2023.07.19

Txangoa Nafarroan: Ubagua ibaiaren arroila

Nafarroak txoko maitagarriak ditu. Asko ezagunak dira, eta beste batzuk, aldiz, ia ezkutuan daude, mendi eta basoen babespean. Leku ia sekretu horietako bat Ubagua ibaiaren iturburua da. Andia mendian sortzen da, eta Deierriko paraje xarmagarrienetako bat da, Estellerrian.

Blog

Iruñetik 45 bat minutura eta Logroñotik 50 bat minutura, autoz, Ubagua ibaia dago. Andia mendiaren erraietatik sortu eta Errezuko iturburuan azaleratzen da. Arroila ikusgarri hori ezagutu eta horretan barna ibili nahi? Errezu eta Lezaun herriak lotzen dituen bidezidor eder-eder bat da, labarren artean.

UBAGUA IBAIAREN ARROILAKO IBILBIDEA

Ibilbidea bi herrietako edozeinetan has dezakezu, baina ibilaldia errazagoa eta erosoagoa izango da haurrekin egiteko Errezun hasten baduzu, iturburua herri horretatik hurbilago baitago. Eta, ibilbide osoa egin nahi dutenentzat, oso aukera ona da Errezun hastea, maldak Lezaunerantz egiten baitu, eta, beraz, itzulera ez da hain gogorra izango.

Ibilbidea arroilan barrena joan eta itzultzen da, 6 kilometro inguru Errezutik Lezaunera.

Errezura iritsi, eta kanpinaren ondoko aparkalekuan aparkatuko dugu. Herria kale nagusitik zeharkatuko dugu, eta errota zahar bateko presaraino iritsiko gara. Zubia gurutzatuta, informazio-panel bat topatuko dugu. Bidearen hasiera da, ezkerretarantz. Burdin hesi bat pasa eta pista batetik sartuko gara, iturbururaino. Pista zabala da, egokitua.

Ibilaldi laburra da, umeekin edo bizikletaz ere egin daitekeena. Hortik aurrera, bidea arroilan sartzen da, eta estuagoa da. Bidexka natural polit bat da.

Ibilbidearen zatirik handienean, bidea ibaiaren ondotik igarotzen da, gure gozamenerako. Bidaide ezin egokiagoa da haren freskotasuna udan. Gainera, leku batzuetan, bainatu egin zaitezke, eta beroa uxatu (iturburuan bainatzea debekatuta dago).

Ibilbide lineala da, ez dago galtzerik. Seinaleak ditu, eta informazio-kartelak daude hainbat puntutan. Hainbat zubi eseki jarri dituzte ibaiaren ertz batetik bestera joateko. Ibilbidearen erakargarritasun nagusietako bat dira, noski. Indiana Jonesen film batean bezala sentituko zara!

Eurite baten ondoren, iturburuak gainezka egin, eta ibaiak ur-jauzi ederrak sortzen ditu bidean. Une aproposa uretako kirolak egiteko, hala nola kayak. Neguan edo udaberrian, ordea, ibilbidea ezin hobea da ur-emari handiak ikusteko.

Bidezidor erraza bada ere, kontuan hartu tarteren batean ibaiaren ibilgua eta erreka batzuk zeharkatu beharko dituzula. Kontuz ibili, beraz.

Arroilaren amaieran, landaredia ez da hain trinkoa, eta bidea pista bihurtzen da berriro. Beste burdin langa bat zeharkatu ondoren (ziurtatu itxi egin duzula), amaieratik gertu gaude.

Lezaunera iristean, buelta eman beharko dugu. Uraren eta naturaren soinuez gozatuko dugu berriro arroilan zehar. Horrezkero, dagoeneko gosetu izango zara, baina, lasai, laster izango duzu merezitako saria.

INTERESEKO DATUAK

  • Abiapuntua: Errezu
  • Ibilbidea: lineala, joan-etorria arroilan zehar.
  • Distantzia guztira: 6,5 km Errezutik Lezauneraino (joan-etorria: 13 km gutxi gorabehera)
  • Informazio zabala ibilbide honi buruz Wikiloc-en​​​​​​​

AHOLKUAK

  • Etxeko txikienekin bazoaz, ibilaldi laburra egin, iturbururaino iritsi eta zubi tibetarreraino joan zaitezke. Horrela, ibilbidea 3 kilometrokoa da, adin guztietarako egokia.
  • Ibilbidea urteko edozein garaitan egin daiteke, baina euriteek handitu egiten dute ibaiaren ibilgua, eta zailagoa izan daiteke handik ibiltzea. Udan egiteak badu alde ona, bainatu egin zaitezkeelako horretarako propio prestatutako tokiren batean. Beraz, ez ahaztu bainujantzia eta eskuoihala!
  • Gogoratu ibilgailua horretarako propio jarritako aparkalekuetan utzi behar duzula. Ezinezkoa bada, saiatu herrian aparkatzen, ahalik eta traba gutxien eginda.
  • Ingurune naturala da eta. Tratatu errespetuz eta maitasunez, hartaz gozatzen jarrai dezagun.

BESTE PLAN BATZUK INGURUAN

Bisita Aldaia gaztandegira, Lezaunen​​​​​​​​​​​​​​

  • Gazta gustatzen bazaizu, herriko gaztandegira eta arditegira bisita gidatua egin ahalko duzu, baita Idiazabal J.D.-ko gaztak eta ardi-txorizoa dastatu ere. Plan zinez erakargarria ibilaldiaren amaierarako, ez al zaizu iruditzen?

Beste aukera bat da bisita egitea eta gero txabolan artzain-erako menua jatea, Andia mendiaren bihotz-bihotzean. Sentitu zaitez bertako peto-peto ingurune natural pribilegiatu batean, janari tipiko eta tradizional bat dastatzen duzun bitartean.

Bisita gidatua Basabere baserri-eskolara, Lezaunen
 
Esperientzia paregabea zure txikientzat, naturan bertan. Baserri-eskolan, baserriko abereak eta erreskate-zentroko animaliak ezagutuko dituzue. Gainera, baratze ekologikoa ikusiko duzue, eta birziklatze- eta ingurumen-tailerretan parte hartzeko aukera izango duzue. Bertan jateko aukera ere badago (aldez aurretik erreserba egin behar da).

Santiago eguna (uztailak 25)

Txangoa uztailaren 25ean egiten baduzu, Lezaungo jai garrantzitsuenetako bat ezagutuko duzu. Tradizioz, egun hori aukeratzen zuten eskualdeko abeltzainek behiak jaitsi, ukuiluratu eta zenbatzeko, besteak beste. Azienda guztia leku itxi batean biltzen zen, herriaren erdian. Behi suharrak ere bazeuden. Ikuskizuna egiten jarraitzen dute egun, baina ez da herriko aziendarekin egiten, kanpotik ekarritako bigantxekin baizik. Askotariko jarduera-programa bat dago haren osagarri.

NON JAN

Aldaia gaztandegia eta Basabere baserri-eskola dituzu aukera bazkaltzeko, biak Lezaunen (aldez aurretik erreserbatu behar da). Horrez gain Txiritinga duzu, Errezun (aurrez erreserbatu: 617576229). Oso ospetsuak dira hango hanburgesak, etxekoak, garagardo-sorta zabal bat dagoelarik aukeran.
Beste aukera asko ere badituzu inguruan primeran jateko. Ezagutu bertako jatetxeak eta aukeratu non gozatu.

OSTATU HARTZEA

Inguruan patxadan ibili, atseden hartu eta zure buruari natura- eta gastronomia-gutizia eman. Plana gustatu bazaizu, inguruko hotelak, kanpinak eta landetxeak izango dituzu aukera gaua emateko. Seguru itzuliko zarela pilak kargatuta eta argazki pila batekin, bizitako une garrantzitsuak gogoratzeko.

* Artikulua honen laguntzaz idatzi da: Viajar al paladar

Tag-en hodeia: