzen dituzun bitartean.
  • Bisita gidatua, ardo-dastatzearen hastapenak eta dastaketa komentatua, upategiko enologoaren eskutik.
  • Paseoa mahastian barna zaldi-gurdian eta dastaketa komentatua mahastian bertan.
  • Dastatzeko menua erretegian, nekazaritza ekologikoko elikagaiekin.
  • Erretegiaren karta, berrikuntza eta tradizioa ezin hobeki konbinatzen dituzten platerekin.
  • Mahats-bilketa bertatik bertara: mahatsak bildu, hamaiketakoa mahastian, mahatsa eskuz aukeratzea eta upeltegia bisitatzea.

​​​​​​​Kontsultatu hemen ekoesperientzia horien xehetasun guztiak

Cuatro personas con una copa de vino tinto en la mano

6. Bodegas Quaderna Vía (Estellerria)

Ez da harritzekoa Bodegas Quaderna Vía upategian natura protagonista nagusia izatea, Espainian eta Europan ardo ekologikoa egiten aitzindarietako bat baita. Hemen, mahastiak basoz eta basoberaz inguraturik daude, oso berezkoak biak Estellerian. Horrela, mahatsondoek eta inguruneak elkarri eragiten diote, eta, hari esker, biodibertsitatea handitu eta bere ingurune naturalarekin zintzoago jokatzen duen ardo bat lortzen da.

​​​​​​​Lizarratik15 minutura dago upeltegia, eta bere taldeak maitasun handiz lantzen ditu ardoak, hain maitasun handiz ezen irrikan baitaude ardo bat partekatuz zuri kontatzeko. Horretarako, bisita upategira eta mahastietara egiten da: dastaketa, aperitiboa eta ardoaren inguruko jokoak egiten dira. Esperientzia sentsoriala izango da teknikoa baino gehiago, dinamikoa eta, batez ere, dibertigarria, eta zu zeu izango zara protagonista. Eta zure kasa gozatu nahi baduzu, zatoz wine bar dotorera, ardoak dastatzeko eta konpainia onaz eta terrazatik dauden ikuspegi zoragarriez gozatzeko.

Tres personas de espalda andando entre un viñedo

Non jan

Esperientzia biribila izateko, jatetxea duten upeltegietakoren batean bazkaltzea gomendatzen dizugu. Baina, beste toki batean bazkaldu nahiago baduzu, Slow Food filosofiako jatetxeak dira aukerarik onena ekologikoarekin, jatorrarekin eta ingurunearekin konprometituentzat. Izan ere, chefek eta ekoizleek talde onena osatzen dute 0 km-ko produktuak eta sasoikoak osagai dituzten platerak diseinatzeko.

Non lo egin

Non lo egin aukeratzean, establezimendu jasangarri ugarietan naturaz inguratuta atseden hartzea da aukerarik onena, inguruak lilura zaitzan. Har ezazu ostatu, beraz, inguruko herri txikietan dauden landa-hotel eta -etxe zoragarrietan. Esperientzia zoragarria izango da tradizioak, jatortasuna eta ingurunearekiko errespetua gorde baitira haietan. Bestela, lurraren erraietan ere lo egin dezakezu, hala nola kobazulo batean, edo egurrezko etxetxo batean ehun urteko haritz baten adaburuan, basora begira dagoen iglu baten barruan edo ibarraren bihotzean dagoen luxuzko txabola batean.

Modu jasangarrian bidaiatzea gustatzen bazaizu, Nafarroan oso erraza duzu. Zatoz eta ezagut ezazu!

Tag-en hodeia: